2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARMAÑANTZAS
Armañantzasko udal hilerriaren erabilera eta hartan zerbitzu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Armañantzasko Udalak, 2013ko urriaren 31ko osoko bilkuran, legeak eskatzen duen gehiengoaz, erabaki zuen hasiera batean onestea Armañantzasko udal hilerriaren erabilera eta hartan zerbitzu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.
Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2013ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, azaroaren 11n. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.
Armañantzasen, 2013ko abenduaren 17an.–Alkatea, Francisco Javier Oyón Sanz.
ARMAÑANTZASKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Hilerriaren erabilera
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarrien 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Armañantzasko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:
–Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.
–Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
–Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
–Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari eta, gainera, ordenantza honetan xedatua aplikatzeko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu.
Dagokion kontratazio prozedura irekita, Udalak, komenigarri iritziz gero, ordenantza honetan jasotako udal lan eta egitekoak beste baten esku uzten ahalko ditu.
4. artikulua. Zein den udalerriko biztanleriaren zentsua, horren araberako hilobi edo horma-hilobi hutsen kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai. Alkatetzak ezartzen duen moduan banatuko dira hilobiak eta horma-hilobiak, haren esku baitago hilerriaren zuzendaritza eta administrazioa.
5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiek hilobia izanen dute, legezko izapideak bete badira, eta ordenantza honen eranskinean agertzen diren tasak ordaindu beharko dira zerbitzuak erabiltzeagatik.
6. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuen udal tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lursailak. Leku gutxi izateagatik premiarik izanez gero, banakako hilobietako hilotzak jasotzerik izanen da.
7. artikulua. Oro har, ezin izanen da hilotzik atera ehortzi zenetik bost urte iragan ez badira, agindu judizial baten ondorioz ez bada edo Hileta Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen 297/2001 Foru Dekretuaren 49.2 artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.
Hala ere, pertsona zendu baten ezkontide edo 2. mailako ahaide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, zenduarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.
8. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.
9. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udaleko arduradunei, lana gainbegira dezaten.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.
10. artikulua. Ehorzketa eskubideak berarekin dakarrena hilerriko hilobiaren erabilera besterik ez da, eta horren jabaria Udalarena da soilik.
11. artikulua. Ezin izanen da obrarik edo lanik egin Udalaren baimenik gabe. Obra eta instalazio horiek, baita hilobietan egiten diren eraberritze, zaharberritze edo ordezte lan guztiak ere, partikularrek ordainduko dituzte beti.
Hilerrian egindako jarduketak direla-eta sortzen diren beste gorabehera guztietan, hilerriaren ardura duten langileek eta Alkatetzak aginduko dute nola jokatu.
12. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.
Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Alkatetzak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.
Epe hori amaitutakoan, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu, eta sortzen den kargua interesdunei pasatuko die.
13. artikulua. Hilobiak, horma-hilobiak edo hilerrian dagoen beste edozein eraikuntza merkataritzatik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ez dira salerosten ahal, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere.
14. artikulua. Udalak eremu bat finkatuko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxak etab.).
Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere amai daitezke:
1. Hilerria kentzeagatik.
2. Interes publikoagatik.
3. Ehorzketa gehiago egiteko, hilobiak behar direlako.
16. artikulua Ordenantza hau baino lehenagoko ehorzketa eskubideak bere hartan utzi eta tokiko ohiturak errespetatuko dira; halakorik ez badago, ordenantza honek arautuko ditu.
BIGARREN KAPITULUA
Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik
17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:
1. Ehorzketak.
2. Hilotzak hobitik ateratzea.
3. Horma-hilobiak edo panteoiak.
4. Beste edozein ehorzketa zerbitzu.
18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.
19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
20. artikulua. 17. artikuluan aipatzen diren zerbitzuen tasak jarduketa edo espedientea abiatzen duen eskaera aurkeztutakoan sorraraziko dira, eta ez da eginen edo tramitatuko haiek ordaindu arte, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Bigarrena.–Ordenantza honek zerbait aurreikusten ez badu, ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea aplikatuko dira, baita aplikagarri diren gainontzeko legezko zein arauzko xedapenak ere.
Hirugarrena.–Udalak badu ahalmena ordenantza honetan aipatu gabeko gorabeherak interpretatzeko; alabaina, aurreikusitakoan edozein aldaketa egiteko, behin betiko onesteko jarraitu beharreko tramite berak bete beharko dira.
TASEN ERANSKINA
Armañantzasko Udalak egiten dituen ehorzketa zerbitzu guztietan, zerbitzuak egiteko ardura duen enpresak emandako fakturaren kostua izanen da tasaren zenbatekoa, eta urtero eguneratuko da.
Tasak horiek urtero igoko dira, Udalak jasotzen duen fakturazioa igotzen den portzentaje berean.
Iragarkiaren kodea: L1317806