183. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134E/2014 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Girgilaoko udal mugapeko Etxarren-Girgilaotik Girgilaorako horniduraren hoditeria alternatiboa. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. da.

2013ko abenduaren 19an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Proiektatu den jarduketak oraingo hoditeriaren ordez, hautsita baitago, beste bat, diametro handiagokoa eta prestazio hobeak dituena, jartzea du xede; mendebaldetik joanen da, eremu egonkorrago batzuetan barna. Zehazki, 500 m-ko tarte batean, non hoditeria fundizio nodularrekoa eta 80 mm-ko diametrokoa den, 740 m-ko hoditeria berria jarriko da, material berekoa eta 100 mm-ko diametroa duena.

Trazadura berria Girgilaoko udal mugapean kokatuko da, oso-osorik, eta Etxarren-Girgilaoko Kontzejuko 2. poligonoko 516, 507, 520, 519, 521, 526, 525 eta 528. lurzatiak ukituko ditu, baita Girgilaoko Kontzejuko 3. poligonoko 28, 29 eta 40. lurzatiak ere.

Proiektuak badu Ingurumen ukipenen azterlan bat (6. eranskina), neurri zuzentzaileak zehazten dituena zanga irekitzeagatik, makinak iragateagatik eta materiala pilatzeagatik aldatzen diren azalerak berriz landareztatzeko. Zereala lantzeko lurzatietan, laborantzako lurra jarriko da berriro. Eragin handiena sastraka eta basobera den 2.000 m²-an (138 m hodi) gertatzen da, obraren azken tartean (0+511 eta 0+687 k.p.en artean). Ukitutako ezpondetan ereite hidraulikoa eginen da belar espezieekin, eta lur-erauzketetan zuhaitz eta zuhaixkekin.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2014ko ekainaren 2an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Girgilaoko Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2014ko otsailaren 7an jaso zen erantzuna, eta horren arabera, instalazioa bateragarria da indarreko udal planeamenduarekin.

Espedienteak badu Herrilurren Atalak 2014ko maiatzaren 27an emandako txostena; izan ere, proiektuak Etxarren-Girgilaoko Kontzejuaren 2. poligonoko 520. eta 525. lurzatiak eta Girgilaoko Kontzejuaren 3. poligonoko herrilurren 39. lurzatia zeharkatzen ditu.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, eta zenbait neurri zehaztu ditu sastrakadiak eta basoberak eragin handiena jasanen duten tarterako; gainera, adierazi du ez dagoela Arkeologia Atalaren aginduzko txostenik (lehen aipatu abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikulua) proiektuaren trazaduran izan daitezkeen aztarna arkeologikoei buruz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Girgilaoko udal mugapeko Etxarren-Girgilaotik Girgilaorako horniduraren hoditeria alternatiboa. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona S.A. da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Sastrakan eta basoberan (0+511 eta 0+687 k.p.en artean ) eragin handiena dagoen tartean neurri hauek hartuko dira:

a) Zuinketa fasean hoditeria mendebaldetik zertxobait haragotik jartzeko aukera aztertuko da, eta 0+687 k.p.tik aurrera alor landuan barna igarotzeko, berezko landarediak ukipen txikiagoa izan dezan.

b) Ingurumen ukipenen azterlanak dioen moduan, ukipenaren zabalera ahalik eta gehiena murriztuko da tarte horretan, 15 m-ko zabalera orokorra aurreikusita baitago.

c) Hondeatutako lurzoruan, gutxienez ere azaleko 40 zentimetro berriz jartzea bermatuko da, hazien bankua daraman goiko geruza behar bezala koka dadin.

d) Aurreikusi diren ereite, hidroereite eta landaketak eginen dira, eta urtebetez, gutxienez ere, haien mantentze-lana. Azken txosten bat, lehengoratutako lurraren argazkiekin, igorriko zaio Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari.

–Sustatzaileak, obrak hasi aurretik, Arkeologia Atalaren txostena eskatuko du, proiektuak hartzen duen eremuan izan daitezkeen aztarna arkeologikoei buruz. Haren kopia bat Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari igorriko zaio.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, posta elektronikoa (ogfoeste9@cfnavarra.es) igorriko dio 9. barrutiari, hots, Lizarra-Iparraldekoari.

Hirigintza arloko baldintzak:

–Udalak bere eskumenekoak diren determinazioak betetzen direla zainduko du, baita 2014ko urtarrilaren 17ko udal txostenean adierazitako baldintzak ere, eta ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako egoera zainduko dira, paisaiaren gaineko inpaktua murrizteko.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Herrilurren Atalak 2014ko maiatzaren 27ko txostenean adierazitako baldintzak bete beharko dira.

–Lurzoru urbanizaezineko jarduketa sustatzen dutenak toki entitateak berak ez direnez, herrilurretako ondasunen okupazioa tramitatu beharko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bitartez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Girgilaoko Udalari, Etxarren-Girgilaoko Kontzejuari, 9. barrutiko Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1411276