191. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Udal ordenantza, Etxebizitza erosi edo alokatzeko gazteendako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2014ko ekainaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, aldaketak hasiera batean onetsi zituen Etxebizitza erosi edo alokatzeko gazteendako laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2014ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 3an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik ematen den eranskinean.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2014ko irailaren 23an.–Ogasuneko zinegotzia, Irene Royo Ortín.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, ETXEBIZITZA EROSI EDO ALOKATZEKO GAZTEENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea laguntza hauek emateko:

a) Tuteran beren lehenbiziko etxebizitza erosten duten gazteei notario eta erregistro gastuak finantzatzeko .

b) Tuteran etxebizitza alokatzean gazteek egiten dituzten gastuak finantzatzeko .

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Erosteko laguntzak:

Laguntza hauek lehenbiziko etxebizitza erostean emanen dira, bakar-bakarrik notario eta erregistro gastuetarako, etxebizitza babestua erosten baldin bada, Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean ezarritako motetakoa

2. Alokatzeko laguntzak:

Errentamenduaren bermetako abal bat eratzeko, edo fidantzaren zenbatekoa edo hilabeteko bat ordaintzeko egin behar diren gastuei aplikatuko zaie, aitzinago ezartzen den gehieneko mugarekin.

3. artikulua. Gastua egoztea.

Ordenantza honen xedeko laguntzak esleitzeko baimentzen diren gastuetarako, baldintza izanen da kreditu egokia eta aski izatea udal aurrekontuaren 4513.48006 kontu-sailean, banaketa hau izanik:

–9.000 euro: erosteko laguntzetarako.

–6.000 euro: alokatzeko laguntzetarako.

Eskaerak ebaztean horietariko edozein osorik agortzen ez bada, bertzeen ebazpenean erabiliko da, beharrezkoa izanez gero.

Ordenantza honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko baldintza baita horretara xedatutako kontu-sailean behar bezainbateko kreditu egokia izatea, espediente berean ebatziko dira abenduaren 10a arte aurkezten direnetarik onartzen diren eskaerak. Horrela, gastuen udal aurrekontuko 4513.48006 kontu-sailean esleitutako diru kopurua aski ez bada baldintzak betetzen dituztenei dagokien zenbatekoa emateko, esleitutako diru-kopurua banatuko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea duten eskaera guztien artean, modu proportzionalean.

Aipatu dataren ondotik aurkezten diren eskaerak hurrengo ekitaldian tramitatuko dira.

4. artikulua. Onuradunak eta betebeharrak.

1. Erosteko laguntzak: Onuraduntzat hartuko dira beren lehenbiziko etxebizitza Tuteran erosten duten pertsona fisiko guztiak, etxebizitza babestua erosten baldin badute, Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean ezarritako motetakoa, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez ere eskabidea aurkeztu aurreko urte betean Tuteran erroldatuta egotea, eta horrela segitzea eskabideak aurkezteko gehieneko epean, hau da, abenduaren 10a arte.

b) Laguntzen onuradunek Tuteran izan behar dute helbide fiskala.

c) 18 urte baino gehiago eta 35 urte baino gutxiago izatea, biak barne, eskabidea aurkeztean

d) Lehenbiziko etxebizitza erostea eta Tuteran kokaturik egotea, erosleen bizitegi ohiko eta iraunkorra izateko.

e) Bertze etxebizitza baten jabari osoa edo erabilera edo gozamenerako eskubide erreala ez izatea.

f) Eskabidea lau hilabeteko epean aurkeztea Jabetza Erregistroko faktura luzatu ondotik.

g) Laguntza zenbateko osoaren bezainbatekoa izanen da, etxebizitzaren titular guztiek a), b) eta c) ataletan eskatutako beharkizunak betetzen badituzte betiere.

Hala ere, a) eta c) ataletako beharkizunak titular batek baizik betetzen ez baditu, zenbateko osoaren erdiaren bezainbatekoa izanen da laguntza.

h) Tuterako Udalarekiko zerga, tasa, ariel eta zehapenen ordainketa eguneratua izatea.

2. Alokatzeko laguntzak. Onuraduntzat hartuko dira behar den eskabidea aurkeztean ondotik ematen diren baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko guztiak.

Errentamendu kontratuan titular bat baino gehiago baldin bada, laguntzen zenbatekoa izanen da dirua kontratuaren titular kopuru osoaren artean zatitzearen emaitza, kontuan hartu gabe ez haietarik zenbatek betetzen dituzten laguntzak eskuratzeko baldintzak ez eskatzaileen kopurua (ulertzen da laguntza oso bat dela alokairu kontratuagatik, ez eskatzaile kopuruagatik).

a) 18 urte baino gehiago eta 35 urte baino gutxiago izatea, biak barne, eskabidea aurkeztean

b) Jabetzan inolako etxebizitzarik ez izatea.

c) Gutxienez ere eskabidea aurkeztu aurreko urte betean Tuterako udal mugapean erroldatuta egotea, eta horrela segitzea eskabideak aurkezteko gehieneko epean, hau da, abenduaren 10a arte.

d) Tuterako Udalarekiko zerga, tasa, ariel eta zehapenen ordainketa eguneratua izatea.

e) Errentatzailearekin familia loturarik ez izatea, bigarren mailako odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneraino, ez eskatzaileak ez etxebizitzan bizi den bertze inork, bizikidetza unitate bat osatzen badute, halakorik bada.

f) Eskaera alokairu kontratua sinatu ondoko bi hilabeteetan aurkeztea.

5. artikulua. Etxebizitzen baldintzak.

1. Eskatzaileek eskuratzen dituzten etxebizitzek Tuteran egon behar dute kokaturik eta etxebizitza babestuaren kalifikazioa izan behar dute: babes ofizialeko etxebizitza (araubide orokorra edo berezia), prezio tasatuko etxebizitza nahiz prezio itunduko etxebizitza

2. Tuteran alokatzen den etxebizitzari dagokionez:

a) Ez dute legezko inolako mugarik izan behar, haien erabilera galarazten bada, ezta hirigintzaren aldetik antolamenduz kanpo egon behar ere, betiere kalifikazio hori jabetzak egindako jarduketen ondoriozkoa bada, ezta inolako zehapen espedientek ukiturik egon behar ere.

b) Alokairu kontratuek Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeari lotu behar zaizkio

6. artikulua. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

1. Eskabidea ordenantza honen I. eranskinean dagoen eredu ofizialari jarraikiz eginen da, etxebizitza erosi edo alokatu behar den, dagokiona aukeratuta.

2. Eskabidea ondoko moduren batean aurkeztu beharko da:

a) Tuterako Udaleko Erregistroan, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan.

b) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz.

3. Eskabideak aurkezteko epea etengabe egonen da irekita eta ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

7. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, I. eranskineko ereduari jarraituz egina.

b) Salerosketaren eskritura, edo obra berriaren eskritura, eskatzaileak berak sustatzen badu etxebizitza.

c) Etxebizitza alokatuz gero, eratutako abalaren kostuaren faktura edo pausatutako fidantzaren gordekinaren kopia.

d) Alokairu kontratuaren fotokopia, alokairuaren hileko zenbatekoa agertzen duena.

e) N.A.N., I.F.Z. edo A.I.Z.

f) Tuterako errolda agiria, gutxienez urtebeteko antzinatasuna ziurtatzen duena.

g) Helbide fiskala Tuteran dagoelako frogagiria.

h) Notario eta erregistro gastuen faktura zehaztua.

8. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Babes ofizialeko etxebizitzetarako, babes araubidea orokorra nahiz berezia izan, laguntzaren zenbatekoa izanen da eskritura publikoaren ondoriozko notario gastua (salerosketaren eskritura, edo obra berriarena, eskatzaileak berak sustatzen badu etxebizitza) eta gehienez ere haren bi kopia, gehi etxebizitza jabetza erregistroan inskribatzeko gastua. Betiere laguntza 500 eurokoa izanen da gehienez edo, bertzenaz, proportzioz dagokion zenbatekoa, onartutako eskabideen eta aurrekontuan esleitu zaion diru kopuruaren arabera.

2. Prezio tasatuko edo prezio itunduko etxebizitzetarako, laguntzaren zenbatekoa izanen da eskritura publikoaren ondoriozko notario gastuaren %50e eta gehienez ere haren bi kopia, gehi etxebizitza jabetza erregistroan inskribatzeko gastua. Betiere laguntza 300 eurokoa izanen da gehienez edo, bertzenaz, proportzioz dagokion zenbatekoa, onartutako eskabideen eta aurrekontuan esleitu zaion diru kopuruaren arabera.

3. Etxebizitza alokatzeko laguntzetarako, laguntzaren zenbatekoa izanen da abala eratzeak, fidantza pausatzeak edo hilabeteko alokairuak dakarren kostua. Betiere laguntza 300 eurokoa izanen da gehienez edo, bertzenaz, proportzioz dagokion zenbatekoa, onartutako eskabideen eta aurrekontuan esleitu zaion diru kopuruaren arabera.

9. artikulua. Mugak.

Laguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuak gauza bererako ematen dituen laguntza mota guztiekin, bateraezina dela espresuki deklaratu ezik.

10. artikulua. Ebazpena.

Laguntzak emateko ebazpenak eskatzaileei jakinaraziko zaizkie zuzenean. Ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, ezetsi delako izanen da beti.

11. artikulua. Ordaintzeko modua.

Laguntza aldi bakarrean ordainduko da, ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

12. artikulua. Eskatzaileen eta onuradunen betebeharrak.

Laguntza bere xederako erabiltzea. Hori dela eta, ikuskapena, kontrola eta gainbegiraketa onartu eta erraztuko dituzte

13. artikulua. Laguntzak galtzea edo gutxitzea.

1. Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero eta, betiere, bertze Administrazio edo ente publiko batzuek xede bererako ematen dituzten laguntzak aldi berean eskuratuz gero, laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, diru-laguntza kostua baino handiago izan ez dadin.

2. Bidezkoa izanen da jasotako diru kopuru osoak edo zati bat itzuli behar izatea, hartu zirenetik sortutako legezko korrituak gehituta. Indarra duen legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu prozeduraren bidez itzularazi ahal izanen dira.

3. Indarra duen legeriak diru-laguntza eta laguntza publikoen gainean aurreikusitako arau-hauste eta zehapen araubidea izanen dute laguntzen onuradunek.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ordenantza honetan arauturik, I. eranskinean agertzen diren laguntzak eskatzeko ereduak aldatu behar baldin badira, Tokiko Gobernu Batzarra eskuordetu da, harexek izanen baitu behar diren aldaketak egiteko ahalmena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik.

Xedapen iragankor bakarra.–2014an, eskabideak aurkezteko epe berezia irekiko da alokatzeko laguntzetarako, 2014ko urtarrilaren 1etik aitzina sinaturiko kontratuak sar daitezen.

I. ERANSKINA

Tuteran lehenbiziko etxebizitza erosten duten gazteendako
notario eta erregistro gastuetarako laguntzen eskabidea

Eskatzailearen datuak.

LEHEN TITULARRA

Izen-deiturak

NANa:

Jaioteguna ................

Helbidea (karrikaren izena eta zenbakia):

P.K.

Herria

Probintzia

Telefonoa

Sakelako telefonoa

Helbide elektronikoa

BIGARREN TITULARRA

Izen-deiturak

NANa:

Jaioteguna ..............

Helbidea (karrikaren izena eta zenbakia):

P.K.

Herria

Probintzia

Telefonoa

Sakelako telefonoa

Helbide elektronikoa

Etxebizitzaren datuak:

Helbidea (karrikaren izena eta zenbakia):

Laguntza jasotzen duten gastuak.

(Bakar-bakarrik etxebizitzaren salerosketari dagozkion gastuak. Hipoteka-maileguaren ondoriozkoak kanpo daude).

Notario gastuak

Erregistro gastuak

GASTUAK, GUZTIRA

Kontu zenbakia, laguntza ordaintzeko

Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–NANa edo AIZ.

–Helbide fiskala Tuteran dagoelako ziurtagiria.

–Notario eta erregistro gastuen faktura zehaztua.

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen,

ADIERAZTEN DUT:

Eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Deialdiko betebehar guztiak betetzeko eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatzeko hitza ematen dut.

ESKATZEN DUT:

Zenbateko honetako laguntza emateko: .......................... euro.

Tuteran, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an
Sinadura

Gazteek Tuteran etxebizitza alokatzean egindako
gastuak finantzatzeko laguntzen eskabidea

Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak

NANa:

Jaioteguna ..............

Helbidea (karrikaren izena eta zenbakia):

P.K.

Herria

Probintzia

Telefonoa

Sakelako telefonoa

Helbide elektronikoa

Etxebizitzaren datuak:

Helbidea (karrikaren izena eta zenbakia):

Laguntza jasotzen duten gastuak.

(Bakar-bakarrik errentamenduaren bermetako abala eratzea, edo fidantzaren zenbatekoa edo hilabeteko bati dagokiona ordaintzea).

Kontzeptua: (bat baizik ez marka)

Bermea

Fidantza

Hilabetekoa

Zenbatekoa: .............. euro.

Kontu zenbakia, laguntza ordaintzeko

Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Etxebizitza alokatuz gero, eratutako abalaren kostuaren faktura edo pausatutako fidantzaren gordekinaren kopia.

2. Alokairu kontratuaren fotokopia, alokairuaren hileko zenbatekoa agertzen duena.

3. NANaren, IFZren edo AIZren fotokopia.

4. Helbide fiskala Tuteran dagoelako ziurtagiria.

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen,

ADIERAZTEN DUT:

Eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Deialdiko betebehar guztiak betetzeko eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatzeko hitza ematen dut.

ESKATZEN DUT:

Zenbateko honetako laguntza emateko: .......................... euro

Tuteran, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an

Sinadura

Iragarkiaren kodea: L1412982