186. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan.
Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2013ko urriaren 16an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan.

Itzako Udalak, 2014ko ekainaren 4an egin osoko bilkura arruntean, behin betiko onetsi zuen aldaketa Trafikoari buruzko ordenantzan eta agindu zuen oso-osorik argitara zedila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Itzan, 2014ko irailaren 4an.–Jarduneko alkatea, Floria Pistono Favero.

TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Ordenantza hau eman da ondoko artikuluetan xedatuari jarraikiz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b) artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7-b) artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onetsi zuen), artikulu horiek Udalaren gain uzten baitituzte hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak.

1.–Aplikazio eremua.

1. artikulua. Ordenantza hau bide publiko guztietan aplikatuko da, Udalekoak edo Kontzejukoak izan, Itzako (Nafarroa) udal mugapean.

2.–Muga orokorrak.

2.1 artikulua. Debekatuta dago zarata sortzea seinale akustikoak behar ez denean eginda, bat-batean azeleratuta, ihes-hodi trukatuak erabiliz, musika ekipoak bolumen handian jarrita edo bestelako inguruabar desegokien bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen araubidean bildutako arauzko mailak gainditzen badituzte.

2.2 artikulua. Debekatuta dago bidera gauzak botatzea, edo bertan uztea edo abandonatzea, guztien zirkulazioari, gelditzeari edo aparkatzeari traba egiten badiote, haien erruz arriskutsu edo kaltegarri gertatzen bazaio, berari nahiz haien instalazioei, edo ibiltzeko, gelditzeko edo aparkatzeko behar diren baldintzak aldatzen badituzte hartan edo haren inguruan.

3.–Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak.

3.1 artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, ordenantza honetan definitutako baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako.

3.2 artikulua. Udalak baimendutako langileek aldi baterako aldatzen ahal izanen dute zirkulazioa zenbait eremutan, baita haietarako sarrerak debekatu edo murriztu ere. Jarduketa horrek lehentasuna izanen du lehenagoko beste edozein seinale edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

3.3 artikulua. Udalak baimendutako langileek aldi baterako debekatu ahal izanen dute aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinaleztatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

3.4 artikulua. Titularraren aldez aurreko baimena beharko da ordenantza honen xede diren bideetan edo lursailetan obrak edo instalazioak egiteko edo edukiontziak, hiri altzariak edo bertze edozein elementu paratzeko, modu iraunkorrean nahiz behin-behinekoz. Arautu, berriz, errepideei buruzko legerian eta horiek garatzeko erregelamenduetan eta Udal arauetan ezarritakoaren arabera arautuko dira horiek denak.

3.5 artikulua. Larrialdiko edo segurtasuneko arrazoiengatik ez bada, debekatuta dago, arras, zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe. Ez da baimenduko publizitatea jartzea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan. Baimenik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren kargura; halaber, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.

4.–Ibiltzeko gehieneko abiadura.

4. artikulua. Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta, gainera, kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, haren abiada betiere gelditzeko maneran, bere ikuspenaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.

a) Abiadura muga murriztaileagorik ez bada, gehieneko abiadura generikoak izanen dira Zirkulazioaren erregelamendu orokorrean ezarritakoak, ibilgailu eta bide bakoitzarentzat.

b) Hiri bideetan ibilgailu motordunek eta ziklomotorrek galarazia dute 40 km/h abiaduran baino handiagoan ibiltzea, orokorrean. Gainerako ibilgailuentzat 20 km/h da gehieneko abiadura.

c) Oinezkoen eremuetan ibilgailu motordunek eta ziklomotorrek galarazia dute 30 km/h abiaduran baino handiagoan ibiltzea. Gainerako ibilgailuentzat 20 km/h da gehieneko abiadura.

d) Edozein zoladura duten landabideetan (zabor-legarra, hormigoia edo asfaltoa) ibilgailu motordunek eta ziklomotorrek galarazia dute 30 km/h abiaduran baino handiagoan ibiltzea, ez bada zoladuraren baldintzengatik bideak muga handiagoak edo txikiagoak markatzen dizkion seinaleak baldin baditu.

5.–Motozikletak eta ziklomotorrak aparkatzeko mugapena.

5.1 artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

5.2 artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

6.–Zirkulazio mugapenak.

6.1 artikulua. Ordenantza honetan araututako bideetan ibiltzea debekatuta dute Salgai arriskutsuen nazioarteko errepide-garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR) jasotako salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek, 1.1.3 puntuan edo 3.5 kapituluan bildutako salbuespenik ez dutenek. Aipatu Akordioa Genevan egin zen, 1957ko irailaren 30ean, eta 1973ko uztailaren 9-17 bitarteko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, 163-170 zenbakietan. Ibilgailua herriren bateko gunera badoa, toki horretara joan liteke behar diren segurtasun neurriak hartuta, ibilbide seguruenetik joanda, eta zamalanak egin eta berehala utzi beharko du herrigunea.

6.2 artikulua. Debeku da 10 tonatik gorako BGMa duten ibilgailuak herriguneetan ibiltzea, nekazaritzako ibilgailuak izan ezik, non ez dagoen Udaleko Alkatetzaren baimen puntuala.

6.3 artikulua. Udalak halako bideak lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatzeko.

6.4 artikulua. Landa bideak: landa bidetzat hartzen da asfaltozko edo zementuzko ez den bidea, kontrako norabideetan ibiltzen diren bi ibilgailu modu erosoan gurutzatzea onartzen ez badu.

Haiek mantentzeko, galarazia dago trial eta enduro espezialitateetako bi gurpildun motozikleten zirkulazioa, baita nekazaritzakoak ez diren ibilgailu bereziena eta kuad motako kuadrizikloena.

6.5 artikulua. Trafiko berezia, mantenimenduan eragin txarra izan dezakeena: zenbait lan (adib.: zura sartzea, lan batzuk...) eta inguruabarrengatik (adib.: hezetasunak lurra biguntzea...) Udalak, berak edo dagokion Kontzejuak eskatuta, erabiltzaileari eskatzen ahalko dio trafikoak landa bidean eragin duen kaltea konpontzeko.

6.6 artikulua. Oinezkoen eremuak: Itzako Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko muga duten eremuak ezarri ahal izanen ditu udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoen eremuak.

6.7 artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, eta ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten elementuak edukitzen ahalko dituzte.

6.8 artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahal ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatzen ahal du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

d) Ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udaleko Alkatetzaren baimena badute.

6.9 artikulua. Oinezkoen eremuetan, oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik.

7.–Gelditzea.

7.1 artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 67. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

7.2 artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

7.3 artikulua. Debeku da honako leku hauetan gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Ibilgailuak eraikinetara sartu eta ateratzeko pasabideetan, behar bezala seinaleztatuta daudenean Udalaren plakarekin.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Elkargune, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

f) Pasealeku, oinezkoen eremu eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

h) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

i) Zirkulazioaren lerro bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den bertze toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

8.–Zamalanak.

8.1 artikulua. Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezarri ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak. Bertan ordutegia agertu beharko da, bidezkoa bada.

8.2 artikulua. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

8.3 artikulua. Erreserbatu horietan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino gehiago, eta inoiz ez 30 minututik gora.

8.4 artikulua. Inolaz ere zamalanek ezin dute oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotzi edo oztopatu, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Dena dela, galarazia dago edozein salgai uztea galtzada gainean.

8.5 artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, arriskurik gabe eta soinuei eta soinu mailei buruzko arautegia errespetatuz.

8.6 artikulua. Ibilgailuak espaloiarekin paraleloan jarriko dira, ertzaren kontra, zirkulazioaren norabidean, salbu eta baterian aparkatzerik dagoenean; kasu horretan, ibilgailuak ezin izanen dira aparkatzeko lekutik kanpora atera.

8.7 artikulua. Alkatetzak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldaerak, fuel-olioaren hornidura, obrak etab.).

9.–Garraio publikoaren geralekuak.

9.1 artikulua. Itzako Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak. Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, gutxienez zirkulazio lerro bat libre uzten dutela.

9.2 artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon.

9.3 artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuak baldin badira, soilik bidaiarien zain eta libre dauden bitartean egon ahal dira ibilgailu horiek.

9.4 artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

10.–Aparkatzea.

10.1 artikulua. Itzako udal mugapeko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrotara aparkatu beharko da.

10.2 artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatzen ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak, zintarritik ahal den hurbilenean, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utziz.

10.3 artikulua. Seinale horizontalak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.

10.4 artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Arauz seinalatutako tokietan.

b) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

c) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

d) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

e) Bidean, zirkulatzeko den tartean.

10.5 artikulua. Debeku da 6.1 artikuluan aipatutako ibilgailuak aparkatzea.

10.6 artikulua. Debeku da 3.500 kg-tik gorako BGMa duten ibilgailuak aparkatzea.

10.7 artikulua. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagoko edukiera duten autobusak aparkatzea.

10.8 artikulua. Debeku da karabanak, atoiak edo antzekoak aparkatzea.

10.9 artikulua. Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko edo baimenduko du, salbuespenezko kasuetan.

10.10 artikulua. Karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzen ahalko da soilik horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

10.11 artikulua. Desgaitasunen bat dutenak: ibilgailuek desgaitasuna onartzen duen txartelaren titular bat eramaten baldin badute, eta txartel hori Espainiako agintariek onartutako edozein entitatek eman badu, mugarik gabe aparkatzen ahalko dute horretarako jarri diren eremuetan, txartela aginte-panelean ikusteko moduan jarriz.

10.12 artikulua. Itzako Udalak desgaitasun maila egiaztatzeko txartela eman dezan desgaitasun mailaren ziurtagiria (1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren araberakoa) eta karnet neurriko argazki bat eskatuko da. Eman eta handik 5 urtera automatikoki iraungiko da.

11.–Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

11.1 artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, baimendutako udaltzainek eremu publikotik kendu eta dagokion altxatokira eraman ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzuen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 67.4 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

11.2 artikulua. Nolanahi ere, artikulu hau aplikatzeko, honelakoetan ulertuko da ibilgailua aurreko lerroaldearen a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean ibilgailua.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatua dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo urritu fisikoentzako espaloi beheragune batean aparkatuta dagoenean ibilgailua.

e) Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean, pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duela aparkatuta dagoenean ibilgailua.

f) Ibilgailua zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean ibilgailua.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokietan aparkatua dagoenean ibilgailua.

i) Ibilgailua urritu fisikoentzako plaza batean aparkatuta dagoenean, nahitaezko gaitasun agiririk gabe.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean ibilgailua, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozteko edo zailtzeko moduan aparkatua dagoenean ibilgailua.

l) Ibilgailua aparkatua dagoenean biraketa eragotziz edo zailduz, eta hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Ibilgailua aparkatua dagoenean eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duela.

o) Ibilgailua aparkatua dagoenean bidean, zirkulatzeko den tartean.

p) Betiere, aurreko kasuetan bezala, ibilgailua aparkatua dagoenean arriskua edo eragozpen larria sortzen diela zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari.

11.3 artikulua. Prozesu honen gastua ibilgailuaren jabeak ordaindu beharko du ibilgailua kendu ahal izateko. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere aurretik une horretara arte lanak izan dituen gastuak ordaindu baditu.

11.4 artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da, dagokion altxatokira eramanen dira ibilgailuak, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie. Aipatutako lekualdatzeak doakoak izanen dira erabiltzailearentzat.

12.–Ibilgailu abandonatuak.

12. artikulua. Ibilgailu abandonatuak kalean luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako atal hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira:

Ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean, Administrazioak handik kendu eta udal altxatokira eramanen du.

Honelakoetan, ibilgailu bat abandonaturik dagoela arrazoiz uste ahal izanen da:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio, ingurune arloko araudiari jarraituz.

Eta a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua altxatokitik ken dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola. Desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

13.–Zehapen prozedura.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunean (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hori gara dezaketen erregelamenduetan ezarritakoa izanen da zehapen prozedura orokorra trafikoaren arloan.

14.–Zehapenak.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuan eta horiek gara ditzaketen erregelamenduetan ezarritako zehapenak aplikatuko dira ordenantza honetan bildu diren arau-hausteengatik, baita, toki arauak berariaz ez jasoagatik, trafikoari eta bide segurtasunari buruzko arau orokorraren kontrako arau-hausteengatik ere.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako arau-hausteen gidaliburu kodifikatuan ageri direnak izanen dira isunen zenbatekoak (zer garai den, hartan indarra duenak). Hori ez bada, lehen aipatutako legearen testuan ageri direnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1412146