Iragarkia
161. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko martxoaren 7koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Villatuertako Akzo Nobel Pulp And Perfomance Chemicals, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Villatuertako Akzo Nobel Pulp And Perfomance Chemicals, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100592012014) aztertu da, erregistro honetan 2014ko urtarrilaren 28an sartu zena, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko abenduaren 23an izenpetu eta 2014ko martxoaren 6an zuzenduta, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko martxoaren 7an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
AKZO NOBEL PULP AND PERFOMANCE CHEMICALS S.A. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Alderdiak zehaztea.
Hitzarmen kolektibo honen sinatzaileak honako hauek dira: Akzo Nobel Pulp and Performance Chemicals S.A. enpresa, ugazaben aldetik, eta langileen ordezkaria, langileen aldetik.
2. artikulua. Langile eremua, eremu funtzionala eta iraunaldia.
Eremu funtzionala eta langile eremua.
1. Hitzarmen honek enpresari atxikitako langile guztiengan du eragina.
2. Betiere, goi zuzendaritzako kideak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 2.1.a) artikuluan aipatzen direnak, hitzarmen honen aplikazio eremutik kanpo daude.
Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honek bi urte iraunen du, eta haren iraunaldia 2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
3. artikulua. Hitzarmena salatzeko modua eta baldintzak.
Hitzarmena automatikoki salatuko dute negoziazio batzordeko alderdiek 2014ko urriaren 31n; ordutik hilabeteko epean, negoziazio mahai berria eratu beharko da, hurrengo hitzarmenerako negoziazioak hasteko.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
4. artikulua. Hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak ez betetzea (ez aplikatzea).
Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau ez aplikatzeari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraren bidez, eta mugaeguna iritsi aurretik negoziatzen saiatu beharko du, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekotza prozesuen menpe jarriko direla beti. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi alderdien arteko akordioa badago.
5. artikulua. Batzorde paritarioa.
Batzorde paritario bat eratu da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua; gehienez ere kide bat izanen da langileen aldetik, eta kide bat enpresen aldetik.
Batzordearen bi aldeetako edozeinek eskatzen ahal du batzordea biltzeko, eta, halakoetan, 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez.
Orobat, batzordeak ebazpena 7 eguneko epean emanen du gehienez, bilera egiten den egunetik hasita.
Eskumen hauek izanen ditu:
A) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
B) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.
Batzorde paritarioa bilduko da ordezkariren batek, dagozkion eskumenak erabiliz, biltzeko eskatzen duen bakoitzean.
Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak eta, orobat, enpresaren ordezkaritzak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.
Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, batzordeari aurretik abisatzen badio.
Batzorde paritarioaren akordioek baliozkotasuna izateko, ordezkaritzaren bi aldeek berretsi behar dituzte.
Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkura-egunetan baimen ordaindua izateko, eta eginkizun horiek betetzearen ondorioz sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.
6. artikulua. Balioaniztasuna.
Lan prestazioa ituntzean langileak eta enpresaburuak balioaniztasun funtzionala edo talde baten baino gehiagoren berezko erantzukizunak betetzea adosten badute, eginkizun nagusien arabera zehaztuko da soldata, hau da, maila altuagoa duten eginkizunen arabera, ez denbora gehienean betetzen diren eginkizunen arabera. Balioaniztasuna denbora jakin baterako ezartzen bada, jardueraren osagarri baten bidez likidatzen ahalko da taldeen arteko soldaten aldea, eta ezarritako denbora horretan kobratuko da.
7. artikulua. Lanaldia-Malgutasuna.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, erabaki da lanaldiaren %100 modu erregularrean banatuko dela. Hortaz, ez da posible modu irregularrean banatzea, hitzarmen honetan berariaz xedatutakotik aparte.
Artikulu honetan ezarritakoa gorabehera, enpresaren malgutasun beharrak orain arte bezala beteko dira, betiere langileekin eta langileen ordezkariarekin adostuta.
8. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratua: aparteko orduak.
Produkzio arloa:
Aparteko orduak ohiz kanpoko egoera hauetan eginen dira bakar-bakarrik:
–Ezinbesteko kasuak: ezbeharrei eta ohiz kanpoko beste kalte batzuei aurrea hartzeko edo horrelakoak konpontzeko.
–Soberako lana egiteko langileak kontratatzea ezinezkoa denean.
–Segurtasunaren, higienearen eta ingurumenaren babesaren gaineko nahitaezko prestakuntza jarduerak lan orduetan egiten direnean, eta, horren ondorioz, lan txandak aldatzea ezinezkoa denean.
Nolanahi ere, langileen ordezkariek onartu beharko dute egoera horietakoren bat gertatu dela, ezinbesteko kasuetan a posteriori bada ere. Ordu horiek noizbehinkakoak direnean, aparteko orduak ordaintzeko itundutakoari jarraikiz ordainduko dira, eta, gertakari zehatz batzuen ondorioz egiten badira, kasuan-kasuan erabakiko da konpentsazioa.
I. eranskinean finkatzen dira gaur egungo balioak; hala ere, zilegi izanen da balio horiek aldatzea hitzarmen honetatik aparte.
Merkataritza arloa:
Alderantzizko malgutasunak ez dio eragiten, izan ere, lanaldiaren administrazio pertsonalaren ituna du enpresarekin. Asteburuetan egiten diren orduak aparteko ordu gisara zenbatuko dira, arduradunak aurretik baimenduz gero.
Administrazio arloa:
Ohiko lanalditik kanporako egunen edo ordutegiren batean lan egin beharra suertatzen bada, enpresak hitz eman du ukitutako pertsonekin konpentsazio akordio batera iritsiko dela lehenago.
9. artikulua. Bizitza pertsonala eta lana bateratzea: lanaldi murrizketa legezko zaintzagatik.
Langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzia gisa.
10. artikulua. Oporrak aldi baterako ezintasun egoera bitartean.
Oporraldia bitartean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta, horren ondorioz, langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, ezintasun egoera bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere. Eskubidez zenbat opor egun dagozkion Langileen Estatutuaren 38.1 artikuluan ezarrita dago.
11. artikulua. Kaleratzeak.
Unean-unean indarra duen legedia aplikatuko da. Kaleratze kolektiboen kasuan, indarreko legedian ezarritako baliabideez gainera, hilabete bateko negoziazioaldia itundu da. Epe horretan negoziazio mahai bat irekiko da enpresaren eta langileen artean kaleratzearen balizko alternatibak aztertzeko.
12. artikulua. Soldata igoerak.
Egungo hitzarmen indardunean ezarrita daudenak. Hala ere, hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko igoerak hobetzea edo aurreratzea eskatzen da, taldea ongi ibili baita, 2013ko urtarrileko informazio-oharraren arabera.
2013ko apirilaren 1etik aurrera soldatak %1,5eko igotzea ituntzen da. Horrenbestez, hauek izanen dira oinarrizko soldata gordinak:
4. taldea: 27.400 euro
5. taldea: 30.750 euro.
Klausula hau 2014ko urtarrilean berrikusiko da.
Antzinatasun saria ez da kontuan hartzen, ezta txandakatze plusa ere.
Langile berriei prestakuntzarako soldata ordaintzea hitzartu da: dagokion taldeko soldataren %80 lehenengo sei hilabeteetan, eta %90 hurrengo sei hilabeteetan. Hortaz, urte bat igaro ondoren, taldeko soldataren %100 kobratuko dute.
Banakako akordioetan ezarritakoa errespetatuko da.
Antzinatasuna irizpide hauei jarraikiz ordainduko da:
ALDI BAKOITZAREN BALIOA | METATUTAKO BALIOA | |
1. hirurtekoa | 6,84 | 6,84 |
2. hirurtekoa | 6,84 | 13,68 |
1. bosturtekoa | 13,68 | 27,36 |
2. bosturtekoa | 13,68 | 41,04 |
3. bosturtekoa | 13,68 | 54,72 |
4. bosturtekoa | 13,68 | 68,40 |
5. bosturtekoa | 13,68 | 82,08 |
Soldatak igotzen direnean antzinatasunari dagokion zatia oinarrizko soldataren igoera gisa sartzen da (igoera handituz), baina balio horiek aldatu gabe utziko dira (Kimiken hitzarmenean ezarrita dago antzinatasuna ez dela igoko).
13. artikulua. Gehieneko lanaldia.
Egungo hitzarmenean ezarrita dagoena.
14. artikulua. Lanaldiaren kudeaketa pertsonala.
Artikulu hau salmentetako langileei aplikatuko zaie, eta, orobat, Bartzelonako edo Lizarrako zentroetatik kanpo lan egiten duten edo lan egin dezaketen langileei. Oinarrizko printzipioa zera da: “langilea bere lanaldia kudeatzeko arduraduna da”. Zehazkiago:
–Kudeaketa lanetan eta joan-etorrietan erabilitako denbora lanaldiaren barrenean dagoela ulertzen da.
–Normalean, lanaldia luzatzen baldin bada, soberako orduak konpentsatzeko antzeko ordu kopuru bat hartuko du langileak. Hori ez dio nagusiari jakinarazi beharko.
–Lan jakin bat asteburuan edo jaiegun batean egin behar baldin bada, departamentuko buruak edo, hura ez badago, ondo-ondoko buruak baimendu ondoren, erabilitako denbora hori aparteko ordutzat hartuko da, eta ohiko prozedura erabiliko da haiek kalkulatzeko, kobratzeko edo trukean atseden-orduak hartzeko.
–Ostiraletan edo jai bezperetan, bezero baten etxean egindako lana luzatzen bada, eta ohiko helbidera itzultzeko berandu egiten bada, bezeroaren herrian lo egin beharko da. Jaiegunetan etxera itzultzeko erabiltzen diren orduak aparteko ordutzat hartuko dira.
15. artikulua. Aldi baterako ezintasuna, edozein dela ere kontingentzia.
Aldi baterako ezintasun egoeretan, kontingentzia edozein delarik ere (eritasun arrunta, lanekoa ez den istripua, laneko eritasuna edo laneko istripua), langilea lanean balego kobratuko lituzkeen ordainsari guztien %100 ordainduko du enpresak lehenengo egunetik hasi eta kontingentzia bukatu arte, absentismoa eta bajaren arrazoia zeinahi delarik ere.
16. artikulua. Lan egutegia eta urteko oporrak.
Lan egutegia eta urteko oporrak azken urteotan erabili den prozedurari jarraikiz prestatuko dira. Departamentu bereko bi langilek oporrak aldi berean hartu nahi badituzte, eta akordiorik ez badago, zozketa bat eginen da.
17. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Enpresan aplikatuko diren lizentzia ordainduak Industria Kimikoaren XV. hitzarmenaren 48. artikuluan ezarritakoak izanen dira. (II. eranskina).
18. artikulua. Hitzarmenaren gainerako gaiak.
Hitzarmenaren gainerako gaiei dagokienez, Industria Kimikoaren XVII. hitzarmen sektorialean eta aplikagarri diren gainerako legezko arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Villatuertan, 2103ko abenduaren 23an.–Langileen ordezkariak, Ion Rodríguez, Javier Campos; enpresaren ordezkariak, Pedro A. Sánchez-Montaña, Aníbal Cermeño, Albert Cella.
I. ERANSKINA
Aparteko orduaren balioa
KONTZEPTUA | ORDU ARRUNTA | APARTEKO ORDUA GAUETAN | APARTEKO ORDUA |
2013ko igoera: = %1,5 | 19,52 | 26,01 | 32,54 |
Apartekoa/arrunta erlazioa | 1,23 | 1,64 | 2,05 |
4. taldeko ordu arrunta | 15,64 (txandakatze eta antzinatasun plusik gabe) | ||
Lanaldi osoa asteburuko egun batean: 275 euro. | |||
Asteburuko beharra ordu bakar batzuetakoa baldin bada, ordainduko den gutxieneko balioa bi ordukoa izanen da, lanean denbora gutxiago egoten bada ere.
II. ERANSKINA
Lizentziak eta eszedentziak
Lizentziak.
Langileak, ahalik eta lehenen abisatuta, lana huts egin dezake, ordainsaria jasotzeko eskubidearekin, arrazoi hauengatik eta bertan adierazten den denborarako:
1. Ezkontzagatik, hamabost egun natural.
2. Seme-alaben jaiotzagatik: bi egun; horietako bat erregistratzeko egun baliodun batean hartuko da nahitaez. Baimena lau egunera luzatzen ahalko da kirurgia (zesarea) edo sendagileak diagnostikatutako eritasun bat dagoenean, hala nola langileak horretarako bidaia bat egin behar duenean. Azkeneko kasu horretan irizpide hau erabiliko da lizentzia handitzeko: 100 km-tik 200 km bitarteko distantzia, egun bat gehiago. 200 km-tik gorako distantzia bada, 2 egun gehiago, hori guztia kontrako ebazpen judizialik ez badago edo enpresarekiko ituna, kontuan hartuta herriaren eta ospitalearen kokapen espezifikoa.
3. Bigarren gradurainoko odol- edo ezkontza-ahaideen ospitalizazioagatik, atsedenaldia behar duen ospitalizaziorik gabeko kirurgiagatik, sendagileak diagnostikatutako eritasun larriagatik edo istripuagatik, edo heriotzagatik; bi egun natural; baimen hori lau egunera arte luzatzen ahalko da kasu horietan bidaia egin beharra dagoenean, distantziei eta lizentzia luzatzeari buruz aurreko atalean ezarritako arauak aplikatuta.
4. Langilearen nahiz haren ezkontidearen seme-alaba, guraso nahiz anai-arreben ezkontzagatik: egun bat, ezkontzaren eguna bera.
5. Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.
6. Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko, boto ematekoa barne. Aldi jakin bat lege edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenaz eta ordain ekonomikoaz arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.
7. Langileak ikasketa edo lanbide titulu bat lortzeko ikasketa arauak egiten baldin baditu, behar-beharrezkoa den denbora azterketetara joateko.
8. Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.
9. Langilearen kargu dagoen lehen graduko ahaideari medikuaren kontsultara laguntzeko behar-beharrezkoa den denbora, kontsultategiko ordutegia eta lanaldia batera gertatzen baldin badira.
10. Semea edo alaba espero baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko.
Behar bezala frogatutako kasu berezietan, aurreko atalaren 1etik 3ra bitarteko zenbakietan aurreikusitako lizentziak behar den denboraz emanen dira; haiek emateko baldintzak adosten ahalko dira, baita ordainsariak kobratzea edo ez kobratzea ere.
Langileen ordezkariekin akordioa lortu ezean, artikulu honetan adierazitako lizentziengatik ordainduko dena kalkulatzeko, langileek ohiko lanaldian eta jarduera normalean jasotzen dituzten ordainsari-kontzeptu finko guztiak hartuko dira aintzat, alde batera utzita, bakar-bakarrik, osagarri aldakorrak eta/edo benetan egiten den lanari dagozkionak.
Odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideen ospitalizazioagatiko lizentzia kasuetan (hirugarren atala), honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Ospitalizaziotzat hartuko da, bakar-bakarrik, ospitale-zentro batean 24 orduz edo gehiagoz egiten diren egonaldiak, ingresu-agiria izanik.
b) Ahaideren bat larrialdietara joatea edo hartan laguntza jasotzea ez da ospitalizaziotzat hartuko, salbu eta egonaldia 24 ordutik gorakoa baldin bada. Hortaz, artikulu honen 3. atalean adierazitako ospitalizazioagatiko lizentziarako eskubidea kasu horretan bakarrik sortuko da.
c) Lizentzia hartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da langilearen ahaidea ospitalean ingresatu izanaren agiria aurkeztea, han egon dela justifikatzen duena.
d) Ospitalizazio kasuak ukitutako ahaidearen ospitalizazio bakoitzari dagozkio, haietako bakoitzaren zergatiak berdinak izan edo desberdinak.
Artikulu honetan jasotako lizentzia kasu guztietan lizentziaren hasiera-eguna gertaera eragilearen egun bera izanen da, salbu eta ospitalizazioen kasuetan, izan ere, kasu horietan lizentzia gero ere hartzen ahalko da, baina betiere gertaera eragilea, hau da, bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidearen ospitalizazioa, ez bada bukatu. Kasu horretan, langileak erabakiko du nola hartu lizentzia, egun jarraietan edo ez, betiere behar den denborarekin abisatuta.
Langilearen kargura dagoen lehen mailako ahaide bati medikutara laguntzeko lizentzia hartzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Ezkontidea laguntzeko, atal honetan aipatzen diren gainerako baldintzak bete beharko dira.
b) Laguntza horren ondorioetarako, ezkontidea edo lehen mailako ahaidea langilearen “kargura” dagoela ondorioztatuko da baldin eta laguntza horren benetako beharra baldin badu, adinagatik, edo istripu edo eritasun bategatik gauza ez badira beren kasa joateko, edo medikutara bakarrik joateko gauza ez badira.
c) Pazienteak langilearen helbide berean bizi beharko du, edo antzeko egoera bat eskatuko da, erakusteko pazienteak langilearekiko mendekotasun handia duela eguneroko bizitzan, konparazio batera, etxean edo zahar etxe batean bizi diren guraso zaharrak izatea.
d) Ezkontidea edo ahaidea medikutara eramateko langileak joan-etorri bat egin behar baldin badu aurreko 2. atalean adierazita dagoen bezala, ez da ondorioztatuko ahaidea langilearen kargura dagoenik.
e) Laguntza behar duela frogatu beharko da, lagundu aurretik edo ondotik, eta, horretarako, fakultatiboaren egiaztagiria edo agiri ofiziala aurkeztu beharko da, eta bertan frogatu ahaidearen egoera dela-kausa ezinezkoa duela kontsultara laguntzarik gabe joatea aipatzen diren arrazoiengatik.
f) Adinari dagokionez, mendekotasuna eta, beraz, laguntza beharra dagoela ulertuko da legez adinez nagusia izan bitarte, hau da, 18 urte bete arte.
Lizentziaren gertaera eragilea beste herrialde batean gertatzen denean, 6 egun emanen dira (horietatik 4 ordainduak eta beste 2 soldatarik gabeko lizentzia izanen dira). Soldatarik gabeko lizentzia-egun horiek luzatzen ahalko dira, enpresa eta langilea ados jarriz gero, baldin eta xedeko herrialdearen kokapenagatik eta eskura dauden garraioengatik beharrezkoa bada.
Artikulu honetako kasu guztietan lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea aitortuko zaie bai ohiko senar-emazteei, bai edozein eremu geografikotan sortu diren edo sortzen ahal diren erregistro publikoetan legez erregistratutako izatezko bikoteei, bai, halako erregistrorik izan ezean, batera emandako notario-eskritura publiko baten bidez egiaztatzen diren bikoteei. Lizentzia hartzeko ezarri diren eskakizunak betetzen direla modu fede-emailean frogatu beharko da enpresaren aurrean.
Artikulu honen 1. atalean aipatutako lizentzia kasuetan, langileak idatzizko eskabidea aurkeztu beharko dio enpresari, eta, horrekin batera, bere egoera justifikatzeko agiriak, batasun egonkorra inskribatzen denetik hilabeteko epean gehienez. Bestela, langilearen eskubidea preskribatuko da.
Iragarkiaren kodea: F1410321
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
