1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
74/2014 FORU AGINDUA, abuztuaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ekainaren 30eko 114/2009 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez, prozedura ezarri zen Nafarroako Gobernuak baimena eman dezan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezartzeko.
Unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak prozedurak arautzen ditu unibertsitate irakaskuntzen ezarpena baimentzeko, titulazioak egiaztatzeko eta titulazio horien hasierako egiaztapena berritzeko.
Nafarroako Foru Komunitatean, 114/2009 Foru Aginduak prozedura arautzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan unibertsitate irakaskuntzen ezarpena baimentzeko.
1393/2007 Errege Dekretuan sartutako aldaketak direla-eta, beharrezkoa da foru agindu hori egokitzea ondokoa erantsiz: Nafarroako Unibertsitate Publikoak jarraitu beharreko prozedura titulazioak ezarri ondoren haien egiaztapena berritzeko, titulazio horiek bete beharreko baldintzak prozedura hasi ahal izateko, eta hasierako egiaztapena berritzeko eskaeraren epeak.
Ikusirik Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren txostena eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Ekainaren 30eko 114/2009 Foru Agindua aldatzea, prozedura ezarri zuena Nafarroako Gobernuak baimena eman dezan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezartzeko, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean.
Bat. Zioen azalpeneko 3. lerroaldea aldatzen da. Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
“Hartara, foru agindu honek prozedurak ezarriko ditu Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren ondoriozko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta haien egiaztapena berritzeko.”
Bi. 1.1 artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
“Foru agindu honek helburu du prozedura garatzea Nafarroako Gobernuak baimena eman dezan unibertsitate irakaskuntza ofizial berriak ezartzeko eta prozedura eta epeak arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate titulu ofizialen egiaztapena berritzeko.”
Hiru. 2. artikuluko titulua aldatzen da. Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
“Titulazio berrien ezarpena baimentzeko prozedura.”
Lau. 3. artikulua aldatzen da. Hona testu berria: “3. artikulua. Titulazioen egiaztapena berritzeko prozedura.
1. Egiaztapena berritzeko epeek urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 27. bis artikuluan ezarritakoari jarraituko diote.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtean bi epe izanen ditu, bakoitza hamar egun baliodunekoa, titulazioen egiaztapena berritzea eskatzeko: lehenbizikoa iraileko lehen egun baliodunean hasiko da, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean egiaztapena berritzea eskatzen duten titulazioetarako; bigarrena, berriz, abenduko lehen egun baliodunean hasiko da, hurrengo urteko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiaztapena berritzea eskatzen duten titulazioetarako.
3. Eskaera aurkeztu baino lehenago, unibertsitateak autoebaluazioaren txostenak bukaturik izanen ditu, eta Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalarekin (KEEAN) erabakirik izanen du ebaluatzaileen bisiten egutegia. Lehenbiziko epean aurkezten diren titulazioetarako, autoebaluazioaren txostenak osaturik egonen dira uztaileko azken egun balioduna baino lehen, eta, iraileko azken egun balioduna baino lehen, berriz, bigarren epean eskatzen diren titulazioetarako.
4. Eskaerarekin batera, unibertsitateak ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Unibertsitate tituluaren autoebaluazioaren txostena.
b) Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko (KEEAN) ebaluatzaileek egindako bisitaren ziurtagiria.
c) Tituluaren azken memoria egiaztatua, jatorrizko memorian egindako aldaketa guztiak biltzen dituena.
d) Kanpoko segimenduaren txostenak, ebaluazioaren agentziak emanak, halakorik balego.
5. Egiaztapena berritzeko prozedura hasteko bete behar diren aldez aurreko baldintzak.
Egiaztapena berritzeko prozedura hasi beharrez, ezinbestekoa izanen da ikasle sartu berrien gutxieneko kopuru bat justifikatzea titulazioa ezartzen den ikasturtetik (edo berritu den azkenetik) egiaztapena berritzeko eskaera egiten den ikasturtera bitarteko epean.
a) Graduko irakaskuntzak. Batez beste berrogei ikaslek matrikulatu beharko dute titulazioan lehenbiziko aldiz epe horretako kurtso bakoitzean.
b) Graduko ikasketa ofizialen programa bateratuak (gutxienez ehun eta hogei kreditu partekatzen dituztenak nahitaezko irakasgaietarako edo oinarrizko prestakuntzarako). Kontuan hartu beharreko ikasleen gutxieneko kopurua kalkulatuko da programako titulazio bakoitzean lehenbiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleak batuta, eta, hala ere, titulu bakoitzak, bere aldetik, ezin izanen du hogei ikasle baino gutxiago eduki.
c) Unibertsitate masterren irakaskuntzak. Batez beste, beharrezkoa izanen da hogei ikasleren matrikula, edo egun osoko hamar ikasleren matrikula, epe horretan.
d) Doktoretzako irakaskuntza ofizialak. Gutxienez lau izanen dira irakurtzen diren tesiak, eta programak gutxienez hamar doktoregai eduki beharko ditu epe horretan. Baldintza horiek ez zaizkie eskatuko Hezkuntzako Ministerioaren doktoretza bikainaren zigilua duten programei, Doktoretzako irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.
6. Salbuespenez, aurreko baldintzak bete gabe ere has daiteke titulazioen egiaztapena berritzeko prozedura interes sozialeko edo akademikoko arrazoiak tartean daudenean, betiere unibertsitateak behar bezala frogaturik.
7. Ebaluazioaren eskaera.
Baldintzak betetzen direla egiaztatuta, Nafarroako Gobernuan unibertsitatearen arloan eskumenak dituen organoak txostenaren eskaera igorriko dio Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalari (KEEAN), titulazio bakoitzaren ikasketa plana kasuan kasuko memoria egiaztatuarekin bat betetzen ari dela egiaztatzeko. Une horretatik aurrera, 1393/2007 Errege Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
8. Baimena errebokatzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatzen ez badu aurreikusitako epearen barnean unibertsitate titulu ofizial baten egiaztapena berritzeko, edo tituluak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gobernuak titulu ofizialaren baimena errebokatuko du. Errebokatze hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta horren berri emanen zaio unibertsitateen arloak eskumenak dituen ministerioari, titulua kendu dezan Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistrotik. Kasu guztietan neurri egokiak hartu beharko dituzte, ikasketa horiek egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko.
Xedapen iragankor bakarra.–Egiaztapenak 2015ean berritzeko egutegia.
Ondoko egutegi hau ezartzen da egiaztapenak 2015ean berritzea eskatzen duten titulazioetarako:
Lehenbiziko deialdia, maiatzaren 31 baino lehen egiaztapena berritzea eskatzen duten titulazioetarako: eskaerak 2014ko azaroaren 3tik 14ra bitartean aurkeztuko dira. Autoebaluazioaren txostenak 2014ko uztailaren 21a baino lehenago aurkeztu behar zaizkio Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalari.
Bigarren deialdia, ekainaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiaztapena berritzea eskatzen duten titulazioetarako: eskaerak 2015eko otsailaren 2tik 13ra bitartean aurkeztuko dira. Autoebaluazioaren txostenak 2014ko irailaren 22a baino lehenago aurkeztu behar zaizkio Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalari.
Eskaera aurkeztu aurretik, unibertsitateak Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalarekin hitzartua izanen du ebaluatzaileen bisiten egutegia.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko abuztuaren 26an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.
Iragarkiaren kodea: F1411779