2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AGOITZ
“Kulturgunea” parte hartzeko kultur organoaren barne funtzionamendurako erregelamendua. Behin betiko onespena
Agoizko Udalak, 2014ko apirilaren 3an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea “Kulturgunea” parte hartzeko kultur organoaren barne funtzionamendurako erregelamendua. Hasierako onespen hori 2014ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 10ean, eta jendaurrean egon beharreko hogeita hamar egun balioduneko epea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua) iragan baita inork alegaziorik aurkeztu gabe, bidezkoa da behin betiko onestea eta testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Agoitzen, 2014ko irailaren 17an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.
KULTURGUNEAREN FUNTZIONAMENDURAKO ARAUTEGIA
1.
Sarrera
Zer da Kulturgunea eta zertarako.
Kulturgunea Agoizko kultur aktibitateak eta bizitza planifikatu, koordinatu eta haien inguruan hausnartzeko gunea da. Egindako diagnostikoan definitu da nolako kultur bizitza nahi dugun herrian eta zer den Kulturgunean kontuan hartzeko garrantzitsua.
Iniziatibaren sorreran ideia hau dago: kultura Agoizko pertsonen elkarbizitza, kohesioa, integrazioa eta partaidetza bultzatzailea da. Kulturaren bidez pertsona eta talde modura aberasten gara, disfrutatzeaz gain.
Hori lortzeko beharrezkoa da:
–Kulturgunea izatea Agoizko kulturan interesatutako pertsona eta entitate guztien elkargunea.
–Programazioaren antolaketan parte hartzen badugu, propio bezala sentitzen dugu, gure sareetan hedatzen dugu, hala nola herrian barna eta herritik kanpo.
–Udalak programatutakoa eta taldeek antolatutakoaren arteko osagarritasuna bultzatzen da.
–Pentsatzea aktibitateek kontuan hartu beharko dutela ere antolaketan parte hartzen ez duten edo ekitaldietara gutxitan joaten diren pertsona horiek. Ez dauden pertsonak ere kontuan hartu behar dira.
–Herriko sormena bultzatzea.
–Herriko produkzio eta kanpoko produkzioaren arteko oreka. Beste ikasketa batzuk bultzatzea.
–“Kultura trukatzea” ahalmendu eta erraztea. Trukaketak kanpoko taldeekin, ez bakarrik aktibitate mota berberarekin.
–Kultur jardueretarako inguruko herriekin kontatzea.
–Euskararen erabilera bultzatzea.
Zer da dokumentu hau.
Arautegi honek Kulturgunearen funtzionamendua eta partaidetza modua arautzen du.
Partaidetza prozesuan parte hartu zuten herrikoek prestaturiko eta adostutakoa da. Edozein momentutan berrikusi daiteke, eztabaida eta hausnarketa foro honetan parte hartzen duen edozeinek eskatuta.
2.
Oinarri metodologikoak
Kalitatezko partaidetzan, pertsona bakoitza dagokion rol edo paperetik aritzen da, interes eta helburu anitzekin, herritarrek aitortzen dioten autonomia pertsonalaren (nahiz taldekoaren) arabera, betiere errespetatuz eta aitortuz besteek jokatu behar duten papera.
Nola eragin dezakegu kalitatezko partaidetza eta ez bakarrik liderrena edo beti parte hartzen duten horiena?
Kalitatezko partaidetza ematen da horretarako baldintzak zaintzen badira eta mekanismo eta metodologia egokiak erabiltzen badira. Parte hartzeko beharrezkoa da nahi izatea (motibazioa), jakitea (formazioa) eta ahal izatea (antolaketa).
–Jakitea:
Lehenengo oinarri metodologikoa da pertsonek edukitzea parte hartu ahal izateko beharrezko informazio eta ezagutza guztia.
Informazioa eduki behar dugu modu egokian: garaiz, aztertzeko denbora izateko; eta argi, hizkuntza egoki batez. Informazioa pertsona guztientzako erabilgarria izan behar du, ulergarria, zeregin horretan esfortzurik ez egiteko.
Kulturgunean eztabaidatu eta erabaki aurretik taldeetan eztabaidatzeko denbora aurrikusi behar da, eta, gainera, materiala beharrezko denborarekin eskainiko da.
Zentzu horretan, oso garrantzitsua da Kulturgunearen komunikazioa.
–Nahi izatea:
Parte hartzeko motibazioa izanen dugu baldin eta kostu/etekina harremana positiboa bada. Hau da, beste pertsona batzuekin harremanetan sartzeko aukera ematen digu, gure behar sozialak asebetetzen baditu, gure estatus/prestigioa hobetzen badu edo, besterik gabe, atsegina egiten bazaigu. Parte hartzen disfrutatzen ez duten pertsonentzat animatzeko moduak aurkitu beharko ditugu.
Partaidetza prozesu baten sinesgarritasuna eta legitimazioa handiagoa da mobilizazioa zabala, anitza eta gardena denean.
–Ahal izatea:
Kalitatezko partaidetzak beharrezkoa du jendearen edo partaideen eguneroko bizitzarekin bateratzeko modukoa izatea eta, modu berean, hartzen diren erabakiak baliagarriak izan daitezela ziurtatzea.
Pertsona guztiei eskaini behar zaie parte hartzeko aukera, bakoitzak nahi duen inplikazio mailan. Parte-hartze horrek flexiblea izan behar du, hau da, bide desberdinak eskaini behar dira, jendeak denbora, interesa edo motibazioaren arabera, parte har dezan.
Pertsonak parte hartzera animatuko dira baldin eta beren iritziak, beste pertsonekiko, berdintasunean eta askatasunez adierazteko aukera ematen bazaie. Modu berean, gehiago animatuko dira partaidetzaren emaitzak ikusten badira eta haiek erabakien parte sentiarazten baldin badira.
Horregatik, bilkuren dinamikek bultzatu behar dute jendaurrean hitz egiteko aukerarik ez duten horien ahotsa, hala nola lehenengo aldiz agertzen diren horiena.
Zorrozki errespetatu behar da beste pertsonen hitza.
Dinamikak eta bilkuren metodologiak bilkuren edukietara egokitu behar dira eta, baita, bilkuretan dauden pertsonen profilera. Oro har elkarketak dinamikoa eta atsegina izan behar du.
Oreka mantendu behar da talde-lanaren eta banakako lanaren artean, eta malgutasunez jokatu behar da ager daitezkeen egoeren aurrean.
Pentsa dezagun modu sortzaile batez eta kontuan har dezagun badaudela parte hartzeko aukera asko, hitzez gain.
Bilkuren denborak.
Deialdian argi azalduko da elkartzeko lekua, hasiera ordua eta bukaerakoa (ordutegia mantendu behar da, hasiera eta bukaera). Eta, beharrezkoa bada, asistentzia konfirmatzea eskatuko da.
Oso garrantzitsua da puntual izatea, bai bilkura hasteko zein bukatzeko. Pertsonek sentitu behar dute beren denbora errespetatzen dela, kontuan hartzen dela eguneroko bizitza antolatzeko beharra.
Bilkura asko egiten badira partaidetzarako motibazioa jaisten da. Beharrezkoa da oreka mantentzea.
Bilkura kopuruari dagokionez, ezin da egin hilean bilkura bat baino gehiago, ezta hiruhilean bat baino gutxiago.
–Parte hartzen duten pertsonen harrera.
Funtsezkoa da giro atsegina sortzeko denbora inbertitzea, konfiantza giroa sortu behar da, umorearekin, eta gatazka egoeretarako tresnak edukitzea. Sorpresak motibatzen eta ilusionatzen du, eta oso baliagarria da arreta eta partaideen konstantzia mantentzeko.
Oso inportantea da harrera egokia egitea lehenengo aldiz etortzen den jendeari. Denbora eskaintzen bazaie, taldea aberastuko da epe ertainera eta luzera begira. Bilkura batera ailegatzea eta talde zehatzak eginak daudela ikustea oztopo handia da lehenengo aldiz joaten denarentzat.
Esfortzu berezia egin behar da Kulturgunean ordezkatuta egon daitezen herriko talde soziokultural guztiak.
Zaindu behar da talde-lana, hala nola banakakoena, taldera etortzen diren pertsonak joan ez daitezen.
–Bileraren ondoren.
Oso inportantea da bilkuraren emaitzak jasotzea eta bukaeran laburpena egitea. Irudiak ere jasotzen badira, onuragarria gertatuko da epe ertainera eta luzera begira.
Jasotako materiala guztiona da, eta, hortaz, beharrezkoa dugu komunitatera itzultzea.
Erantzuna eman behar zaie erabaki gabe gelditu diren afera guztiei, hala nola hartutako konpromisoei.
Oso beharrezkoa da ere etengabeko ebaluazioa egitea: bilkuren garapenena, erabilitako ebaluazio metodoena eta abar.
3.
Parte-hartzaileak
Kulturgunea honakoekin osatuta dago: politikoak, teknikariak, antolatutako herritarrak, banakako herritarrak.
Teknikarien artean oso inportantea da kultur teknikaria eta euskara teknikaria egotea.
Antolatutako herritarren artean oso inportantea da herriko kultur talde guztiak ordezkatuta egotea.
Kulturgunea mundu guztiari irekitako partaidetza egitura da.
4.
Partaidetzaren antolaketa
a) Antolaketa-egitura.
Kulturgunea da partaidetzarako funtsezko egitura; hala ere, kontuan hartu behar dira beste partaidetza organoak, hots, politikoak, teknikoak eta herritarrenak. Organo horiek parte hartzen dute informazioa jasotzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuan. Organo horiek hauexek dira: udalbatza (arlo politikoan), mahai teknikoa (arlo teknikoan) eta herriko kolektiboak (herritar antolatuen arloan). Modu berean, prozesuan oso inportantea da pertsona bakarreko organo bat, alegia, kultur koordinatzailea.
Aipatu organoen funtzioak honako hauek izanen dira:
–Kulturgunea:
- Herriko kulturarekin lotutako proposamenak aurkeztu eta eztabaidatzea.
- Herritarrengan eragina duten kulturaren inguruko erabakiak hartzea.
–Mahai teknikoa:
- Bilkurak metodologikoki antolatzea.
- Bilkuren akatak jasotzea.
- Proposamen teknikoak baloratzea.
- Kulturguneari informazioa ematea eta proposamenak egitea, kultur taldeetan eragina izan dezaketen herriko jarduerez.
–Kultur koordinatzailea:
- Kulturgunearen idazkaritza teknikoa:
- Deialdiak prestatu eta egitea.
- Lanerako dokumentuak prestatzea eta zabaltzea.
- Bilkurak dinamizatzea eta moderatzea, mahai teknikoaren beste partaideekin batera.
- Bilkuretan aztertzeko proposamenak biltzea.
- Harremanetan jartzea talde sozio-kulturalekin eta haiekin trukatzea Kulturgunean aztertutako kultur-gaien inguruko informazioa.
–Osoko Bilkura:
- Kulturgunean onetsi-erabakitakoa berrestea.
b) Kulturgunearen urteko bilkuren egutegia.
Bilkuren egutegi malgua egin behar da, herriak kulturaren arloan duen dinamikari egokitua; hala ere, komeni da aldez aurretik prestatuta edukitzea urteko bilkuren egutegia, ohiko gaiak biltzen dituena, eta sor daitezkeen gaiei lekua ematea.
Hasteko, bilkurak hilabetean behin egitea aurrikusi da. Uztaila eta abuztuan ez da bilerarik eginen, eta bilkura bereziren bat eginen da jaietarako, herri asanbladaren modura.
c) Zer erabakitzen dugu?
Udalak erabaki dezake noraino heltzen den Kulturgunearen erabakiak hartzeko gaitasuna. Udalak mugak jarriko baditu ere, komeni da parte hartzeko orduan ezarritako mugaketa horren arrazoiak ongi azaltzea eta argudiatzea.
Udalak ezinbesteko ditu, hasteko, gai hauen inguruan mugak jartzea: batetik, legeak ezarritakoak eta, bestetik, egoera ekonomikoa. Zentzu horretan, Udalarena ez besterena da kultur koordinatzaile-teknikariaren eginkizunak zehaztea eta mugatzea, hala nola kultura eta jaietarako dagoen aurrekontua zehaztea.
Kulturgunean gai hauen inguruan informatu, formatu, eztabaidatu eta erabakiko da:
–Kulturgunearen funtzionamendu arauak, hala nola bilkuren egutegia.
–Urteko kultur programazioa:
- Kultur aktibitateen egutegia.
- Herriko kultur eskaintza koordinatu (Udalak antolatutakoa eta herrikoek antolatutakoa).
- Proposa litezkeen aktibitate bereziak baloratzea.
–Kultur espazioak eta horien erabilerak.
–Kolektiboen eta Udalaren arteko koordinazioa.
–Diru-laguntzen ordenantza.
–Herriko ospakizunak (Jaiak, Sanisidroak, San Migel...).
–Kultur arloko beste garapen arlo batzuk: herriko kultur ondarea, turismoa...
–Beste gai batzuk.
Modu berean, Kulturgunea espazio irekia da, kultur arloan ideiak, galderak eta iradokizunak egiteko.
d) Non, nola eta noiz egiten dira proposamenak?
Kulturgunean aztertzeko edozein iniziatiba proposatzeko, bai arlo politikotik, teknikotik edo herritarrengandik, honakoa egin beharko genuke:
1. Kulturgunearen bilkura batean egin dezakegu zuzenean, hurrengo bilkuretan kontuan hartzeko.
2. Kultur koordinatzaileari helarazi ahalko diogu, dagokion dokumentazioarekin batera, gai ordenan sar dezan. Modu horretan gaiaren inguruko informazioa edukiko da aztertu, baloratu eta bere arloan (politikoa, teknikoa edo herri-ekimena) erabaki baino lehenago. Kontuan hartu beharko genuke azalpen txiki bat eman beharko dela: zergatia azaldu, nori zuzentzen zaion, zertarako, nola, noiz, non, zerekin eta epeak. Horrela Kulturgunetik kanpoko arloetan aztertzeko aukera emanen da.
e) Nola eztabaidatzen da?
Aztertuko diren gai batzuk informatiboak izanen dira (esaterako, kanpoko talde batek herrira egiten duen bisitaldia, udalaren gaineko entitateek eginiko arauen aldaketa eta abar).
Beste gai batzuen inguruan aztertu eta hausnartuko da,; hala ere, ezinen da erabakirik hartu beste entitate batzuen eskuduntza izateagatik.
Erabakiak hartzea beharrezkoa den kasuetan, aldez aurretik azterketa-deliberazioa egin beharko da, batzuetan Kulturgunetik kanpoko foroetan. Modu horretan, bilkurara joaten diren pertsonei iritziak kontrastatzeko aukera eskaini zaie (denbora eta informazioa). Bilkuretan erabakiak hartzeko prozesuetan ere metodologiak lagundu behar du, eta, hortaz teknika egokiak erabili behar dira:
–Talde txikiak eta ondoren komunean jartzea.
–Iradokizunetarako buzoia, gaiak proposatzeko eta publikoaren aurrean hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.
f) Nola erabakitzen da?
Erabakiak hartzeko prozesuak zenbait fase ditu:
–Egoeraren azterketa.
–Erabakiak hartzeko irizpideak eta lehentasunak zehaztea, muga tekniko eta ekonomikoei lotuz.
–Konponbide aukerak sortzea.
–Aukerak ebaluatzea:
- Aukera zehatz bakoitzaren balorazio teknikoa.
- Aukera zehatz bakoitzaren balorazio ekonomikoa.
–Erabakia aukeratzea.
–Erabakia aplikatzea.
–Hartutako erabakien jarraipena egitea.
–Erabakia ebaluatzea.
Oro har kontsentsua bilatuko da. Lortzen ez bada, gaiaren arabera, aldez aurretik adostuko da nola hartuko diren erabakiak.
5.
Barne- eta kanpo-komunikazioa
a) Barne-komunikazioa;
–Helburuak:
1. Kulturgunearen bilkuren prestaketa eta eraginkortasuna erraztea. Oso garrantzitsua da parte-hartzaile guztiek informazio berbera izatea aldez aurretik, behar besteko denborarekin.
2. Erabakitakoa zabaltzea, akten bidez, talde, elkarte eta interesatu guztiei.
3. Formei buruz informatzea.
–Tresnak.
- E-mailak.
- Tel. mugikorrak: deiak eta sms-ak.
- Aldizkariak/aktak.
- Bilkurak.
- Kartelak.
- Sare sozialak.
–Arduradunak.
b) Kanpo-komunikazioa.
–Helburuak:
- Kulturgunean hartutako erabakiak ezagutaraztea.
- Kulturgunean, hala nola Agoizko kultur bizitzan, orokorrean, parte hartzea suspertzea eta zabaltzea.
–Tresnak.
- Blog-a.
- Sare sozialak.
- Kartelak.
- Bandoak.
- Herriko aktibitate guztiak biltzen dituen udal kultur agenda.
–Arduradunak:
6.
Ebaluazioa
a) Sarrera: zergatik eta zertarako.
Ebaluazioa hausnarketa prozesua da, egindako akzio baten, edo batzuen, emaitzak baloratzea eta azaltzea ahalbideratzen duena. Modu horretan, egiten ari garen lanaren aurrerapenak eta atzerapenak baloratu ahalko ditugu, eta, horrela, hobe kokatu bizitzen ari garen errealitatean.
Ebaluazioa ez da proiektu baten azken fasea; aitzitik presente egon behar du hasiera-hasieratik, zeharka, Kulturgunearen egoera momentu bakoitzean nola dagoen kontrolatzeko.
Zer ebaluatzen da:
–Funtzionamendua:
- Bilkuretako partaidetza.
- Asistentzia.
- Interbentzioak.
- Komunikazioa.
- Barnekoa.
- Kanpokoa.
- Bilkuren dinamikak.
- Partaidetza bultzatzen dute.
- Jendearen harrera.
–Kulturgunearen helburuen betetze-maila.
–Udal politikan duen isla.
b) Ebaluazioaren parte-hartzaileak.
Kulturgunea osatzen duten guztiak: politikoak, teknikariak, herritarrak eta herriko taldeak.
c) Ebaluazio parte-hartzailearen metodologia.
Ebaluazio emankorra izan dadin beharrezkoa da Kulturguneak, urtean behin gutxienez, bere funtzionamendua ebaluatzeko bilkura egitea. Horren bidez, hobetzeko elementuak atzeman ahalko dira eta horretarako proposamenak egin.
Proposatzen den ebaluazioa kuantitatiboa eta kualitatiboa da, baina beti parte hartzen duten guztien arteko hausnarketaren perspektibatik abiatuta.
Urte osoko ebaluazioaren emaitza jendaurrean jar liteke urteko memoria batean, zeinetan agertuko bailitzateke ez bakarrik Kulturgunean aztertu, proposatu eta burututakoa, baizik eta horren gainean egiten den balorazioa ere.
e) Ebaluaziorako tresnak.
–Bilkuren erregistroak eta aktak.
–Bilkuren ondoko ebaluazioa.
–Urteko banakako galdetegia.
–Beste batzuk.
Iragarkiaren kodea: L1412934