159. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Aldaketa, Elikagaien higienearen gaineko ordenantzan.
Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2014ko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen, hasiera batean, Elikagaien higienearen gaineko ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2014ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen maiatzaren 12an, bai eta Iruñeko Udaleko iragarki oholean ere. Jendaurrean egon den hogeita hamar egun balioduneko epean ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 23an.–Jarduneko alkatea, Ana Elizalde Urmeneta.

ALDAKETA, ELIKAGAIEN HIGIENEAREN GAINEKO ORDENANTZAN

1.–Artikulu hauek ezabatu egin dira: 15.2, 20.1 eta 44.13.

2.–10 bis artikulua gehitu da eta honako artikulu hauek aldatu: 3.1, 8.15, 8.16, 9.8, 9.12, 11.1, 13.1, 14, 24.3, 24.7, 28.9, 29.4, 38.3, 42.3, 44.1, 44.2, 45.1, 46.1, 46.3, 48.6, eta 51.4, honela geldituko baitira:

3.1 artikulua.

Eskatzen ahal diren beste baldintza batzuk bete beharra ukatu gabe, ordenantza honetan aipatzen diren jarduerak egiteko beharrezkoa izanen da Iruñeko Udalean aldez aurretik baimena eskatzea, edo erantzukizuneko aitorpena edo komunikazioa aurkeztea, horretarako ezarrita dauden administrazio prozeduren bitartez.

8.15 artikulua.

Janari-denda, ultramarino eta antzekoak: janari nazionalak edo inportatuak, ontziratuta edo ontziratu gabe, eta arau teknikoak zein osasun arlokoak betetzen dituzten beste produktu batzuk txikizka saltzen dituzten establezimenduak.

8.16 artikulua.

Autozerbitzu, supermerkatu eta hipermerkatuak: establezimendu hauetan janariak eta bestelako produktu baimenduak saltzen dira, autozerbitzuaren sistema erabiliz osoan edo neurri batean; salmenta aretoak gutxienez 400 metro karratu izan behar ditu supermerkatuetan eta 2.500 metro karratu hipermerkatuetan.

Establezimendu hauek harategia edota arrandegia dutenean, berariazko araudietan jarduera horietarako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

9.8 artikulua.

Hozkailu eta izozkailuek hotzean kontserbatu behar diren produktu guztiak sartzeko adinako edukiera izanen dute, eta beti piztuta egonen dira barruan janariak dituzten bitartean.

Haien barrualdeko gainazala leuna izanen da, erraz garbitzekoa eta kolore argikoa. Behar izanez gero, garbitzen direnerako drainatze sistema egokia izanen dute. Barruko tenperatura kanpotik irakurri ahal izateko moduko termometroa izanen dute eta ongi funtzionatuko du.

9.12 artikulua.

Langileen komunetan komun-aurreak egonen dira, komunontzien gelak saltoki eta biltegietatik erabat bereizteko. Konketetan xaboi dosifikagarria jarriko da eta esku-zapiak erabili eta botatzekoak izanen dira edo bestela eskuak lehortzeko aparatu automatikoa jarriko da. Komunetako horma eta zoruen materiala leuna, iragazgaitza, ez-xurgatzailea eta garbitzen eta desinfektatzen erraza izanen da. Komunek aireztapen naturala edo mekanikoa izanen dute usain txarrik ez egoteko.

10. bis artikulua.

Fruta eta barazkien establezimenduek salmenta aretotik kanpo jarrai ahalko dituzte haien produktuak, betiere lurretik, 80 cm-tik gora jartzen badituzte eta kontaminazio iturri orotatik urrun, giza kontsumorako ez-gai edo osasunerako kaltegarri bilaka ez daitezen.

Produktuak erakusteko tokiko jabari publikoa erabili ahal izateko, Udalaren baimena beharko da eta erabilera horri dagozkion tasak ordaindu beharko dira, udal ordenantza fiskaletan ezarritako araudiari jarraituz.

11.1 artikulua.

Produktuak salmenta aretotik kanpo ikusgai jartzea, fruta eta barazkien kasuan salbu.

13.1 artikulua.

Establezimendu horiek beren jarduerari dagozkion produktuak saldu ahal izanen dituzte, indarra duen araudian zehazturik daudenak alegia.

Beste janari batzuk ere saldu ahal izanen dira, betiere ontziratuak eta behar bezala kontserbatu eta identifikatuak. Produktu aurrekozinatuak eta jaki prestatuak saldu ahal izateko, jarduera horretarako osasun erregistroa duten establezimenduetatik ekarri eta behar bezala identifikatu beharko dira.

14 artikulua. Askotariko elikagaien saltokietako harategiak.

Askotariko elikagaien saltokietan harategia eta beste jarduera batzuk batu ahal izanen dira, baina harategia gainerako ataletatik bereiz egonen da.

24.3 artikulua.

Hormen, zoruen, aireztapenaren eta argiztapenaren ezaugarriak elikagaien txikizkako saltokietarako arau orokor gisa eskatutakoak edo berariazkoak izanen dira.

24.7 artikulua.

Bezeroentzako komunetatik aparte, langileentzat behar adina komun izanen dituzte, komun-aurreekin, komunontzien gelak saltoki eta biltegietatik erabat bereizteko.

Hormak eta zoruak leunak izanen dira, iragazgaitzak, ez-xurgatzaileak, erraz garbitu eta desinfektatzekoak. Komun guztiek aireztapen mekanikoa izanen dute usain txarrak kentzeko. Halaber, une oro komuneko papera eta xaboi dosifikagarria izanen dituzte, eta erabili eta botatzeko esku-zapiak edo eskuak lehortzeko sistema higienikoa.

28.9 artikulua.

Bezeroentzako komunetatik aparte, langileentzat behar adina komun izanen dituzte, komun-aurreekin.

Komun guztiek aireztapen mekanikoa izanen dute usain txarrak kentzeko. Une oro komuneko papera eta xaboi dosifikagarria izanen dituzte, eta erabili eta botatzeko esku-zapiak edo eskuak lehortzeko sistema higienikoa.

29.4 artikulua.

Hozkailu eta izozkailuek behar adinako edukiera izanen dute produktu guztiak une oro higiene eta osasun baldintza egokietan kontserbatuko direla bermatzeko.

Haien barrualdeko gainazala leuna izanen da, erraz garbitzekoa eta argia. Behar izanez gero, garbitzen direnerako drainatze sistema egokia izanen dute. Barruko tenperatura kanpotik irakurri ahal izateko moduko termometroa izanen dute eta ongi funtzionatuko du.

38.3 artikulua.

Makinak bero eta kutsadura iturrietatik urrun egonen dira. Udalari aldez aurreko komunikazioa egin beharko zaio makina toki jakin batean kokatzeko.

Eskaera hori egiteko, agiri bidez frogatu beharko da makina osasun zerbitzu egokietan inskribaturik dagoela.

42.3 artikulua.

Ostalaritzako establezimendu finkoetan elikagaiak saldu ahal izanen dira baldin eta ostalaritzarako eta elikagaien salmentarako guneak bata bestetik bereizita badaude eta bakoitzerako eskatzen ahal diren higiene eta osasun baldintzak betetzen badira.

Gune komunetan baldintzarik zorrotzenak bete beharko dira.

44.1 artikulua.

Janariak prestatzeko guneek beren erabilerarako egokiak izan beharko dute. Kokaera eta neurri egokiak eta sarbide erosoak izanen dituzte.

C eta D taldeetako establezimenduetan, erabilera publikoko guneak 100 metro karratu baino gehiago baditu, sukaldearen azalera lokalaren azaleraren %10 izanen da gutxienez ere.

44.2 artikulua.

Horma eta zutabeak material iragazgaitzez estaliko dira sabairaino. Gainazal leuna izanen dute, erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoa.

45.1 artikulua.

Edukiera nahikoa izanen dute eta apalategiak-edo izanen dituzte, janariak lurraren gainean egon ez daitezen.

46.1 artikulua.

Arau orokor gisa, establezimendu guztiek gutxienez komun bat izanen dute.

46.3 artikulua.

Horma eta zoruak iragazgaitzak eta garbitu eta desinfektatzeko errazak izanen dira.

48.6 artikulua.

Kalera ematen duten leihoak janari edo edariak zerbitzatzeko erabili ahalko dira, betiere, aurreko idatz-zatian xedatutakoa beteko dela bermaturik, titularrek aldez aurretiko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena egin badute edo lizentzia eskuratu badute.

51.4 artikulua.

Instalazioek edateko uraren hornidura nahikoa izanen dute tresnen eta langileen garbitasunerako harraska eta konketetan, eta saneamendu sareari konektaturiko hustubidea izanen dute.

Horrez gain, janariak prestatzen badira edo baxera behin eta berriz erabiltzekoa bada, harraska eta/edo konketek giza kontsumorako ur beroa izan beharko dute. Eskuak garbitzeko konketek eskuen garbiketarako tresna higienikoak izanen dituzte.

Udalak aldez aurretik baimenduta, biltontziak erabili ahalko dira hondakin urak biltegiratzeko eta higienikoki ezabatzeko, betiere ezinezkoa bada saneamendu sarera lotura egitea eta behar besteko edukiera baldin badute, kontuan hartuz instalazioen eta langileen garbitasunerako erabiltzen den ur bolumena.

Iragarkiaren kodea: L1410526