16. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

515E/2013 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Cabanillasko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Cabanillasko Udalak sustatu du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Cabanillasko Lurraldea Okupatzeko Estrategiari eta Ereduari buruz eta aurrerapeni buruz 2010eko urriaren 22an eta 2011ko martxoaren 2an egindako txostenekin hasi zen Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura. Bi txosten horietan zehazten da zer aztertu beharko litzatekeen Hirigintzako Planean, landa lurzorua sailkatzeari eta antolatzeari dagokionez, bizitegitarako, industriarako, eta nekazaritzarako garapenaren proposamenak justifikatzeari dagokionez, eta proposamenen ingurumeneko ebaluazioan aplikatu beharreko irizpideei dagokienez.

2012ko maiatzaren 28ko askitasun txostenaren ondoren, Hirigintzako Udal Plana 2013ko ekainaren 4ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen, eta jendaurrean jarri iragarkia paratuz 2013ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 12koan. Jendaurreko epe horretan ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Cabanillasko Udal Planean jasotako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 3.410 hektarea. Udalerrian bi enklabe daude, gainerakotik bereiz: Campoviejo, Fustiñanarekin eta Ribaforadarekin mugakidea, eta Sotoaislado, Ebroko eskuineko ertzean.

Hirigintzako Planak funtsezko aldaketak ekarri ditu hasiera batean aurreikusitako Lurraldea Antolatzeko Estrategiaren eta Ereduaren aldean, eta bizitegitarako eta industriarako tamaina txikiagoko garapenak proposatzen ditu, lotura bat sortuz hirigunearen eta industrialdearen artean, lurraldea garatzeko ereduaren lurzoru babesgarri gisa. Hasieran sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarri gisa proposatu zen. Planak, "Cabanillasko hiri garapenerako gidak" izeneko epigrafean, irizpideak eta determinazioak biltzen ditu, herriaren hirigintzako eboluzioan aplikatu beharrekoak, Hirigintzako Plan hori gainditutakoan.

Egungo industrialdea Fondigones bideraino zabaltzen da iparraldean, eta Olmo erreka-zuloraino, berriz mendebaldean. Abeltzaintzako eremuari dagokionez (4. sektorea), egungo erabilerarekin eta ezaugarriekin finkatzen da abeltzaintzako instalazioetarako hiri lurzoru gisa, eta hegoalderantz zabaltzen du biltegirako eta/edo zerbitzuetarako eremu bat. Presal erreka-zuloa eremu horretako berdegunera gehitzen da, eta bizitegitarako eremuaren eta abeltzaintzakoaren arteko muga izanen da.

Aurreikusitako azpiegiturei dagokienez, eremu bat gordetzen da hirigunetik iparraldera, behar izatera, Cabanillasko saihesbide posiblearen moduan erabiltzeko. Hari jarraipena emateko, beharrezkoa da Fustiñanako udalerriarekin koordinatzea.

Landa lurzoruari dagokionez, Hirigintzako Planaren helburuak honako hauek dira: baso lurzoruak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, ur baliabideak eta bestelako baliabide naturalak, haien balio ekologikoak, kulturalak eta jolaserako erabiltzeko aukerak zaindu eta hobetzea. Horretarako, araudi xehakatua ezarriko da, lurraldeko unitate bakoitzerako erabilerarik eta jarduerarik egokienak ekarriko dituena.

Alde horretatik, ingurumen ondorioen azterlanean zehaztutako lurraldearen diagnostikoak eta azterketak ezartzen dute lurzoruaren erabilerak, dagoeneko babesturik dauden espazioak eta elementuak eta urpean gelditzeko arriskuak direla lurzoru urbanizaezinaren araubidea eta sailkapena definitzeko oinarriak.

Cabanillasko udalerria geomorfologiaren aldetik argi bereizten diren bi unitatetan banatzen da: mendia eta Ebro ibaiko ibarra eta terrazak. Horiek baliabideen ustiapen tradizionala eta, azken batean, herriaren nekazaritza izaera baldintzatu dituzte, alde batetik lehorreko lurrak baitaude eta bestetik ureztalurrak.

Hegoalderantz, Ebroko terrazek eta alubioi ordokiak osatzen dute ureztalur intentsiboko paisaia, Ebro ibaiaren eta aldian aldiko uholdeen eraginen menpe dagoena. Iparralderantz, mendia, mailakaturiko egitura lauak dituena, non muinoak eta errak-zuloak tartekaturik baitaude, Bardearen muga markatuz. Eremu horretan, lurraren produktibitateak baldintzaturik, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera estentsiboak ezarri dira, eta bertan daude, mazeletan eta bazterretan zokoratuak, landareriaren hondar bakunak, hala nola, larreak, sastrakak eta Aleppo pinuarekin egindako basoberritzeak. Haiek kontserbatzeko helburuari lotuta, landare geruza mantendu gogo da higadura moteltzeko, habitatak eta intereseko espezieak (estepako hegaztiak, esaterako) mantendu eta zaindu gogo dira eta paisaia sortu gogo da.

Bi unitateetan honako hauek nabarmentzen dira haien interes ekologikoa dela-eta, eremu babestuak diren aldetik, eta hala jasotzen du Udal Planak haien ingurumeneko balioagatik: "Errege Bardea" Batasunaren Intereseko Lekua (ES2200037) eta "Ebro ibaia" BILa (ES2200040), biak Natura 2000 Sarean sartuak. Ebro ibaia da lurraldea konektatzeko ardatza, baita Bardeatik datozen erreka-zuloak ere; haiek ur ibilguen eta ur bazterren sistematzat jotzen dira.

Cabanillas mendia, interes handikoa eta estepako hegaztientzako eremua dena, udalerriko iparraldeko erdiari dagokio. Haren kontserbazioko helburuek sustatzen dute lehorreko lurren erabilerak mantentzea belar laboreekin eta formazio naturalak edo erdi naturalak (larreak, ezponda zuhaixkadunak, erreka-zuloak), baita ardien abeltzaintza estentsiboa ere, bateragarria baita babestu beharreko baloreekin.

Abelbideen sarean daude egun mugak jarrita dituzten abelbideak eta ingurumeneko baliokotzat jotakoak (Tauste-Andia errege altxonbidea, Sacaculos RSA adarra eta Campo Bajo RCB adarra), baita mugak jarrita ez dituztenak ere (9. iraganbidea, Prados adarra eta CRTUA eta RCB batzeko adarra), lurraldearen ereduaren babesgarri gisa sartuak. Nolanahi ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen menpe dago haren babes araubidea. Sare horren osagarri, balizatutako bidexkak daude (Soto de Belver, Ebroko bidea, Energia berriztagarrien bidea, Ebroko bidexka eta Ubidearen bidea, Fondigones bidea eta Hoja Blanca bidea). Ibilgailu motordunen bideen alternatiba den bilbe bat osatzen dute, en bideez aparte, helburua izanik haien erabilera didaktikoa eta jolaserakoa mantendu eta bultzatzea.

Balio kulturaleko osagaien artean, aztarnategi arkeologikoak eta udal mailan garrantzia duten ondasunak daude.

Ustiapen naturaleko balioa duten lurzoruei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: ureztalur tradizionaleko lurzoruak, Sosal alderdian dauden ureztalurrak eta Ebroko goiko terrazetakoak, Tausteko Ubidetik ureztatzeko instalazioa dutenak, baita aprobetxamendu estentsiboko lehorreko lurrak ere.

Cabanillasko udalerrian arriskuko eremuak zedarriturik ez daudenez, proposatu da arrisku handiko eremuen LAP 5eko araudia aplikatzea 100 urteko birgertatzealdiarekin uholde arriskua duten eremuan, eta arrisku ertainekoei dagokiena, berriz, 500 urteko birgertatzealdia duten eremuetan.

Hirigintzako Planak udalerriko zonifikazio akustikoari buruzko kartografia dakar.

Plana inguramenaren aldetik baloratzean, ingurumen ondorioen azterlanak ondorioztatu du ukipen aipagarririk ez dagoela, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenak ez baitakar erabilerarik aldatzea, eta bizitegitarako eta/edo industriarako hazkundearen aurreikuspenak txikiak baitira, balio produktiboko lurzoruetan eraginik egin gabe. Ikusita planaren tramitazioan egin diren aldaketak bizitegitarako eta industriarako garapenei dagokienez, nabarmenki murriztu baitira Lurraldea Antolatzeko Estrategian eta Ereduan aurreikusitakoaren aldean, modu agerikoan urritu dira ukipenak lurzorua eta bestelako baliabide naturalak kontsumitzeari dagokionez.

2013ko ekainaren 17an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa. Espedientean, Uraren Zerbitzuaren 2011ko otsailaren 17ko txostena, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2010eko abenduaren 23koa eta 2013ko urriaren 21ekoa daude jasota.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea Cabanillasko Udalak sustatu duen Cabanillasko Hirigintzako Udal Planari buruz, honako baldintza honekin:

–Presal erreka-zuloaren trazadura zehaztea, bai 4. sektorean (nekazaritzako eremua) aurreikusitako berdegunean, bai egungo trazadurari eutsita. Nolanahi ere, hirigunean sartzen diren erreka-zuloen eta hustubideen kasuetan (Presal erreka-zuloa eta hilerriko erreka-zuloa kasu), urak hustutzeko ahalmena bermatuko da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Cabanillasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abenduaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1317515