18. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Aldaketa herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Melidako Udalak, 2013ko azaroaren 6ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Melidako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan, 45. eta 46. artikuluei dagokienez.

Onespen hori 2013ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean eduki ere; jendaurrean egon da 30 egunean, inork haren kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da. Ondotik ematen da testu aldatua.

“45. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izanen dira.

Arau-hauste oso larritzat honako egitate hauek hartzen dira:

1.–Norberak zuzenean ez lantzea herrilurretan esleitutako lurzatiak. Esleipen hartzaileak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Betebehar honetan doitasuneko ereintza eta uzta bertze salbuespenik ez da onartuko.

2.–Herrilurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren esleipenik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da bertze familia unitate bati esleitutako herrilurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

3.–Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea kanona, landazaintza edo erregelamenduz ezartzen diren bertzelako tasak.

4.–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien esleipenetik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

Arau-hauste larritzat honako egitate hauek hartzen dira:

1.–Nekazaritza lanak egitea ordenantza honetan edo Herri larren ordenantzan baimendu gabeko denboran, belarren kaltean.

2.–Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

3.–Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

4.–Bertze lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.

5.–Bide edo altxonbideak goldatzea.

6.–Bideetan eta alxonbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

7.–Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

8.–Ureztatzeko erretenak ez garbitzea behar diren bandoen bidez aditzera emanen diren denbora eta epeetan.

9.–Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

10.–Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

11.–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, eta horren ondorioz herrilurretan kalte egitea eta herritarrak horietaz modu ordenatuan baliatzeari traba egitea.

12.–Lurzatietatik uzta hondarrak edo bertzelako materialak ateratzea bideetara.

13.–Ureztaketa kanpainaren amaieran lurzatiak aspertsio bidez ureztatzeko zirkuituak ez hustea.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1.–Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

46. artikulua.

1.–Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Arau-hauste oso larriak:

–1.agatik, 1.000 euroko isuna jarriko zaio herrilurraren esleipen hartzaileari, baldin eta bere lurzatietako nekazaritza lanak bere familia unitateko hirugarren batek egiten baditu, ahaidetasun harremana izanagatik ere. Horretan berreroriz gero, bigarren aldian zehapenak herrilurraren kontzesioaren iraungipena ekarriko du.

–2.agatik, 1.000 euroko isuna jarriko zaio esleipen hartzailea izan gabe herrilurretako lurzatietan nekazaritza lanak egiten dituenari. Pertsona hori, gainera, Mélidako herrilurreen esleipen hartzailea baldin bada bertze familia unitate batean, ahaidetasun harremana izanagatik ere, 1.000 euroko isuna jarriko zaio lehen aldian eta, berreroriz gero, bigarren aldian zehapenak bere familia unitatearen herrilurraren kontzesioaren iraungipena ekarriko du.

–3.agatik eta 4.agatik, herrilurraren kontzesioaren iraungipena.

Arau-hauste larriak:

–100,01etik 500 euro bitarteko isuna horietako bakoitzagatik, aparte utzita ondasun publikoei edo partikularrei egindako kalteen zenbatekoa bidezko den moduan ordaintzea eta ordezko betearazpenak edo gauzak lehengoratzeak ekartzen dituzten gastuak ordaintzea.

Arau-hauste arinak:

–50etik 100 euro bitarteko isuna horietako bakoitzagatik, aparte utzita ondasun publikoei edo partikularrei egindako kalteen zenbatekoa bidezko den moduan ordaintzea eta ordezko betearazpenak edo gauzak lehengoratzeak ekartzen dituzten gastuak ordaintzea.

2.–Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den araudia.

Alkatearena da zehapen prozedurak hasteko, instruitzeko eta ebazteko eskumena, Udalbatzari horren berri emanez egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

3.–Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bertzelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

4.–Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Agintaritza judizialari delitua edo hutsegitea dagoela iruditzen bazaio, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.”

Melidan, 2013ko abenduaren 30ean.–Alkatea, José María Sesma.

Iragarkiaren kodea: L1318243