Iragarkia
181. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1867/2014 EBAZPENA, irailaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, irabazi-asmorik gabeko Nafarroako Enplegu Zentro Berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteagatik, diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.
Minusbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak Enplegu Zentro Bereziak, abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren bidez garatuak, ezartzen ditu desgaitasunak dituzten pertsonak lanean integratzeko mekanismo gisa. Orobat, Estatuko araudiak, 1998ko urriaren 16ko Ministerio Aginduaren bidez, Zentro horiek eskura ditzaketen laguntzak ezartzen ditu; besteak beste, inbertsioak egiteagatiko laguntzak.
Lan Merkatuaren Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabigarren azken xedapenaren 3. puntuan adierazten da Espainiako Gobernuak enplegurako politika aktiboen estatu-neurrien lege-esparru berri bat arautuko duela, desgaitasunak dituzten pertsonak lan munduan sar daitezen laguntzeko. Araudi horretan ezarriko dira Estatu osoan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak.
Nafarroako irabazi-asmorik gabeko Enplegu Zentro Berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntza horien kudeaketan metatu den esperientzia, iragan den denbora eta araudian agertu diren berrikuntza garrantzitsuak direla eta, hobe da aldaketa batzuk egitea laguntza horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legeari egokitzeko eta haien efizientzia eta Zentro horietan enplegua sortu eta mantentzearekin duten zuzeneko zerikusia hobetzeko.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak eta Nafarroako irabazi-asmorik gabeko Enplegu Zentro Berezietan inbertsioak egitegatik enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.
2. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Enplegu zentro berezietarako diru-laguntzak inbertsioetarako” izeneko 15100 170001 7709 241103 kontu-sailaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2014ko irailaren 4an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.
ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Nafarroako irabazi-asmorik gabeko Enplegu Zentro Bereziei beraietan inbertsioak egiteagatik diru-laguntzak emateko baldintzak eta beharkizunak arautzea du xede deialdi honek, haien lehiakortasuna indartu dadin eta haien jarduera, enpleguaren sorkuntza eta haren kalitatea gara daitezen.
Oinarri hauen babesa izateko, Enplegu Zentro Bereziek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak, zein den ere enpresaren helbide soziala edo zein erregistrotan dagoen inskribatua.
2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
Enplegua sortzeko, haren kalitatea handitzeko, hura sendotzeko, jarduera ekonomiko berriak sortzeko edo Nafarroako Enplegu Zentro Berezien lehiakortasuna hobetzeko egiten eta laguntzen duten inbertsioek jaso ditzakete diru-laguntzak.
3.–Diru-laguntzen onuradunak.
Oinarri arautzaileotako diru-laguntzen onuradunak Enplegu Zentro Berezien entitate titularrak izan daitezke, baita zentro horiek ere, nortasun juridiko propioa dutenean, ondoko baldintzak beteta:
a) Hala inskribaturik egotea Nafarroako Foru Komunitateko Enplegu Zentro Berezien erregistro liburuan, Enplegu Zentro Bereziei buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatuarekin bat, eta onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren adierazpena edukitzea.
b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetatik bakar bat ere ez urratzea. Hori “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak edo zentroak.
4.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Urtarrilaren 1aren ondoren hasiak izan beharko dute, eta urte bereko abenduaren 15 baino lehen bukatuak.
Alde horretatik, urtarrilaren 1aren aurreko fakturak ez dira kontuan hartuko, ezta hurrengo urteko otsailaren 28tik aurrera ordaintzen direnak ere. Edozein kasutan, gastua urtean egin beharko da.
b) 400 euroko gutxieneko zenbateko unitarioa izatea, non ez diren negozio lerro berri bat abiatzeko inbertsioak, kasu horretan ez baita gutxieneko zenbateko hori aplikatuko.
Inbertsioaren xedeko ondasun bakoitzaren prezioa (BEZa kanpo) da gutxieneko zenbateko unitarioa.
5.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntza honen ondorioetarako, ibilgetuan kontzeptu hauetan egindako inbertsioak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira:
a) Enplegu Zentro Bereziaren jarduerarako baino erabiltzen ez diren lokalak egokitzea. Kasu horretan, eskaerari dagokion proiektua erantsiko zaio.
b) Negozioa eskuz aldatzeko eskubideak. Kontzeptu honetatik kanpo daude saltzeko diren izakinak edo salgaiak.
c) Makineria eta tresnak,
d) Ekipamendu informatikoak.
e) Bulegoko altzariak.
f) Ibilgetu ez-materialean egindako inbertsioak badira, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriei lotutako aktiboek izaten ahalko dute diru-laguntza; betiere, Zentroaren jarduerari lotuta egon beharko dute, zalantzarik gabe.
g) Jarduera burutzeko bakarrik diren nahitaezko ibilgailuak. Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:
–Fitxa teknikoan 03, 04, 06, 10 edo 31rekin hasten ez diren sailkapen kodeak dituzten ibilgailu guztiak.
–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren autoak, horretarako administrazio-baimena dutela.
–Gaixoak edo istripu izandakoak eramateko bereziki egokitutako ibilgailuak.
h) Altzariak.
2. Ez dira ibilgetuetako inbertsiotzat joko errentamendu finantzarioaren edo leasing bidez finantzatzen direnak, ezta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere.
3. Eskuratzen diren ondasunak berriak edo bigarren eskukoak izaten ahalko dira; azken kasu horretan, hornitzailea erabilitako ondasunak saltzen edo/eta egokitzen diharduen enpresa izan beharko da; bestela, 3 eskaintza aurkeztu beharko dira, aukera ekonomikoena hautatzen dela frogatzeko. Ondorio horietarako, eskuratzen diren erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak aktibo finko material berritzat joko dira.
6.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoaren %50 izanen da, eta 50.000 euro gehienez.
7.–Aurrekontuko zuzkidura.
Urtero Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, Enplegu Zentro Berezietako inbertsio programa kudeatzeko, onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
8.–Eskabideak aurkeztea eta zer dokumentazio aurkeztu.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita.
Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
2. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-gune ofizialean (www.navarra.es) eskura daitekeena.
b) Egin beharreko inbertsioaren proiektua, honako hauek adierazita: diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak, urtean sortutako edo sortuko diren lanpostuak, urtean mugagabe bihurtu edo bihurtuko diren lan kontratuak, inbertsioaren plangintza eta oinarri teorikoak, eta sortu beharreko negozio lerro berriak, halakorik bada.
c) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.
d) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo diru-laguntzak azalduko dituen aitorpena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietako debekurik urratzen ez dela frogatzen duen agiria, artikulu horretako 7. idatz-zatian xedatutakoaren arabera egina.
9.–Diru-laguntza emateko prozedura.
1. Norgehiagokakoa izanen da diru-laguntzak emateko prozedura, eta publikotasun, gardentasun, obejktibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.
2. Diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean diru-laguntzak eskuratzeko betebeharrak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiagoa dutenei.
3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio diru-laguntzari, organo emaileak erabakiko du, deialdi berria egiteko beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta oinarri hauetan ezarritako gainontzeko baldintzak betetzen baditu.
4. Instrukziorako organo eskudunak aukera emanen dio lehentasun ordenaren arabera diru-laguntza guztia lortzen ez duen eskatzaileari proiektua berriz formulatzeko; hori egindakoan, puntuazio bera lortzen jarraitu beharko du balorazioan.
10.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.
1. Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.
2. Instrukzio organo horrek balorazio batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.
3. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da. Eskaerak ebaluatzeko ardura du, eta bere ebazpena lotzailea da. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez izendatuko da.
4. Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari.
11.–Balorazio irizpideak.
Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Ebaluazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:
a) Inbertsioak enplegua sortzearekin edo enpleguaren kalitatearekin duen zerikusia: 25 puntu arte.
5 puntu emanen dira entitateak edo zentroak inbertsioari esker kontratatzen edo kontratatzea aurreikusita duen desgaitasunak jotako langile bakoitzeko, aurreko urteko abenduaren 31n plantillan zituen desgaitasunak jotako langile kopuruaren gainetik; betiere, kontratazio horiek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den inbertsioarekin.
Orobat, 5 puntu emanen dira entitateak edo zentroak inbertsioari esker kontratu mugagabe bihurtzen duen desgaitasunak jotako pertsonen kontratu bakoitzeko, aurreko urteko abenduaren 31n entitateak edo zentroak desgaitasunak jotako pertsonekin eginak zituen kontratu mugagabeen gainetik; betiere, kontratazio horiek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den inbertsioarekin.
b) Berrikuntza eta kalitatea: 5 puntu arte.
5 puntu arte baloratuko da berrikuntzak egitea kudeaketa eta antolaketa sistemetan, teknologia berriak ezarriz edo kalitate sistemak ezarriz edo hobetuz.
c) Kaudimena: 5 puntu.
5 puntuz baloratuko da aktibo zirkulatzailearen eta epe laburrera eskatzen ahal denaren artekoa 1,5 baino handiagoa izatea. Kalkulu hori egiteko, entitateak aurkezten duen azken memoria hartuko da kontuan.
d) Proposamenaren bideragarritasun teknikoa: 15 puntu arte.
15 puntu arte baloratuko da proposamenaren bideragarritasun teknikoa, aurkezten diren oinarri teorikoen arabera (8 puntu arte) eta inbertsioa burutzeko ematen den baliabide teknikoen eta giza baliabideen plangintza zehatzaren arabera (7 puntu arte).
e) Proiektuaren interes berezia: 10 puntu arte.
7 puntu arte baloratuko da inbertsioa jarduera berria sortzera bideratuta izatea (negozio lerro berriak sortzea, merkatu berrietan merkaturatzea, bezero berriak egitea). Azpiatal hau baloratzeko, jarduera berriak ekarriko dituen lanpostuen kopurua eta horrek sortuko duen negozio bolumena hartuko dira kontuan.
3 puntu arte baloratuko da Moderna planaren lerroekin zerikusia izatea. Puntu bat emanen da Moderna planeko eremuren batekin zerikusia badu; 2, bi eremurekin zerikusia badu, eta 3, birekin baino gehiagorekin badu.
20 puntutik beherako proiektuak ez dira kontuan hartuko.
12.–Prozeduraren ebazpena.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpen arrazoitua, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie interesa dutenei eskatutako diru-laguntza. Epe hori ebazpen espresik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
2. Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Nafarroako Atarian argitaratzearekin.
13.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta diru-laguntza ematean eta horren gainean ebaztean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.
c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, diru-laguntza ematen denetik, non ez dituen entitate onuradunak zenbait inguruabar nahiko justifikatzen, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahikotzat jotzen ebazpen baten bidez. Inbertsioa ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.
d) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, eta bereziki inbertsioa mantentzeari buruzkoetan edozein aldaketa izanez gero, haien berri ematea.
e) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten diren adierazpen guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela agertu beharko da, eta araudian ezarritako publizitate betebehar guztiak bete beharko dira.
f) Lortutako diru-laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren izaera juridikoetako bat izan beharko du entitate onuradunak, laguntza ematen zaionetik gutxienez ere bi urtean.
g) Gardentasunerako betebeharrak:
g.1) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz, ondotik aipatzen den informazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, aurkeztu beharko dute, diru-laguntza ematen zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
g.2) Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
14.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
1. Diruz lagundutako jarduera onuradunak aldez aurretik justifikatuta ordainduko da, jarduera osorik gauzatu ondoren.
Onuradunak urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: kontu frogagarria, gastuaren frogagiriak eta txosten ekonomiko bat aurkeztuta; azken horretan, lortutako diru-sarreren eta diru-laguntzarekin zerikusia duten gastuen zerrenda sailkatua sartuko da. Ondorio horietarako, egiazki ordaindutako fakturen jatorrizko agiria eta kopia aurkeztu beharko dira, baita frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak ere, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.
2. Entitate onuradunak, abenduaren 31 baino lehen, ordainketaren frogagiri guztiak ez baditu, konturako ordainketa eskatzen ahalko du. Gauzatutako jardueren txostena aurkeztuko du, baita diru-laguntzaren xedeko gastuei buruzko fakturen zerrenda ere, data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa zehaztuta.
Kasu horretan, entitateak, gainera, aurreko atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztuko du hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.
15.–Jarraipena eta kontrola.
Onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte, baita Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetzari dagozkion finantza kontrolari buruzkoak ere, Comptos Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko den beste edozein.
16.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Inbertsioetarako diru-laguntzak bateraezinak dira helburu bererako Nafarroako Gobernuak ematen ahal dituen bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Bateragarriak izanen dira beste edozein entitatek emandako beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin; betiere, kontuan hartu beharko da haien zenbatekoak ezin izanen duela egindako inbertsioaren %100 gainditu.
17.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
1. Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutza interesak barne.
3. Onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko du, baina berandutzako interesak eskatu gabe.
4. Ezarritako helburuak osorik ez bete arren, betetze maila %50etik gorakoa bada, lorpen maila baloratuko da eta horren proportziokoa izanen da itzuli beharreko zenbatekoa.
18.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan, diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz, ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
2. Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
19.–Publizitatea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
20.–”De minimis” araubidea.
Diru-laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, hala ezarrita baitago Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2003 (EE) Erregelamenduan, zeinak zehazten baitu nola aplikatu behar zaizkion Itunaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei.
21.–Arau osagarriak.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
22.–Administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F1412078
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
