158. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Etxeko animaliak eta animalia arriskutsuak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2014ko maiatzaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesen etxeko animaliak eta animalia arriskutsuak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duen ordenantza. Hura 2014ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2014ko uztailaren 14an.–Alkate udalburua, Fidel Aracama Azcona.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ANIMALIA ARRISKUtsuAK EDUKITZEA ETA ANIMALIAK BABESTEA ARAUTZEN DUENA GARESEN

Zioen azalpena

Ordenantza honen oinarria da honako arau honetan berari dagokionez xedatzen dena: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

Aipatutako araudian ezarri zen udalek udal erregistroa eratu behar dutela, zehazteko zein eratan egin behar duten arriskutsuak izan daitezkeen zakurren jabeek udal erregistroko inskribapena, eta ezarri, halaber, altak, bajak eta gorabeherak jakinarazteko mekanismoa.

Bestalde, kontuan hartuta etxeko edozein animalia izateak eremu publikoan eta erabilera publikoko espazioetan izan dezakeen eragina, ezinbestekoa da jabeen erantzukizuna gaingiroki arautzea, eremu publikoan kalterik izan ez dadin; besteak beste, animaliek han utz dezaketen zikinkeria.

Gure Foru Komunitatean, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak zenbait jokaera arautzen ditu, besteak beste, lagun egiteko animalienak, eta V. tituluan arau-hausteak eta zehapenak ezartzen ditu. Foru lege horren 26. artikuluan xedatzen da arau-haustea gertatu deneko udalei edo, kasu batzuetan, Foru Komunitatearen Administrazioari dagokiela zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko ahalmena, etxeko animalien inguruko arau-hausteetan.

Etxeko animaliak edukitzea

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da etxeko animaliak edukitzeko arauak ezartzea eta Garesko udalerrian aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.

Baimen orokorra ematen da zakurrak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe edo arriskurik sortu gabe.

3. artikulua. Txertoa.

Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori.

Zakurrari txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaio.

4. artikulua. Zakur batek norbaiti hozka egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko die osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

5. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Animalia hil delako baja ematen bada, albaitariaren esanetara egonen da.

Debekuak

6. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txipik gabe ibiltzea.

7. artikulua. Debeku da zakurra lotu gabe ibiltzea herrigunean.

Alde horretan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du.

Animalien jabe edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dituzte. Horien ardura izanen da animaliekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean.

Jabeak edo edukitzaileak animalia kendu nahi badu, Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi beharko du. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

8. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animalia sartu eta egotea elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurra.

9. artikulua. Ez dago baimendua animaliak erabilera publikoko igerilekuetara sartzea.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrak.

10. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrentzat.

11. artikulua. Garesko udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak baina, nahitaez muturrekoarekin joanen dira.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak 7. artikuluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

12. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabilen zakurra osasun publikorako arriskutzat hartuko da eta udal zerbitzuek bildu eta atxikiko dute.

13. artikulua. Arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Baimendurik dago zakurrek kaka egitea udal mugapean bereziki horretarako egokitutako tokietan, eta jabeak beharturik daude haien gorotza jasotzera.

Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

14. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, betiere barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude, zakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea eta Udal Erregistroa sortzea

15. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.

Arriskutsu gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ordenantza honen artikuluetan zehazten direnak.

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Arraza hauetako zakurrak: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffordshire Terrier, Rottweiler, Dogo Argentino, Fila Brasileiro, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena eta haien gurutzatzea.

3. Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehazten diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituzte arriskutsuak izan daitezkeen zakurrei buruzko epigafre honek ukitzen dituen zakurrek.

4. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

5. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

16. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Garesen bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Garesen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Garesen egon behar badu.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Garesko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea. Epe hori igarota, berritu egin beharko da iraupen bereko beste aldi batzuetarako, prozedura bera erabiliz.

Hala ere, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

Udaleko alkate-udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

17. artikulua. Zakurren inskripzioa.

Nahitaezkoa da arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiak Udalak berariaz sortutako erregistroan inskribatzea.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

18. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen.

19. artikulua. Arriskutsu izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsu izan daitekeen animalia bat Garesera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsu gerta daitezkeen animalien udal erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Animalia finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio edo oro har mugaturiko edozein tokitan dagoenean, loturik egon beharko du –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean dagoenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

k) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

20. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

–Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

–Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

–Garesko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

21. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

Arriskutsu izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan inskribatzeko, Garesko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

Bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arauak, espazio publikoetan edo partekatuetan dauden etxeko animalientzat eta haien jabeentzat

22. artikulua. Kapitulu honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen babesean, Garesko udal mugapeari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, Garesko bizilagunek animaliekin bizi kalitate erazkoa eta babes egokia izan ditzaten.

23. artikulua. Garesko udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

24. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

25. artikulua. Debeku da animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, baita erabilera publikoko igerilekuetan ere. Orobat debeku da animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan, lorategi eremuetan, soropiletan eta landare multzoetan.

26. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animaliaren edukitzailea:

1. Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

2. Halaber, ardura izanen du bere animaliak bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

3. Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

27. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio:

1. Animalia abandonatua biltzea.

2. Lagun egiteko animalia dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badu edo muntadura desegokietan bada.

28. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hirurogeita bi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen da.

29. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

30. artikulua. Beste zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.

31. artikulua. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeko sortutako gastuak.

32. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Zakurra kate edo hederik gabe eta muturrekorik gabe eramatea hiriko eremu publikoetan.

d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

e) Herriaren inguruan hirilur gisa sailkatutako eremuetan zakurra muturrekorik gabe ibiltzea.

f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

g) Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

h) Arriskugarri gerta daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

i) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

j) Garesko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

k) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

l) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

33. artikulua. Zehapenak.

–Arau-hauste arinak 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste larriak 300,01 eurotik 900,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste oso larriak 900,01 eurotik 3.000,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

34. artikulua. Erantzukizun zibila.

Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

–Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

35. artikulua. Animalien babesa.

Animalien Babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

36. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Haren xedea da Garesko Udalak ordenantza honetan ezarritako eginbeharrak betetzea. Fitxategia Garesko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da honako hauetan xedatzen dena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako Gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea; uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena; abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/20002 Errege Dekretua, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta Udalen erabakiak baino maila handiagoa duten xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1410261