194. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

80/2014 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, ezartzen duena Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea agertzeko betebeharra, turismoaren enpresek, establezimenduek eta jarduerek on lineko hedabideetan egiten dituzten sustapen, publizitate eta merkataritza ekintzetan.

Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua lanean ari da intrusismoa, lehia desleiala eta gezurrezko publizitatea desagerrarazteko turismoaren sektoretik. Hartara, turismoaren zerbitzuak eta ostatuak ikuskatzeko plan bat prestatzen ari da, Nafarroako Turismo Erregistroan dagokien inskripzioa ez duten kasuetan.

Turismoaren ostatuez dauden joera berriek eta Internet zein beste teknologia berri batzuk gero eta gehiago erabiltzeak sustatu dute etxebizitza partikularrak erabiltzea ostatu emateko. Joera hori, egun, arriskugarria izan daiteke arauzko turismoaren sektorerako. Orobat, ekarri dute legez kontrako beste zerbitzu turistiko mota batzuen eskaintza handitzea.

Legez kontrako eskaintza hori kontrol teknikotik kanpo dago, eta kontsumitzaileei ez die bermatzen inskribatutako ostatu eta zerbitzu turistikoek duten kalitatea. Hortaz, bidezkoa da dagozkion neurriak hartzea lehia desleiala kontrolpean edukitzeko, eta sostengua ematea indarreko araudiak eskatzen dituen baldintza tekniko eta fiskalak betetzen dituzten enpresei eta establezimenduei.

Ildo horretan, Nafarroako Turismo Kontseiluak, osoko bilkuran, adierazi du irmo egin behar dela lehia desleial horren kontra, gezurrezko publizitatearen kontra eta intrusismoaren kontra turismoaren sektorean. Hori dela eta, kontseilu horretan, Jarduera turistikoa antolatu eta ikuskatzeko batzordea eratu da. Hartan, landetxe, hiriko hotel, landa hotel, ostatu elkarte eta bidaia agentzien elkarteetako ordezkariek parte hartzen dute. Baita honako hauen ordezkariek ere: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Zerga Ogasuna, Foruzaingoa eta Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak, 14.2 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea nahitaezkoa dutela turismo enpresek eta haien establezimenduek, baita erregelamenduzko jarduera turistikoek ere.

Foru lege hori garatu beharrez, Nafarroako Turismo Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretuak, 4.1 artikuluan, xedatzen du establezimenduaren edo enpresaren inskripzio kodea erregistro horretan jaso beharreko datuetako bat dela eta datu hori publikoa dela.

Hori dela eta, bidezkotzat jotzen da Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea agertzeko betebeharra ezartzea, turismoko enpresek, establezimenduek eta jarduerek egiten dituzten sustapen, publizitate eta merkataritza ekintzetan.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea agertzeko betebeharra ezartzea, turismoko enpresek, establezimenduek eta jarduerek on lineko hedabideetan egiten dituzten sustapen, publizitate eta merkataritza ekintzetan.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko irailaren 25ean.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1413044