183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2014 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Bigarren Atzerri Hizkuntza Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera ematea baimentzeko prozedura arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxeetan.

Otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuak Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen du. 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzaren curriculuma garatu du bere eskumen eremurako, dagokion foru dekretuaren bidez. Orobat, Lehen Hezkuntzako irakaskuntza berrien ezarpena eta ordutegia, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak, arautzen dituen foru agindua prestatu da, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak hura aldatu ondoren.

Bigarren Atzerri Hizkuntza emateko aukerak jarraitzen duenez, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuaren baimena izan behar dute, Lehen Hezkuntzako irakaskuntza berrien ezarpena eta ordutegia arautzen dituen foru aginduak ezarri bezala.

Adierazitakoaren ondorioz, bidezko da Bigarren Atzerri Hizkuntza Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera emateko baimenaren prozedura arautzea Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxeetan.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Bigarren Atzerri Hizkuntza Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera emateko baimenaren prozedura arautzea du xede foru agindu honek, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan.

2. artikulua. Eskaeraren prozedura.

1. Baimen hau eskatzeko, ezinbestekoa izanen da funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeek eta ikastetxe pribatuek behar adinako irakasle izatea, Hezkuntza Departamentuak eskatzen duen titulazio akademikoa dutela, indarreko araudian ezartzen den moduan.

2. Klaustroak Bigarren Atzerri Hizkuntza emateko eskaera onetsi beharko du.

3. Ikastetxeko zuzendariak apirilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du eskaera, eskabide orokor baten bidez, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, hura Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura igorrita.

4. Ikastetxean Bigarren Atzerri Hizkuntza emateko eskaerari antolaketaren proposamena erantsi beharko zaio.

3. artikulua. Baimena ematea.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak eskatuta, balorazio txosten bat eginen du ordutegiaren antolaketari eta Bigarren Atzerri Hizkuntza emateko ardura duten irakasleen titulazioaren egokitasunari buruz. Horretarako, laguntza eskatzen ahalko dio Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari.

2. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, bidezko bada, Bigarren Atzerri Hizkuntza ematea baimenduko du. Hurrengo ikasturtetik aurrera aplikatzeko izanen du ondorioa baimenak.

3. Bigarren Atzerri Hizkuntza ematea baimendurik, irakaskuntza horiek hasten dituzten ikasleei haren jarraipena bermatuko zaie etapa bukatu arte.

4. Baimenak hurrengo kasuetako batean iraungi arte izanen du eragina:

5. Ikastetxeak arrazoien gainean eskatuta, Klaustroak aldez aurretik baimenduta, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak haren alde txostenak emanik.

6. Hezkuntza Departamentuak baimenari eusteko behar diren baldintzak betetzen ez direla detektatzen duenean.

7. Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera Bigarren Atzerri Hizkuntza bati dagozkion irakaskuntzak eman nahi dituzten ikastetxeek 12 ikasle gutxienez izan beharko dituzte. Dena dela, Hezkuntza Departamentuak talde txikiagoak baimentzen ahalko ditu, inguruabarrek horretara bideratzen dutenean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Ikasturtez ikasturte jarraitzea.

1. Bigarren Atzerri Hizkuntza ikastea aukeratzen duten ikasleek proposamenari dagokion etapako hiru mailetan ikasiko dute.

2. Ikasleak, salbuespen gisa, Bigarren Atzerri Hizkuntza ikasteari uzten ahalko dio ikasturte bukaeran, behar bezala justifikatutako inguruabarrak daudenean. Horretarako, zuzendariaren baimena beharko du, gurasoek edo legezko ordezkariek eskaera aurkeztu ondoren; horri tutorearen eta orientazio arduradunaren txosten idatzia gehituko zaio, eskaeraren alde egiten duten arrazoiak justifikatuta.

3. Ikaslea bosgarren edo seigarren mailan sartzen ahalko da Bigarren Atzerri Hizkuntza ikasten, baldin eta nahikoa maila badu Bigarren Atzerri Hizkuntzako irakaskuntzak arrakastaz jarraitzeko. Horretarako, irakasleek egokiak jotzen dituzten mailako probak egiten ahalko dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskatzeko prozedura.

Foru agindu honen 2. artikuluko 2. atalean ezarritakoa orientagarria izanen da ikastetxe pribatu itunduentzat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira honako hauek: Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren martxoaren 17ko 91/2000 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Haur eta Lehen Hezkuntzan Lehen eta Bigarren Atzerri Hizkuntzen irakaskuntza aurreratzeko baimenaren prozedura arautzen duena; Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren martxoaren 17ko 97/2000 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean atzerri hizkuntzen irakaskuntza aurreratua emateko zerikusia duten alderdiak arautzen dituena, eta foru agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015-2016 ikasturtetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 22an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1411681