1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
1/2014 FORU LEGEA, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO MARTXOAREN 10EKO 2/1995 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.
ZIOEN AZALPENA
Foru lege honen xedea da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzea.
Baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuak zenbait neurri fiskal ezarri zituen, etxebizitza erosteko hipoteka mailegu edo kredituek eragindako betebeharrak bete ezinik, familia askotan gertatutako egoera ekonomiko larria samurtzeko. Neurri fiskal horiek Foru Komunitateko zerga arloko araudira egokitu ziren, Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzko maiatzaren 4ko 8/2012 Foru Legearen bidez eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 174. artikulua aldatzeko maiatzaren 4ko 9/2012 Foru Legearen bidez.
Berehala ikusi zen, ordea, aipatu neurri fiskal horiek ez zirela oso eraginkorrak, gehienbat haien aplikazio esparrua, aipatutako errege lege-dekretuarena alegia, txikiegia zelako bi aldetatik ikusirik. Batetik, zordunak kontuan hartzen zituen familia unitateko kide guztiek errentarik ez zutenean soilik. Bestetik, ez zen ohiko etxebizitzaren hipoteka-exekuzio guztietan aplikatzen, baizik eta soilik etxebizitza hori ordainean ematen zen kasuetarako.
Errege lege-dekretu horren ondotik aldaketa garrantzitsuak gertatu dira arauetan. Batetik, azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege-dekretuak, ahultasun bereziko kasuetan dauden zordun batzuentzat, bi urterako eten zituen ohiko etxebizitzen hipoteka-exekuzioak, prozesu judizial edo estrajudizial guztietakoak, epe horretan ez zitzaten beren ohiko etxebizitzetatik bota zordun horiek. Bestetik, maiatzaren 14ko 1/2013 Legeak nabarmen handitu zuen 6/2012 Errege Lege-dekretuaren aplikazio esparrua, eta halatan, familia unitatearen diru-sarreretarako muga Eragin Anitzeko Errenten Adierazle Publikoaren hirukoitza da orain (edo laukoitza, familia unitateko kideren batek desgaitasuna duenean).
Aurrekoa ukatu gabe, 6/2012 Errege Lege-dekretuaren aplikazio esparrua nabarmen zabaldu bada ere, oraindik behar bestekoa ez dela iritzita, hipoteka-zordunen babesa areagotzea da foru lege proiektu honen asmoa. Hala, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari dagokionez, zerga horren kargaren zenbatekoa jasanarazteko debekuaren norainokoa, 2/1995 Foru Legearen 174.2 artikuluan ezarritakoa, handitu egiten da: zergadunaren ordezko gisa ezin izanen dute zenbatekoa jasanarazi ondasun higiezina eskuratzen duten finantza-entitateek, ohiko etxebizitzaren eskualdaketa entitate horietako batek eskatutako epaiketa bidezko prozedura batean egindakoa bada eta etxebizitza hori denean subjektu pasiboaren titulartasuneko etxebizitza bakarra. Hipoteka Legearen 129. artikuluan aurreikusten den kasuan ere, hau da, ohiko etxebizitzaren notario bidezko salmenta estrajudiziala egiten denean, eskuratzaileak ezin izanen du kargaren zenbatekoa jasanarazi.
Horri jarraituz, kasu horietan etxebizitzaren eskualdatzailea den hipoteka-zordunak ez du bere gain hartuko hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren karga. Zerga horren ondorioetarako babestutako hipoteka-zordunen multzoa zein den zedarritzeko, aurrerantzean ez dira kontuan hartuko familia unitatearen diru-sarrerak, eta ez da beharrezkoa izanen etxebizitza ordainean ematea. Aski izanen da hipoteka-zordun baten ohiko etxebizitzaren eskualdaketa finantza-entitate batek abiatutako prozedura judizial batean gertatzea, betiere etxebizitza hori subjektu pasiboak bere titulartasuneko bakarra badu, edo ohiko etxebizitzaren notario bidezko salmenta estrajudiziala gertatzea, Hipoteka Legearen 129. artikuluan aurreikusitako kasua alegia.
174.2 artikuluaren aldaketak 2012ko martxoaren 11tik aurrera izanen ditu ondorioak, hau da, honen bidez aldatzen den aginduak ondorioak izan zituen egunetik aurrera.
Beste alde batetik, Ekintzaileei laguntzeko eta hazkundea eta enplegu-sorkuntza bizkortzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoaren ondorioz, ADIF enpresa-entitate publikoari egindako trenbide-azpiegituren eta geltokien eskualdaketak toki entitateei dagozkien zerga orotatik salbuetsirik egonen dira. Kasu horietan ez da aplikatzekoa izanen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57.2 artikuluan aurreikusitakoa, eta, beraz, salbuespen horrek ez du ordainik ekarriko.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Testu Bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat, foru lege hau onesteko gehiengo osoa beharko da.
Artikulu bakarra.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen honako agindu hauek testu hau izanen dute aurrerantzean:
Bat. 174.2. artikulua. 2012ko martxoaren 11tik aurrera gertatzen diren zergapeko egintzetarako ondorioekin.
“2. Hipoteka-zordunen ohiko etxebizitzaren eskualdaketetan, finantza-entitate batek abiatutako prozedura judizial batean egindakoak badira eta etxebizitza hori subjektu pasiboak bere titulartasuneko bakarra badu, ondasun higiezina eskuratzen duen finantza-entitateak, zergadunaren ordezko gisa, ezin izanen dio kargaren zenbatekoa jasanarazi zergadunari.
Aurreko lerrokadan ezarritakoa halaber aplikatuko zaio eskuratzaileari ohiko etxebizitza notario bidez estrajudizialki saltzen denean, Hipoteka Legearen 129. artikuluan aurreikusten den moduan, bai eta ordainean ematen denean aipaturiko etxebizitza, hipoteka-zordunak finantza-entitate batekin iritsitako akordio baten ondorioz eta hipoteka-exekuzioaren ordezko neurri gisa, eta, betiere, etxebizitza hori subjektu pasiboak bere titulartasuneko bakarra badu”.
Bi. Hamabigarren xedapen gehigarria gehitzea.
“Hamabigarren xedapen gehigarria.–Estatuko trenbide-sarea administratzeko ardura duen ADIF enpresa-entitate publikoari eskualdatzea sare horren titulartasuna.
Ekintzaileei laguntzeko eta hazkundea eta enplegu-sorkuntza bizkortzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoaren ondorioz, ADIF enpresa-entitate publikoari egindako trenbide-azpiegituren eta geltokien eskualdaketak toki entitateek ordainarazi beharreko tributu orotatik salbuetsirik egonen dira, eta ez da aplikatzekoa izanen foru lege honen 57.2 artikuluan aurreikusitakoa”.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, artikulu bakarreko Bat atalean aurreikusitako ondorioak ukatu gabe.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: F1400686