161. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 17koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iraizozko Grupo Fromageries Bel España, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Iraizozko Grupo Fromageries Bel España, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31007952012000) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko uztailaren 3an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko ekainaren 5ean izenpetu eta 2014ko uztailaren 9an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko uztailaren 17an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen honen bidez Iraizozko (Nafarroa) Grupo Fromageries Bel España, S.L. produkzio zentroko lan harremanak arautuko dira.

2. artikulua. Langileriari dagokion aplikazio eremua.

Hitzarmenak plantillako langile finko guztiengan du eragina, eta haien soldata mailak eta kategoriak enpresan aplikatzen diren soldata tauletan ageri dira. Iraupen jakin bateko lan kontratua duten langileak beren lan kontratuko baldintza partikularren arabera arautuko dira; gainerakoan, testu hau aplikatuko da eta, subsidiario gisa, gainontzeko lege edo erregelamendu xedapenak.

3. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere. Hala ere, ondorio ekonomikoak atzera eramanen dira 2014ko urtarrilaren 1era arte. Bi urteko indarraldia izanen du, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arte, eta sinatzen den egunetik automatikoki salatutzat jotzen da, Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Edonola ere, Langileen Estatutuaren 86.3.4 artikuluan arautuarekin bat, hitzarmenak indarrean eta aplikagarri jarraituko du hitzarmen berri batek ordeztu arte.

4. artikulua. Konpentsazioa.

Hitzarmen honetan adostutako baldintza ekonomikoek eta lanekoek, orokorrean hartuta, lantokian aplikatzen direnak konpentsatzen eta ordezten dituzte.

5. artikulua. Irenspena.

Hemen ituntzen diren kontzeptuak aldatu edo handitzen dituzten xedapen edo ebazpen guztiek eragina izanen dute, baldin eta urteko kopuruan hitzarmen honen kontzeptu guztien urteko guztirakoa gainditzen badute. Horrela izan ezik, hitzarmen honen barnean irentsitzat joko dira.

6. artikulua. Arau subsidiarioak.

Hitzarmen honetan arautu ez diren gaietan Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoari jarraituko zaio, eta hitzarmen horretan araurik izan ezean, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoari.

Eta gainera, alderdi sinatzaileek hitzarmen honi erantsi diote Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboaren 49. artikuluko bigarren lerroaldea, Langileen Estatutuaren 15.1 b artikuluan araututako behin-behineko kontratuaren gehieneko iraupenari dagokiona, eta horrekin batera etorkizunean hura ordezka dezakeena.

7. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Itundutako baldintzek osotasun organiko eta zatiezina osatzen dute eta, bi alderdiek adierazten dutenez, hitzartutakoari eginiko loturek itundutako osotasunarekiko konpromiso izaera dute.

8. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Hitzarmenaren Interpretazio Batzorde Paritarioa eratzen da, baita Langileen Estatutuaren 85.3.e) artikuluan jasotako arazoetarako ere; langileen aldeko bi kidek eta enpresaren aldeko beste bik osatuko dute, hitzarmen hau sinatzen duten pertsonen artetik.

Batzorde horrek aldeetako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez zazpi egun lehenago jakinaraziko da, eta arazoak konpontzeko gehienez ere zazpi eguneko epea izanen du.

Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira.

Planteatzen diren arazoak adostasunez konpondu beharko dira; bestela, lan arloko erakundeetan planteatzen ahalko dira.

Hitzarmena interpretatu edo aplikatzeari dagokionez gatazka kolektiboa sortzen denean, Batzorde Paritarioak esku hartuko du gatazka organo judizial eskudunean formalki aurkeztu baino lehenago.

9. artikulua. Lan baldintzak ez aplikatzea.

Hitzarmen honetan aurreikusitako lan baldintzak ez aplikatzeko, ondoko prozedurari jarraituko zaio arlo hauetan: lanaldia, ordutegia eta laneko denboraren banaketa, txandakako lanaren araubidea, ordainsariaren sistema eta soldataren zenbatekoa, lan sistema eta errendimendua, Langileen Estatutuaren 39. artikuluak mugikortasun funtzionalerako aurreikusten dituen mugak gainditzen dituzten eginkizunak eta gizarte segurantza babesteko borondatezko hobekuntzak, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak direla eta:

1. Enpresak 15 eguneko kontsulta aldiari emanen dio hasiera, honako gai hauetaz: enpresak hartutako erabakian eragiten duten arrazoiak eta haren eraginak saihesteko edo murrizteko aukera, baita ukitutako langileek jasan behar dituzten ondorioak leuntzeko neurriak ere. Epe berean emanen zaio aditzera hitzarmenaren Batzorde Paritarioari, eta langileen legezko ordezkaritzari egindako idazkiaren kopia erantsiko zaio.

Kontsulta aldian, alderdiek fede onez negoziatu behar dute, akordio bat lortzeko helburua edukita. Akordio horretarako, beharrezkoa izanen da batzordeko kide gehienen, langileen ordezkarien adostasuna. Enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean ezarritako kontsulta aldian garatzen diren negoziazioetan akordiorik izanez gero, horren berri eman beharko zaio Batzorde Paritarioari.

2. Adostasunik ez bada, kontsulta aldia bukatutakoan, edozein aldek jar dezake desadostasuna hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik.

Akordiorik lortzen ez bada, alderdiek Estatuaren edo autonomia erkidegoen eremuko lanbide arteko akordioetan ezarritako prozeduretara jo beharko dute, legearen 83.2 artikuluan aurreikusita baitaude, eta arbitraje lotzaile baten menpe nahitaez jartzeari uko egitea onartuko dute.

3. Kontsulta aldia akordiorik gabe bukatu eta desadostasunak jarraitzen badu, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboen Aholku Batzorde Nazionalaren esku uzten ahalko du irtenbidea, lan baldintzen aplikazio ezak autonomia erkidego bateko baino gehiagoko lurraldean diren enpresaren lantokietan eragina badu, edo autonomia erkidegoei dagozkien organoetan, gainontzeko kasuetan. Organo horien erabakia organoan bertan hartuko da, edo haiek horretarako eta behar diren bermeekin izendatutako arbitro batek hartuko du. Hogeita bost eguneko gehieneko epean emanen da, gatazka organo horien menpe jartzeko erabakiaren datatik hasita. Erabaki horrek kontsulta aldian lortzen diren erabakien eraginkortasun bera izanen du, eta errekurtsoa jartzeko, 91. artikuluko prozeduraren arabera bakarrik jartzen ahalko da, eta bertan ezarritako arrazoietan oinarrituz.

II. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

10. artikulua. Soldatak.

2014. eta 2015. urteetarako soldata igoera hauek adostu dira:

1. 2014. urtean:

2014. urterako, Estatuko 2014ko KPI errealak duen igoera izanen dute soldata taulek 2013ko abenduaren 31 arteko aplikazio tauletan, peoiaren, peoi espezialistaren eta 3. mailako espezialistaren kategorietan izan ezik; horiei ez zaie soldata berrikuspen hau aplikatuko eta 2013ko abenduaren 31n indarra zuten soldatekin jarraituko dute. Dena dela, Estatuko 2014ko KPI erreala negatiboa bada, ez da soldata murrizketarik aplikatuko gaur egungo tauletan.

2. 2015. urtean:

2015. urterako, Estatuko 2015eko KPI errealak duen igoera izanen dute soldata taulek 2014. urterako adostutako soldata berrikuspena aplikatu ondoko tauletan, peoiaren, peoi espezialistaren eta 3. mailako espezialistaren kategorietan izan ezik; horiei ez zaie soldata berrikuspen hau aplikatuko eta 2013ko abenduaren 31n indarra zuten soldatekin jarraituko dute.

Dena dela, Estatuko 2015eko KPI erreala negatiboa bada, ez da soldata murrizketarik aplikatuko une horretako aplikazio tauletan.

11. artikulua. Antzinatasuna.

Langile orok eskubidea du antzinatasun osagarria kobratzeko, kategoria bakoitzari dagokion oinarrizko soldataren gainean, era honetan:

–Hirurteko bat: %3.

–Bosturteko bat: %5.

–Zortziurteko bat: %8.

–Bi bosturteko: %15.

–Hiru bosturteko: %20.

–Lau bosturteko: %25.

–Bost bosturteko: %30.

eta horrela hurrengoetan ere, %5 gehituz bosturteko bakoitzean.

Enpresan zer hilabetetan sartzen den, hartatik aurrera hasiko da osagarri hau sorrarazten. Antzinatasun portzentajeak kalkulatzeko abiapuntu den oinarrizko soldata 2013ko abenduaren 31n indarra zuten zenbatekoei dagokien oinarrizko soldata izanen da.

Antzinatasuna kalkulatzeko abiapuntu den oinarrizko soldatari aplikatuko zaion igoera aurreko 10. artikuluan izaera orokorrez ezarritako soldata igoera bera izanen da.

1. 2014. urtean:

Antzinatasun osagarriak Estatuko 2014ko KPI errealaren soldata igoera izanen du 2014. urtean, kontzeptu hori dela-eta 2013ko abenduaren 31n jasotzen den zenbatekoaren gainean.

Dena dela, Estatuko 2014ko KPI erreala negatiboa bada, ez zaio aplikatuko kontzeptu hori dela-eta hitzarmen hau sinatzen den unean jasotzen den zenbatekoari.

2. 2015. urtean:

Antzinatasun osagarriak Estatuko 2015eko KPI errealaren soldata igoera izanen du 2015. urtean, 2014. urtean aplikatzen den zenbatekoaren gainean, 2014rako adostutako soldata berrikuspena aplikatu ondoren.

Dena dela, Estatuko 2015eko KPI erreala negatiboa bada, ez zaio 2014. urtean aplikatzen den zenbatekoari aplikatuko.

12. artikulua. Hilabetetik gorako aldizkako mugaeguneko sorrarazpenak.

Urtean hiru ordainsari izanen dira, hauek hain zuzen:

–Mozkinen ordainsaria.

Bakoitzari dagokion 30 eguneko oinarrizko soldata gehi antzinatasuna, urteko lehenengo hiruhilekoan ordainduko dena.

–Uztaileko aparteko ordainsaria.

30 eguneko soldata gordina eta dagokion antzinatasun-saria. Ordainsari hau ekaineko nominarekin batera ordainduko da.

–Abenduko aparteko ordainsaria.

30 eguneko soldata gordina eta dagokion antzinatasun-saria.

Enpresan urte barrenean hasten diren langileek edo urte horretan enpresa uzten dutenek ordainsari horiek jasoko dituzte baina lan egindako denboraren arabera hainbanatuta. Horretarako, hilabeteko zatia hilabete osoa bezala kontatuko da.

Eritasun, istripu edo amatasun bajan izandako langileek bakoitzari dagokion neurrian kobratuko dituzte ordainsari horiek, lanean aritu izan balira bezala.

13. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.

Zerbitzu beharrak direla-eta, langile batek goragoko kategoriako lanak egiten baditu edo horrelakoak egitera aldatzen badute, honela ordainduko zaio:

–Eginkizun horietan 15 egun edo gutxiago arituz gero, goragoko kategoriari dagokion soldatarekiko diferentzia, 15 egunekoa, kobratuko du langileak.

–Eginkizun horietan 15 egunetik 30era bitarte arituz gero, 30 eguneko soldata diferentzia ordainduko zaio langileari.

Kontroleko “parte” bat eginen da, goragoko kategoriako lanak egunero erregistratuko dituena.

Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek goragoko kategoriako lanak erregulatuko dituzten arauak aztertzeko eta osatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta maila igoerak ere, hitzarmena bukatu ondoren.

14. artikulua. Aparteko orduak.

Hitzarmen honetan finkatutako lanaldi arruntaren gehieneko iraupenaren gainetik egiten diren lan orduak aparteko ordutzat joko dira.

Hauxe da kategoria bakoitzeko ordu arruntaren eta antzinatasunaren zenbateko unitarioaren gaineko igoera:

–Ordu arruntak: %75.

–22:00etatik 24:00ak arte: %100.

–Jaiegunetako orduak eta gaueko gainerakoak: %150.

Hitzarmena izenpetzen den egunetik hasita, Langileen Estatutuaren 35.5 artikuluan aurreikusitakoa betetzea erabaki da, aparteko orduen jarraipena eginen duen batzordea sortuz, zeinaren eginbeharra izanen baita ordu horien kalifikazioa (ezinbestekoak edo ohikoak) aztertzea, baita zergatiak eta kontratazio baten bidez ordezteko aukerak ere aztertzea.

15. artikulua. Goizeko 6ak baino lehenagoko plusa edo 22ak baino lehenagokoa.

“Goizeko 6ak baino lehenagoko plusa edo 22ak baino lehenagokoa” izenekoa ordainduko zaio instalazioak martxan jartzeko edo fabrikazio prozesuak hasteko lana gauez, 06:00ak baino lehen, edo jaiegunez, 22ak baino lehen, egiten duen langile orori, ordu edo zatiki bakoitzeko.

Plus horren zenbatekoa, lanbide kategoria bakoitzerako, honela kalkulatuko da:

Eguneko soldata (=eguneko oinarrizko soldata + eguneko soldata-osagarria + eguneko antzinatasuna) x %30.

Eguneko orduen batez bestekoa (6,28 ordu 2014an eta 2015ean).

16. artikulua. Gaueko txandaren plusa.

Gaueko txandan, 22:00etatik 06:00ak arte zerbitzuak egiten dituzten langileei, ordu tarte horretan lan egindako gau bakoitzeko, akordio hau sinatzean indarra duen kopurua ordainduko zaie: 29,35 euro, alegia, 2001eko martxoaren 13ko akordioan jasotako moduan. Kopuru hori honela igoko da:

–2014. urtean, kopuru horri Estatuko 2014ko KPI erreala aplikatuko zaio. Dena dela, Estatuko 2014ko KPI erreala negatiboa bada, ez zaio kopuru horri aplikatuko.

–2015. urtean, Estatuko 2015eko KPI errealaren soldata igoera, 2014rako adostutako soldata berrikuspena aplikatu ondoren ateratzen den zenbatekoaren gainean.

Dena dela, Estatuko 2015eko KPI erreala negatiboa bada, ez zaio aplikatuko kontzeptu hori dela-eta hitzarmen hau sinatzen den unean jasotzen den zenbatekoari.

Soldata kontzeptu hori ez da sartuko oporren ordainsarian.

III. KAPITULUA

Lan baldintzak

17. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen honen eraginpeko lanaldi osoko langileek lanordu hauek izanen dituzte 2014an eta 2015ean:

–1.716 lanordu urtean, gehi ogitarterako hamabost minutuko geldialdia lanegun bakoitzean; denbora hori presentzia denboratzat hartuko da eta, beraz, ez da ordainduko.

Produkzioko langileek bi geldialdi izanen dituzte egunean, 10 minutukoak; denbora hori benetako lan denboratzat hartuko da eta, beraz, ordaindua izanen da.

Geldialdi horiek ez dira aurreko lerroaldeetan aipatutako ogitarterako hamabost minutuko geldialdiak bezalakoak.

Lanaldi partzialeko edo lanaldi murriztuko produkzioko langileek ere geldialdi horiek izanen dituzte, baina euren benetako lanaldiaren proportzioan.

Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzeko lan egutegia taxuturik, “egutegia doitzeko ordu-poltsa” bat ezarriko da; horiek hartzeko, opor egunei gehitzen ahalko zaizkie.

Era berean, doikuntzako ordu horiek urte naturalaren barrenean hartu beharko dira; hortaz, urteko abenduaren 31rako hartu ezean, iraungitzat joko dira ondorio guztietarako.

Espresuki ezarri da lanaldi partzialeko edo lanaldi murriztuko lan-kontratudunek ere doikuntzako ordu horiek izanen dituztela, euren lanaldiaren proportzioan.

18. artikulua. Lanaldi irregularra.

Enpresak merkatuaren lehian duen posizioa hobetzeko neurri gisa eta eskaerei hobeki erantzuteko, produkzio ahalmena igotzea helburu izanik, 2014. urtean lanaldiaren %9a modu irregularrean banatu ahal izatea erabaki da, eta 2015. urtean lanaldiaren banaketa irregularra %8 artekoa izan ahal izatea, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Banaketa irregular hori aplikatzeko, egun bat gehituko zaio asteko lanaldiari zerbitzuak emateko: larunbata, alegia, eta lan txanda guztietan.

Ukitutako langileei eta Enpresa Batzordeari eman beharko zaie lanaldi irregular hori ezarri eta erabiltzearen berri 7 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Sistema hori aplikatuz 2014an lan egiten den larunbat bakoitza atseden egun batekin konpentsatuko da, eta sistema hori aplikatuz 2015ean lan egiten den larunbat bakoitza atseden egun batekin eta 20 euroko ordain ekonomikoarekin konpentsatuko da, urte horretan lan egiten den bosgarren larunbatetik aurrerako egun bakoitzeko.

Sistema horretan lan egindako larunbat bakoitzaren konpentsazioa hamabi hilabeteko epean egin beharko da.

19. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek 26 laneguneko oporretarako eskubidea izanen dute urtean, edo urtetik beherako lanaldia izanez gero, dagokion zati proportzionalerako. Horretarako, urtearen abiapuntutzat uztaila hartuko da eta ekainaren 30a bukaeratzat.

Enpresan aplikatzen diren soldata tauletan aurreikusitako sorrarazpen finkoak dira egun horiei dagokien ordainsaria.

Oporrak hartzeko arauak gaur egun lantoki honetan indarra duen sisteman oinarritzen dira.

Oporraldiaren bukaeran inork ez du urtean 1.716 ordu baino gehiago edo gutxiago izanen lan eginak, horiexek adostuta baitaude 2014rako eta 2015erako. Kasu bakoitzean interesdunarekin adosten den moduan konpentsatuko dira gehiegizko edo gutxiegizko aldeak.

20. artikulua. Baimen ordainduak.

Langileak, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio:

1. Enplegatuaren ezkontza: 15 lanegun.

Langileak bere oporren kontura egunak metatzeko eskaera egin dezake, 10 lanegunera bitarte.

2. Emazteak haurra izanez gero: 4 egun natural.

3. Heriotza:

a) Ezkontidea eta seme-alabak: 6 egun natural.

b) Gurasoak edo aita-amaginarrebak: 3 egun natural.

c) Anai-arrebak edo koinatu-koinatak: 2 egun natural.

d) Aiton-amonak edo bilobak: egun natural bat.

Horien heriotza 200 kilometrora edo urrunago gertatzen bada eta horregatik langileak bidaia egin beharra baldin badu, baimen hori bi egun luzatuko da.

4. Eritasun larriaren edo/eta ospitalizazioaren kasuan:

a) Ezkontidea eta seme-alabak: 3 egun natural.

b) Gurasoak edo aita-amaginarrebak: 2 egun natural.

c) Anai-arrebak eta koinatu-koinatak: egun natural bat.

Horien eritasuna edo ospitaleratzea 200 kilometrora edo urrunago gertatzen bada eta horregatik langileak bidaia egin beharra baldin badu, baimen hori bi egun luzatuko da.

Egoera bat “larria” dela kalifikatu ahal izateko irizpide hauei jarraituko zaie:

1.–Sendagileak horrela adieraztea eta ziurtatzea.

2.–Erietxean sartzean horrela dela adieraztea.

Alabaina, ospitalizazio kasuan ematen diren baimen egunak ezin dira ospitalean ematen den denbora baino gehiago izan.

5. Langilearen ezkontidearen edo harekin bizi diren seme-alaben kirurgia handi anbulatorioa: egun natural bat.

Ondorio horietarako, honako hau da ‘’kirurgia handi anbulatorioa’’: gorputz atal bateko anestesia edo anestesia orokorra beharrezkoa den konplexutasun ertaineko prozedura kirurgikoa, zeinean pazienteak, denbora tarte zehaztu gabe baten ondoren, operazioko egun berean etxera itzultzen baitira.

Bi langilek badute subjektu berarengatik baimen ordaindu horretaz baliatzeko eskubidea, bietako batek bakarrik izanen du baimena. Beste kasu batzuk:

6. Beste kasu batzuk:

a) Gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, koinatu-koinaten eta biloben ezkontza: egun natural bat.

b) Ohiko bizilekuz aldatzea, altzariak eraman beharrekoa: egun natural bat.

c) Publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

d) Osasun laguntza izateko behar-beharrezkoa den denbora.

e) Hitzarmen kolektiboa negoziatzen den urteetan batzarretan parte hartzeko: 1,5 ordu.

f) Kudeaketa pertsonaletarako behar den denbora, gehienez ere 20 ordu urtean, kasu hauetan:

1.–Auzitarako zitazioa.

2.–Osasun kontsultara 16 urtetik beherako seme-alabak eramateko premia duten langileak.

Bi ezkontideek lantoki honetan lan egiten badute, horietako edozeinek izanen du baimena.

3.–Gidabaimena ateratzeko azterketa egitera joateko.

4.–Notariotzako zitazioa, beste batzuekin batera.

Ezinbestekoa da baimenaren beharra sortzen duen egoera langilearen lanaldiaren barrenean sortzea.

Enpresako zuzendaritza prest dago sor daitezkeen kasu bereziak aztertzeko, aurreko zerrendan agertu ez arren.

7. Enpresa batzordeko kideek 15 orduko kreditua izanen dute hilean, ordainduak, euren ordezkaritza lanetan erabiltzeko. Hala ere, aukera ematen da batzordeko kideen orduak kide baten edo batzuen esku uzteko, Enpresa Batzordeak hilabete lehenago eskatuta.

Artikulu honetako 2., 3., 4., 5. eta 6. epigrafeetan “ezkontidea” aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

21. artikulua. Bularra ematea.

Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, emakume langileek bularra emateko baimena lanaldi osotan metatzen ahalko dute. Metaketa egunen kopurua kasu bakoitzean dagokiona izanen da, metaketaren konputurako erreferentzia gisa ordu bat hartuz benetako lanegun bakoitzeko, langileak egin beharko lukeena amatasunagatiko kontratuaren bukaeratik haurrak bederatzi hilabete egin bitarte.

22. artikulua. Eszedentziak.

Langileek eskubidea dute hiru urtera arteko eszedentzia hartzeko, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean, behin-behineko egoeran badaude ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, istripu edo eritasun baten ondorioz edo desgaitasunagatik bere kasa moldatzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat –odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa- zaindu behar duten langileek. Gehienez ere hiru urtekoa izanen da.

Hiru urte horietan lanpostua erreserbatua izanen dute.

23. artikulua Lanaldi murriztuko langileak.

Langileen Estatutuaren 37.5 eta 37.6 artikuluaren babesean, lanaldia murriztea eskatzen duten langileek, antolaketa arrazoiak direla-eta, euren lan araubidean segituko dute (txandak), baina lanaldia hasieran edo bukaeran murriztuta.

IV. KAPITULUA

Bestelako baldintza sozioekonomikoak

24. artikulua. Ordainsaria, laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan.

Lan istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan, benetako soldataren eta Ugazaben Mutualitateak erregelamenduz ematen duen kalte-ordainaren arteko diferentzia ordainduko du enpresak, istripuaren lehen egunetik hasita. Onura horiek aldi baterako ezintasun egoeraren gehienezko iraunaldian jasoko dira (gaur egun hemezortzi hilabete), non eta langilea ez den behin-behineko baliaezintasunera igarotzen edo ezintasun iraunkorrerako proposatzen ez duten.

25. artikulua. Ordainsaria, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan.

Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuan, langilearen kategoriari dagokion soldataren (I. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko diferentzia ordainduko du enpresak, laneko bajako lehenbiziko egunetik hasita.

Hobekuntza horretarako baldintza da lantokiko absentismo indizeak, kontzeptu guztietan, ez dezala ehuneko lau eta erdia gainditu (%4,5), baja haratu aurreko hamabi hilabeteetan metatua.

Aipatutako %4,5 hori gainditzen bada, artikulu honetako aldi baterako ezintasun egoeran dauden guztiek enpresaren kargurako osagarria kobratzeari utziko diote, portzentaje hori gainditu dela egiaztatzen den hiletik beretik hasita, harik eta metatutako indizea %4,5etik jaitsi arte, ordutik aurrera hasiko baitira osagarria berriro kobratzen.

%4,5 horren kalkulurako plantilla osoa hartuko da kontuan, salbuespenik gabe.

Enpresak ahalmena du berak izendatutako medikuak azter dezan eria, bai kontsultan bai eriaren etxean, beharrezkotzat jotzen duen aldiro.

Absentismo tasa nabarmen gehitu denez gero, bi alderdiak ohartu dira horren gaineko azterketak, analisiak eta neurri zuzentzaileak hartu beharra dagoela, gehiegikeriak saihesteko.

Alde horretatik, elkarrekin lan egiteko borondatea adierazi dute, eta horretarako gai horretan espezializatuta dauden entitateen laguntza izaten ahal dute.

–Absentismoa kalkulatzeko modua:

Absentismo indizea =

Aparteko orduak x 100

Aurrekontu barreneko orduak

Aurrekontu barreneko orduak = Lan egin beharreko lanegunak x langileak x eguneko ordu kopurua.

Indizea kalkulatzerakoan eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuko orduak bakarrik joko dira “absentismoko ordutzat”, honako hauek salbuetsiz: amatasun bajak, ospitalizazioko egunak eta sei hilabetetik gorako eritasunen eta lanetik kanpoko istripuen bajak, zazpigarren hilabetetik hasita (6 hilabete + egun bat).

Amatasun bajak eta hirurogei egunetik gorakoak (azken horiek 61. egunetik hasita) lehenengo lerroaldean adierazitako %100 kobratuko dute, absentismoaren indizea edozein dela ere.

Osagarri sisteman ondoren zehazten den salbuespena ezarri da, artikulu honetan azaldutako absentismo indizeak baldintzatua:

Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langile batek ez badu baja prozesurik izan aldi baterako ezintasuna hasi aurreko hamabi hilabeteetan, bere kategoriari dagokion soldataren (1. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko diferentzia kobratuko du laneko bajako lehenbiziko egunetik hasita, edozein dela ere une horretako absentismoaren indize orokorra.

Era berean, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langile batek ez badu baja prozesurik izan aldi baterako ezintasuna hasi aurreko bederatzi hilabeteetan, bere kategoriari dagokion soldataren (1. eranskina) eta Gizarte Segurantzak erregelamenduz ematen duen prestazioaren arteko diferentzia kobratuko du laneko bajako lehenbiziko egunetik hasita, baja hasten den hilabetean absentismoaren indize orokorrak %9a gainditzen ez badu.

Langilea bajan egon ez den hamabi edo bederatzi hilabeteen aldiak kalkulatzeko, aurreko baja bukatu zen egunean hasiko da konputua.

Enpresak zorrotz kontrolatuko ditu iruzurrezko bajak, kasu bakoitzean egokitzen diren ondorioekin.

26. artikulua. Eskola laguntza.

Eskolako adinean dauden seme-alaben ikasketak direla-eta langileek izan ohi dituzten kargak arintzearren, 2014rako 36,98 euroko laguntza ezarri da, hilero kobratuko dena, hasi irailean eta ekainera bitarte, biak barne, eskolara joaten den 4 urtetik 16ra arteko seme-alaba bakoitzeko.

2015erako eta hurrengo urteetarako, diru hori aurreko urtean Estatuko benetako KPIaren portzentajea igo den heinean eguneratuko da.

Laguntza hori ikasturte naturala hasten denetik (irailetik) aurrera kobratuko da, baldin eta seme-alabak lau urtetik hamaseira artekoak badira. Hori guztia, eskolatzea egiazkoa bada eta zuzendaritzaren iritziz beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

Bi gurasoek enpresan lan egiten badute, batek bakarrik eskuratuko du laguntza.

27. artikulua. Seme-alaba minusbaliatuentzako edo Down sindromea dutenentzako laguntza.

2014. urterako 94,57 euroko diru-laguntza ezarri da, seme-alabak egoera horretan dituzten langileentzat, familiarako seme-alaba horiek dakartzaten karga ekonomikoak arintzearren.

2015erako eta hurrengo urteetarako, diru hori aurreko urtean Estatuko benetako KPIaren portzentajea igo den heinean eguneratuko da.

Hori dela-eta, minusbaliotasuna dagoela onartuko da erakunde eskudunek horrela aitortu badute.

Laguntza izateko nahitaezkoa izanen da minusbaliatuak lan ordaindurik ez egitea, bere egoeragatik inolako pentsiorik ez jasotzea, eta guztiz edo dohainik erakunde batek bere baitan onartua ez izatea.

Laguntza hori sorraraziko da enpresarentzat inguruabar guztiak egiaztatzen diren unetik aurrera. Bi gurasoek enpresan lan egiten badute, batek bakarrik eskuratuko du laguntza.

Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak hitz eman dute artikulu honetan aurreikusitakotik bazter gera daitezkeen kasuak banan-bana aztertuko dituztela.

28. artikulua. Enpresarekiko fideltasun saria.

Enpresak jarraian aipatzen diren diru-kopuruak ordainduko ditu langilearen behin betiko baja gertatzen den unean, heriotzagatik edo ezintasun iraunkor absolutu eta osoa izateagatik.

–5 eta 10 urte arteko antzinatasuna: lau hilabeteko soldata gordina.

–10 eta 15 urte arteko antzinatasuna: zazpi hilabeteko soldata gordina.

–15 eta 20 urte arteko antzinatasuna: zortzi hilabeteko soldata gordina.

–20 urtetik gorako antzinatasuna: hamar hilabeteko soldata gordina.

65 urtetik aurrera emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

Hilez gero, honako hauek sarirako eskubidea izanen dute ordena baztertzaile honen arabera: ezkontideak, seme-alaba adingabeek edo adin nagusiko minusbaliatuek, langilearen kargura bizi diren gurasoak.

Orobat, enpresak ondoren adierazten diren diru kopuruak ordainduko ditu langileak, erretiroa dela eta, behin betiko baja hartzen duenean enpresan (63 urtetako erretiro aurreratua barne, abuztuaren 1eko 27/2011 Legean xedatua):

–10 eta 15 urte arteko antzinatasuna: bost hilabeteko soldata gordina.

–15 eta 20 urte arteko antzinatasuna: sei hilabeteko soldata gordina.

–20 urtetik gorako antzinatasuna: zortzi hilabeteko soldata gordina.

Arlo honetan indarra duen legerian ezarritakoa aplikatuz, enpresak erabaki du fideltasun sari hori aseguruko bi poliza kolektiboren bidez bideratzea, zeinak hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunean Mapfre Vida aseguru etxearekin izenpetu baitira.

29. artikulua. Aseguruak.

Nahi duten langile guztientzat Bizi Aseguru Kolektibo bat sinatu da, heriotza kasuak edo ezintasun iraunkor absolutuko kasuak estaliko dituena, honela: 3.065 euro heriotzaren edo ezintasun iraunkorraren kasuan (eritasun arruntaren ondoriozkoa) eta 6.130 euro edozein istripu motaren ondoriozko heriotza kasuetan.

Aseguru etxean alta emandako aurreneko hiru hilabeteen kuota langileak ordainduko du. Ordutik aurrera, enpresak ordainduko ditu hurrengo kuotak.

Laneko istripu baten ondorioz baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak izanez gero, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 150. artikuluan ezarritako baremoaren arabera kalte-ordaina izateko eskubiderik baldin bada, enpresak ordainsari bat emanen dio kaltetuari, kasu bakoitzari dagokion egungo legezko baremoa halako bikoa.

Enpresak istripu poliza indarrean mantentzeko konpromisoa hartu du, Esne Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboaren 29. artikuluan eta 1. eranskinean ezarritako moduan.

30. artikulua. Enpresan egindako produktuak erostea.

Lantoki honetako langileek, nahi badute, zilegi dute enpresan egiten diren produktuak erostea, merkatukoak baino baldintza hobeetan.

31. artikulua. Jarduera sozialak.

Enpresako zuzendaritzak hitz eman du langileen prestakuntza hobetzeko edo zabaltzeko langileen ordezkariek egiten dituzten proposamenak aztertuko dituela, eta, orobat, kultura edo lanbide maila jasotzeko bide ematen duten jarduerak.

Hori dela-eta, hitzarmena sinatzen denetik hilabeteko epean enpresa batzordeari emanen zaio “Prestakuntzarako laguntzak” izenekoa esleitzeko zuzendaritzak oinarritzat hartuko duen testua.

32. artikulua. Erretiro partziala.

5/2013 Errege Dekretu Legean xedatutakoari jarraituz, 2013ko martxoaren 27an, aldaketa partzial bat egin zen Fromageries Bel España, S.A. enpresaren 2011tik 2013ra arteko hitzarmen kolektiboan; horren arabera, alderdiek akordio bat egin zuten erretiro partzialaren arloan, eta hitzarmen honen sinatzaileentzat egokia da hura hitzarmen kolektiboaren testuan jasotzea.

Hori dela eta, ondotik ematen da enpresako zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkaritzaren artean 2013ko martxoaren 27an hitzartutako akordioa.

“Martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eta abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2.c.) atalean xedatutakoaren arabera, honakoa erabaki da: enpresan ezarriko den erretiro partzialaren planaren bidez, langileek, 61 urte betetzean, erretiro partziala eskuratzen ahalko dute legez eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte. Erabaki honek 15 pertsonari eragiten die: hala enpresaren hitzarmenean jasotako kategoriak dituztenei, nola eranskinean jasotako lantokiko gainerako kategoriak dituztenei.

Erretiro partziala eskuratzeari dagozkion ondorioak, hura eskuratzeko beharkizunak, baldintzak, betebeharrak eta prestazioak zehazteko arauak martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eta abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2.c.) atalean xedatutakoari jarraikiz legez ezarritakoak izanen dira.

Halere, arau aldaketa edo xedapen baten ondorioz, edo beste edozein arrazoirengatik, enpresak kostu gehigarriren bat bere gain hartu beharko balu, 27/2011 Legearen aurreko araudi aplikagarriarekin bere gain hartu beharko lituzkeenez gainera, akordio hau ondoriorik gabe geldituko litzateke besterik gabe.

Legez eskatutako betebeharrez gain, plantillaren beharrak antolatu eta planifikatzeko arrazoiak tarteko, erretiro partziala eskuratu nahi dutenek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

Erretiroa sei hilabete lehenago eskatzea fabrikazioko espezialisten kasuan, eta urtebete lehenago, gainerako langileen kasuan.

Langileak eskatutako erretiroaren portzentajea legez ezarritako gehiena izanen da.

Lan egin beharreko lanegunaren portzentajea urtero pilatua eginen da, lanegun osoetan, eta zerbitzu ematea hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, lehentasunez oporrak, bajak edo bestelako hutsuneak betetzera bideratuko dira, baita puntako produkzioko aldiak ere.

Aurrekoa gorabehera, aldi berean 10 langiletik gora erretiro partzialaren egoeran badaude, enpresak zerbitzu emateen araubide hori aldatu eta, beharrezkoa bada, une horretan antolakuntza aldetik suertatzen diren beharretara egokitzen ahalko du, ukitutako langileari gutxienez hilabete lehenago abisua emanez.

2013an erretiro partziala eskura dezaketen hiru pertsonen erreleboa prestatu ahal izateko, beharrezkoa da beren eskaera aurretiaz formalizatzea, honela:

–2 hilabete lehenago 2. mailako espezialistaren kasuan.

–6 hilabete lehenago laborategiko 1. mailako espezialistaren kasuan.

–9 hilabete lehenago taldeburuaren kasuan.

Artikulu honetan araututako baldintzen indarraldiak 2019ko urtarrilaren 1era bitarte iraunen du.”

Hitzarmen honen 3. artikuluan arautua gorabehera, artikulu honetan hitzartutako erretiro partzialeko planaren indarraldia 2018ko abenduaren 31 artekoa izanen da.

Eranskin gisa gehitu da martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eta, beraz, erretiro partziala eska dezaketen langileen zerrenda.

33. artikulua. Enpresa Batzordea.

Enpresa Batzordeko kideek enpresak deitutako bilera batera joateko lantokitik atera eta ondoren euren lanpostuetara itzuli behar dutenean, eguneko distantziari dagokion plusa eta eguneko otordua ordainduko zaizkie.

V. KAPITULUA

Beste gai batzuk

34. artikulua. Segurtasun eta osasun arloko jarraipena.

Segurtasun eta Osasun Batzordea eratuko da, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeari jarraikiz jokatuko du (azaroaren 8ko 31/1995 Legea).

35. artikulua. Distantzia.

Lana dela-eta, lantokirako joan-etorriei dagokienez (garraio kolektiboa nahiz distantzia plusa), lantokian erabiltzen den ohiturari eta hura zehazten eta osatzen duten arauei jarraituko zaie (hori guztia 1984ko azaroaren 2ko eta 1995eko urriaren 18ko idazkian bildua).

36. artikulua. Sariak, hutsegiteak eta zehapenak.

Sarien, hutsegiteen eta zehapenen arloan, Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmen Kolektiboan, Langileen Estatutuan eta horiekin bat heldu diren beste xedapen aplikagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

37. artikulua. Lanerako ezintasun osoa.

Laneko istripu baten ondoriozko ezintasun iraunkor osoaren kasuan, enpresako zuzendaritzak hitz eman du langileari beste lanpostu bat, haren gaitasun fisiko edo psikikoei egokitua, eskaintzeko aukera aztertuko duela, eta, egoera hori deklaratzen denetik hasita, emanen dion jarduera mailarekin (egun edo ordu kopurua) eta kontzeptu guztiengatik jasoko duen pentsioarekin edo prestazioarekin istripu egunean jasotzen zuen soldatara iritsiko dela bermatuko dio.

Lanaldi osoa edo partziala izateko aukera enpresaren esku egonen da, bai eta lanaren antolaketa ere.

Hori guztia, horri buruzko egungo araudia mantentzen bada.

Egungo araudia aldatzen bada, edo istripua langilearen erruz, zuhurtziarik gabe jokatzeagatik, gertatu bada, edo langileak aukeratu baldin badu dagokion prestazioa jasotzea oroharreko zenbatekoan, izenpetutako konpromisoak ez du balioko, Zuzendaritzak, dauden aukerak ikusita, kasu bakoitza aztertzea erabaki badezake ere.

38. artikulua. Euskara.

Euskaraz ikasteko matrikulatzen diren langileek 150 euro arteko laguntza jasoko dute urtean. Diru hori ikasturtea bukatutakoan emanen da, eta nahitaezkoa izanen da klaseen %80ra joan izana frogatzen duen ziurtagiria aurkeztea.

Enpresan egiten diren errotulazio berriak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

39. artikulua. Garantia-klausula.

Hitzarmenaren indarraldian ezinbestean bete beharreko legezko xedapenak, gutxieneko baldintzak ezartzen dituztenak, ematen badira, eta horiek orokorrean eta urteko konputuan baloratuta, hitzarmen honetan adostutakoak gainditzen badituzte, xedapenetan ageri bezala aplikatuko dira eta itundutako gainerakoak bere horretan segituko du oso-osorik.

Hitzarmen hau hamasei orrialdetan idatzi da eta eranskin bat du (erretiro partzialeko akordioaren zerrenda).

Iraizotzen, 2014ko ekainaren 5ean.

Enpresa Langileen ordezkariak

Iragarkiaren kodea: F1410322