183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132E/2014 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Eulaten, buggien aisiako zirkuituaren proiekturako. Sustatzailea Eulateko udala da.

2014ko maiatzaren 9an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Eulateko 2. poligonoko 327. lurzatian ezarri gogo da buggien aisiako zirkuitua. Instalazioek aparkatzeko eremu bat izanen dute, zabor-legarrez egokitua, eta zirkuitu bat, zeinaren trazadura pneumatiko berrerabiliekin seinalizatuko baita, lur mugimendurik egin gabe. Orobat, finkaren inguruan hesia jartzea planteatzen da. Noizean behin erabiliko dute herritarrek eta bisitariek, batez ere jaiegunetan eta oporraldietan. Tailer lanak zirkuitutik kanpo eginen dira eta harreralekua herrigunean egonen da.

Espedientean aldeko txostena dago, Eulateko Udalak 2014ko ekainaren 23an emana, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena ere, proposamenaren ezaugarriak ikusita, baimendutako jardueratzat jotzen duena.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eulaten buggien aisiako zirkuitu baten proiekturako, Eulateko udal mugapean. Sustatzailea Eulateko Udala da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak proposamenaren kokalekuari buruz xedatzen duena beteko da.

–Pista erabili aurretik, sasiak kenduko dira haren trazaduratik (10 - 30 cm, landare-lurraren geruza zenbatekoa den), ez dadin landare-lurra trinkotu, eta pista ondoan, kordoi baten moduan uzten ahalko da. Jarduera utzi edo beste diseinu bat ematen bazaio pistari, jarduketak ukitutako azalera guztian jarri beharko da berriro landare-lurra.

–Ingurumen arloko legeria indardunaren arabera tramitatu beharko da jardueraren edozein aldaketa garrantzitsu.

–Baimen hau ematen da, baina eskatzen ahal diren beste araudi batzuk direla-eta tramitatu behar diren gainerako baimen edo lizentziak galarazi gabe (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36.5 artikulua).

3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eulateko Udalari eta 6. eskualdeko (Urbasa) Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1411254