Iragarkia
190. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko irailaren 17an hartua, Galar eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, bizitegi eremu bat garatzeko plana, NASUVINSA sozietate publikoak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzen duena.
I.–Aurrekariak.
Nafarroako Gobernuaren 2010eko abenduaren 20ko Erabakiaz Galar eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen. “Navarra de Suelo Residencial, S.A.” sozietate publikoak sustatua zen, “Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestuak sustatzeko plana” izenekoaren barnean.
Planak erantzuna ematen die Nafarroako Gobernuak 2005. urtean abiarazi zituen erabaki politiko eta administratibo batzuei. Urte hartan bizitegirako lurzorua eskuratzeko lehiaketa publikoa abian jarri zuen, “Foru Komunitatean epe ertainean eta luzean etxebizitza-politika publikoa bermatzeko lurzoruaren titulartasun publikoaren alde egiteko” helburuarekin. 2005eko uztailaren 4an Nafarroako Gobernuak lehiaketa horren deialdia egin zuen, eta 2006ko otsailaren 27an ebatzi zen deialdi hori. Horrela, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari 3.450.000 metro karratu gehitzea lortu zuen. Gobernuak bere mendeko Vinsa (“Viviendas de Navarra, S.A.”) eta Nasursa (“Navarra de Suelo Residencial, S.A.”) sozietate publikoei Allo, Zizur Zendea (Gendulain), Zizur Zendea (Gazolatz) eta Galar Zendea, Longida (Billabeta), Los Arcos, Milagro eta Allo udalerrietan 20 eskaintza eskuratzeko agindu zien. Vinsak orduan Milagron zeuden lur-zatiak eskuratu zituen eta Nasursak, berriz, gainerakoak. Jada sasoi hartan, Gendulain aldean eskuratutako eremua -orduan eskuratu ziren lurzoru-poltsetatik handiena- Iruñeko Metropoli Eremuan etxebizitza babestuko eskaintza handia barnean hartzeko gune egoki gisa definitu zen.
“Desarrollo Sostenible de Navarra, S.L.” merkataritza enpresak Gendulainen eskainitako lurzorua eskuratzeko kontratuko klausulen artean, ageri da eremuaren hirigintzako garapenerako beharrezkoak ziren determinazio egituratzaileak onesteko konpromisoa. Horretarako, Nasursak 2006ko uztailaren 4an “Gendulaingo gunea antolatzeko ideien lehiaketa” deitu zuen. Azkenik, lehiaketa horren ondorioz orain tramitatzeko aurkeztu den UPSa idatzi da.
UPSa onetsi ondoren, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 154/2014 epaiak 132/2011 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baietsi du -Zizur eta Galar zendeetako udalek aurkeztua zen errekurtsoa-, eta horren bidez deuseztatu du, antolamendu juridikoaren aurkakoa delakoan, Nafarroako Gobernuaren 2010eko abenduaren 20ko erabakia, etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko aipatutako UPSa onetsi zuena.
II.–Helburua eta sustatzailea.
Aurreko epaian erabakitakoari erreparatuta, 2014ko abuztuaren 6an, Nasuvinsa sozietate publikoak (Navarra de Suelo y Vivienda, S.A.) Galar eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, bizitegi eremu bat garatzeko plan bat aurkeztu du, udalez gaindiko plan sektorial gisa berriz ere izapide dadin.
III.–Proposamenaren deskribapena.
III.1. Proposamenaren deskribapena eta lurralde-integrazioa.
Jarduketa-eremua, 411 Ha baino azalera handixeagoa duena, Gendulain izeneko alderdian dago, Galar eta Zizurko udal mugapeetan. Iruña udalerriaren mugatik 3 km ingurura dago, Erreniega mendiranzko norabidean. Mugatze irregularra du, eta hartan Gendulaingo aldapak eta bi mendixkaren arteko tarte estu batek banantzen dituzten bi gune nagusi bereizten dira. Iparraldeko gunea handiagoa da eta topografia erregularragoa du, baina hainbat mendixka txiki ditu han eta hemen; hegoaldean, antzinako Gendulaingo jaurerriko eraikinak daudeneko muinoak mugatzen du. Hegoaldeko gunea, aldiz, txikiagoa da, eta topografia gorabeheratsuagoa du. Gainera, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera Bideko A-12 Autobiakesparrua bitan banatzen du
Dimentsioei, errealitate fisikoari eta Iruñerrian duen kokapenari begiratuta, hirigintza-antolamenduko gaitasunak direla-eta ahalmen handiko gune baten aurrean gaude, metropoli-sisteman elementu nagusi bat bilakatzeko gaitasuna duena. AP-15 autobidearekin eta aireportuarekin komunikazio ona duen eremua da. Horri gehituz gero paisaiaren kalitate aparta, oinezkoentzako eta ziklistentzako bideen (daudenak eta aurreikusi direnak) ingurunea, Donejakue Bidearekin mugakidea izatea eta Erreniega Mendiaren hurbiltasuna, guneak bertute handiak dauzka, hirigintza-proposamenarekin indartzen direnak. Proposamenak, gainera, garrantzia duten zuhaitz-masen eremuak zaintzen ditu, ekialdean zein hegoaldean, bai eta eremua zeharkatzen duten errekak ere.
III.2. UPSaren helburu orokorrak.
Orokorrean, UPSaren helburu orokorrak antolatu beharreko guneak dituen funtsezko balioak sendotu eta indartzera datoz. Hauek dira helburuak, laburtuta:
–Eskualdera hegoaldetik sartzeko bidea Gendulainekin identifikatzea, Donejakue Bideko “mugarri” gisa.
–Esparruan bide-elementu egituratzaileak integratzea, eta bereziki A-12 Bideko Autobidea.
–Eskualdeko bizitegi-garapena hegoaldean mugatzea, eta antolamendu berria Iruñerriko bigarren ingurabidearen barnean integratzea.
–Dauden espazio naturalak integratu eta luzatzea.
–Ingurumen eta iraunkortasun irizpideak sartzea hiri-asentamenduaren diseinuan.
–Oinezkoentzako pasealeku eta bidegorriak ezar daitezela sustatzea, Iruñerrian dagoen sarearekin lotuak. Bereziki, Donejakue bidea Gendulain eta Iruña arteko lotura-ardatz berde (oinezkoentzat zein txirrindularientzat) gisa indartzea.
–Produkziorako eta ekipamendutarako erabilerak eta hurbil dauden erdiguneetan bildutako jarduera anitzak indartzea.
–Teknologiaren, iraunkortasunaren, energiaren eta eragimen energetikoaren arloetako berrikuntza indartzea, obrak exekutatu bitartean, eta halaber, parke teknologiko bat sortzea kontzeptu horiekin edo Nafarroarentzat estrategikoak diren beste kontzeptu batzuekin zerikusia duten enpresentzat.
–Etxebizitza babestuen arloko politikari dagokionez, gehienbat babes ofizialeko etxebizitzen edo prezio tasatuko etxebizitzen programekin jardutea proposatzea, lurraldea okupatzen eta egituratzen laguntzeko, horrela sortuko baita garraio publikoak eta hiriko jarduera sozial eta ekonomikoek irauteko moduko hiri-dentsitatea.
III.3. Proposatutako hirigintza-antolamendua.
Proposamenean bi zona oso desberdin identifika daitezke: alde batetik, ipar-ekialdeko eremua, funtsean bizitegi erabilerakoa. Bestetik, hego-mendebaldean, jarduera ekonomikoen eremua dago, eragimenarekin eta energia garbi eta iraunkorrarekin lotutako enpresa aurreratuak, bai eta azpiegitura-elementu batzuk ere, hartu behar dituena.
Antolamendua A-12 Bideko Autobiaren paraleloan eta perpendikularrean doazen bosna etorbidek taxutzen dute. Etorbide horiek, 40 m-ko zabalera dutenek, alde bakoitzeko 400 metro dituzten etxe-sailak definitzen dituzte. Etxe-sail horien barneko bideek 30 metroko zabalera dute, eta aukeran, oinezkoak eta ibilgailuak batera egotekoak dira. Oinezkoen eta txirrindularien ibilbide nagusiak bat datozeneko bideen sekzioa 10 metro handituko da, xede hori duen erabilera indartzeko.
Bideko Autobia hein batean estaltzen da, haren ekialdean eta mendebaldean dagoen antolamenduaren batasun fisikoa probokatuz. Autobiaren gainean, lorategi-behatoki bat eraikitzen da, zubi modura, ekipamenduetako eta merkataritzako elementuak dituena eta bizitegi-erabilerako bilbearekin bat egiten duena.
A-12 Autobiarekin eta Galarko NA-6004 errepidearekin mugakideak diren lur-zatiek erabilera produktiboa izanen dute, hirugarren sektorekoa, bai eta merkataritzakoa ere, elementu adierazgarri gisa, etxebizitzetarako soinu-barrera ere eginez.
Honakoak dira proposamenaren datu adierazgarrienak:
–Lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen da esparrua, banaketa eremu bakarra eta bi sektore dituena: “Bizitegi kolektiboa” izeneko erabilera orokorrerako antolatutako sektorea, 4 exekuzio-unitatek (1etik 4ra bitarteko zenbakiekin) osatzen dutena; eta “Jarduera ekonomikoa” izeneko erabilera orokorrerako sektorea, plan partzial baten bitartez xehetasunez antolatu beharrekoa (EU-5 exekuzio unitatea).
–Jarduketa-sistema lankidetzarena da exekuzio unitate guztietan.
–Azalerak eta eraikigarritasuna:
Banaketa eremuaren azalera osoa: | 4.114.829,44 m² |
Metro koadro eraikiak, etxebizitzetan: | 2.298.678,46 m² |
Metro koadro eraikiak, hirugarren sektoreko erabileretan: | 190.235,46 m² |
Metro koadro eraikiak, jarduera ekonomikoko erabileretan: | 132.722,80 m² |
Metro koadro eraikiak, jarduera ekonomikoko erabileran (EU-5): | 184.336,30 m² |
Guztira eraikitako metro koadroak: | 2.805.973,01 m² |
–Altuerak: proposamenak bizitegirako etxe-sailak planteatzen ditu, gehienak B+8+A gisakoak. Nabarmentzekoak dira B+12+A dorre-elementuak (horietatik 3, bereziki, B+15+A- B+14 altueraraino heltzen dira, kokapen nabarmenaren ondorioz).
Autobidearen paraleloan dauden jarduera ekonomikoko lur-zatiek B+5 altuera dute.
Autobiaren estalkiaren ondoan, altuera handia duen merkataritza-zentro handi bat dago, hiri-mugarri gisa.
–Etxebizitzak:
Etxebizitzen kopurua, guztira (modu xehakatuan eta orientabide gisa): | 18.389 |
Babes publikoko etxebizitzen ehunekoa: | % 88,45 |
Babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) | % 49,52 |
Prezio tasatuko etxebizitzak (PTE) | % 38,93 |
–Lagapenak eta erreserbak:
Espazio libreen sistema orokorra: | 344.801,77 m² |
Tokiko zuzkidurak: | 1.028.354,36 m² |
Espazio libreak: | 715.842,22 m² |
Erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioa: | 312.512,14 m² |
Udalez gaindiko zuzkidura (foru bankua): | 69.089,45 m² |
Aparkaleku plazak lurzoru publikoan: | 16.526 plaza |
–Eredu-aprobetxamendua. Homogeneizatze koefizienteak:
BOE gisako etxebizitza: | 1,141152 |
PTE gisako etxebizitza: | 1,232444 |
Etxebizitza librea: | 1,631848 |
Hirugarren sektoreko erabilera beheko solairuan: | 0,787395 |
Hirugarren sektorekoa, salbuetsia: | 1,415029 |
Hirugarren sektorekoa, salbuetsia, altueran: | 0,890099 |
1. azpi-sektoreko jarduera ekonomikoa: | 0,890099 |
2. azpi-sektoreko jarduera ekonomikoa: | 0,775984 |
–Beste datu batzuk:
Esparruaren guztizko azalera: | 4.114.829,44 m² |
Banaketa eremuaren azalera: | 3.837.882,95 m² |
Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera: | 3.804.709,17 m² |
Guztizko aprobetxamendu homogeneizatua: | 3.256.277,27 AU |
Eredu-aprobetxamendua: | 0,85585 AU/m² |
III.5. Aurreko UPSaren aldean sartu diren aldaketa adierazgarrienak.
Oraingo UPSak aldaketa batzuk sartzen ditu deuseztatutako UPSaren antolamenduaren eta zehaztapenen aldean. Honakoak dira aldaketa aipagarrienak:
a) Antolamendu aldaketak:
–Eremuaren mugatze berria, egungo katastroaren araberakoa (egungo esparrua: 4.114.829,44 m2; aurreko esparrua: 4.113.757 m²).
–Exekuzio unitateak (EU): birmugatze berria eta ordena aldaketa haien exekuzioan: EU3 bigarren tokian exekutatuko da eta EU2, berriz, hirugarrenean. Exekuzioko azpi-unitateen araberako banaketa, urbanizazioa faseka egin ahal izateko, beharrezkoa bada. Araudi berezian, aurreko aldaketetatik heldu diren doikuntzak sartzen dira: aprobetxamendua eta etxebizitza kopurua. Halaber, ezartzen da EU1-EU4 unitateek (bizitegi erabilerakoak) EU5en unitatearen (jarduera ekonomikoa) eskubideak jasoko dizutela, azken hori defizitarioa baita. Eraikitako metro koadroen eta AUen birbanaketa bizitegirako EUen artean. Horrekin bilatu nahi da bizitegirako exekuzio unitateetan gaindikinak egotea.
–Pieza bizigarrien kopurua 4,5etik 5era handitzen da.
–Gendulaini egotzitako urbanizazio kostuak doitzen dira, haiek gutxitze aldera. Funtsean, kanpoko azpiegituren kostuak gutxitzen dira: hornidura Tiebastik lotzen da eta eraztuna, berriz, Zizurtik ixten da; Iruñerriko eraztuna, beraz, ez da Tiebastik eta Egillortik itxiko. Landabendik lotzeko bidea ez da sartzen, eta Ezkirotz barna lotzeko bideari, berriz, norabide bakoitzean errei bat egozten zaio.
b) Dokumentu-aldaketak, funtsean legedi indardunari eta datu eguneratuei erreparatuta:
–Mugikortasunari buruzko azterlan berria.
–Iraunkortasun ekonomikoari buruzko azterlan berria.
–Homogeneizatze koefizienteak justifikatzeko azterlan berria.
–Urbanizazio-kostuen azterlan berria.
–Parte-hartzerako plana.
–Ingurumen-eraginari buruzko eta urak har dezakeenari buruzko azterlan berria.
–Etxebizitza-eskariaren kalkuluei buruzko eranskin berria.
–Jarraipen geoteknikoari buruzko eranskin berria.
–Ukitutako jabeen zerrenda.
III.6. Datu ekonomikoak.
Jarduketaren bideragarritasun ekonomikoa zehazte aldera, UPSak exekuzioak eragin ditzakeen estimazio eta ondorio ekonomikoei buruzko balorazio ekonomiko bat dakar. Aurreikusitako jarduketen kuantifikazio zehatza eta kalte-ordainen zehaztapena kasuko kudeaketa- eta exekuzio-tresnetan zehaztuko dira.
Barneko urbanizazioaren kostuak 171.763.230 eurokoak izanen direla jotzen da. UPSa exekutatzeko beharrezkoak diren kanpoko elementuen urbanizazio-kostuak, berriz, 66.789.000 eurokoak dira. Kostu horiei lanketa, tramitazio eta kudeaketaren ordainsariak gehitu zaizkie, eta guztira 243.323.275 euroko gastuak atera dira. Gastu horien jasanarazpena, UPSaren irabazizko aprobetxamenduari (3.265.547,77 AUren % 90) dagokionez, AU bakoitzeko 83,0271 eurokoa da.
III.7. Programazioa.
UPSaren araudiak honako epeak biltzen ditu, orientabide gisa:
“a) Urbanizaziorako aurreproiektuak: gehienez ere 18 hilabeteko epea, UPSa onesten denetik.
b) Birzatitze proiektuak: gehienez ere 24 hilabete.
c) Kanpoko eta barneko urbanizazio proiektuak eta urbanizazio obren exekuziokoak: urbanizazio osoa exekutatzeko 20 urteko gehieneko epea ezartzen da, birzatitze proiektua onesten denetik hasita.
20 urteko epeak urbanizazio-obra guztiak exekutatzekoak dira.
EU1: EU1.1 EU1.2 EU1.3 EU1.4 faseak. Orientabide gisako epea: 5 urte.
EU3: EU3.1 EU3.2 EU3.3 faseak. Orientabide gisako epea: 10 urte.
EU2: EU2.1 EU2.2 EU2.3 EU2.4 faseak. Orientabide gisako epea: 15 urte.
EU4: EU 4.1 EU 4.2 EU 4.3 EU 4.4 faseak. Orientabide gisako epea: 20 urte.
EU5: faseak zehaztu eginen dira. Orientabide gisako epea: 20 urte.”
IV.–Lurraldearen eta hirigintzaren arloko gogoetak.
IV.1. Udalez gaindiko eraginaren justifikazioa.
UPSaren memoriak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 43.1.b) artikuluak ezartzen duenez, plana udalez gaindiko deklaratzeko arrazoiak ematen dituen atal luze bat dakar, hori justifikatzeko eta lurralde antolamenduko tresna indardunen arabera egokia dela azaltzeko. Hain zuzen ere, hori guztia jarraian azalduko den bezala laburtzen ahal da.
Iruñerrian, udalez gaindiko plan sektorialen figura jada erabili izan da orain proposatzen denaren antzekoak diren antzeko beste bizitegi-jarduketa batzuetan, haien handitasuna, garrantzia edo inguruabar bereziak direla-eta ezartzen direneko udalerria edo udalerriak gainditzen dituztenean: Mendillorri (Iruña), Sarriguren (Eguesibar); Erripagaña (Iruña, Burlata, Uharte eta Eguesibar), Etxabakoitz - AHT (Iruña, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea) eta Donapea-Galar (Iruña eta Galar Zendea). Etxebizitzaren gizarte beharrizanari erantzuna emateko erabilgarria eta eragingarria dela ikusi da, hori lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren funtzio publikoaren funtsezko xedea den aldetik (LAHFLaren 2.2 artikulua). Zehazki, 2004. eta 2006. urteen artean Iruñerrian etxebizitza babestuen % 50 baino gehiago udalez gaindiko bide horretatik sustatu dira.
Aurrekoa alde batera utzita, UPSaren udalez gaindiko eragina justifikatzen da, besteak beste, honako inguruabarrak direla eta:
–Kudeaketa politiko-administratiboko inguruabarrak: Aurkeztu den UPSa ez da berez proiektu isolatua. Aitzitik, erabaki honen aurrekarien atalean jaso bezala, Nafarroako Gobernuak 2005. urtean abiarazi zituen erabaki politiko eta administratibo batzuen artean txertatzen da. Urte hartan, izan ere, bizitegirako lurzorua eskuratzeko lehiaketa publikoa abian jarri zen. Sasoi hartan jada Gendulain aldea, orduan eskuratu ziren lurzoru-poltsetatik handiena, Iruñeko Metropoliko eremuan etxebizitza babestuko eskaintza handia barnean hartzeko gune egoki gisa definitu zen. Horrenbestez, UPS honen tramitazioa lurzoru publikoa eskuratzeko 2005eko lehiaketan hasitako politikaren ondorioa da. Hain zuzen ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 230. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Foru Komunitatea bere lurzoru-ondarea eratu, mantendu eta kudeatzera behartzen dute, etxebizitza babestuak eraikitzeko helburuz.
–Lurralde arloko inguruabarrak: Planeamenduko esparruak udal mugape batean baino gehiagotan du eragina. Udalez gaindiko mugatze hori ez da funtsik gabea, espazio geografikoak berak baitakar, eta beharrezkoa da lurraldea egituratzen duten elementuak -jarduerarako beharrezkoak- kudeatzeko. Jardueraren xede den lurraldea hirigintza aldetik erabat logikoa da ez bakarrik Galarko eta Zizurko hiri-egitura kontuan hartuta, baizik eta Iruñeko metropoli eremuaren egitura ere kontuan hartuta. Bestalde, etxebizitzak egiteko aurreikusi den gaitasuna, UPSa ezartzen deneko udalen dinamika endogenoaz oso gainetik dago, eta horrek berak ere udalez gaindiko eragina justifikatzen du.
IV.2. Lurralde antolamenduko tresnen araberakoa izatea.
Nafarroako Lurralde Estrategiaren (NLE) zehaztapenak Lurralde Antolamenduko Planen (LAP) bitartez garatu dira, eta plan horiek definitzen dituzten Azpi-eskualdeko Lurralde Garapeneko ereduetan zehaztu dira. Hori dela eta, baiezta daiteke ezen LAPen aplikazioaren bitartez -tresna horiek azpi-eskualde eskalako lurralde-plangintzarako esparru bat eman diote Foru Komunitateari-, NLEa lurraldean zehazten dela.
Horri dagokionez, ulertu beharra dago UPSa Erdialdeko Lurraldea Antolatzeko Planarekiko (LAP3) duen koherentziaren justifikazioa NLEaren beraren koherentziaren justifikaziotik heldu dela.
–Azpi-eskualdeko Lurralde Garapeneko Ereduarekiko (LGE) koherentzia: LAP3n hartutako Lurralde Garapeneko Ereduaren eginkizuna da lurraldearen antolamendua eta garapena gidatzea. Hori dela eta, erreferentzia bat da hartan egiten diren jarduketa guztietarako. Horri dagokionez, ingurumeneko interesei eta interes sozial eta ekonomikoen aldagaiak uztartu eta haiei erantzun nahi die, lurraldearen kontzepzio integral eta orekatu batetik. Batetik, Iruñearen bizitasuna bermatu nahi du, ingurunearen garapen-espazioetan txertatutako gune gisa, eta, bestetik, argi baieztatzen du Nafarroako hiriburu gisa daukan eginkizuna. Eredu horri erreparatuta, koherentea da Metropoli Eremuan bizitegi-erabileren ezarpenaren plangintza egitea, bereziki etxebizitza babestuari dagokionez, bai eta produkzio- eta zuzkidura-erabilerak ere. Horixe da UPS honen helburua.
Konprobatu ahal da nola, LAP3ren ereduaren esparru-helburuen arabera, UPSak nolabaiteko autonomia duen garapen bat planteatzen duela, polizentrismoaren estrategia aplikatuz metropoli eremuaren eskalan; elementu egituratzaileen integrazioa kudeatzen du -Donejakue Bidea, A-12 autobia edo etorkizuneko bide-uhala (ekialdeko superra izeneko ingurabidea); antolamenduan gune naturalen jarraitutasuna txertatzen du -esate baterako, Gendulaingo mendilerro txikiaren gunea, ekialdean, edo esparrua zeharkatzen duten ubideak, ibai-korridorearen eginkizunari eutsita-; eta herritarren mugikortasun beharrei erantzuten die, garraiobide iraunkorren alde nabarmen eginez, lurraldearen ardatz- eta egitura-elementu gisa, eta Donejakue Bidea bultzatuz Iruñeko oinezkoen eta txirrindularien lotura berdearen ardatz gisa.
–Ondare Naturala eta Kulturala Antolatzeko Estrategia. Beren paisaia-balioengatik, balio natural, ingurumeneko, nekazaritzako, historiko, artistiko, zientifiko edo kulturalengatik LAP3k Lurralde Garapeneko Ereduan babes bereziko eremu gisa betetzen duten eginkizunarengatik identifikatutako elementuetatik, honakoak daude UPSaren esparruan: Errekaldea izaneko erreka, hegoaldean, eta Idiazabal erreka, esparrua erditik zeharkatzen duena. Zehazki, babes bereziko eremu gisa definitzen dira, beren ingurumen-balio handia dela eta, eta ubide eta ibaiertzen sistemaren atalak dira. Honakoak dira zaindu nahi diren balioak: uren kalitatea eta kopurua, ur- eta ibaiertz-ekosistemen ingurumen-balioa eta ubide eta ibaiertzen sistema horrek korridore ekologiko gisa betetzen duen eginkizuna. Balio handiko ingurumen-elementutzat jotzen dira (ura eraman nahiz ez eraman), bai ingurumen-arriskuko gunetzat eta eremu estrategikotzat ere, lehentasunezkoa den baliabide bat, ura, zaintzeari dagokionez.
Horri dagokionez, bi ibaibideak lurzoru urbanizagarri gisa sartu dira antolamenduan, betiere dauzkaten ingurumen-balioei eutsita eta haien bide naturala eta behar adina espazio errespetatuz, korridore ekologiko gisa duten eginkizuna bete dezaten.
Ibaibide horiekin lotuta, urak har ditzakeen zelaiak daude: uholdeak gerta daitezkeen eremuak dira, Nafarroako mapa geomorfologikoari erreparatuta. Ukipen hori, izan ere, UPSaren Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren tramitean aztertu beharrekoa da.
Ondare Kulturalari dagokionez, integratu eta indartu egiten da, Donejakue Bidearen oinezkoen eta txirrindularien ibilbidean, eta haren inguruan berdegune-ildo bat erreserbatzen da.
Gainera, abelbide bat ere badago (T-8 zeharbidea), esparrua hegoaldetik zeharkatzen duena. LAP3k proposatzen du hura intereseko kultur ibilbide izatea, eta haren jarraitutasuna UPSaren antolamenduan errespetatzen da, haren trazadura bide-bilbearen ezaugarriei egokituz.
Antolamenduak, LAP3k paisaia dela-eta dauzkan irizpideei jarraituz, hura identifikatzen duten elementu natural nagusiak jaso ditu. Zehazki, ahal den neurrian, orografia errespetatzen du, esparrua estutzen duten eta bizitegi-eremua eta jarduera ekonomikorako eremua bereizten dituzten bi mendixkak errespetatzen baititu. Gainera, bizitegi-eremuaren barneko beste bi mendixka errespetatzen ditu, eta berdegunetzat hartzen ditu, hain zuzen hiri-paisaiari izaera eta identitatea ematen diotenak.
–Hiri-sistema antolatzeko estrategia: proposamena Iruñeko Metropoli Eremuaren zati bat da, azpi-eskualde eskalako ardatz-espazioa baita, zeinaren hazkunde demografikoa lurzorua eskuragarri dagoen tokietan kontzentratu behar baita; besteak beste, Gendulainen. Gendulaingo eremuak 18.000 etxebizitza inguru hartzeko bizitegi-gaitasuna dauka. Esperientziak demostratu duenez plangintzaren araberako lurzoruaren eskaintzak eskaria baino handiagoa izan behar duela, UPSaren bizitegi-proposamenak ez du deuseztatzen Metropoli Eremuan bestelako garapenak egiteko aukera, eta, ildo horretatik, LAP3k berak hazkunde hori Metropoli Eremuko hiri garapenetan gehitzen du. Bizitegi-garapen honek, zeinak etxebizitza babestuen % 88 izanen baitu, erantzuna eman nahi dio LAP3k gai honetarako aldezten duen funtsezko helburuari: herritarrek etxebizitza errazago eskuratu ahal izatea.
Bestalde, UPSean proposatutako jarduera ekonomikoetarako arloak izaera teknologikoa eta berritzailea duten enpresak hartuko ditu, eragimenarekin eta energia garbi eta iraunkorrarekin lotutakoak. Proposamen hau koherentea da Moderna Planean identifikatutako jarduera-klusterren LAParen bidez aurrera eramandako estrategia espazialarekin, zehazki, talentuaren ekonomiari dagokionez.
–Komunikazioak, Garraioa eta Azpiegiturak lurraldean antolatzeko estrategia:
Garraio eta komunikazio sistemari dagokionez, UPSak ez ditu zalantzan jartzen LAP3n etorkizunerako proposatutako bideak: AP-15en (Iruña-Irurtzun tartea), A-12ren, AP-15en (Tutera-Iruña tartea) eta A-21en (egungo NA-234 errepidea jarraituz) arteko ingurabidea eta UPSaren ipar-ekialdeko bidea, zeinak PA-36 errepideari jarraipena ematen baitio AP-15eraino.
LAP3k, halaber, bere jarduketa-ildoen artean, proposatzen du “oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide osagarrien sare bat, Erdialdeko Lurraldean”. Zehazki, bere proiektu estrategikoen barruan ibilbide bat dago, Gendulaingo putzutik (Zalputzu), Noain eta Zolinan barna, Egueseraino doana eta Donejakue Bidea eta Irati trenbide zaharraren trazadura lotzen dituena. Ibilbide hori, UPSaren esparruan, bat dator T-8 zeharbidea abelbidearekin.
Uraren zikloari dagokionez, UPSak, LAP3rekin koherentzia gordez, azken horrek aipatzen baitu goi-hornidurarako sare bat behar dela hegoaldetik, sare bat jasotzen du Tiebastik Gendulaineraino doana eta Zizur Nagusian bilbe saretua ixten duena.
UPSak, oro har, LAP3k azpiegiturei dagokienez ezarritako irizpideak errespetatzen ditu.
Azkenik, UPSaren esparrua “Preursa”k sustatutako udalez gaindiko proiektu sektorialaren esparruari gainjartzen zaio. Haren bidez, eskualde-hilerri bat ezarri nahi zen Galarko udal barrutian.
Proiektu hori, zeina ez baitzen exekutatu, amaitu egin zen Nafarroako Gobernuaren 2010eko abenduaren 20ko Erabakiaren bitartez; izan ere, erabaki horren bidez, Galar eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen.
Erabaki hori deuseztatu denez, berriz ere erabaki behar da proiektu haren amaiera.
IV.3. Udalaren hirigintza planeamenduari buruzko erreferentzia.
UPSaren esparruan indarrean duten hirigintza-planeamenduei jarraituz lurzoru ez-urbanizagarri gisa dago sailkatua.
IV.4. Hirigintza-estandarrak.
1.000.000 m²-tik gorako espazio libre publikoen sarea definitzen da. Espazio horiek baterako erantzuna emanen diete LAHFLak sistema orokor izaerako espazio libre publikoetarako ezartzen dituen gutxieneko moduluei eta parke eta lorategietarako, kirol eta aisialdi eta josteta gune publikoetarako lurzoru-erreserbei. UPSak erreserba horri esleitzen dio UPSak garatu beharreko esparrurako beharrezkoak diren tokiko sistemen egituratzea, eta beraz, sistema horiek egokitzeko eta ezartzeko kostuak jarduketaren onura zuzenean jasotzen duten jabeei egotziko zaizkie.
Ekipamenduetarako eta komunitate-zuzkiduretarako ezartzen diren erreserbek, UPSean erabilera anitzeko komunitate-ekipamendurako agertzen direnek, guztira 312.512,14 m²-ko azalera hartzen dute. Azalera horretan sartzen dira osasun-ekipamendurako bi lur-zati, guztira 5.292 m² egiten dutenak, bai eta hezkuntza-ekipamendurako beste lur-zati batzuk, guztira 96.004,41 m² azalera egiten dutenak. Ekipamenduetarako lur-zati horiek guztiak bizitegi-eremuan daude, autobiaren bi aldeetan modu orekatuan banatuak.
Halaber, kirol-erabilerarako hiru lur-zati aurreikusi dira, 151.524,03 m² egiten dutenak: bata Gendulaingo mendilerro txikiaren oinetan dago, bestea ipar-ekialdeko muturrean, Donejakue Bidearen ondoan, eta hirugarrena ipar-ekialdean, esparrura A-12 autobiatik sartzeko bide nagusiaren ondoan. Ahaleginak egin dira kirol-eremu horiek hezkuntza-erabilerarako lur-zatien ondoan egon daitezen.
Erabilera publikoko espazioetan, aparkatzeko 16.526 plaza aurreikusi dira antolatutako esparru osoan, gehienak aurreikusitako bideen inguruan.
Ekipamenduetarako espazioen aurreikuspena osatzeko bost lur-zati erreserbatu dira udalez gaindiko ekipamendu gisa, Lurzoru Publikoaren Foru Bankurako; guztira 69.089,45 m² dira, guztira 69.089,45 m²ko eraikigarritasunarekin eta, orientabide gisa, 1.299 etxebizitza egiteko aurreikuspenarekin. Lurzoru horren xedea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera, etxebizitzak edo titulartasun publikoko beste bizitegi-erabilera batzuk eraikitzea da.
Aurreikusi diren lagapen guztiek LAHFLn ezarritako gutxieneko estandarrak betetzen dituzte.
IV.5. Dokumentazioa.
Aurkeztutako dokumentazioak argitasunez eta askitasunez islatzen ditu LAHFLn finkatutako lege-zehaztapenak.
Hala eta guztiz ere, UPSaren edukiari dagokionez, esan beharra dago aurkeztutako partaidetza plana osatu beharra dagoela partaidetza-prozesuaren ondorioak biltzen dituen txosten batekin.
V.–Txosten sektorialak
2014ko abuztuaren 8an, txostenak eskatu zaizkie honako erakunde hauei:
–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Sustapen Departamentua.
–Etxebizitza Zerbitzua. Sustapen Departamentua.
–Ondare Historikoaren Zerbitzua. Vianako Printzea Erakundea.
–Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua. Gizarte Politiketako Departamentua.
–Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua. Gizarte Politiketako Departamentua.
–Babes Zibileko Zuzendaritza. NLA.
–Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzua. Osasun Departamentua.
–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua. Nafarroako Osasunaren Institutua. Osasun Departamentua.
–Turismoa eta Merkataritza Antolatu e Sustatzeko Zerbitzua. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua.
–Iruñerriko Mankomunitatea.
–Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzua. Hezkuntza Departamentua.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
–Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritza.
–Garraioetako Estatu Idazkaritza. Hegazkintza Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.
Ondoren jaso ditugu une honetara arte jasotako txostenen ondorioak:
V.1. Etxebizitza Zerbitzua. Sustapen Departamentua.
2014ko abuztuaren 26an, Etxebizitza Zerbitzuaren txostena jaso dugu. Bertan, udalez gaindiko plan sektorialaren alde 2010eko azaroaren 17an emandako txostena berresten da.
V.2. Ondare Historikoaren Zerbitzua. Vianako Printzea Erakundea.
Arkeologia Atalaren 2014ko abuztuaren 26ko txostenak 2008koan jada informatu zena berresten da. Neurri zuzentzaile gisa ezartzen ditu Miravalles III arkeologia-aztarnategia desafektatzea eta eraikuntza-prozesuan jarraipen arkeologiko exhaustiboa egitea.
Arkitektura Ondarearen Atalaren 2014ko irailaren 8ko txostena honako ondorioekin amaitzen da:
“a.–Bidezkoa da Donejakue Bidearen babesak ukitutako lurzoruaren kalifikazioa aldatzea, UPSaren eremuaren barruan, landa-lurzorua izatetik urbanizagarri izatera pasa dadin. Horrek berarekin dakar landa-lurzorurako ezarritako babes-zerrendak kentzea.
b.–UPSaren eremuaren barruan dauden ertzetatik kontatuta dauden 30 metroko zerrendak berdeguneak izanen dira, eta saihestuko da haietan inongo eraikuntza-jarduera izatea; zerrenda horietan, lurperatutako azpiegiturak egin ahalko dira.
c.–Donejakue Bideko zerrendan bertan egiten diren urbanizazio-jarduketetarako departamentu honen baimena eskatzen jarraitu beharko da.”
V.3. Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua. Gizarte Politiketako Departamentua.
Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak 2014ko abuztuaren 11n informatu du Galarko eta Zizurko herrietan ez dela aurreikusten gizarte zerbitzuen azpiegituretarako esku-hartzerik, zeren eta herri horietako zerbitzu eskaintza dagokien eremuko zentroen bitartez eginen baita.
V.4. Turismoa eta Merkataritza Antolatu e Sustatzeko Zerbitzua. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren 2014ko abuztuaren 22ko txostenean jo da Nafarroako Merkataritzari buruzko 17/2001 Foru Legeko 18. artikuluan ezarritako gutxieneko merkataritza-zuzkidura betetzen dela.
Halaber, txostenak nabarmendu du merkataritza erakarri eta antolatzeko plan bat egin beharra dagoela, artikulu horretan arautu bezala.
Plan hori UPSa ebatzi baino lehen aurkeztu beharko da.
V.5. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
2014ko irailaren 9an, Konfederazioak proposamenari buruzko hirigintza-txostena eman du. Jabari publiko hidraulikoa babesteari eta ur-korronteen araubideari dagokienez, UPSean jasotako jarduketen alde egiten du. Hala eta guztiz ere, esaten du txosten horrek ez dakarrela berarekin jabari publiko hidraulikoan edo haren polizia-zonan (100 m-ko zabalera ubidearen alde bakoitzean) kokatutako jarduketetarako baimena ematea, eta, horrenbestez, etorkizunean arro-erakunde horri berriz ere eskatu beharko zaiola urbanizazio-proiektuari edo esparrua abian jartzeko obrak jasotzen dituen kasuko figurari buruzko txostena edo/eta baimena.
Halaber, Konfederazioak informatzen du ezen Elzuet errekari dagokion katastroko lur-zatiak okupatutako terrenoak urbanizatu ahal izateko, hura desbideratu egin beharko dela, halako moduz non terreno horiek desafektatu ahalko diren jabari publiko hidraulikoari atxikitako ondasun gisa. Halaber dio jarduketa hori urbanizazio-proiektuan zehaztu beharko dela.
Eskari hidriko berriei dagokienez, UPSean jasotako jarduketen alde informatzen du.
Azkenik, saneamendu-sareari dagokionez, jakinarazten da honakoa kontuan hartuko dela isurketak direla eta:
“–Komenigarria izanen litzateke hondakin-urak eta euri-urak bereizten dituen sare bat egotea.
–Hondakin-urak ahal dela udaleko saneamendu-sarera bideratuko dira, batera trata daitezen herriko hondakin-uretarako araztegian.
–Garatu beharreko jardueraren ondorioz jabari publiko hidraulikora (ubide naturala, lurreko infiltrazioa, erretena eta abar) isuriren bat egiten bada, JBHEa aldatzen duen maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuko 245. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, jarduera hasi baino lehen isurketa egiteko baimena eskatu beharko zaio, jarduera hasi ahal izateko behar den denborarekin, konfederazio honen Isurketen Kontrolerako Arloari. Sortutako hondakin-urak berrerabili nahi badira, abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Haren arabera, jarduera hasi ahal izateko behar den denborarekin, behar den baimen edo emakida eskatu beharko da Konfederazioko Ur Komisarian.”
VI.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2014ko irailaren 12an, informatu du ezen, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, nahikoa dela ingurumen eraginaren azterlana, eta onartu egin daitekeela, zeren eta, osotara, araudian aurreikusitako edukiari erantzuten baitio. Hori dela eta, jendaurrean jar daiteke UPSarekin batera, 30 eguneko epe batez.
Horren indarrez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2014ko irailaren 15ean emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen eta aplikatzekoak diren gainerako arauen arabera, Sustapen kontseilariak proposatuta, honakoa
ERABAKI DA:
1. Galar eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, bizitegi eremu bat garatzeko plana, NASUVINSA sozietate publikoak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea.
2. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du erabaki honen azalpen-zatian adierazitakoari jarraituz.
3. Halaber, sustatzaileak espedientearen izapidetzean egiten diren txostenetan ezarritakoari begiratu beharko die. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokionez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintza lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.
4. Udalez gaindiko plan sektorialarekin, hogeita hamar egunez, honako izapideak eginen dira, aldi berean: jendaurrean jartzea eta Galarko eta Zizurko zendeetako udalei entzunaldia ematea.
Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura, Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Iruñeko Alhondiga kalea, 1, 1. solairua –31002–), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Halaber, dokumentua Sustapen Departamentuaren webguneko “Jendaurrean jartzea eta parte-hartze publikoa” atalean kontsultatu ahalko da: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Vivienda+y+Ordenacion+del+Territorio/Acciones/.
5. Halaber, espedientea, epe berean, jendaurrean jarriko da, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren eraginetarako, legez indarrean dauden zehaztapenei jarraituz.
Horretarako, ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7 -31005, Iruña).
6. Deklaratzen da amaitu egin dela Galarko Zendeako eskualde-hilerriari buruzko udalez gaindiko plan sektoriala, zeina Gobernuaren 1996ko otsailaren 12ko erabakiaz onetsi baitzen, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 46.2 a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.
7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8. Erabaki hau jakinaraziko zaie Gizarte Politiketako Departamentuko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari; Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari; Babes Zibileko Zuzendaritzari; Etxebizitza Zerbitzuari; Ondare Historikoaren Zerbitzuari; Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari; Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntzaz eta Prestakuntza Zerbitzuari; Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari; Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari; Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuari, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari. Halaber, behar den ondorioetarako jakinaraztea Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzari; Hegazkintza Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Iruñerriko Mankomunitateari; Galarko eta Zizurko zendeetako udalei, eta sustatzaileari.
Iruñean, bi mila eta hamalauko irailaren hamazazpian.–Nafarroako Gobernuko Kontseilari Idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1413058
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
