183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Larragako, Berbintzanako eta Miranda Argako udalerrietan, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIII. sektoreko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onetsi, lurzatien berrantolamendua eginez eta ureztalurra modernizatuz, eta esku-hartze hori onura publikokoa eta presakoa dela adierazten duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du onura publikoa eta interes orokorra duela Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egin beharreko esku-hartzeak.

Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendan sartzea onetsi zen.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko araubidea ezartzea du xede azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legeak.

Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, jarduketak hastea onetsi zen Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzearen ondoriozko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko.

Eremu ureztagarriaren eraikuntzari jarraipena emateko eta XXIII. sektorean ureztalurra modernizatzeko beharrezko jarduketak koordinatzeko, bidezkoa da une honetan nekazaritza azpiegituretako jarduketa onestea, lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalurra modernizatzeko.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Larragako, Berbintzanako eta Miranda Argako udalerrien parte batean, nekazaritzako azpiegituretan egin beharreko esku-hartzea onestea. Esku-hartze hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIII. sektorean eginen da, lurzati berrantolamendua eginez eta ureztalurra modernizatuz.

2. Onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIII. sektorean nekazaritza azpiegituretan egin gogo den jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Proiektuaren deskribapena.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretako jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztalurra modernizatzeak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak eta, bigarrenik, modernizaziorako beharrezkoak diren obrak; horretarako, Nafarroako Ubideko hargunea, sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea eta ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino ur emaria presioz banatzeko sarea egin beharko dira; horiek lurzatiko ureztaketa sistemen parekoak dira, eta nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie.

Kasu honetan, jarduteko perimetroan ureztatzeko aldez aurreko kontzesioak daudenez, Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko proiektuko eremu ureztagarriari erantsiko zaizkio, aplikatu beharreko araudian xedatu bezala (Urei buruzko Legea eta Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamendua). Ureztatzea abiatzeko deklarazioa egin aurretik edo, hala balegokio, interes orokorreko obren zuinketa egiaztatzeko akta sinatu aurretik egin daiteke eransketa. INTIA S.A.k etengabeko jarraipena egin beharko du, ukipenik ez izateko Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko eremu ureztagarriaren proiektu osoaren irismen teknikoaren eta ekonomikoaren gainean.

4. Ingurumeneko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2013ko abuztuaren 19an Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz egindako ingurumen eraginaren adierazpenak zehazten du zein diren ezarri beharreko neurri zuzentzaileak, eta ingurumena zaintzeko programa ezartzen du, haiek beteko direla bermatzen duena.

5. Erabili beharreko prozedura.

Nafarroako Ubidea abian jarri eta XXIII. sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legean aurreikusten den prozedura arrunta izanen da (IV. kapitulua). Aipatu prozedura garatzeko, lurzatien berrantolamenduen lehenagoko prozesuetako sailkapen eta ikerketa eta sailkapeneko lan teknikoak edo bestelakoak erabiltzen ahalko dira, baldin eta Aholku Batzorde berriak baliagarritzat jotzen baditu.

6. Jarduketaren xedeko lurralde eremua.

Jarduketa eremuaren azalera 950 hektareakoa da gutxi gorabehera.

Behin-behinekoz, lurzati berrantolamenduaren eremua honela mugatuko da:

Iparraldean: Mendigorriko udal mugapea.

Hegoaldean: San Gil sakana eta Miranda Argako udal mugapea.

Ekialdean: Nafarroako Ubidearen II-2 eta IV-1 sektoreak eta Arga ibaia.

Mendebaldean: Arga ibaia, ureztalurretako erreten orokorra eta Larragako eta Berbintzanako udal mugapeetako lehorreko lurrak.

Mugaketa horiek bat datoz Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi zuen proiektu hori. XXIII. sektoreko eremu ureztagarria lurzatiak berrantolatzeko eremuaren barnean dago.

1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera aldatzen ahalko da azpiegituretako jarduketaren perimetroa.

7. Ustiapenaren oinarrizko azalerak.

Eremuko ekoizpen joerekin bat, gehienez ere 25 hektareakoa izanen da ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko eremua eta gutxienez ere 5 hektareakoa. Ureztalurra ustiatzeko oinarrizko azaleraren gutxieneko muga ureztaketaren oinarrizko azalera izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitatea 5 hektareakoa izanen da ureztalurrerako.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiapeneko oinarrizko eremuak osatu eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko diru-laguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko modulu gisa. Dekretu horren bidez, azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zen. Horretan, Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, lehen mailako modulua lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin biderkatuko da.

10. Azpiegiturak gauzatzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXIII. sektorean ureztalurrak modernizatzeko, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegituren eraikuntzari eta ustiaketari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legean ezarritako moduan eraiki eta ustiatzen ahalko dira azpiegiturak.

Eraikuntza ez bada egiten obra publikoa esleitzeko kontratuaren bidez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritakoaren menpe jarriko da.

11. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea.

12. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

13. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko uztailaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1410932