193. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

86/2014 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, apirilaren 8ko 52/2009 eta uztailaren 12ko 109/2011 foru aginduak aldatzen dituena. Lehenbizikoaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren. Bigarrenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena arautu ziren.

Hezkuntza Departamentuaren helburuak dira indizeak hobetzea hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketetan eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan, titulazio, efizientzia eta iraunkortasunaren aldetik, eta ikasleen prestakuntza beharrak asetzera bideratutako baliabide publikoak eraginkortasunez erabiltzea.

Justifikaziorik gabe eskoletara ez joatea, behin eta berriz, bizikidetzarako oso kaltegarria den jokabidetzat jotzen ahalko da, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan oinarrituta. Ikasleak eskoletara ez joateak eta aprobetxamendu akademiko eskasa izateak eragin txarra dute irakatsi eta ikasteko prozesuan. Orobat, kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntza zikloak ikasteko eskaerak gora egin duela, ziklo horietako hainbat ikaspostutan aprobetxamendu egokia izaten ez duten ikasleak matrikulatuta egotea ez da egokia baliabide publikoak optimizatzeko eta, gainera, prestakuntza zikloak ikasi nahi dituzten beste pertsona batzuen eskubidearen aurkakoa izan daiteke.

Horrenbestez, beharrezkoa da prestakuntza zikloetako ikasleei behar diren baliabideak ematea errendimendu egokia izan dezaten eta prestakuntza lana behar bezalako aprobetxamenduz egiteko erantzukizuna har dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak, zazpigarren xedapen gehigarrian (Matrikula deuseztatzea), honako hau dio: “derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketetan ari diren ikasleen kasuan, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak gertatuz gero, ikastetxeak matrikula deuseztatzea erabaki dezake, ohiz kanpoko neurri gisa”.

47/2010 Foru Dekretuak aipatzen duenez, neurri horren garrantzia ikusirik, beharrezkoa izanen da onestea eta ikastetxearen Elkarbizitzaren Erregelamenduan sartzea. Aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da lehenago ikasle horrekin hezkuntza neurriren bat hartu izana. Matrikularen deuseztapena ohiko prozeduraren bidez tramitatuko da. Erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan edo, hala badagokio, Gizarte Kontseiluan aurkeztuko dira, ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

Bestetik, etengabeko ebaluazio sistema hobetzeko, udako oporraldian zaila denez ekainean ez gainditutako moduluen alderdi praktikoak garatzea, beharrezkoa da iraileko azken ebaluazio saioak kentzea. Halaber, ikasleak ikasketa hauetan onartzeko prozedura hobetu ahal izateko, komeni da iraileko azken ebaluazio saioak kentzea, ekain bukaeran ikasleen azken kalifikazioak ezagutzeko eta, horren ondorioz, talde bakoitzerako ikaspostu kopurua zehazteko.

Horrenbestez, bidezkoa da apirilaren 8ko 52/2009 Foru Agindua aldatzea; zehazki, honako artikulu hauek: III. kapituluko (Ebaluazio prozesua) 15.a (Azken ebaluazioko saioen epeak); V. kapituluko (Hurrengo mailara igarotzea eta lantokiko prestakuntza modulura sartzea) 20.a (Hurrengo mailara igarotzea); eta VI. kapituluko (Matrikula baliogabetzea eta ebaluazio deialdiari uko egitea) 22. artikulua (Matrikula baliogabetzea).

Orobat, bidezkoa da uztailaren 12ko 109/2011 Foru Agindua aldatzea; zehazki, honako artikulu hauek: III. kapituluko (Ebaluazio prozesua) 15.a (Azken ebaluazioko saioen epeak); V. kapituluko (Maila promozioa eta enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa egitea) 20.a (Hurrengo mailara igarotzea); eta VI. kapituluko (Matrikula baliogabetzea eta ebaluazio deialdiari uko egitea) 22. artikulua (Matrikula baliogabetzea).

Ikastetxeak matrikula ofizioz baliogabetzea bat dator aurrerago adieraziko den moduan, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarriko matrikularen deuseztapenarekin. Foru dekretu haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautu ziren.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du aipatu foru aginduak alda daitezen.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.–Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 15. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzea. Hona hemen testu berria:

“1. Lanbide Heziketako eskaintza orokorraren modalitatean, baldin eta moduluaren prestakuntzako eduki osoa lehenengo mailan ematen bada, azken ebaluazioko lehenengo saioa ekainean eginen da. Egun zehatzak Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren urteroko ebazpenean adieraziko dira. Ebazpen horren bidez ikasturterako jarraibideak onetsiko dira Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko.

Era berean, lantokiko prestakuntza modulua hasi baino lehen eginen da, oro har, ikastetxean bigarren mailan emandako moduluen azken ebaluazioko lehenengo saioa.

2. Ikaslearen aurrerapena moduluetarako aurreikusitako helburuekin bat ez datorrenean, horiek ematen dituzten irakasleek neurri egokiak hartuko dituzte programatutako emaitzak lor ditzaten ikasleek. Ekainean eginen da gainditu gabeko modulu horietako azken ebaluazioaren hurrengo deialdia, lehenengo mailan edo bigarrenean amaitutako moduluetan, aurreko idatz-zatian aipatutako urteroko ebazpenean adieraziko diren egunetan.”

2.–Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren V. kapituluko izena aldatzea. Hona hemen izen berria:

“V. kapitulua: Ikasleak zikloan jarraitzea, hurrengo mailara igarotzea eta lantokiko prestakuntza modulura sartzea.”

3.–Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 20. artikulua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“20. artikulua. Ikasleak zikloan jarraitzea eta hurrengo mailara igarotzea.

1. Ikasleak gehienez ere lau ikasturtez egon daitezke hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako prestakuntza zikloetan. Lau ikasturte horien kalkuluan sartuko da ikasturtea baldin eta ikasleak matrikulatu formalizatu ondoren deuseztatu ez bada.

2. Hezkuntza premia bereziak behar bezala frogatuta dituzten ikasleak sei ikasturtez egon daitezke gehienez ere.

3. Ikasleak lehen mailako bi modulu eta/edo prestakuntza bloke gainditu beharko ditu, gutxienez ere, betiere gainditutako modulu edo blokeen iraupena, guztira, 250 ordukoa edo hortik gorakoa bada. Baldintza hori betetzen ez badu, ikasleak ezin izanen du prestakuntza zikloan jarraitu.

4. Aurreko bi idatz-zatietan adierazitakoa gorabehera, ikasleak hala eskatzen badu, ikastetxeko zuzendariak ohiz kanpoko baimena ematen ahalko dio ikasketetan jarraitzeko, baldin eta behar bezala frogatutako ezinbesteko arrazoi batek eragina izan badu ikaslearen errendimendu akademikoan.

5. Hurrengo mailara igarotzeko lanbide modulu guztiak gainditu beharko dira, baita ikasturte batean baino gehiagotan banatzen diren moduluetako prestakuntza edukiak ere, ikasturte horretan eman badira.

Salbuespen gisa eta irakasle taldeak baloratu ondoren, ikasleak hurrengo mailara igarotzen ahalko dira, nahiz eta bi modulu, gehienez, gainditu gabe eduki, baldin eta modulu horien orduak berrehun eta berrogeita hamar baino gehiago ez badira. Horretarako, gainditu gabeko modulutzat joko dira ikasturte batean baino gehiagotan banatzen diren moduluen prestakuntza edukiak.”

4.–Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 22. artikulua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“22. artikulua. Matrikula baliogabetzea.

1. Ikastetxeak baliogabetzen ahal du matrikula, ofizioz edo ikasleak eskatuta.

2. Ikastetxeak ofizioz baliogabetzen ahal du matrikula, ikaslea justifikaziorik gabe bere prestakuntza zikloaren jardueretara joaten ez bada behin eta berriz, edo elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den beste portaera batengatik, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan eta horrekin bat heldu direnetan ezarritako moduan.

Ikastetxeak matrikula ofizioz baliogabetzea bat dator abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriko matrikularen deuseztapenarekin. Matrikula baliogabetzeko, zazpigarren xedapen gehigarri horretan ezarritako prozedurari jarraituko zaio: lehenik, neurri hori onetsi eta ikastetxearen Elkarbizitzaren Erregelamenduan sartu behar da; bigarrenik, aplikatu ahal izateko, aldez aurretik hezkuntza neurriak jarri behar izan zaizkio ikasleari. Matrikularen deuseztapena ohiko prozeduraren bidez tramitatuko da. Xedapen honetan ezarritakoaren kontrako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan edo, hala badagokio, Gizarte Kontseiluan aurkeztuko dira, ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

3. Matrikula baliogabetzea erabakitzen denean, ikaslearen ebaluazio-agiri ofizialetan islatuko da eginbide baten bidez.

4. Matrikula ofizioz baliogabetu edo deuseztatzeak berarekin dakar matrikulatutako lanbide modulu guztietan irakatsia, ebaluatua eta kalifikatua izateko eskubidea galtzea, baita ikaspostua erreserbatua izateko eskubidea ere. Horregatik, prestakuntza zikloko ikasketetan jarraitu nahi badu, ikasleak onartzeko ezarritako prozeduran parte hartu beharko du berriz. Baliogabetutako matrikula ez da sartuko ebaluazio-deialdi ahituen kalkuluan.

5. Ikasleak eskatzen badu matrikula baliogabetzeko, eskaera onartuko da baldin eta inguruabar jakin batzuk gertatu direla frogatzen bada. Kasu horretan, matrikula baliogabetzeak berarekin dakar dagokion eskaintzako modalitatea osatzen duten modulu guztien azken ebaluazioaren deialdiari uko egitea eta modulu horietan irakatsia izateko eskubidea galtzea. Matrikula ikasleak eskatuta baliogabetzeko prozedura ondokoa da:

5.1. Ikasleek espedientea daukan ikastetxeko zuzendariari matrikula baliogabetzeko eska diezaiokete, baldin eta agiri bidez eta era frogagarrian frogatzen badute ondoko inguruabarretako bat:

a) Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

b) Familiako betebeharrak.

c) Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

5.2. Matrikula baliogabetzeko eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko da, oro har, frogagiriekin batera, gutxienez ere ikastetxean emandako moduluen ikasturteko lehenengo azken ebaluazioa egin baino bi hilabete lehenago. Taldearen irakasle taldea entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi, eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aurreko atalean aipatu arrazoietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normal joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

5.3. Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan agerraraziko da. Kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Baliogabetutako matrikula ez da sartuko ebaluazio-deialdi ahituen kalkuluan.

6. Matrikula ikasleak eskatuta baliogabetzeak ikaspostua erreserbatua izateko eskubidea sortzen du. Horri esker, ikasleak aukera izanen du matrikulatzeko hurrengo ikasturtean, prestakuntza ziklo eta ikastetxe beretan.

7. Prestakuntza norberaren inguruabarretara egokitzeko asmoz, ikasleek eskaintzako modalitatea aldatu nahi dutenean, hautatutako modalitate berriaren matrikula aurkeztu baino lehen eskatu beharko dute egindako matrikula baliogabetzeko.”

5.–Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 15. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzea. Hona hemen testu berria:

“1. Arte plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako eskaintza orokorraren modalitatean, baldin eta moduluaren prestakuntzako eduki osoa lehenengo mailan ematen bada, azken ebaluazioko lehenengo saioa ekainean eginen da. Egun zehatzak Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikasketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, ikasturte bakoitzerako onesten dituen jarraibideetan adieraziko dira.

Era berean, enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa hasi baino lehen eginen da, oro har, ikastetxean bigarren mailan emandako moduluen azken ebaluazioko lehenengo saioa.

2. Ikaslearen aurrerapena moduluetarako aurreikusitako helburuekin bat ez datorrenean, horiek ematen dituzten irakasleek neurri egokiak hartuko dituzte programatutako emaitzak lor ditzaten ikasleek. Ekainean eginen da gainditu gabeko modulu horietako azken ebaluazioaren hurrengo deialdia, lehenengo mailan edo bigarrenean amaitutako moduluetan, aurreko idatz-zatian aipatutako urteroko ebazpenean adieraziko diren egunetan.”

6.–Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren V. kapituluko izena aldatzea. Hona hemen izen berria:

“V. kapitulua: Ikasleak zikloan jarraitzea, maila promozioa eta enpresa, estudio eta lantegietako heziketa praktikoa egitea.”

7.–Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 20. artikulua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“20. artikulua. Ikasleak zikloan jarraitzea eta hurrengo mailara igarotzea.

1. Ikasleak gehienez ere lau ikasturtez egon daitezke Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako erdi eta goi mailako prestakuntza zikloetan. Lau ikasturte horien kalkuluan sartuko da ikasturtea baldin eta ikasleak matrikulatu formalizatu ondoren deuseztatu ez bada.

2. Hezkuntza premia bereziak behar bezala frogatuta dituzten ikasleak sei ikasturtez egon daitezke gehienez ere.

3. Ikasleak lehen mailako bi modulu eta/edo prestakuntza bloke gainditu beharko ditu, gutxienez ere, betiere gainditutako modulu edo blokeen iraupena, guztira, 250 ordukoa edo hortik gorakoa bada. Baldintza hori betetzen ez badu, ikasleak ezin izanen du prestakuntza zikloan jarraitu.

4. Aurreko bi idatz-zatietan adierazitakoa gorabehera, ikasleak hala eskatzen badu, arte eskolako zuzendariak ohiz kanpoko baimena ematen ahalko dio ikasketetan jarraitzeko, baldin eta behar bezala frogatutako ezinbesteko arrazoi batek eragina izan badu ikaslearen errendimendu akademikoan.

5. Hurrengo mailara igarotzeko heziketa modulu guztiak gainditu beharko dira, baita ikasturte batean baino gehiagotan banatzen diren moduluetako prestakuntza edukiak ere, ikasturte horretan eman badira.

Salbuespen gisa, eta irakasle taldeak baloratu ondoren, ikasleak hurrengo mailara igarotzen ahalko dira nahiz eta bi modulu, gehienez, gainditu gabe eduki, baldin eta modulu horiek lehen mailaren %25 baino gehiago ez badira. Horretarako, gainditu gabeko modulutzat joko dira ikasturte batean baino gehiagotan banatzen diren moduluen prestakuntza edukiak.

Lehen mailako modulu batzuk, maila batean baino gehiagotan ematen direnak, gainditu gabe bigarren mailara igarotzen diren ikasleek lehen mailakoak gainditu beharko dituzte bigarren mailakoak ebaluatzeko.”

8.–Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 22. artikulua aldatzea. Hona hemen testu berria:

“22. artikulua. Matrikula deuseztatzea.

1. Ikastetxeak baliogabetzen ahal du matrikula, ofizioz edo ikasleak eskatuta.

2. Ikastetxeak ofizioz baliogabetzen ahal du matrikula, ikaslea justifikaziorik gabe bere prestakuntza zikloaren jardueretara joaten ez bada behin eta berriz, edo elkarbizitzarako bereziki kaltegarria den beste portaera batengatik, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan eta horrekin bat heldu direnetan ezarritako moduan.

Ikastetxeak matrikula ofizioz baliogabetzea bat dator abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriko matrikularen deuseztapenarekin. Matrikula baliogabetzeko, zazpigarren xedapen gehigarri horretan ezarritako prozedurari jarraituko zaio: lehenik, neurri hori onetsi eta ikastetxearen Elkarbizitzaren Erregelamenduan sartu behar da; bigarrenik, aplikatu ahal izateko, aldez aurretik hezkuntza neurriak jarri behar izan zaizkio ikasleari. Matrikularen deuseztapena ohiko prozeduraren bidez tramitatuko da. Xedapen honetan ezarritakoaren kontrako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan edo, hala badagokio, Gizarte Kontseiluan aurkeztuko dira, ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

3. Matrikula baliogabetzea erabakitzen denean, ikaslearen ebaluazio-agiri ofizialetan islatuko da eginbide baten bidez.

4. Matrikula ofizioz baliogabetu edo deuseztatzeak berarekin dakar matrikulatutako prestakuntza modulu guztietan irakatsia, ebaluatua eta kalifikatua izateko eskubidea galtzea, baita ikaspostua erreserbatua izateko eskubidea ere. Horregatik, prestakuntza zikloko ikasketetan jarraitu nahi badu, ikasleak onartzeko ezarritako prozeduran parte hartu beharko du berriz. Baliogabetutako matrikula ez da sartuko ebaluazio-deialdi ahituen kalkuluan.

5. Ikasleak eskatzen badu matrikula baliogabetzeko, eskaera onartuko da baldin eta inguruabar jakin batzuk gertatu direla frogatzen bada. Kasu horretan, matrikula baliogabetzeak berarekin dakar dagokion eskaintzako modalitatea osatzen duten modulu guztien azken ebaluazioaren deialdiari uko egitea eta modulu horietan irakatsia izateko eskubidea galtzea. Matrikula ikasleak eskatuta baliogabetzeko prozedura ondokoa da:

5.1. Ikasleek espedientea daukan ikastetxeko zuzendariari matrikula baliogabetzeko eska diezaiokete, baldin eta agiri bidez eta era frogagarrian frogatzen badute ondoko inguruabarretako bat:

a) Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

b) Familiako betebeharrak.

c) Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

5.2. Matrikula baliogabetzeko eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko da, oro har, frogagiriekin batera, gutxienez ere ikastetxean emandako moduluen ikasturteko lehenengo azken ebaluazioa egin baino bi hilabete lehenago. Taldearen irakasle taldea entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi, eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aurreko atalean aipatu arrazoietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normal joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

5.3. Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan agerraraziko da. Kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Baliogabetutako matrikula ez da sartuko ebaluazio-deialdi ahituen kalkuluan.

6. Matrikula ikasleak eskatuta baliogabetzeak ikaspostua erreserbatua izateko eskubidea sortzen du. Horri esker, ikasleak aukera izanen du matrikulatzeko hurrengo ikasturtean, prestakuntza ziklo eta ikastetxe beretan.

7. Prestakuntza norberaren inguruabarretara egokitzeko asmoz, ikasleek eskaintzako modalitatea aldatu nahi dutenean, hautatutako modalitate berriaren matrikula aurkeztu baino lehen eskatu beharko dute egindako matrikula baliogabetzeko.”

9.–Laugarren xedapen gehigarri bat gehitzea Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduari eta Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena arautzen dituen uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduari. Hona hemen testua:

“Laugarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio-agiriak baliabide elektronikoen bitartez betetzeko prozesua.

Ikastetxe publiko eta pribatuek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, dela “Educa” aplikazio informatikoaren bidez, dela datuak formatu bateragarri batean jasotzea ahalbidetzen duen beste aplikazio baten bidez.

10.–Seigarren xedapen iragankor bat gehitzea Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena arautzen dituen uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduari. Hona hemen testua:

“Seigarren xedapen iragankorra.–Azken ebaluazioko saioen epeak Azken Obra eta Azken Proiektua moduluetan, Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarritako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan, hurrenez hurren.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako eskaintza orokorraren modalitatean, Azken Obra eta Azken Proiektua moduluetan, Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorra ezartzen duen Lege Organikoaren arabera ezarritako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan, hurrenez hurren, azken ebaluazioko lehenbiziko saioa ekainean eginen da, oro har.

Ikasleak bete ez baditu Azken Obra eta Azken Proiektua moduluetan aurreikusitako helburuak, azken ebaluazioko hurrengo deialdia irailean eginen da, oro har.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2014-2015 ikasturtetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2014ko irailaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1412816