6. BESTELAKO IRAGARKIAK
6.1. JAKINARAZPEN EDIKTUAK
LAKUNTZA
Aurri egoeraren espedientea, Kañada kaleko 7an
Lakuntzako Udaleko alkateak, Jose Ramon Garin Lizarragak, honako ebazpen hau eman zuen:
Iruñeko 8. Jabetza Erregistroak emandako ziurtagiriaren arabera, higiezina Domingo Baleztena Razquinen jabetzakoa da, eta hura 2005eko abuztuaren 6an hil zen.
Ikusirik Kañada kalearen 7ko eraikinaren egoera (2. poligonoko 764. lurzatia, Lakuntza), egiturazko akatsen ondorioz habe berriak eta forjatuko elementu berriak behar baititu, alkateak aurri egoeraren gaineko txosten teknikoa eskatu zuen, eta horren ondorioa da eraikinak egiturazko eta oinarrizko elementuen hondamen orokorra ageri duela –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 196. artikuluan aipatutako kasuetako bat baita aurri egoera deklaratzeko– eta, beraz, hirigintzako legediaren ikuspuntutik, egin beharrekoa dela higiezinaren aurri egoeraren deklarazioa.
Horregatik guztiagatik, 2013ko urriaren 22an, Lakuntzako Kañada kaleko 7an dagoen eraikina aurri egoeran dagoela deklaratzeko prozedura hasi zen ofizioz. Ebazpen hori jakinarazi zen iragarkia paratuta 2013ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31n, eta Lakuntzako iragarki oholean.
Udal Teknikariaren txostenean ondorioztatzen du eraikin osoa aurri egoeran dagoela deklaratzea eta jabetzari eraisteko eskatzea dela espediente honen ebazpenean ezartzen ahal den aukera bakarra, Hirigintzari buruzko diziplina erregelamenduaren 23. artikuluan aipatu aukeren artean (2187/1978 Errege Dekretua).
Horretarako, sustatzaileak obretarako udal lizentzia eskatu beharko du. Eskaerarekin batera eraispen proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia; eraispena, betiere, teknikari eskudun batek gainbegiratuta eta teknikari haren ardurapean eginen da. Hilabeteko epea ezartzen ahalko da proiektua aurkezteko. Obretarako lizentzia eskuratu eta gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da eraispena.
Udal Hirigintzarako Zerbitzuek gai honi buruz 2013ko urriaren 16an emandako txostenarekin bat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 196.1 artikuluan (EDL 2002/55808) eta Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamendua –Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko– onesten duen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 18. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari jarraikiz,
Ebatzi dut:
1. Lakuntzako Kañada kaleko 7an dagoen eraikinaren aurri egoeraren espedientea ebaztea, aurri egoera deklaratuta.
2. Higiezinaren jabeari errekerimendua egitea, hilabeteko epean eraispen proiektua aurkez dezan, eta, obretarako udal lizentzia eskuratzen duenetik aitzina, bi hilabeteko epea igaro gabe, obra has dezan.
3. Ohartaraztea ezen, jabeak ez badu eskatutako epeetan eraispena hasten edo obra horiek ez badira abiadura normalean egiten, Udalak eginen dituela eta jabetzari pasako diola dagokien kargua (Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamendua, 24. artikulua).
4. Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, administrazioak aurri egoera deklaratzeak edo premiazko neurriak hartzeak ez ditu jabeak dagozkien kontserbazio betebeharren utzikeriagatik eska lekizkiekeen edozein mailatako erantzukizunetatik salbuesten.
Erabaki honen aurka honako errekurtso hauetakoren bat jar daiteke: Administrazioarekiko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita; berraztertzeko errekurtsoa akto hau egin duen organoari zuzendua, edo gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpen honen egunaren biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
Lakuntzan, 2014ko irailaren 9an.–Alkatea, José Ramón Garin Lizarraga.
Iragarkiaren kodea: L1412341