16. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

538E/2013 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, zenbait baldintzarekin, Zubietako ur hornidura proiektuari. Sustatzailea Iturburuaren Erabiltzaileen Elkartea da.

2013ko maiatzaren 20an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2013ko abuztuaren 19an, sustatzaileak Ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu zuen, 2013ko maiatzaren 31ko errekerimenduari erantzunez.

Proiektatutako jarduketaren xedea da 4/810 lurzatiko iturburu batetik ura hartzea eta 4/833, 4/141 eta 4/62 lurzatietara banatzea. Hoditerien trazadurak 4/810 eta 4/824 lurzatiak gurutzatuko ditu, tokiko bide bateraino; han, lurpean segituko du 4/833 lurzatia arte. Lurzati horretan 3.000 litroko biltontzi bat jarriko da, buiarekin, soroak ureztatzeko eta aziendak edateko. Handik 4/141 lurzatiraino joanen da, eta han antzeko beste biltontzi bat jarriko da. Lurzati horretan barna joan eta zementuzko bide publiko bat gurutzatuko du, eta, azkenik, 4/62 lurzatira iritsiko da, eta han baratze bat ureztatuko du. Hoditeria 450 metro luze izanen da, eta Ø32-ko polietilenozko hodiak erabiliko dira.

Zangaren sekzioa hain txikia denez (0,25 × 0,40 m) eta hoditeria batez ere bide eta soroen azpitik doanez, salbu lehenbiziko tartean, non sasiak ukitzen baititu, ez da aurreikusi landaredian ukipen nabarmenik egitea. Halaber, ez da aurreikusten erauzketaren ondorioz lur soberakinak sortzea, zeren lur hori zangak berriz ere betetzeko erabiliko baita. Beraz, natur inguruneari oso ukipen txikiak eginen zaizkio.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2013ko abenduaren 16an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Zubietako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Horri dagokionez, espedientean aldeko txostena jaso da, 2013ko irailaren 20koa, proiektuaren hirigintzako bateragarritasunari dagokionez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Zubietako ur hornidura proiektuari. Sustatzailea Iturburuaren Erabiltzaileen Elkartea da.

2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–810. eta 824. lurzatietan barna doan zanga-tartea eskuz eginen da, eta landaredi naturala ukitu gabe.

–Egungo hormigoizko zorua kentzetik sortutako hondakinak hondakindegi baimendu batera eraman beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Udalak zainduko du udal-eskumeneko determinazioak bete daitezela, eta, ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako egoera behatuko dira, paisaiako inpaktua murrizteko.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturari lotutako elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Kantauriko Ur Konfederazioaren 2013ko martxoaren 21eko Ebazpeneko proposameneko determinazioak beteko dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zubietako Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abenduaren 29an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1318242