193. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

449/2014 EBAZPENA, irailaren 16koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketan ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia egiten duena, Nafarroako Foru Komunitatean.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, eta bertan adierazi komeni dela Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketan ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia argitaratzea, kontuan harturik Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Estatu Idazkaritzaren 2014ko uztailaren 31ko Ebazpenean ezarritakoa. Haren bidez Hezkuntzako Sari Nazionaletarako deialdia egin zen, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketan ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Ondoko deialdia eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko irailaren 16an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketaren ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Estatu Idazkaritzaren 2014ko uztailaren 31ko Ebazpenean xedatutakoari jarraituz, Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketaren fase nazionalerako deialdia egiten baitu, bidezko da Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia egitea Espainiako eta Ameriketako Ortografiako XV. Lehiaketan.

OINARRIAK

Lehena.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Espainiako eta Ameriketako Ortografiako XV. Lehiaketan ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseetarako deialdia egin du, Foru Komunitateak lehiaketa horren fase nazionalean izanen duen ordezkaria hautatzeko.

Bigarrena.–2014-2015 ikasturtean Batxilergoko 2. mailan matrikulatuta dauden ikasleek hartzen ahalko dute parte lehiaketa horretan.

Hirugarrena.–Ikastetxeen fasea: lehiaketa horretan parte hartu nahi duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeek ikasle bana hautatu beharko dute, autonomia erkidegoen fasean ordezkari izateko. Horretarako, gaztelaniako ortografia hobekien dakien ikaslea hautatzeko probak eginen dituzte ikastetxeek.

Parte hartzen duen ikastetxe bakoitzean epaimahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu arituko dena, eta Batxilergoko bi irakasle gutxienez, mahaiburuak hautatuak.

Epaimahaiak egokien deritzen hautaprobak prestatu beharko ditu.

Parte hartzen duten ikastetxeek, 2014ko urriaren 17a baino lehen, ikaslea hautatu eta inskribatuko dute; inskripzio eskaera (II. eranskina) Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorriko dute horretarako.

Laugarrena.–Autonomia erkidegoen fasea: probak 2014ko urriaren 23an eginen dira, Basoko BHIan, 17:00etan. Parte hartzen duten ikastetxeek hautaturiko ikasleek 16:30ean agertu beharko dute institutu horretan.

Hautespen epaimahaiak hasterakoan ezartzen dituen jarraibideen arabera eginen dira probak.

Bosgarrena.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, behar den unean, hautespen epaimahaiko kideak izendatu eta mahaiburu eta idazkari lanetan arituko direnak zehaztuko ditu.

Seigarrena.–Hautespen epaimahaiko idazkariak probaren eduki eta emaitzen akta eginen du.

Hautespen epaimahaia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 22. artikuluan eta hurrengoetan xedaturikoaren arabera arituko da lanean.

Zazpigarrena.–Hautespen epaimahaiak hitzak emanen dizkie hautagaiei, ortografiaren aldetik geroz eta zailagoak izanen direnak. Ongi idazten dituzten hautagaiak sailkatuko dira hurrengo txandetarako, lehiaketako garailea zehaztu arte.

Zortzigarrena.–Hautespen epaimahaiak, proba bukatutakoan, lehiakide guztiei irabazi dien ikaslea garaile izendatuko du.

Parte hartzen duten ikasleek erreklamazioak aurkezten ahalko dizkiote epaimahaiko buruari, Hautespen epaimahaiak garailea izendatzen duenetik 24 orduko epean.

Lehenengo postua erdiesten duen lehiakideak ordezkatuko du Nafarroako Foru Komunitatea lehiaketaren fase nazionalean.

Bederatzigarrena.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Estatu Idazkaritzaren 2014ko uztailaren 31ko Ebazpenaren zazpigarren artikuluari jarraituz, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak fase nazionalean parte hartzen duen ikaslearen eta hari lagun egiten dion irakaslearen joan-etorrien eta ostatuaren gastuak ordainduko ditu, baita mantenuarenak ere, halakorik bada. Orobat, fase nazionaleko ikasle irabazlea inskribatuko du Espainiako eta Ameriketako Ortografiako Lehiaketaren finalean parte hartzeko, eta lehiaketaren antolakundeak ordainduko ditu egonaldi-gastuak (ostatua eta mantenua).

Ikastetxeko zuzendariak irakasle bat izendatuko du, fase nazionalera aukeratutako ikaslearekin joateko. Ahal dela, ikastetxe horretan 2014-2015 ikasturtean Gaztelania eta Literatura irakasten duten irakasleetako bat izanen da.

Hamargarrena.–Deialdiaren eta horren ondoriozko egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu, jendaurrean jarri edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Izena emateko fitxa

Espainiako eta Ameriketako Ortografiako XV. Lehiaketa. Ikastetxeen eta autonomia erkidegoen faseak

1.–IKASLE ESKATZAILEAREN DATUAK

Deiturak:

Izena:

NANa:

Jaioteguna:

Telefonoa:

Helbidea:

Herria:

P.K.:

Batxilergoko 2. mailan matrikulatua 2014-2015 ikasturtean, ikastetxe honetan:

2.–IKASTETXEAREN DATUAK

Izena:

Helbidea:

Herria:

P.K.:

Telefonoa:

Datu horiek dauzkan ikasleak Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketaren autonomia erkidegoen fasean parte hartu nahi du.

............................(e)n, 2014ko ........................aren ...........(e)an.

(Sinadura)

....................................................................................................................................................................................................... jaunak/andreak,

............................................. (e)ko ..................................................................................................................... ikastetxeko idazkaria den honek,

ZIURTATZEN DU:

Ikastetxe honek ............................................................ ikaslea hautatu duela, Espainiako eta Ameriketako 2014ko Ortografiako XV. Lehiaketan autonomia erkidegoen faseko probetan parte hartzeko.

............................(e)n, 2014ko ........................aren ...........(e)an.

(Sinadura)

F1412875

Iragarkiaren kodea: F1412875