183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Ordenantza, Aezkoako Batzarre Nagusiaren pisten
erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Hasierako onespenaren erabakia 2014ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIAREN
PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Aezkoa mendiaren barnean pista sare bat dago, bere baitan dauden larre, oihan eta turismo eremuei sarbide eta zerbitzu ematen dien bide amarauna osatzen duena.

Haiek arautzea eta zaintzea funtsezkoak dira ondare hau eta haien xedeak atxikitzeko. Alde batetik, helburua da pisten abeltzaintzarako eta basogintzarako erabilera bermatzea, erabilera horiek baitira bere garaian pisten egitea ekarri zutenak eta orobat bertan egiten diren mantentze lanak. Bertzetik, pista batzuetan bereziki egiten den turismo erabilera arautuz joan da zenbait urtetatik hona, interes gehien duten lekuetara sartu nahi duten bisitarien etorrera handiaren ondorioz; horrek arautze hori ordenantza batean biltzeko beharra dakar. Halaber, Irati espazioarekin Aezkoako Batzarrea eta Zaraitzuko Batzordea elkarrekin egiten ari diren kudeaketak eta ohiturak batzeko eta espazio horren gaineko arautze ahalik eta berdintsuenak izateko komenientziak beharrezkoa egiten du araudi argi bat izatea bizilagun eta bisitariendako.

Pista horietariko batzuen erabilera nagusiek edo erabilera intentsiboek arautze desberdina dakarkiete ordenantza honetan, nahiz eta guztiek egiten dieten zerbitzu Aezkoa mendiko berezko jarduerei eta hura kontserbatzeko xedeei: basogintzakoak, abeltzaintzakoak, turistikoak, suaren kontrola etab.

Bigarren mailako pistak basogintzarako, abeltzaintzarako eta ibarreko bizilagunendako dira nagusiki. Gainerako pistetan ez dago turistendako mugapenik, araudi honetan arautzen denaz aparte. Nabalako pista bigarren mailakotzat hartzen da, erabilera intentsiboagoa badu ere, herri bidexka batek zeharkatzen baitu bere ibilbidearen zati batean.

Batzarreak pista nagusiak seinalatuko ditu, izena eta luzera zehaztuta. Bigarren mailako pistek erabilera murriztuen araberako seinale eredu estandarra izanen dute.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Aezkoa mendian (Irati) dauden pisten erabilera arautzea, bakoitzaren ezaugarriekin eta erabilera nagusiekin bat eta haiek arauturik erdietsi nahi diren helburuekin bat.

2. artikulua. Pisten deskribapena eta haien ezaugarriak.

–Nabalako pista, 7,5 km-ko luzera duena: sarbidea, Orbaizetako Olatik. Itolatz alderdia zeharkatzen du. Pista honetatik, Nabala alderdira ailegatu aitzin, zenbait adar ateratzen dira: lehenbizikoa hartuta, Olatik 1,7 km-ra, eskuin aldera, Gartzilako harrobira –La Marmolera– ailegatzen da; bigarrena, Lasarteko erreka zeharkatu aitzin hartu behar da, mendebaldetik, Olatik 3,3 km-ra, eskuin aldera, eta Muruko leporaino ailegatzen da (2,4 km). Usategietako lepoan, Olatik 5,5 km-ra, bertze bi adar daude: bat, hegoaldera abiatzen da, Ariako norabidean, eta bertzea –ekialdera– Latxaga mendiaren aldera. Nabalako pista honetako jatorrizko trazadurari segituz, Nabalako mugara ailegatzen da, Orreagako muga baita. Pista honen zola guztia zabor-legarrezkoa da.

–Azpegiko pista (4,5 km). Sarbidea Orbaizetako Olatik du, 212. mugaraino; zola hormigoizkoa eta asfaltozkoa. Adar bat du ezker aldera (1,3 km-ra): Txangoako pista. Azpegi aterpetxea iraganik, eskuin aldetik sarturik (ekialdera) Mustakolarreko pistara ailegatzen da. Pista asfaltatuari segituz (Arratakako aska eta gero), eta eskuin aldera, ekialdera, Sobarko pistako bidegurutzea hartzen da.

–Gibeleko pista (4 km). Pista honetara ekialdera ateratzen den bide batetik sartzen da, Orbaizetatik Ola aldera doan errepidearen eskuinetik (Altzateko ubidea baino lehen) Irati ugaldea porlanezko pasabide batetik zeharkatu ondoan. Lotura egiten du Gibeleko alderdiarekin eta bertako ehiza-postuekin. Hegi erdian pista bat ekialdera ateratzen da, ezker aldera, eta Kakollako erreka-zulotik hurbil bukatu (1 km).

–Azalegi/Sariozarreko pista (2,6 km). Irabiako uharkako pistako adarra. Sarbide ematen dio izen bereko larre eremuari. Ibiagako gainean hasten da, hegoaldera.

–Irabiako uharkako pista (10,8 km 225 + mugaraino, Orbaizetako tarteunean). Orbaizetako Larraun auzoa zeharkatuta, Arrazola aldean hasten da, Irabiako uharka hegiz hegi inguratzen du, 225. mugara ailegatu arte, Zaraitzuko eta Garaziko muga baita.

–Murukoako pista. Nabalako pistako adarra, Orbaizetako Olarekin lotzen duena.

–Sobarko pista (3,6 km). Azpegiko pistatik abiatzen da, Arratakako aska eta gero, eskuin aldera ekialdera; zola zabor-legarrezkoa du.

–Ezkandako pista (0,9 km). Irabiako uharkako pistako adarra, ezker aldera, iparraldera, Ibiagako lepoan, Azalegi/Sariozarreko bidea baino 20 metro aitzinago.

–Abodiko pista (Berrendiko ipar hegalean, 2 km). Hiriberriko Udalaren pistarekin lotzen duen tartea, ibarrak Abodin dituen larreetara sarbidea ematen baitu.

–Mendilazko pista (Robles etxea, 3 km). Adar hau uharkako pistatik ateratzen da eta alderdi honetaraino ailegatu.

–Txangoako pista (4,1 km). Azpegiko pistako adarra, Olazarretik Txangoaraino doana.

–Mustakolarreko pista (2,1 km). Azpegiko pistako adarra, eskuin aldera, hegoalderantz.

Hona pisten sailkapena:

1.–Bide nagusiak: mendiko pista nagusiak dira asfaltoa eta hormigoia dutenak: Irabiako uharkakoa, Azpegikoa eta Azpegiko pistatik Olazarko askaldegiaren ondoan, Txangoako norabidean dagoen bideko parrillaraino. Bide hauetara ordenantza honetan xedatzen diren baldintzetan izanen da sarbidea.

2.–Bigarren mailako bideak: gainerako pistak.

3. artikulua. Mantentze-lanak.

Aezkoako Batzarreak begiratuko du pista nagusi nahiz bigarren mailakoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Zura ateratzeko bideak, terrexkak eta kargategiak, orain dabiltzan oihan ustiapenetarako beharrezkoak direnak, kasuan kasuko oihan lotearen esleipen hartzailearen kontura izanen dira; den-denak egiteko, Aezkoako Batzarrearen eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena beharko da.

4. artikulua. Pistetan sartzea eta ibiltzea ibilgailu motordunekin.

Orokorrean, baimendua dago Azpegiko eta Irabiako uharkako pistetan ibilgailu motordunekin ibiltzeko; aitzinago adieraziko da zer arotan eta zer baldintzetan ibiltzen ahalko den haietan barna. Ibarreko bizilagunek, artikulu honetan (4.1, bigarren paragrafoa) zehazten den pegatina baldin badute, gainerako pistak erabiltzen ahalko dituzte, murriztapenik gabe, urteko sasoi guztietan.

Pistetan barna ibiltzen diren ibilgailuek aziendak kontrolatzeko pasabideen egoera errespetatu beharko dute aldiro, eta topatzen dituzten bezala utzi. Debeku da arras zura ateratzeko bideak, terrexkak etab. oihan ustiategikoak ez diren ibilgailuekin erabiltzea, eta orobat pistetatik eta behar bezala gaitutako tokietatik kanpora aparkatzea. Orobat, eIur aldietan edo baldintza meteorologiko makur-makurretan, ezinbertzeko erabileretarako baizik ez da pistetan barna ibiliko.

4.1.–Prezio publikoa eta espazioan aplika daitezkeen tasak.

4.1.1.–Prezio publikoa.

Aezkoako Batzarre Nagusiak prezio publiko bat arautua du Iratiko mantentze lanetarako; gisa hartara, Irabiako uharkako pistara hetsia dagoen aroan (datak aitzinago daude zehazturik) sartzen diren ibilgailu guztiek prezio publiko horren zenbatekoa ordaindu beharko dute. Tiket sistemaren barnean, halaber, prezio publiko horren gaineko deskontuak sartzen dira, ibarreko establezimenduetan kontsumoak egiten dituztenendako.

Ibarreko bizilagunek, Aezkoako bederatzi udalerrietako edozeinetan erroldaturik badaude eta beren ibilgailuaren zirkulazio zerga bertan helbideratua badute, bi urterako balioko dien pegatina bat izanen dute, prezio publiko hori ordaintzetik salbuetsiko dituena. Pegatina ibilgailuan kokatuko da eta bertan haren matrikula agertuko da.

Baimen horiek Batzarreak berrikusiko ditu bi urtean behin, eta bertzerik gabe baliogabetuko zaizkie aitzineko bi kasuetan aipatutako baldintzak jadanik betetzen ez dituzten pertsonei.

4.1.2.–Tasa.

Aezkoako Batzarre Nagusiak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. eta ondoko artikuluetan eta bere Ordenantza orokorrean ezarritakoari jarraikiz, tasa bat ezarri du, bere pistetan ibilgailu motordunekin aprobetxamendu berezia egiteagatik.

–Zergapeko egintza.

Ordenantza honi dagokionez, tasaren zergapeko egintza da pisten aprobetxamendu berezia, pisten aprobetxamendu berezia egiteagatik oihan ustiategitik heldu diren produktuak garraiatzeko, aparte utzirik ibarreko bizilagunen etxerako egurraren loteak, eta makina handien eta eraikuntzako materialen garraio edo joan-etorria.

–Tasa ordaindu behar duen subjektua:

Tasa ordaindu behar duen subjektua izanen da:

a) Oihaneko produktuak baldin badira, zer menditatik heldu diren, haren titularra, non ez den kontratu bidez xedatzen bertze subjektu batek ordaindu behar duela.

b) Eraikuntzako materialak badira, zer obratarako diren, haren sustatzailea.

c) Makina handiak badira, zer obratarako diren, haren sustatzailea, eta bertzenaz, haren jabea, non ez den obra kontratuan xedatzen bertze subjektu batek ordaindu behar duela.

Zura iragaten bada, tasaren zenbatekoa izanen da Nafarroako Gobernuko behar den zerbitzuak prestatzen dituen markaketa-orrietan adierazitako metro kubikoen bolumenaren arabera. Eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta ekipoak badira, tasa ordaindu beharko da haien tonajearen arabera.

Tasaren ordainketari loturiko jarduera guztiek Batzarrearen baimena izan beharko dute lehenago; horretarako, garraiatu beharreko material, makina edo oihaneko produktu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira. Baimena ez da baliozkoa izanen lehenago tasa ordaindu eta fidantza pausatu ez bada.

Oihaneko produktuak, materialak eta tresneria garraiatzeagatik tasa ordaindu behar duten subjektu guztiek orobat pausatu beharko du fidantza bat, pisten konponketa bermatu beharrez joan-etorri horrengatik egin litezkeen kalteengatik.

–Tasaren eta pausatu beharreko fidantzaren zenbatekoa.

Hona hemen tasaren zenbatekoa: euro bat berrogei zentimo (1,40 euro) tona bakoitzeko, zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta tresneria garraiatzen direnean.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 105.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, garraioa egin aitzin eta dagokion tasaz aparte, bi euroko fidantza (2,00 euro) eratuko da, garraiatu beharreko tona zur, eraikuntzako material, makineria handi, ondasun eta tresneriako tona bakoitzeko, egiten diren kalte eta galeren konponketa bermatzeko.

Ordenantza honetan aipatzen den baimena eskuratzeko, nahitaezko baldintza izanen da fidantzaren zenbatekoa eta kasuan kasuko tasa aitzinetik ordaintzea.

4.2.–Sarbide orokorra Irabiako uharkako pistara.

Ibilgailuen joan-etorria Irabiako uharkako pistan hetsirik egonen da uharkako presaren ondoan dagoen aparkalekutik aitzina, Mendizaintzako eta Informazio Turistikoko Zerbitzuko Batzarrak erabakitzen dituen aroetan. Orokorrean, nahiz eta urte bakoitzean egokitzapenak eginen diren, Irabiako uharkako pista data hauetan egonen da hetsirik:

–Aste Sainduan.

–Aste Sainduaren ondoko asteburuetan, ekaina arte, hura barne.

–Uztail, abuztu, irail eta urrietan, eta azaroaren 1ean.

–Azaroko asteburuetan.

–Abenduko zubi foralean.

Data horietan beretan, Mendizaintza Zerbitzuak arautuko du ibilgailuen sarrera Arrazolako informazio gunetik (aparkalekua) uharkaraino, sartu diren ibilgailu kopuruaren arabera arautu ere, aparkatze eremua ez buxatzeko ezta tarte honetan joan-etorria zailtzeko ere. Orobat, Mendizaintza Zerbitzuak ibilgailu handiei (autobusak eta autokarabanak) sarrera ukatzen ahalko die arrazoi horiengatik.

4.3.–Baimenak.

Aezkoako Batzarre Nagusiak urtero baimen zenbait luzatuko ditu, uharkatik Irabiako pistara sartzeko. Baimen horiek kolore desberdinetakoak izanen dira urte bakoitzean, eta haren diseinuan baliozkotasun datak (eguneko baimenak, ehiza jarduerak, basogintzako lanak, jarduerak etab), titularra eta baimendutako ibilgailuaren matrikula zenbakia.

Batzarreak, inguruabar bereziak direlarik eta eskatzaileak horiek behar bezala frogatzen dituelarik, halako ibilgailu batzuen zirkulazioa baimentzen ahalko du salbuespenez, baimenaren indarraldia eta nahi diren datuak ezarrita, bertan sartzea komenigarria ikusten bada.

a) Bizilagunendako baimenak.

Aezkoako bizilagunek Irabiako uharkako pistan ibiltzeko eguneko baimenak eskuratzen ahal dituzte, zirkulazioa murrizturik dagoen denboraldietarako, aitzinetik Batzarreko Idazkaritzan eskatuta eta betiere baimena astebururako edo jaiegun baterako eskatzen ez bada. Bizilagunendako, ibilgailuetarako baimen bakarra emanen da eguneko, eta bizilagun bakoitzak gehienez ere bi baimen izanen ditu denboraldi bakoitzean. Eskariak sarreraren hurrenkeran aztertuko dira, eta lehentasuna izanen dute baimen hauek lehenago eskuratu ez dituzten bizilagunek. Haien kontrola Arrazolako informazio gunean eginen da.

b) Jardueretarako baimenak.

Jarduerarako lizentzia fiskala Aezkoan izanik bisitetako jarduera turistikoetan edo salgai nahiz pertsonen garraioan (autobusak aparte) aritzen direnek uharkako pista guztian sartzen ahalko dira, betiere beren jarduerarako beharrezkoa bada, aitzinetik 5 euro ordainduta sartzen den ibilgailu bakoitzeko, sarrera murriztuko denboraldian.

Beren aziendak sarbidea Irabiako uharkatik duten aldeetan bazkatzen badira, abeltzainek beren ibilgailuetarako behar diren baimenak izanen dituzte, daten aldetik mugarik izan gabe.

Horiez landa, basogintzako lanak, azterlanak eta proiektuak egiten dituzten enpresek baimenak eskuratzen ahalko dituzte, betiere iragan beharra frogatzen badute sarrera murriztuko aldietan.

c) Ehiza jarduerak:

NA-10.418 barrutiari dagozkion ehiza aprobetxamenduen esleipen hartzaile guztiek beren ibilgailuetarako baimenak izanen dituzte, ehiza jarduera bakoitzari dagokion denboraldira mugatuak: ehiza larria edo oilagorra; uso postuei dagokienez, Eskandako usategian dauden ehiza postuetara ailegatzeko baizik ez da baimenik izanen.

Orobat, baimen mota hau ematen ahalko zaie Aezkoako ehiza barrutiko taldeetakoak diren ehiztariei, pistan barna joan daitezen zakurrak biltzera edo bilatzera. Eskaera bideratu beharko da kasuan kasuko taldea aipatuz; horretarako lau baimeneko kupoa emanen da talde bakoitzeko.

d) Produktu naturalen bilketa.

Produktu naturalak biltzeko baimenak bere titularrari dakarkio, aro berean, bigarren mailako pistetan ibiltzeko eta Irabiako uharkako aparkalekuraino sartzeko baimena.

e) Filmaketak, publizitatea, argazkiak.

Aezkoa mendiko (Irati) paisaiak eta pistak filmaketa edo publizitateko erreportajeetarako erabiltzeko, Aezkoako Batzarre Nagusiaren baimena beharko da lehenik. Aurkeztu beharreko eskaeran zehaztu beharko dira aurreikusitako datak, lokalizazioa, giza taldea, ibilgailu kopurua, dekoratuen deskribapena, halakorik bada, eta sarbideak mozteko beharra dagoen edo ez.

Batzarreak 300,00 euroko zenbatekoa kobratuko du publizitateko filmaketa bakoitzeko, merkataritza motakoa bada. Hezkuntza helburu garbia, dokumentala edo Aezkoa sustatzeko xedea dutenak salbuesten ahalko dira, osoko bilkuran hala erabakitzen bada. Halakoetan, azken muntaiarako egindako lanaren kopia bat utzi beharko da Aezkoako Batzarre Nagusiaren eskutan, jite bereko jardueretan erabili ahal izateko. Zenbateko horiek Batzarreak eguneratuko ditu, hala behar bada, osoko bilkuran.

Egin beharreko lanen ezaugarrien arabera, Batzarreak fidantza bat pausatu beharra ezartzen ahalko du, bermea izan dadin halako kalte batzuk egiten ote diren. Gordailua itzuliko da arazorik ez dela izan egiaztatu ahala, eta grabaketen kopia hartu ondoan, hura artxibatzeko.

Orokorrean, ondoko jarraibideak bete beharko dira:

1. Ibilgailu guztien joan-etorria libreki erabiltzeko seinalatu diren pista eta bideetan baizik ez da eginen. Uharkako pistan barna joateko, baimena eman beharko da aitzinetik. Inor ez da inoiz ibiliko egungo bide edo errepidetik kanpora, eta ateratako irudietan inoiz ez da agertuko ibilgailuak mendian zehar, edo natur ingurunearekiko jarrera oldarkorretan. Ibilgailuak hirunaka sartuko dira espazioan.

2. Zoruan ez da aldaketarik eginen, ez lur edo harri mugimendurik, ezta Iratin arrotz diren animaliak edo landareak erabili ere, espresuki baimendu ez badira.

3. Debeku da edozein landare moztea, erauztea edo biltzea, baita basa animaliak edo aziendak harrapatzea, kalte egitea edo larritzea.

4. Jarduera hau egin bitartean sortzen diren hondakin, obra-hondakin edo zabor guztiak behar bezala bildu eta utziko dira Iratitik kanpoko edukiontzietan.

5. artikulua. Baimendutako gehieneko pisua.

Iratiko mendiko pista eta bideetan ibiltzeko gehieneko pisu baimendua 25 tona da.

6. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua izanen da.

7. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, arriskugarriak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat edo basa-faunarentzat. Batzarreak, salbuespenez, baimentzen ahalko ditu taldeka antolatzen diren motor bidezko jarduera turistikoak, betiere betetzen bada aplikatu behar zaizkion gainerako araudiak.

8. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarria nolanahi urratzea arau-haustetzat joko da:

–Ibilgailu batekin pista batean ibiltzea behar den baimenik gabe.

–Pista bat erabiltzean azienda kontrolatzeko pasabidea dagoen bezala -irekia edo hetsia- ez uztea.

–Zura ateratzeko bideetan, terrexketan eta abarretan sartzea, oihan ustiapenekoak ez diren ibilgailuekin.

–Pistetatik eta behar bezala gaitutako tokietatik kanpora aparkatzea.

–EIur aldietan edo baldintza meteorologiko makur-makurretan ibiltzea pistetan barna, non ez den nahitaezko erabileretarako.

–Pistak erabiltzea lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak egiteko, arriskugarriak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, aziendentzat edo basa-faunarentzat.

–Iratiko mendiko pista eta bideetan gehieneko karga pisu baimendua gainditzea.

–Pistetan ibiltzeko araudi honetan ezarritako gehieneko abiadura gainditzea.

–Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

10. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Ordenantza honetan aurreikusitako zehapenek ez dute bertze zehapen batzuk ezartzeko aukera baztertzen, pisten erabilerari edo ibilgailuen joan-etorriei dagokienez indarra duen legeria ez betetzeagatik.

11. artikulua. Bertze arautze batzuk

Batzarreak produktu naturalak biltzeko arautzea onetsiz gero, hartan zehaztuko da zein diren arautze horrek pista guztien gainean dakartzan erabilerak. Arautze horrek lehentasuna izanen du honen aitzinetik, produktuak biltzeko garaietan.

ERANSKINA

36/1994 Foru Dekretua, otsailaren 14koa, lurzoru urbanizaezinean barna ibilgailu motordunekin antolatutako jarduerak eta ibilgailu motordunen zirkulazio librea arautzen dituena. Debeku da zirkulatzea landetan barrena edo 2 metro zabal ez diren bideetan barrena, edota suebakietan nahiz egurra ateratzeko bideetan barna. Debeku da berariaz debekatua dagoen bide edo pistetan barrena. Aldi baterako debekuak ezar daitezke, ingurumenari kalte egiteko arriskua dagoenean. Jarduera antolatutzat hartuko da 10 ibilgailu baino gehiago biltzen direnean, orduan baimena beharko baita.

Ariben, 2014ko abuztuaren 25ean.–Batzarreko burua, Félix Jamar Jáuregui.

Iragarkiaren kodea: L1411887