159. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Aldaketa, Jarrera ekintzailea sustatzeko, enplegua eta autoenplegua eragiteko eta bulkatzeko eta jarduera ekonomikoa sendotzeko laguntzen gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2014ko ekainaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, Cascanten jarrera ekintzailea sustatzeko, enplegua eta autoenplegua eragiteko eta bulkatzeko eta jarduera ekonomikoa sendotzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Iragarkia 2014ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da. Hona hemen testu osoa:

Cascanten, 2014ko uztailaren 23an.–Alkate udalburua, José Gómara Ruiz.

UDAL ORDENANTZA, JARRERA EKINTZAILEA SUSTATZEKO, ENPLEGUA ETA AUTOENPLEGUA ERAGITEKO ETA BULKATZEKO ETA JARDUERA EKONOMIKOA SENDOTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1.–Zioen azalpena.

Cascanteko Udalak, Industria eta Enpleguko Zinegotzigoaren bitartez, jarrera ekintzailea sustatu nahi du, enplegua eta autoenplegua eragin eta bulkatu eta jarduera ekonomikoa sendotzen lagundu. Ordenantza honen xedea da enplegu autonomoa sortu eta sendotzeko bultzada ematea, horretarako laguntzak emanez autonomo gisa ezartzen diren pertsonei edo hobekuntzarako inbertsioak egiten dituzten beren konturako langileei.

2.–Xedea.

Ordenantza honen helburua eta xedea da diru-laguntzak ematea Cascanten (Nafarroa) enplegu autonomoa sortzen eta sendotzen dutenei.

3.–Onuradunak izateko eta laguntzak lortzeko bete beharreko baldintzak.

Laguntzen onuradun izan daitezke:

a) Herrian erroldatutako pertsona fisikoak, baldin eta langile autonomoak badira eta Cascanteko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda badaude.

b) Cascanten erroldatuta egon ez arren, langile autonomoak diren eta Cascanteko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda dauden pertsona fisikoak, betiere Cascanten saltoki bat irekita badute edo garatzen duten jarduera ekonomikoari lotuta badago.

c) Bost langile baino gutxiago eta 1.000.000 eurotik beherako fakturazioa duten pertsona fisikoak, betiere helbide fiskala Cascanten badute, Cascanteko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda badaude eta Cascanten saltoki bat irekita badute edo garatzen duten jarduera ekonomikoari lotuta badago.

Laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzako kotizazio beharkizunak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Ogasuneko eta Cascanteko Udaleko beharkizun fiskalak ere.

b) Jardueran aritzeko beharrezkoak diren lizentziak izatea (obra lizentziak, jarduera sailkatuen lizentzia, irekitzeko lizentzia etab.).

c) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa egiaztatzea.

4.–Zenbatekoa.

Laguntzen deialdia urtekoa izanen da eta ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da. Ekitaldi honetarako gehieneko diru-kopuru bat izanen da aurrekontuan, kontu-sail honetan: “Enplegu autonomoa sortu eta sendotzeko laguntzak”.

Onuradun bakoitzeko eta 9. puntuan aipatzen diren kontzeptu guztiengatik gehienez emanen den laguntza 2.250 (bi mila berrehun eta berrogeita hamar) eurokoa izanen da.

Salbuespen bat dago: onuraduna eskubide osoko bazkidea denean legez eratutako elkarte batean, eta elkarte horrek xede badu Cascanteko lurraldean turismoa sustatzea eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzea, sozietatearen egoitza Cascanten (Nafarroa) izanik, aukera izanen du ordenantza honen 9. puntuan aipatu zenbateko bakoitzari %25 gehitzeko, guztira 2.500 euro (bi mila eta bostehun euro) gainditu gabe.

5.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14.1. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

Gainera, bereziki, gutxienez ere bi urtez diru-laguntza edo laguntza kobratzeko oinarria izanen den jarduera egin beharko dute, eta Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean kideturik egon eta diru-laguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak mantendu. Hori bete ezik, salbu eta onuradunak ezin izan duela bestela jokatu frogatzen duenean, kobratutako diru-laguntzak itzuli beharko dira, bi urteak bete arte falta den denborari dagokion proportzioan.

6.–Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren araubidean, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Cascanteko Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako agiriak; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluazioa buruturik, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpen proposamena Industria Batzordera igorriko da, eta batzorde horrek txosten loteslea eginen du. Alkate udalburuari dagokio aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena ematea, Industria Batzordeak egindako txostenari jarraikiz. Ebazpena gehienez ere hiru hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

7.–Diru-laguntzen bateragarritasuna eta laguntzen “de minimis” izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

8.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diruz laguntzen ahal diren kostuak honako hauek dira:

a) Web orriak egitea. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 300 euro (hirurehun euro). Behin bakarrik emanen da web orriak egiteko diru-laguntza.

b) Bai ekintzailea/k bai langileak enpresa jarduerarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta jardunaldietara joatea. Ez da diru-laguntzarik emanen masterrak egiteko. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 150 euro (ehun eta berrogeita hamar euro) parte-hartzaile bakoitzeko eta behin bakarrik.

c) Inbertsio txikiak, negozioaren lokala eta establezimenduaren irudia hobetzera bideratuak. Esate baterako: pintura, altzari berriak, zaharberritze obra txikiak, barneko eta kanpoko errotulazioak, eta erakusleihoak berritzea. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 1.000 euro (mila euro).

d) Establezimenduko kontsumoak (argia, ura eta gasa) murriztera bideratutako inbertsioak. Esate baterako: argiak kontsumo baxukoez ordeztea, tenporizadoreak eta termostatoak jartzea, deskarga dualeko sistema duten zisternak jartzea, ura aurrezten duten txorrotak paratzea, hondakinak bereizten dituzten ontziak jartzea, odonizatzaileak instalatzea, kontsumoak murriztera bideratutako obrak. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 400 euro (laurehun euro).

e) Lanpostuak: sortzen den lanaldi osoko lanpostu mugagabe bakoitzeko, ekintzailearena berarena ez dena, 750 euroko (zazpiehun eta berrogeita hamar euro) diru-laguntza emanen da. Honako hauek kontratatzen badira: 45 urtetik gorako langileak, edo %35eko desgaitasuna edo handiagoa dutenak legez onarturik, edo kontratazioaren unean Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta daudenak eta langabe gisa urtebeteko antzinatasuna edo handiagoa dutenak, diru-laguntza 1.000 eurotara (mila euro) igoko da. Kontratuak lanaldi osokoak ez direnean, zati proportzionalari emanen zaio diru-laguntza.

f) Inbertsioak etiketak jartzeko sistemetan, kodeen irakurleetan, balantza elektronikoetan eta salmenta puntuko terminaletan. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 250,00 euro.

Kontzeptu horietatik guztietatik BEZa salbuetsiko da.

9.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunen eskaera deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberako eskabidearen bidez eginen da (I. eranskina), eta eskatzaileak sinatu behar du.

Proposamenak Cascanteko Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, Cascanteko Udalera bidalitako telefax edo telegrama bidez.

Horren berri eman ezean, proposamena ez da onartuko. Dena den, aipatutako epea iragan eta hamar egun naturaleko epean proposamenik jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

10.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Cascanteko Udalari zuzendua (I. eranskina).

b) NANaren (pertsona fisikoak) eta eraketa edo aldaketa eskrituraren (pertsona juridikoak) fotokopia, baita enpresaren IFK ere, hala dagokionean.

c) Gizarte Segurantzarekin, Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Cascanteko Udalarekin dituzten betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

d) Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen dituela dioena. (I. eranskina).

e) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (I. eranskina).

f) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da. (I. eranskina).

g) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria (I. eranskina).

h) Jarduera berrien kasuan, proiektuaren bideragarritasun txostena, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa. Hasita dauden jardueren kasuan, egitekoak diren jarduketak eta horien helburua azalduko dituen memoria.

i) Erroldaren ziurtagiria.

j) Egoitza-baimena, egoiliar berrien kasuan.

k) Enplegua sortzearen ondoriozko diru-laguntza eskatuz gero, TC2 eredua (enpresako langileen kopurua) eta diru-laguntzaren xede den lan kontratua.

l) Jatorrizko agiriak eta frogagirien kopiak: fakturak eta ordainagiriak, kronologikoki ordenatuak, II. eranskinaren arabera. Ez da eskura egindako ordainketarik onartuko.

m) Cascanteko lurraldean turismoa sustatzeko eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzeko xedea duen elkartea dela eta sozietatearen egoitza Cascanten (Nafarroa) duela frogatzen duen ziurtagiria.

Ordainduta dauden fakturak aurkeztu behar dira diru-laguntzarako. Epeka zatitutako fakturak badira, ezarritako epeen barneko data duten gastuetarako emanen da diru-laguntza.

Udalak edozein dokumentazio eskatu ahalko du, argigarria bada edo espedientea ebazteko interesekoa.

11.–Eskabideen akatsak zuzentzea.

Ordenantza honetan eskatzen diren dokumentu eta frogagirietakoren bat aurkezten ez bada, espedientea tramitatzen ari den organoak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun naturaleko epea duela agiri horiek aurkezteko, eta ohartaraziko dio hori egin ezean eskabidea tramitatzeko eskubidea galduko duela eta besterik gabe eskaera artxibatu eginen dela.

12.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, behar den eskaera aurkezten denetik hasita. Aurkeztutako eskaerak ebaztea alkateari dagokio, Industria Batzordeak egin beharrekoa eta loteslea den txostena jaso ondoren.

13.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

14.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diru-laguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

15.–Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzen onuradunak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean arau-hauste administratiboei buruz ezarritako erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak deuseztatuko dira, eta gainera:

a) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, diru-laguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatu ahalko dira.

c) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu edo likidatzeko Administrazioak duen eskubidea.

d) Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Udalaren Tokiko Gobernu Batzarra izanen da diru-laguntzak bertan behera utzi edo deuseztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

16.–Ordaintzeko modua.

Onuradunak diru-laguntza justifikatu eta gero ordainduko da, aldez aurretik itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpena emanda. Behar bezala justifikatzen ez bada edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusten diren inguruabarretako bat gertatzen bada, diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.

17.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Cascanteko Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jarduera hedatzeko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu hedapenak: Cascanteko Udalaren erakundearen irudia txertatzea, edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan edota komunikabideetan egindako aipamenetan.

18.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Cascanteko Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.

Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.

19.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den udal organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1410509