19. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa Arautzeko Ordenantzaren.
Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2013ko ekainaren 27an egindako saioan, hasiera batean onetsi zuen Iruñerriko Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa Arautzeko Ordenantzako artikulu hauek aldatzea: 3, 5, 6.f), 7, 8, 11, 12, 13.d), e) eta h), 14, 15, 16, 18, 21, 22 eta 30.

Onesteko erabaki hori 2013ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 11n, eta, jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak erabakita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta –maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua–, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 21a.–Lehendakaria, José Muñoz Arias.

HIRI GARRAIOKO ZERBITZU PUBLIKOA IRUÑERRIAN ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak eta aplikazio eremua

1. artikulua. Mankomunitateak zeharka emanen du hiri garraio kolektiboko zerbitzu publikoa, eta Iruñerriko Hiri Garraioaren Planean bildutako printzipioekin bat.

2. artikulua. Ordenantza hau orokorki aplikatuko da Mankomunitateak eskumena duen lurraldean ematen dituen hiri garraioko zerbitzuetan.

II. TITULUA

Zerbitzua antolatzea

3. artikulua. Garraio zerbitzuak egokituko ditu bere ibilbide, maiztasun eta geldialdiak, ordaintzeko sistemak eta hornidurak –giza baliabideetan zein materialetan–, teknika, ekonomia edo gizarte irizpideekin bat, zentzu horretan Mankomunitateak hartutako irizpideekin bat.

Mankomunitateak egindako aldaketak, behin-behinekoak izan, eta horregatik, ibilbide alternatibo batekin, edo iraupen mugagabekoak izan, aldez aurretik eta behar den garaian iragarri beharko dira, bai gizarte komunikabideen bitartez, bai behar diren geralekuetan.

4. artikulua. Zerbitzua etengabe emanen da; salbuespena izan daitezke ezinbesteak bultzatutako kasu zehatzak, baina halakoetan Mankomunitateak ahalik eta lasterrena iragarri beharko du gertaera hori.

5. artikulua. Geralekuak terminalak, aukerakoak edo erregulaziokoak izan daitezke.

1.–Lineako terminalak edo zerbitzua hasten den tokikoak deitutakoak beharrezkoak izanen dira eta ordutegiak erregulatzeko balioko dute. Autobusak geldirik egon beharko du geraleku horietan behar den denboran ordutegiak erregulatzeko.

2.–Aukerakoak deitzen direnetan, ibilgailua geralekuan geldituko da soilik pertsonak zain badaude, edo erabiltzaileek ibilgailuaren barnean dagoen txirrina joaz hala eskatzen badute.

3.–Erregulaziokoak aukerako geralekuak dira, igarotze teorikoko ordutegia betetzeko erdiko kontrol gune bat izendatu zaienak. Autobusak abiada egokitu beharko du geraleku hauetatik igarotzeko ordutegia ezarritako balio teorikoa izateko, aintzat hartuta, gainera, zerbitzuaren puntualtasun baldintzetan aurreikusita dauden desbideratze tarteak. Gertatzen bada igarotzeko ordutegia balio hori baino lehenagokoa izatea, ibilgailua gelditu egingo da geraleku hauetan, nahiz eta ez egon inor zain horietan edo erabiltzaileek ez duten eskatu gelditzeko autobusean dagoen txirrinaren bidez, zerbitzua maiztasunaren bidez zehazten den lineen kasuan izan ezik.

4.–Nolanahi ere, gidariek maniobrak egin beharko dituzte geralekuetara gerturatzeko eta, hartara, espaloitik ahalik eta hurbilena kokatzeko.

III. TITULUA

Sarbidea

6. artikulua.

1.–Garraioan erabiltzekoak diren ibilgailuetara sartzea publikoa da eta betebehar bakarra da aurretik tarifa ordaintzea. Salbuespena dira 5 urtetik beherako haurrak, behar bezala lagunduta badaude. Ulertzen da behar bezala lagunduta daudela, gutxienez, pertsona heldu bat badago 4 haurreko.

2.–Taldeen kasuan (eskoletakoak, elkarteak ..), abisua eman beharko zaio enpresa kontzesiodunari gutxienez 24 ordu lehenago, dagokion linea indartzeko aukera kontuan hartzeko. 16 urtetik beherako pertsonen taldeen kasuan, kopurua ez da inolaz ere ibilgailuaren plaza kopuruaren erdia edo handiagoa izango. 5 urtetik beherakoen kasuan, gainera, aurreko atalean ezarritakoa aplikatu beharko da.

3.–Ezin izanen da ibilgailuan sartu ondoren aipatutakoren bat gertatuz gero:

a) Ibilgailua osorik badago; kasu horretan aurreko atea ez da irekiko.

b) Ibilgailua geralekuan badago erabiltzaileak jasotzen, eta bidaiari gehiago ez bada sartzen. Halakoetan gidariak zehaztuko du zein den ibilgailuan sartzen den azken pertsona.

c) Gidariak sarbideko atea itxi badu eta geralekutik atera eta zirkulazioan sartzeko maniobra hasia badu.

d) Beren tamaina, mota, forma edo beste ezaugarriren batengatik ibilgailua zikindu, bidaiariei traba egin edo lekua kendu gabe ezin eraman daitezkeen fardel edo gauzak eramaten badira. Halakotzat ez dira behin ere joko erabiltzaileek eraman ditzaketen haurren aulkitxoak edo erosketarako orgatxoak.

Fardelen edo beste gauzen gehieneko tamaina ez da izango neurri hauek baino handiagoa: 100 x 60 x 25. Eta muga izango da pertsona bakoitzeko fardel batekoa.

e) Animalia batekin batera joanez gero. Salbuespena da itsuek gidari gisa erabilitako txakurrak eta laguntza txakurrak, egoki identifikatuta daudenak, eta 5. atalean araututa dagoena.

f) Leher daitezkeen edo arriskutsuak diren substantziak eramatea.

4.–Soil-soilik onartuko da bizikletak eramatea, tolestuta badaude eta sendotasun egokiko zorroetan sartuta babestuta badaude, beste bidaiari batzuei kalterik ez egiteko eta ez eragozteko. Hala ere, ez dute lehentasunik izango gurpildun aulkien eta haurren aulkitxoen aurrean. Zorroaren barnean dagoen bizikleta tolestuaren tamainak ezin izango ditu gainditu aurreko atalean aipatu diren neurriak.

5.–3.e atalean ezarri dena alde batera utzirik, etxeko animalia txikiak garraiatu ahal izango dira helburu horretarako egoki prestatutako ontzi edo kutxetan eramaten badira eta, hartara, ez badute zikintzen eta ez badiete eragozten gainerako erabiltzaileei. Garraioa lagungarriko animalia txikietara mugatuko da, hala nola txakur, katu eta antzekoetara, baldin eta haien pisua ez bada 8 kilogramotik gorakoa. Bidaiari bakoitzeko animalia bakarra onartuko da eta beti kaiola batean edo garraiorako elementu edo beste edukiontzi itxi mota batean joan beharko du. Garraiorako elementu horren neurriak, gehienez ere, hauek izango dira: 55 x 36 x 35 zentimetro.

7. artikulua.

1.–Ibilgailua dagokion geralekuan gelditzen denean, erabiltzaileak aurreko atetik sartuko dira, 8. artikuluan dauden salbuespenak alde batera utzirik, ahalik eta lasterrena, zerbitzuaren maiztasunari kalte ez egiteko moduan eta geralekura iristearen arabera ezarritako hurrenkeran.

2.–Zenbait lineak komunean dituzten geralekuetan, bi autobus edo gehiago batera elkartzen badira, ulertuko da bigarren autobusa bidaiariei sartzen eta ateratzen uzteko moduko kokalekuan dagoela, arauzko kokalekuan. Hirugarren edo laugarren tokian dauden autobusek, ordea, ez dute aterik irekiko lehen kokalekura iritsi arte, geralekuaren seinalea dagoen parera, edo bigarren kokalekura iritsi arte, han badago aurretik zuen autobusetako bat.

8. artikulua.

1.–Gurpildun aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk eta haurren aulkitxoak haietarako egokitutako tokian jarriko dira eta lotuta eramateko aurreikusita dauden elementuak erabili beharko dituzte.

2.–Gurpil-aulki batean edo mugitzeko beste gailuren batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonak bigarren atetik sartuko dira autobusean, eta aurretik abisua eman beharko diote gidariari kanpoan, atearen ondoan, dagoen txirrinaren bidez. Horretarako erabiliko dute autobusetan dagoen arrapala, gidariak aktibatuko duena. Autobusean sartu ahal izango den gurpildun aulkien edo mugitzeko beste gailuen kopurua horretarako egokituta dagoen plaza kopuruaren berdina izango da. Edozein bidaiarik ordaindu ahal izango du bidaia.

3.–Autobusean gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean sartzen diren pertsonek ezinbestean lotu beharko dute bere burua, helburu horretarako gordeta dagoen tokian dauden segurtasun uhalak baliatuta. Gurpildun aulkietarako eta mugitzeko beste gailu batzuetarako indarrean dagoen legerian araututa dauden segurtasun sistemak eduki beharko dituzte autobusek. 1.200 mm x 700 mm x 1.090 mm neurriak gainditzen dituen edo, erabiltzailea barne hartuta, 300 kilogramoko pisua gainditzen duen gurpildun aulkirik edo mugitzeko beste gailurik ezin izango da sartu autobusean edo indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen ezaugarriak gainditzen dituztenak, bereiz daitezkeen moduluak eta erreserbatutako tokietan kokatzeko desmunta daitezkeenak badira izan ezik.

4.–Arrapala ez badabil, taxi bati deituko zaio erabiltzailearen bila joateko, hurrengo autobusak taxiak baino denbora gutxiago behar badu erabiltzailearengana iristeko izan ezik. Erabiltzailea taxiz joaten bada, jaistea aurreikusita zuen geralekua izango da taxiaren helmuga. Dena den, beste helmuga bat adierazten badio, bi helmugen arteko alde ekonomikoa erabiltzaileak ordaindu beharko du.

5.–Haurren aulkitxoak, posible den guztietan, aurreko atetik sartuko dira autobusean. Autobusaren egitura dela eta ezin bada horrela egin, bigarren atetik eginen dute, gidariari aurretik jakinarazita.

Dena den, aulkitxoak kokatu behar dira autobusean pertsonak ibiltzeko diren tokietan oztopo egin gabe.

Gomendatzen da haurren aulkitxoak tolestuta eta lotuta eramatea.

6.–Autobusean sartu ahal izango den tolestu gabeko haurren aulkitxo kopurua “gurpildun aulkietarako” gordetako tokian sartzen dena izango da.

7.–Aulkitxoan dagoen haurrarekin doan pertsona heldua da haur horren segurtasun baldintzak betetzeko arduradun bakarra eta haurrak izan ditzakeen kalteen edo aulkitxoak eragin ditzakeen kalteen arduradun bakarra. Pertsona heldu horren erantzukizunpean, haurren aulkitxoekin doazen pertsona laguntzaileek aukeratu ahal izango dute aulkitxoak tolestu gabe eramatea autobusetan, baldin eta daraman pertsona helduak:

a) Aulkitxoa jartzen badu ibilgailuaren erdiko plataforman, gurpildun aulkietarako gordetako tokian, martxaren kontrako norabidean. Horrenbestez, adingabea bizkarrez joango da, autobusaren norabidea kontuan hartuta.

b) Adingabea behar bezala lotzen badu aulkitxoan.

c) Aulkitxoaren balazta galgatzen badu.

8.–Ibilgailu guztiek eraman beharko dute gurpildun aulkietarako gordetako tokietan, ikusteko moduko leku batean, gurpildun aulkiak eta haurren aulkitxoak autobusetan garraiatzeko araudia.

9.–Eserlekuak eta tokiak gordetzea. Mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasunez erabiltzeko, gutxienez, bi toki gordeko dira gurpildun aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk jartzeko eta lau eserleku autobus guztietan.

Gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izango dute helburu horretarako egokituta dauden lekuak hartzeko.

Mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuak autobusean sartzeko ateetatik hurbil egongo dira, seinale egokiak izango dituzte, eta txirrinak, gelditzeko seinaleak eta alarmak izango dituzte eskura. Beste pertsona batzuk eserita badaude gordetako eserleku horietan, gidariak eskatuko die libre uzteko. Hartara, beste bidaiari batzuk bakarrik eseri ahal izango dira eserleku horietan libre badaude.

10.–Autobusean sartzen bada gurpildun aulki bat edo mugitzeko beste gailu bat eta horretarako gordeta dauden tokiak hartuta badaude eta tokietako batean haurren aulkitxo bat badago, haurren aulkitxoa daraman pertsona behartuta dago tolestera eta tokia uztera gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari. Haurren aulkitxoak bi badira, autobusean azkena sartu den haurren aulkitxoaren laguntzailea egongo da behartuta tolestera eta tokia uztera gurpildun aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari.

9. artikulua. Dagokion tarifa gidariaren aurrean ordainduko da eta honako bide hauek erabiliz:

1.–Eskudirutan; kasu horretan ez da onartuko gidariari 20 euro baino gehiago ematea.

2.–VIII. tituluan zehazten den garraio txartela erabiliz, edo, bestela, helburu horrexekin egina dagoen beste edozein, ordaintzeko prestatuta dagoen makinan egindako balidazioaren bitartez.

10. artikulua. Ibilgailuan onartuta izan ondoren, erabiltzaileak atzeko atearen aldera joan beharko du ahal den tokiraino; modu horretan ahalik eta jende kopuru handiena sartzea erraztuko da.

IV. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Herritar guztiek, eta, halaber, zerbitzuaren erabiltzaileek, eskubidea dute zerbitzua ondoren aipatzen diren ezaugarri guzti-guztiekin eman dadin:

1.–Ibilgailuek egoera onean egon beharko dute, bai teknika arloan, bai garbitasun arloan, eta honako betekizun hauek bete beharko dituzte espresuki:

a) Kanpoko seinale bat izatea, zer Lineatakoa den adierazita.

b) Izatea barnean, eta ongi ikusteko moduan, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak. Modu berean, iragarri behar dira erreklamazio orriak badaudela eta Mankomunitateak daukan herritarrari aditzeko zerbitzuaren telefonoa.

c) Gutxienez, lau eserleku izatea mugikortasun murriztuko pertsonentzat, komunitateko araudian ezarrita dagoenaren arabera. Eserleku horiek behar bezala seinaleztatuta egon behar dute.

d) Edukitzea, ibilgailuaren barnean, zerbitzua behar bezala eskaintzeko Iruñerriko Mankomunitateak beharrezkoa jotzen duen informazio guztia.

2.–Geralekuetako markesinak garbi eta txukun mantendu behar dira, erabiltzaileak behar bezala erabili ahal izan ditzan.

3.–Geralekuek, markesina eduki edo ez, behar bezala seinaleztatuta egon behar dute eta legeak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte. Modu berean, haietako bakoitzean bere ibilbideari dagokion Linearen informazioaz gain, beharrezkotzat jotzen den informazio orokorra agertuko da, indarrean dagoen araudiarekin bat.

4.–Erabiltzaileek eserita bidaiatu ahal izanen dute eserleku librerik dagoen guztietan, baina ezin izanen dute eskubide hori exijitu eserleku guztiak hartuta badaude.

5.–Bai zerbitzuaren ikuskariek, bai ibilgailuaren gidariek, erabiltzaileek zerbitzuari buruz eskatutako informazioa eman beharko dute, betiere, erabiltzaileekiko behar den begirunea eta errespetua zainduta.

6.–Aire egokitua ez duten ibilgailuek eta hori piztuta ez daukaten horiek leihoak ireki ahal izanen dituzte erabiltzaileek hala eskatzen badute; nolanahi ere, gidariari dagokio azken erabakia, erabiltzaileen artean iritzi ezberdinak egonez gero.

7.–Barneko megafonia sistema duten ibilgailuek erabiltzaileei oharrak esateko besterik ez dute erabiliko. Gidariak irrati-aparatu bat erabili ahal izanen du, bolumen baxuan eta, betiere, erabiltzaileei eragozpenik eragin gabe.

8.–Ezinbesteak bultzatutako arrazoiengatik gidariak ibilgailutik jaitsi behar badu barnean bidaiariak egonda, honako hauek egin beharko ditu: motorra itzali, pizteko giltza kendu, bildutako dirua gorde eta, segurtasun neurri bezala, atzeko atea ireki.

12. artikulua. Mankomunitateak herritarren arretarako bulego bat du, herritarrek, hainbat bidetatik, erreklamazioak, eskaerak eta abisuak aurkeztu ahal izateko.

13. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte ondoren garatzen diren betebeharrak:

1.–Geralekuan erdiko edo atzeko ateetatik atera beharko da ibilgailutik, eta erabiltzaileak azkar egin beharko du. Salbuespenez, eta ezinbesteak bultzatuta, gidariak geralekuetatik kanpo ibilgailutik ateratzeko baimena eman lezake.

2.–Erabiltzaileek, ibilgailuaren barnean, gizabidez eta erantzukizunez jokatu behar dute, eta ez diete eragozpenik eragin behar gainerako erabiltzaileei edo gidariari.

3.–Erabiltzaileek bete beharko dituzte, kasu guztietan, zerbitzuari buruz eta ordenantza honetan ezarritakoarekin bat gidariak ahoz emandako jarraibideak, eta ez dute horrekin eztabaidarik izan behar, ezta, inolaz ere, gidatzea etenarazi ere.

4.–Erabiltzaileak behartuta daude bidaiaren titulu balioduna gordetzera, hondatu gabe eta kontrolatzeko moduko baldintzetan, ibilgailuan dauden bitartean. Erabiltzaileek garraio-ikuskaritzaren eta/edo enpresa kontzesioduneko langileen aurrean ziurtatu beharko dute bidaia ordaindu dutela, bai bidaia-txartelaren bidez eskudirutan ordaindu bada, bai baliozkoa den garraio txartel baten bidez, horren bitartez ordaindu bada.

Pertsona batek baino gehiagok erabiltzen badu garraio txartel bat, autobusetik jaisten den azken pertsonak eduki beharko du bere esku txartel erabilia. Txartel horiek, pertsonalizatuta daudenak izan ezik, daramatzanaren titulua dute, eta, hortaz, era berean erabil ditzake edozein pertsonak.

5.–Mugikortasun murriztuko erabiltzaileentzat gordetako eserlekuak hartu dituztenek, orokorrak izan edo ahalmen urrikoentzat gordetakoak izan, ibilgailuan sartzen diren mugikortasun murriztuko pertsonei utzi beharko dizkiete –11.1.c atalean zehazten dira horiek–.

6.–Sarbidea galarazten zaion pertsonak berehalakoan atera beharko du ibilgailutik; autobusa ibiltzen ari bada, hurrengo geralekuan jaitsi beharko du.

7.–Ibilgailuan sartzean bizkar-zorroak eramaten dituztenek, bizkarretik kendu eta eskuan eraman beharko dituzte.

8.–Erabiltzaileek heldulekuei edo barrei ongi eutsita bidaiatu beharko dute bidaiarien segurtasuna bermatzeko.

14. artikulua. Guztiz debekatuta egonen da ondorengo hauek egitea:

1.–Ibilgailuaren barnean erretzea.

2.–Burua edo atalen bat leihoetatik ateratzea.

3.–Gidariarekin hitz egitea, baldin eta zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko ez bada.

4.–Traba egiten duen edo behar ez den zaratarik ateratzea.

5.–Eserlekuak gordetzea beste pertsona batzuentzat.

6.–Ibilgailuaren barnean jatea edo edatea.

7.–Paperak edo beste zerbait botatzea ibilgailuaren barnean.

8.–Eskaletasuna egitea ibilgailuen barnean.

9.–Ibilgailuen barnean paskinak, eskuorriak edo beste edozein publizitate mota banatzea, helburu sozialei dagozkienak edo garraio zerbitzuarekin lotutakoak izan ezik, aurretik eta espresuki Mankomunitateak baimendu dituenak.

V. TITULUA

Erreklamazioak

15. artikulua. Erabiltzaileek zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko erreklamazioak jarri ahal izanen dituzte Mankomunitatearen egoitzan, dela bulegoetan, dela egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.mcp.es/) edo ibilgailuetan zuzenean, dagozkien erreklamazio orrien bitartez, eta zerbitzua ematea eten gabe.

Zerbitzuaren ohiko kudeaketari buruzko erreklamazioak, baita ordaintzeko moduari buruzkoak ere, kontzesiodunak eta kargatzeko sarearen titularrak erabakiko dituzte, hurrenez hurren. Mankomunitatearen ardura dira soilik zerbitzuaren titularra izateagatik dituen eskumenei buruzkoak, eta horiek administrazio prozeduraren araudiak ezarritakoarekin bat izapidetu beharko dira.

Enpresak berehalakoan jakinarazi beharko dio Mankomunitateari jarritako edozein erreklamazio, horrek haren aurka balizko zigor prozedura abia dezan araudi honetan ezarritakoa ez betetzeagatik.

16. artikulua. Enpresa kontzesiodunak edo kargatzeko sarearen titularrak aurkeztutako erreklamazio guztiei erantzun beharko die, modu justifikatuan eta arrazoizkoan, 15 egun balioduneko epearen barnean.

VI. TITULUA

Zerbitzuaren funtzionamenduak eragindako kalteak

17. artikulua. Erabiltzaileek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute zerbitzuaren funtzionamenduaren ondorioz ondareetan edo eskubideetan jasandako lesio guztiengatik, legean eta hurrengo araudietan zehaztutakoarekin bat.

18. artikulua. Garraioaren, markesinen eta seinalatzeko zutoinen enpresa kontzesiodunari edo kargatzeko sarearen titularrari dagokio zerbitzuaren funtzionamenduak eragindako kalteak erabiltzaileei ordaintzea. Salbuespena da Mankomunitatearen berehalako agindu zuzen baten ondoriozkoak izatea.

19. artikulua. Erabiltzaileek eramaten dituzten ondareak bidaiariak berak bere zaintzapean eramaten dituela ulertuko da, eta, beraz, enpresaren axolagabekeria edo erruarengatik ez bada, ez da inolako erantzukizunik egonen horiek galdu edo kalte egiteagatik.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zigorrak

20. artikulua.

1.–Arau-haustea da gai honi buruz Ordenantza honetan edo gainerako araudietan ezarritakoa betetzen ez duen edozein egintza.

2.–Arau-hauste larritzat honako hauek joko dira:

a) Bere edo gainerako bidaiarien osotasun fisikoarentzat, baita kontzesiodunaren langileentzat edo Mankomunitatearen langileentzat ere, arriskua ekar lezaketen egintzak.

b) Kalteak eragitea ibilgailuei edo markesinei.

c) Ibilgailuetan drogak edo estupefazienteak kontsumitzea.

d) Larrialdiko gailuak ukitzea.

3.–Ordenantza honetan ezarritakoari egindako gainerako arau-hausteak arintzat joko dira.

21. artikulua. Arau-hauste arinak 600 euro arteko isunarekin zigortuko dira eta larriak 601 euro-tik 3.000 euro-ra joan daitekeen isunarekin. Horretatik aparte doa, bere kasuan, gauzak zeuden bezala uzteko beharra.

22. artikulua.

1.–Garraio txartel baliodunik ez duten erabiltzaileak, ordenantza honetan adierazita dagoenaren arabera, 60 euro-ko isuna jarrita zigortuko dira. Eragin horietarako ez da balioduntzat hartuko profil soziala duen garraio txartel bat erabiltzea haren titularra ez den edozein pertsonak.

2.–Onartuko da zehapena berehala eta borondatez ordaintzea, arau-haustea detektatu den unean, garraio ikuskariari edo enpresa kontzesioduneko langileari emanda, eta kasu horretan 30 euro-koa izango da isuna. Ordainketari dagokion egiaztagiria emango zaio pertsona interesdunari. Era berean, 30 euro-koa izango da isuna hurrengo zortzi egun baliodunen barnean ordaintzen bada Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Bulegoan.

3.–Ordainketa ez bada berehala gauzatzen, eta aurretiazko ordainketarako epea igarotzen bada, dagokion salaketa bideratuko da dagokion zehapen prozedura abiarazteko. Araua hautsi duenak ez badu datu pertsonalik eman nahi, ez hutsegite honetarako ez eta beste batzuetarako ere, ikuskariak edo enpresa kontzesioduneko langileak laguntza eskatu ahal izango die udaltzainei, foruzainei, segurtasun indar eta gorputzetako beste kide batzuei, eta beste administrazio batzuetako ikuskaritza zerbitzuetako beste kide batzuei, eta horixe jasoko du idatziz salaketan.

4.–Artikulu honek aipatzen duen zehapena gorabehera, araua hautsi duen bidaiariak bidaiatzen jarraitzen badu, dagokion garraio titulua ordaindu edo baliodundu beharko du ikuskariaren aurrean. Ez badu hala egiten, ondoko geralekuan jaitsi egingo da.

VIII. TITULUA

Garraio txartela

23. artikulua. Iruñerriko Mankomunitateak hala eskatzen duten erabiltzaileen esku jarriko du garraio txartel bat indarrean dauden tarifak ordaintzeko.

24. artikulua. Mankomunitatearen garraio txartela erabiltzaileei ematea kargatzeko sarearen barnean dagoen edozein establezimenduren bidez egin ahal izanen da. Txartela emateko baldintza da lehenbiziko karga bat egin behar izatea.

25. artikulua. Tarifak garraio txartelaren bidez ordaintzeko, aldez aurretik ordaindu beharko dira. Ordainketa hori txartela eskuratu den guneetan bertan egin beharko da.

26. artikulua. Mankomunitateak hitzarmenak ezarri ahal izanen ditu beste entitate edo erakunde batzuekin, beste txartel batzuk Mankomunitatearen garraio txartelak dituen helburuetarako ere erabili ahal izan daitezen.

27. artikulua. Tarifak aldez aurretik ordaintzeagatik eskuratutako eskubideek automatikoki galduko dute euren balioa ondorengo kasu hauetan:

1.–Urtebete igarotzen bada txartel horren erabilera bat ere detektatu gabe –txartelaren kargan edo balidazioan–.

2.–Txartelaren galera, lapurreta edo hondatzea gertatzen bada, Mankomunitateari leporatu ahal izan gabe.

28. artikulua. Mankomunitateak jaulkitako garraio txartelek, oro har, 5 urteko indarraldia dute iraungi arte. Horiek igarota, soilik erabili ahal izanen dira autobusetan balidatzeko eta horrekin eskuratutako eskubideak agortu arte. Txartelaren iraungitze-data luzatu ahal izanen da luzapen horrek zerbitzuaren kudeaketari onura ekartzen badio.

29. artikulua. Mankomunitateak hala eskatzen duten erabiltzaileen esku jarriko ditu bai kargatzeko sarearen barnean dauden establezimenduen kokapena, bai une bakoitzean horren erabilera arautuko duten arauak eta baldintza espezifikoak. Halaber, txartelaren beraren kudeaketari lotutako prozedura eta operazio moldea.

30. artikulua.

1.–Titularra ez den pertsona batek profil sozialeko garraio txartela iruzurrez erabiltzeak berekin ekarriko du ikuskariak edo enpresa kontzesioduneko langileak txartel hori kentzea eta erabiltzaileari kentze horren sinestamendu bat ematea. Sinestamendu horretan, hain zuzen, kentzeko arrazoia adieraziko da.

2.–Tarifa sozialeko txartel horren titularrak Iruñerriko Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Bulegora joan beharko du bila. Hori guztia alde batera utzirik titularrak izan dezakeen administrazio erantzukizuna, Iruñerriko hiri garraio publikoaren tarifa sozialak arautzen dituen ordenantzan ezarrita dagoenarekin bat.

XEDPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Mankomunitateburuak ordenantza hau interpretatzeko edo argitzeko xedapenak agindu ahal izanen ditu, eta horrek dituen publizitate betebehar berak izan beharko dituzte horiek.

Bigarrena.–Iruñerriko Mankomunitateak, garraio zerbitzuaren titularra den aldetik, dagozkion jarduera guztietan bultzatuko du zerbitzua pixkana-pixkana egokitzea irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren gaian indarrean dagoen legedia aplikatzen dela bermatzeko. Zerbitzu honen barne dauden bitartekoetan eginen diren inbertsioak egiteko orduan, kontuan hartuko dira aipatutako betebehar horiek eta ahalmen urritasuna duten pertsona gehienak ordezkatzen dituen Nafarroako elkartearen txostenak.

Hirugarrena.–Iruñerriko Mankomunitateak garraio zerbitzuaren titularra den aldetik dagozkion jarduera guztietan bultzatuko du zerbitzua egokitzea herritar batek ere bere burua baztertuta sentitu gabe erabil dadin bermatzeko.Inbertsioak edo erabiltzeko araudian aldaketak egiteko orduan kontuan hartuko dira Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren txostenak eta ekarpenak.

Iragarkiaren kodea: L1400922