194. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

937/2014 EBAZPENA, irailaren 24koa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana, Untzuen eskaeraren araberako garraio zerbitzua ezartzen duena, herri horretako erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen kontzesioen esparruan.

Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 8ko 752/2014 Ebazpenaren bidez, Untzueko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuetako geralekua aldatu zen, eta herri horretako eskaeren araberako garraio zerbitzuaren ezarpena jendaurrean jarri zen. Aipatu ebazpena 2014ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an.

Garraio Zerbitzuak aditzera eman du alegazioak aurkezteko 15 egun balioduneko epean bat ere ez dela aurkeztu eta, horrenbestez, proposatu du Untzuen erabiltzailearen eskaeraren araberako garraio erregularreko zerbitzua ezartzea, ebazpen honen xedapen zatian finkatutako kontzesio, ordu eta baldintzetan, baita Untzueko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuetako baldintza agiriak aldatzea ere, eranskinean azaltzen den bezala.

Horrenbestez, Sustapeneko kontseilariaren uztailaren 17ko 15/2012 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Untzuen eskaeraren araberako garraio zerbitzua ezartzea, astelehenetik igandera, kontzesio eta ordu hauekin:

1.1 Lodosaren eta Iruñearen arteko (VNA-016) kontzesioan Compañía Navarra de Autobuses, S.A.k (CONDA) ematen dituen zerbitzuak:

–Astelehenetik larunbatera, Lodosa-Iruña norabidea. Irteera ordua: 6:45.

–Astelehenetik ostiralera, Iruña-Lodosa norabidea. Irteera ordua: 18:30.

1.2 Zarrakazteluren eta Iruñearen arteko (VNA-007) kontzesioan La Tafallesa, S.A.k ematen dituen zerbitzuak:

–Astelehenetik ostiralera, Iruña-Erriberri norabidea. Irteera ordua: 14:30; eta larunbatetan, irteera ordua: 15:30.

–Igandeetan Zarrakaztelu-Iruña norabidea. Irteera ordua: 9:00; eta Iruña-Zarrakaztelu norabidea. Irteera ordua: 13:00.

2. Interesdunei aditzera ematea zerbitzua emateko baldintzak honako hauek direla:

2.1 Zerbitzua erabiltzeko, herritarrek eskatu egin beharko dute aldez aurretik, telefonoz erreserba eginez zerbitzuaren aurreko eguneko 18:00ak baino lehen.

CONDA eta La Tafallesa, S.A. enpresa-talde berekoak dira, eta ondorio horietarako, ALSA enpresak bidaiari arreta emateko duen telefonoa jartzen dute erabiltzaileen eskura (948 422242).

2.2 Kontzesiodunak bermatzen du eskaera izaten duen aldiro emanen duela zerbitzua. Autobusa Untzuen geldituko da soilik aldez aurretik zerbitzu bat eskatu bada.

2.3 Informazioa Untzueko markesinan eta CONDA, La Tafallesa, S.A. eta Iruñeko autobus geltokiaren bulegoetan jarriko da, baita enpresa kontzesiodunen web orrietan ere.

2.4 Erabiltzaileek zerbitzuagatik ordaindu behar duten prezioa kontzesioari aplikatzen zaion tarifa da.

3. CONDAri eta La Tafallesa, S.A.ri adieraztea ebazpen honen aurreko ataletan ezarritako baldintzetan emanen diren zerbitzuen hasiera jendeari iragarri beharko zaiola, gutxienez hasi baino 7 egun lehenago, betiere ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

4. Bidaiari-garraio erregularren kontzesioen baldintza agiriak aldatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den bezala.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, Untzueko Udalari, CONDAri eta La Tafallesa, S.A.ri.

7. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko irailaren 24an.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA

Erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular publikoko kontzesioen baldintza agiriak aldatzea, Lerinen eta Iruñearen artean (VNA-009) eta Faltzesen eta Iruñearen artean (VNA-008), 3. atalean (Geralekuak) "Artederretaren" aipamena kenduz.

Zarrakazteluren eta Iruñearen arteko Uxue-Tafalla adarreko (VNA-007) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko kontzesioaren baldintza agiriak aldatzea, aldaketa hauek eginez:

a) "Ibilbidea" izeneko 2. atalaren ordez honako testu hau: "Figaroldik NA-5555ko gurutzeraino NA-5391tik, NA-5391tik, Zarrakazteluko gurutzetik NA-5555tik, Zarrakaztelutik N-121ko gurutzeraino NA-124tik, eta gurutzetik Iruñeraino N-121tik, denera 93 kilometro; Untzuerako desbideratzea NA-5010 errepidetik NA-5020ko gurutzeraino, eta NA-5020tik Untzueraino; denera 3 kilometro.

b) 3. atalean ("Geralekuak"), "Artederretari" egindako aipamenaren ordez aipa bedi "Untzue (eskaeraren arabera)".

Lodosa-Iruñeko (VNA-016) erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren kontzesioaren baldintza agiriak aldatzea, aldaketa hau eginez:

a) 2. atalean ("Ibilbidea"), A) ibilbideari dagokionez, honako testu hau:"Lodosatik Iruñera, Caparroson barna: Lodosatik Azagrara NA-134tik; Azagratik Azkoiena NA-134tik eta NA-115tik; Azkoiendik Caparrosora NA-128tik eta N-121tik; Caparrosotik Iruñera N-121tik, denera 117 kilometro; Arradara desbideratzeko adarra NA-5500tik, Arradako gurutzeraino, eta Arradako herrira Arradako sarbidetik, denera 8 kilometro; Untzuerako desbideratze adarra NA-5010tik NA-5020ko gurutzeraino eta NA-5020tik Untzueraino, guztira 3 kilometro.

b) 3. atalean ("Geralekuak"), "Artederretako geltokiari" egindako aipamenaren ordez aipa bedi "Untzue (eskaeraren arabera)".

Iragarkiaren kodea: F1413076