193. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2077/2014 EBAZPENA, irailaren 19koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, martxoaren 15eko 388/2013 Ebazpena aldatzen duena; haren bidez, Enplegurako lantegi-eskolak eta Sustapen eta garapeneko unitateak sortzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 15ean eman 388/2013 Ebazpenaren bidez, Enplegurako lantegi-eskolak eta Sustapen eta garapeneko unitateak sortzeko diru-laguntzen kontzesioa arautu zen.

Laguntza horien tramitazioan izandako esperientziak erakutsi du oinarri arautzaileetan aldaketak egin behar direla, gardentasuna areagotzeko, kontzeptuak argitzeko eta laguntzen eraginkortasuna hobetzeko.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 15ean eman 388/2013 Ebazpena aldatzea, Enplegurako lantegi-eskolak eta Sustapen eta garapeneko unitateak sortzeko diru-laguntzen kontzesioa arautzen duena.

1.1. 3. oinarriko d) letra aldatzea. Hona testu berria:

“d) Intereseko talde hauetakoren bati bereziki zuzendutako proiektu bat onesten bada, hartzaileak horietan sartua egon beharko du:

–Genero indarkeriaren biktima diren emakumezkoak.

–Langabeak, PREPARA programaren onuradunak.

–Gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak, edo laguntza hori agorturik dutenak.

–Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonak.

–Desgaitasunen bat duten pertsonak.

–Denbora luzeko langabeak.

–30 urtetik beherako langabe gazteak.

–Krisian dauden sektoreak.

Deialdi honetarako ondorioetarako, desgaitasuna duten pertsonatzat joko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitorturik dutenak, eta denbora luzeko langabetzat, berriz, Enplegurako lantegi-eskolan kontratatu aurreko 18 hilabetean enplegu agentzietan gutxienez 12 hilabetez lan eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

1.2. 4. oinarriko (“Entitate onuradunak) 2. puntuko 2. paragrafoa aldatzea. Hona testu berria:

“Kasu honetan, gizarte-lantzat hartzen ahalko da –interes orokorreko edo sozialeko lanez edo zerbitzuez gain–, ikasle-langileen %10 gutxienez lan-munduan txertatzeko konpromisoa. Konpromiso hori proiektua sustatzen duen entitate batean edo gehiagotan gauzatzen ahal da, baldin eta guztien artean aipatutako %10 hori egiten badute. Entitateek eta enpresek akordio bat sinatu beharko dute, non deialdi honetako betebeharrak betetzeko erantzukizuna jasoko duten. Gainera, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartean taldeari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkaria izendatu beharko da.”

1.3. 4. oinarrian (“Entitate onuradunak) 4. puntua eranstea. Hona hemen testua:

“4. Entitate sustatzaile nagusiak toki entitateak direnean, gehienez ere 100 ikasleko proiektuak aurkez ditzakete, udalerriak 30.000 biztanle baino gehiago baditu, edo gehienez ere 20 ikaslekoak, udalerriak 30.000 biztanle baino gutxiago baditu.

Entitate sustatzaile nagusia irabazi-asmorik gabeko entitatea bada, eskaera gehienez ere 30 ikasleko proiektu baterako izanen da.”

1.4. 9. oinarriko (“Prestakuntza osagarria) 1. puntuaren 4. gidoia aldatzea. Hona testu berria:

“Ekintzailetza eta berrikuntza. Modulu horren edukiak 15 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta memoriaren prestakuntza planaren barnean sartuko da.”

1.5. 13. oinarriko (“Instalazioak, ekipoak eta prestakuntza materiala”) 3. puntua aldatzea. Hona testu berria:

“Proiektuko memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua eskura egonen da erabilerarako, hura behar bezala garatzeko beharrezkoa den uneoro.”

1.6. 14. oinarriko (“Ikasle-langileak aukeratzea”) 1. puntua aldatzea. Hona testu berria:

“1. Prozedura honi jarraituz eginen da ikasleen hautaketa:

Ikasle-langileak aukeratu baino lehen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kasuan kasuko enplegu agentziak hautaketa bat eginen du aurretik. Hori hasteko, enplegu eskaintza tramitatuko da, entitate sustatzaileak eskatuta. Hartan, zehaztu behar da zer ikasle-langileen profil egokitzen den hobekien onartutako proiektuaren prestakuntza planera, eta, kasu guztietan, zer betebehar ezarri zaizkien hartzaileei.

Proiektua zer tokitan garatzen den, hari dagokion enplegu agentzian aurkeztuko da enplegu eskaintza.

Eskaintza kudeatzen duen enplegu agentziak hautagaiak aukeratuko ditu aurretik lanpostu bakoitzeko, zenbat eta proiektuak kontuan hartzen dituen eta entitate onuradunak eskatzen dituen horrenbeste, eta gutxienez 3 lanpostu bakoitzeko. Kontuan hartuko da, kasuaren arabera, zein egunetan egin diren zundaketak edo zer egun ezarri den interesdunak biltzeko epemuga, eskaintza jendaurrean zabaltzeko prozesuaren bidez.

Enplegu agentziak, eskaintza kudeatzeko, zundaketa sistemak edo jendaurrean aurretik zabaltzekoak erabiliko ditu.

Zundaketarako, bilaketaren esparrua proiektuaren udalerria edo udalerriak izanen da, eta, behar adina hautagai ez badago, beste udalerri batzuetan bilatuko da, hurbilenetan lehentasunez, lanpostu bakoitzerako eskatzen den hautagairen kopurua bete arte.

Ez da beharrezkoa izanen beste udalerri hurbil batzuetan bilatzea, proiektuaren udalerrian edo udalerrietan langabe egokien kopurua aski ez bada ere entitate onuradunak lanpostu bakoitzeko eskatutakoa betetzeko (betiere 3, gutxienez), baldin eta proiektuan eskatuta gainditzen bada; kasu horretan, enplegu agentziak eskura dauden hautagaiak igorriko ditu, ezarritako gutxieneko kopurua kontuan izan gabe.

Jendaurreko zabalpenen kasuetan, iragarkian zehaztuta egonen da parte hartu nahi dutenek zer epe, zer modu eta zer bide izanen duten izena emateko.

Aurreko hautaketa eginda, enplegu agentziak hautagaien zerrenda igorriko dio entitate sustatzaileari, horrek hautaketa egin dezan behar bezain aurretik proiektuan martxan jarri baino lehenago. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko antolaketak eta baliabideek horretarako bide ematen dutenean eta entitate sustatzaileak hala eskatzen duenean, erakunde horretako ordezkari batek edo gehiagok parte har dezakete hautaketa prozesu osoan.”

1.7. 18. oinarriko (“Aurkeztu beharreko agiriak”) 1. puntuko j) letra kentzea.

1.8. 18. oinarriaren (“Aurkeztu beharreko agiriak”) bukaeran beste puntu bat eranstea. Hona testua:

“4. Ez da beharrezkoa izanen lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan zeuden agiriak aurkeztea, erakunde horrek onartutako aurreko eskaeren tramitazioan eman baitziren. Halakoetan, eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritakoari heltzen ahalko dio, baina zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.”

1.9. 19. oinarria (“Balorazio irizpideak”) aldatzea. Hona testu berria:

“1. Honako irizpide hauek aplikatuko dira Enplegurako lantegi-eskolen eskaeren balorazioan:

A–Garatu beharreko proiektuaren lurralde eremuan diren langabeak: 10 puntu bitarte.

–5 langabetik 9ra bitarte postu bakoitzeko: puntu 1.

–10 langabetik 14ra bitarte postu bakoitzeko: 2 puntu.

–15 langabetik 19ra bitarte postu bakoitzeko: 3 puntu.

–20 langabetik 24ra bitarte postu bakoitzeko: 4 puntu.

–25 langabetik 29ra bitarte postu bakoitzeko: 5 puntu.

–30 langabetik 34ra bitarte postu bakoitzeko: 6 puntu.

–35 langabetik 39ra bitarte postu bakoitzeko: 7 puntu.

–40 langabetik 44ra bitarte postu bakoitzeko: 8 puntu.

–45 langabetik 49ra bitarte postu bakoitzeko: 9 puntu.

–50 langabe edo gehiago postu bakoitzeko: 10 puntu.

B.–Parte-hartzaileak lan-munduan txertatzeko aukerak: 40 puntu bitarte.

–Proiektuari atxikitako enpresak: 0,5 puntu atxikipen bakoitzeko (gehienez ere 5 puntu).

Enpresen atxikipenak soilik baloratuko dira proiektuaren helburuekin ikustekoa dutenean.

–Lan-munduan txertatzeko konpromisoak: Ondoko taulako informazioaren arabera baloratuko da, kontuan izanik portzentajeak aplikatzearen ondoriozko hamartarrak goranzkoak izanen direla zenbaki osora bitarte.

Ikasle kopurua

Proiektua hasten duten ikasle
kopuruaren %10etik %25era bitarte

Proiektua hasten duten ikasle
kopuruaren %26tik %50era bitarte

Proiektua hasten duten ikasle
kopuruaren %51tik %75era bitarte

Proiektua hasten duten ikasle
kopuruaren %76tik %100era bitarte

Puntu kopurua

10 puntu

15 puntu

20 puntu

30 puntu

Laneratzea enpresetan besteren konturako lan-kontratuen bidez eginen da, eta zerbitzuak 90 egunez emanen dira gutxienez, lanaldi osoarekin, edo lanaldi erdian ateratzen den baliokidea, proiektua bukatu eta hurrengo 365 egunetan.

Irabazi asmorik gabeko entitate sustatzaileen laneratze konpromisoak puntuen erdiekin baloratuko dira.

–Autoenpleguko proiektuak sartzea: 5 puntu bitarte.

Atxikipenak eta kontratazio konpromisoak justifikatzeko, entitate onuradunak kasuan kasuko enpresak sinatutako justifikazioa aurkeztuko du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.navarra.es) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

C.–Proiektua 3d) oinarrian jasotako lehentasunezko kolektiboek parte har dezaten egokitzea: 10 puntu bitarte.

Irizpide honetan, honako hau baloratuko da: proiektuaren planifikazioa, praktikaren eta teoriaren arteko lotura, planteatutako iraupena, eman beharreko prestakuntza osagarria, etab., betiere kontuan izanik hartzaileen beharrak eta berezitasunak.

D.–Proiektuaren izaera berritzailea, aintzat hartuta kontratatzeko edo enplegua sortzeko eta bereganatzeko ahalmena duten sektoreetan eta/edo jarduera adarretan duen eragina: 20 puntu bitarte.

Balorazioa egiteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Jarduera eremuak urteko prospekzio azterlanetan gomendatzen direnen artean dituzten proiektuak: 10 puntu bitarte.

–Modernari lotutako espezialitateetako jarduera eremuak dituzten proiektuak: 5 puntu bitarte.

–Jarduera eremu berritzaileak dituzten proiektuak, ordura arte garatutako eskolen proiektuei dagokienez: 5 puntu bitarte.

E.–Entitate sustatzaileak proiektua kofinantzatzea: 5 puntu bitarte.

–%2 eta %7 arteko kofinantzaketa: 2 puntu.

–%7tik gorako kofinantzaketa: 5 puntu.

F.–Prestakuntza planaren kalitatea: 15 puntu bitarte

–Prestakuntza plana ez badago profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratua: 8 puntu bitarte.

–Proiektua bideratua badago profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera eta profesionaltasun-ziurtagiri oso bat gutxienez garatzen badu: 15 puntu. Proiektua bideratua badago profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzera, baina ziurtagiri oso bat garatzen ez badu, proportzioan baloratuko da.

–Proiektuan prestakuntza ziurtagarria eta prestakuntza ziurtaezina batera badaude, kategoria batean edo bestean puntuatuko da, modurik onuragarrienean.

G.–Programaren egokitasuna: 16 puntu bitarte.

–Aurkeztutako proiekturako proposatzen den zuzendaritza eta irakasle taldearen lanbide profilen egokitasuna: 10 puntu bitarte.

Honako hau da ratiorik onena: irakasle 1 lanaldi osoan, edo horren parekoa lanaldi partzialean, 15 ikasletik 18ra bitartean. Honela puntuatuko da:

Irakasle bat edo horren parekoa

7 ikasle edo gutxiago

0 puntu

Irakasle bat edo horren parekoa

15 ikasle baino gutxiago eta 7 baino gehiago

2 puntu

Irakasle bat edo horren parekoa

15 ikasletik 18ra bitarte

4 puntu

Irakasle bat edo horren parekoa

18 baino gehiago eta 20 baino gutxiago

2 puntu

Irakasle bat edo horren parekoa

20 ikasle edo gehiago

0 puntu

3 puntu bitarte baloratuko da entitate sustatzaileak berariazko langileak izatea, proposatutako espezialitateekin erlazionatuak.

Orobat, 3 puntu bitarte baloratuko da entitate sustatzaileak proiektuaren kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzeko giza baliabideak proposatzea.

–Proiektuaren iraupena aurkeztutako proiekturako proposatzen den ikasle taldera edo adin tartera moldatzea: 4 puntu bitarte.

Kontuan hartuko da proiekturako proposatutako iraupena, garatu beharreko espezialitateen kopuruaren arabera eta proposatutako profesionaltasun-ziurtagirien kopuruaren arabera, baita prestakuntza etaparen eta txandakako etaparen arteko ordu banaketa ere, aintzat hartuta hautatutako kolektiboak duen zailtasuna.

–Entitate sustatzaileetako batek, gutxienez, kalitatearen ziurtagiriak, EFQM, Berdintasunerako Plana, etab. izatea, profesionaltasuna eta ematen den zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, bai eta etengabeko hobekuntza prozesua jarraitzen dutela ere. 2 puntu.

H.–Entitate sustatzaile berak aurretik egindako proiektuen emaitza kualitatibo eta kuantitatiboak: 17 puntu bitarte.

–Lan-munduan txertatu diren parte-hartzaileen portzentajea:

  • %75etik gorako laneratzea 6 hilabetera: 12 puntu.
  • %51 eta %75 arteko laneratzea 6 hilabetera: 8 puntu.
  • %30 eta %50 arteko laneratzea 6 hilabetera: 5 puntu

Entitate sustatzaileak eskualde berean bukatutako azken proiektua hartuko da kontuan, baldin eta azken 4 urtean bukatua bada. Zenbait entitateren elkartzea bada, eskualde bereak haiek guztiek bukatutako azken proiektua hartuko da kontuan. Azken lau urtean, eskaeratik hasita, proiektu bat baino gehiago badago, espezialitate berekoa dena hartuko da kontuan.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuak proiektuan zehar egindako ebaluazioen emaitzak: 5 puntu bitarte.

Entitate sustatzaileak egindako azken proiektuaren garapena baloratuko da: hautatutako espezialitateekin asmatzea, ikasleak geroago laneratzeko ahaleginak, proiektuan sor zitezkeen gatazkak konpontzeko arrakasta, onetsi zen obra sozialaren garapena, osabidezko prestakuntzaren garapena eta proiektu horren kalitatea neurtzen duten beste alderdi batzuk.

I.–Zonifikazioa: 7 puntu.

7 puntu hauek emanen dira baldin eta deialdian aurkeztutako proiektua bakarra bada bere eremuan. Eremutzat hartuko dira maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen zonifikazioa, esaterako gizarte zerbitzuen barrutiak. Jarduketa eremuak eremu bat baino gehiago hartzen badu, ulertuko da udalerri gehien dituena dagokiola.

Gehieneko puntuazioa: 140 puntu.

Proiektuak esleitzeko gutxieneko puntuazioa 70 puntukoa da.

2. SGUen eskaeren balorazioan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

A.–Eremu geografikoa: 20 puntu bitarte.

–Nafarroa osoan jardutea: 20 puntu.

–Iruña eta Iruñerria: 5 puntu.

–Lizarra: 2 puntu.

–Tutera: 3 puntu.

–Tafalla: 2 puntu.

–Agoitz: 2 puntu.

–Altsasu: 2 puntu.

–Doneztebe: 2 puntu.

–Lodosa: 2 puntu.

B.–Proiektuaren kalitatea. 100 puntu bitarte.

Atal honetan, ondoko lan eremu bakoitzean aurkeztutako proposamenen kalitatea baloratuko da:

–Proiektuen diseinua, sustapena eta ikerketa: Nafarroako lan merkatua ikertzeko egiten diren azterlanak, proiektua prestatzea errazten duten tresnen diseinua, eta abar. 30 puntu bitarte.

Atal honetan ondokoa baloratuko da: eskura dagoen informazioa erabiltzeko eraginkortasuna azterlanak egiteko (7,5 puntu bitarte), planifikazio teknikoaren eta metodologikoaren kalitatea azterlan horiek prestatzeko (7,5 puntu bitarte), eta proposatutako tresna bideratzaileak egokiak ote diren proiektuak sustatzen dituzten entitateen beharretarako (15 puntu bitarte).

–Proiektuak garatzeko sostengua: sostengu teknikoa eskolentzat prestakuntza nagusiaren eta osagarriaren planifikazioan, profesionaltasun-ziurtagirien betebeharren tramitazioan eta beste jarduketa batzuetan, eta sostengua proiektuen jarraipen teknikoan: 30 puntu bitarte.

Atal honetan ondokoa baloratuko da: SGUko lan metodologiak egokiak ote diren eskolen betebeharretara, prestakuntzaren planifikazioari buruz, profesionaltasun-ziurtagirien betebeharren tramitazioari buruz eta beste jarduketa batzuei buruz (15 puntu bitarte); proiektuen jarraipen teknikorako sostenguaren metodologia (10 puntura bitarte); eta prestakuntza osagarria eskoletan emateko aurreikuspena (5 puntu bitarte).

–Proiektuen zabaltzea eta ikasleen laneratzea: 30 puntu bitarte.

Atal honetan ondokoa baloratuko da: proiektuak enpresetan, tokiko edo eskualdeko garapenerako entitateetan eta gizartean, oro har zabaltzeko ahaleginak (15 puntu bitarte), eta eskolen esku jartzea ikasleen laneratzea errazten duten tresnak (15 puntu bitarte).

–Nafarroako Lantegi Eskolen programaren kalitatearen ebaluazioa: 10 puntu bitarte.

Atal honetan ondokoa baloratuko da: jarduera egokien bilaketaren aurreikuspena, ondorioei buruzko agirien prestaketa eta horiek komunikatzeko metodologia.

C.–Entitate sustatzailearen esperientzia: 15 puntu bitarte.

–Esperientzia proiektu batean edo bitan: 2 puntu.

–2 proiektutik gorako esperientzia: 5 puntu.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuak proiektuan zehar egindako ebaluazioen emaitzak: 10 puntu bitarte.

Gehieneko puntuazioa: 135 puntu.

Proiektuak esleitzeko gutxieneko puntuazioa 65 puntukoa da.”

1.10. 20. oinarrian (“Diru-laguntza emateko prozedura”), 4. puntu bat eranstea. Hona testu berria:

“4. Deialdiko kreditu erabilgarria ez bada nahikoa proiektu batean eskatutako diru-laguntza osatzeko, erakunde kudeatzaileak eskaera egiten duen entitate sustatzaileari eskaini diezaioke bere proiektua birformulatzeko aukera, eskuratutako balorazioa murrizterik ekartzen ez badu. Edonola ere, erakunde kudeatzaileak onartu beharko du birformulazioa.”

2. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuari eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kontu-hartzailetza delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2014ko irailaren 19an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1412864