16. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

516E/2013 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Berako Udal Plana 4. eta 5. sektoreetan aldatzeko Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egiten duena. Sustatzailea Berako Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak eta funtsezkotzat jotzen diren aldaketak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plana onestearekin batera edo lehenago.

Berako Udal Planeko 4. eta 5. sektoreetako aldaketa hau (2012ko abendua) herrigunearen ekialdean dauden lurrei dagokie, Bidasoa ibaiaren ondoan, Geltoki karrikatik ibaiaren iparraldeko bihurguneraino, Zia errekaren bokalea zeharkatuta.

Aldaketak funtsezko xedea du ibai-korridorearen eremuaren barreneko esparruari dagokion gune guztia lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea, babestuaren kategorian eta arriskuei aurrea hartzeko lurzoruaren azpikategorian. Bertan debekatuta egonen da etxebizitza berriak egitea eta, oro har, edozein eraikuntza-erabilera, uholde lurrekin bateragarriak ez diren esposizio eta urrakortasun handiak baditu. Modu berean, ez da zilegi topografian aldaketak egitea, gaur egungo ibai dinamika nahasten badute. Zilegi dira ingurunearen naturaltasunarekin bateragarriak diren erabilerak, ez bada eraikinik egin behar, hala nola, ibai ondoko pasealekuak, baratzeak eta abar.

Horrek 31.366,98 m²-ko azalera ukitzen du, lehenago hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatua zegoena. Eremu horretan, ibai ondoko pasealekua egin gogo da, ibai sistema orokorrak mugatzen duela. Lur bat, 6.107 m²-koa, mugatu da, bertan bide bat egiteko oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Lurzati pribatuak zeharkatzen dituen bide horren zatia eskuratzeko, desjabetu eginen da.

Planaren aldaketaren ondoko Bidasoa ibaiaren tartea Natura 2000 Sarean sartua dago "Bidasoa ibaia" Batasunaren Intereseko Leku gisa (BIL ES2200014).

Bada Uraren Zerbitzuaren 2013ko urriaren 1eko txostena, Bidasoa ibaiaren 4. eta 5. sektoreetako uholde gune eguneratuak eta Lurraldearen Antolamenduko Planetan definitutako arrisku eremuak zehazten dituena.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Berako Udal Planeko 4. eta 5. sektoreetako aldaketaren alde, Udala bera sustatzaile izanik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau hurrengo determinazioak betez gero emanen da:

a) Uraren Zerbitzuaren 2013ko urriaren 1eko txostena hartu beharko da kontuan.

b) Ibai ondoko oinezkoen eta txirrindularien bidea garatzen duen proiektua, ibai sistema orokorrean aurreikusita baitago, Ingurumen ukipenetarako baimen gisa tramitatu beharko da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P letraren arabera. Honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

–Gaur egun ur bazterreko profil naturala mantentzen den tokietan (hau da, horma edo harri-lubetarik gabe), proiektuak landaredia eta lurzoru emankorra kontserbatu beharko ditu. Horregatik, tarte horietan ibilgailuentzako zabalera 3 metroz azpikoa izanen da, eta bidea ibilgutik urrutien den aldean kokatuko da, ibilgutik 10 m-ra gutxienez ere, ura behean dela, Bidasoa ibaiaren kasuan, eta 5 m-ra gutxienez Zia errekaren kasuan.

–Diseinatuko diren landaketak bertako ur bazterreko zuhaitz eta zuhaixkak izanen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Berako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abenduaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1400281