18. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1150/2013 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak mugatzen dituena eta babes eremuak argitaratzea xedatzen duena, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzearen ondorioetarako.

Hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremuak mugatzea. Hori helburu, errege dekretu horren 4. artikuluaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera, babes eremuetan honako hauek sartu behar dira:

a) Hegaztientzako babes bereziko eremuak, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 43. eta 44. artikuluen arabera.

b) Autonomia erkidegoek Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan edo katalogo autonomikoetan sartuta dauden hegaztien espezieak berreskuratu eta zaintzeko prestatzen dituzten planen aplikazio esparruak.

c) Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan edo katalogo autonomikoetan sartuta dauden hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, a) edo b) paragrafoetako eremuetan sartuta ez daudenean. Lehentasunezko eremu horiek autonomia erkidego bakoitzean eskumena duen organoaren ebazpen arrazoitu baten bidez mugatu beharko dira, Natur Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordearen txostena jaso ondoren.

Adierazitakoarekin bat, ebazpen honen xedea da lehentasunezko eremuak mugatzea, c) paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroan dauden babes eremuei publizitatea ematea.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari dagokio ingurumena eta ur baliabideak zaindu eta babesteko eskudantziak erabiltzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren arabera.

Natur Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak, idatzizko prozeduraren bidez, aldeko txostena eman dio Nafarroako hegaztien espezie katalogatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuen mugaketari, bakar-bakarrik abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan aipatutako ondorioetarako (horren bidez neurriak ezarri ziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko), eta halaxe adierazi du 2013ko azaroaren 19an igorritako ziurtagiriaren bidez.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroan katalogatutako hegaztien espezieak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak mugatzea, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzearen ondorioetarako, bakar-bakarrik. Eremuak I. eranskinean agertzen dira.

2. Nafarroako babes eremuen mugaketa onestea, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzearen ondorioetarako. Babes eremu horiek II. eranskineko mapan agertzen dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2013ko abenduaren 31n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1400179