158. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TORRES DEL RÍO

Aurri egoeraren espedientea, La Carrera kaleko 6an

Torres del Rioko Udaleko alkateak, Juan Luis Pérez Leuzak, honako ebazpen hau eman zuen:

Lizarrako 1. Jabetza Erregistroak emandako ziurtagiriaren arabera, higiezina Enrique Tolosa Martínezen jabetzakoa da, eta haren helbidea ezezaguna dugu. Ziurtagiri horretan ageri da, orobat, hipoteka bat eta bahitura idatzoharrak daudela higiezinaren gainean.

Ikusirik erregistroko titularra Bartzelonan hil zela 2005eko ekainaren 10ean, Erregistro Zibileko heriotzako hitzez hitzeko ziurtagiriaren arabera, eta bere azken helbidea Calvet kalea, 17-5. solairua, 3.a zela, eta ez dagoela jaraunsleen gaineko berririk, bidezko da ebazpen hau zuzentzea jaraunspen jasogabeari edo Enrique Tolosa Martínezen jaraunsle ezezagunei.

Ikusirik La Carrera kalearen 6ko eraikinaren egoera (1. poligonoko 158. lurzatia, Torres del Río), egiturazko akatsen ondorioz habe berriak eta forjatuko elementu berriak behar baititu, alkateak aurri egoeraren gaineko txosten teknikoa eskatu zuen, eta horren ondorioa da eraikinak egiturazko eta oinarrizko elementuen hondamen orokorra ageri duela –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 196. artikuluan aipatutako kasuetako bat baita aurri egoera deklaratzeko– eta, beraz, hirigintzako legediaren ikuspuntutik, egin beharrekoa dela higiezinaren aurri egoeraren deklarazioa.

Kontuan hartuz aipatu txostenak adierazten duela ezen, bizigarritasunari dagokionez, eraikinak ez dituela betetzen erabili ahal izateko gutxieneko baldintzak, eta, beraz, okupatu gabe eduki beharra dagoela, eta, segurtasun neurriei dagokienez, honako jarduketa hauek egin beharko direla:

1. Fatxada nagusiko teilatu-hegalen ertzeko teila eta erreten solteak kentzea.

2. Eremu publikora erortzeko arriskuan dauden beira puskatuak kentzea.

3. Eragoztea orubean sartu ahal izatea. Horretarako, ekialdeko frontearekiko paraleloa den hesia paratuko da, lurzatiaren barruan. Hesia gorputz nagusitik abiatuko da eta ibai gaineko zubia mugatzen duen hormigoizko petrilera iritsiko da. Sartzea debekatuta dagoela adierazten duen seinalea paratuko da.

4. Jarduketa horietan sortzen diren hondarrak eta hondakinak zabortegi edo kudeatzaile baimendura eraman beharko dira.

Kontuan hartuz aipatu txostenak adierazten duela ezen, eraikinaren egoera oso txarra bada ere, aipatutako segurtasun neurriak hartu ondoren, aurri egoera deklaratzeko espedienteak tramite arrunta jarraitzen ahal duela, ez delako berehalako arriskurik ikusten, pertsonen nahiz ondasunen edo jabe mugakideen kalterako.

Horregatik guztiagatik, 2014ko maiatzaren 15ean, Torres del Ríoko La Carrera kaleko 6an dagoen eraikina aurri egoeran dagoela deklaratzeko prozedura hasi zen ofizioz. Ebazpen hori jakinarazi zen iragarkia paratuta 2014ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Torres del Ríoko iragarki oholean eta Bartzelonako Udalarenean (hori baita Enrique Tolosa Martínezen azken helbide ezaguna); orobat, Banco Popular Español eta Banco Bilbao Vizcaya Argentaria entitateei jakinarazi zitzaien.

Estellerriko EEZB Hirigintzako Zerbitzuak txostenean ondorioztatzen du eraikin osoa aurri egoeran dagoela deklaratzea eta jabetzari eraisteko eskatzea dela espediente honen ebazpenean ezartzen ahal den aukera bakarra, Hirigintzari buruzko diziplina erregelamenduaren 23. artikuluan aipatu aukeren artean (2187/1978 Errege Dekretua).

Horretarako, sustatzaileak obretarako udal lizentzia eskatu beharko du. Eskaerarekin batera eraispen proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia; eraispena, betiere, teknikari eskudun batek gainbegiratuta eta teknikari haren ardurapean eginen da.

Eraitsi eta gero, lurzatia eraikuntzako hondakinik eta hondarrik gabe geratuko da, segurtasun eta higiene baldintza egokietan.

Eraispena bukatu eta orubeko hondakinak kendu ondoren, itxitura behar bezain sendoa jarri beharko da fronte guztietan, erorketarik izan ez dadin, malda baitago El Sepulcro kalearen eta lurzatiaren barruko aldearen artean.

Hiru hilabeteko epea ezartzen ahalko da proiektua aurkezteko. Obretarako lizentzia eskuratu eta gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da eraispena.

Estellerriko EEZB Hirigintzako Zerbitzuek gai honi buruz 2014ko otsailaren 5ean emandako txostenarekin bat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 196.1 artikuluan (EDL 2002/55808) eta Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamendua –Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko– onesten duen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 18. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Torres del Ríoko La Carrera kaleko 6an dagoen eraikinaren aurri egoeraren espedientea ebaztea, aurri egoera deklaratuta.

2. Higiezinaren jabeari errekerimendua egitea, hiru hilabeteko epean eraispen proiektua aurkez dezan, eta, obretarako udal lizentzia eskuratzen duenetik aitzina, bi hilabeteko epea igaro gabe, obra has dezan.

3. Ohartaraztea ezen, jabeak ez badu eskatutako epeetan eraispena hasten edo obra horiek ez badira abiadura normalean egiten, Udalak eginen dituela eta jabetzari pasako diola dagokien kargua (Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamendua, 24. artikulua).

4. Hirigintzako Diziplinari buruzko Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, administrazioak aurri egoera deklaratzeak edo premiazko neurriak hartzeak ez ditu jabeak dagozkien kontserbazio betebeharren utzikeriagatik eska lekizkiekeen edozein mailatako erantzukizunetatik salbuesten.

Torres del Rion, 2014ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Juan Luis Pérez Leuza.

Iragarkiaren kodea: L1410405