166. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak Vianako autokarabanen eremuan aparkatzea eta gaua ematea
arautzen duena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2014ko maiatzaren 28an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Vianako autokarabana eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta haietan gaua ematea arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2014ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 9an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Vianan, 2014ko uztailaren 31n.–Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.

UDAL ORDENANTZA , VIANAKO AUTOKARABANEN EREMUAN APARKATZEA ETA GAUA EMATEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Espainiako Estatuan haziz joan da autokarabanetarako zaletasuna edo turismo ibiltaria, nahiz eta gaur egungo egoerak, horren gaineko arau berariazkorik ez dagoenez, interpretazio okerrak eragiten dituen autokarabanak bizitegi ibilgailutako erabiltzeari aplikatzen zaizkion araudi desberdinen gainean.

Gehiago sakonduz, gai honen arauketan gurutzatzen dira administrazio desberdinen eskumen alorrak, eta erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natur eta kultur baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin.

Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelakoz, horretarako lurzoruaren antolamenduari buruzko legeriek aitortzen dizkieten tresnak erabilita.

Vianako udalerriak autokarabanak garraiorako nahiz ostatatzeko erabiltzen duten turisten bisita hartzen du, haien erabileraren gaineko araudirik batere gabe. Egoera horrek beharrezko egiten du aisiarako ibilgailu hauen presentziaren normalizazioa, bateragarriak izan daitezen autokarabanen erabiltzaileak herriak turismo aldetik dituen gauza xarmagarrien gozatzea eta interes publiko bidezkoen zaintza, ingurumenaren defentsa eta eremuan aparkatzeko dauden lekuen banaketa zuzena.

Testuinguru horretan, hau proposatu da:

UDAL ORDENANTZA

ATARIKOA

Espainiako 1978ko Konstituzioak, bere VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoa baita, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezarri zuen erkidego autonomoek turismoa antolatzeko eskumenak bereganatzen ahalko zituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.

Eskumen emate hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak bere helburu eta printzipioak ezartzen ditu, Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko egin beharrekoak zehazten, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatzen eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotzen. 5.1,c) artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoari dagokionez: Foru Komunitateko turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea. Orobat, lege honek, 6. artikuluaren b atalean, ezartzen ditu toki entitateek turismo arloan dituzten eskumenak, erran nahi baita, beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna (339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa) aplikatu eta garatzeari buruzko Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra onesten duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 93. artikuluak ezartzen duenez, hiri bideetan gelditu eta aparkatzeko araubidea udal ordenantza baten bidez arautuko da, eta behar diren neurriak hartuko dira trafikoa oztopa ez dadin, besteak beste aparkatzeko denbora mugatzea, bai eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ere, horren barnean izanik ibilgailuak eramatea edo ibilgetzea denbora mugatuko eremuetan aparkatzeko txartelik ez dutenean edo emandako baimena gainditzen dutenean, harik eta gidaria nor den jakin arte (testu artikuluduneko 38.4 artikulua); udal ordenantzek ezin dituzte, inolaz ere, erregelamendu horretako manuak aldatu, indargabetu, horiei kontra egin edo nahasmena eragin.

Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak, 1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen uztailaren 30ean, Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen ditu; haren 4. artikuluaren 1. atalak ezartzen du kanpaldi librea aitzinetik baimendu behar duela dagokion toki entitateak.

KAPITULU BAKARRA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da, batetik, Vianako udalerrian arautzea autokarabanak ostatatzeko erabiltzea, xedea izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea autokarabanen eremuaren erabiltzaile guztien artean, eta bertzetik bermatzea Nafarroako Gobernuaren araudi autonomoan kanpaldi librez egiten den debekua betetzen dela.

2. artikulua. Zehapena ezarriko zaio Vianako udal mugapean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea da paratzea aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoa, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

Kanpatzeko elementuak dira aise garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi libre erratean, horren barnean sartzen da ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, baita udaltzainen edo Alkatetzaren iritziz edozein udal ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.

4. artikulua. Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Zorua gurpilekin, segurtasun altxagarriekin edo galgatzeko altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik.

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3.–Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoa hustea.

4.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipo akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Udal mugape osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita.

6. artikulua. Udalak debekatu du autokarabanak eremu mugatutik kanpora aparkatzea, arrazoi objektiboak direla-eta, izan ere etxebizitza-ibilgailuen tamainak bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten die.

Autokarabanak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian berendako eremu erreserbatuetan aparkaturik.

7. artikulua. Autokarabanendako zerbitzugunea da hustubideak edo kainozuloak izatea, estolderia sarearekin lotuak, hondakinak botatzeko eta haien tratamendu ekologikoa egiteko araztegi batean.

Eremu horretan autokarabanak aparkatzeko plaza erreserbatuak daude.

Autokarabanendako zerbitzugunetako eremuak erabiltzeko arau hauek izanen dira:

1.–Bizitegi ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak etab., bizitegi ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak.

3.–Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbertzean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere udaltzainek edo Alkatetzak baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere.

Biltontziak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar da, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.

Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

5.–Zerbitzuguneetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuguneetako eremuek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

6.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, kadirak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

8. artikulua. Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; Alkatetzaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Segurtasun indar eta kidegoak edo horretarako gaitzen diren agenteak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

9.1.–Vianako Udaleko alkate udalburua da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia (1993ko abuztuaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2. Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3. Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 6. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4. Arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte.

Handitze hori aplikatuko da paratzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

11. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarra duen ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua mugigaiztuko du.

12. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Hala bada, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki erran beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.

Azken xedapena.

Behin betiko onespenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Vianan, 2014ko uztailaren 31n.–Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.

ERANSKINA

Tasa: 2 euro aparkatzen den aldiro.

Iragarkiaren kodea: L1410958