154. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 14koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Imarkoaingo Ateltrans, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Imarkoaingo Ateltrans, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100652012014) aztertu da, erregistro honetan 2014ko ekainaren 12an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko ekainaren 2an izenpetu eta 2014ko uztailaren 10ean zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko uztailaren 14an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ATELTRANS, S.L. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

Imarkoainen, 2014ko ekainaren 2an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ateltrans, S.L. enpresa ordezkatuz (IFZ: B31576572), Angel Tellechea Lorenzo jauna, adinez nagusia (NANa: 72.692.482-Q).

Bestetik, langileak ordezkatuz, Francisco José Juango Repáraz jauna, langileen ordezkaria, adinez nagusia (NANa: 15.808.400-V).

ADIERAZI DUTE:

Bi alderdiek Ateltrans, S.L enpresaren hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko lege-ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri. Hitzarmena fede onez negoziatu dute nahitaez bete beharreko alderdi batzuetan konpromiso batzuk hartzeko asmoz, eta horiek dira, hain zuzen, hitzarmen kolektibo hau osatzen dutenak. Hona hemen hitzarmenaren testua, oso-osorik.

ATELTRANS, S.L.REN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honek Ateltrans, S.L. enpresari atxikita dauden plantillako langile guztiak hartzen ditu, baita haren indarraldia bitartean enpresan sartu eta alta hartzen dutenak ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen hau Ateltrans, S.L. enpresako langileei aplikatuko zaie bakar-bakarrik, eta, horrenbestez, ez zaie aplikatuko harekin merkataritzako harremana duten beste enpresa batzuei.

Hitzarmen honi lotutako langile guztiek lan egiteko behar dituzten baimen eta agiri guztiak indarrean eduki beharko dituzte. Edozein agirik indarra galduz gero, kontratua eteten ahalko da hiru hilabetez gehienez, eta epe hori bukatuta enplegatuak behar duen dokumentazioa lortzen ez badu, lan kontratua iraungiko da.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen hau Ateltrans, S.L. enpresan lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie, zeinahi delarik haien lanaren eremu geografikoa, eta kontuan hartu gabe enpresak etorkizunean izan ditzakeen lantokiak probintzia batean edo beste batean dauden.

4. artikulua. Iraupena.

Hitzarmen honek 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arteko indarraldia du. Indarraldia bukatzearekin salatua dagoela ulertuko da, eta salatzen denetik aurrera, alderdiek urtebete izanen dute beste hitzarmen bat negoziatzeko (beraz, hori izanen da gehieneko aurreraeragina). Epe horretan bi alderdiek adostasunik lortzen ez badute, araudia indarrik gabe geldituko da.

5. artikulua. Osotasunarekiko menpekotasuna.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Agintaritza eskudunak hitzarmen honen klausularen bat indarrik gabe utziko balu, gainerako klausulek bere horretan segituko lukete indarrean, eta alderdi sinatzaileak behartuak egonen lirateke indargabetutako klausula edo artikulua berriz negoziatzen hastera hilabeteko epean. Hitzarmen kolektibo hau, alderdien arteko lege den aldetik, nahitaez bete beharrekoa da bai sinatzaileentzat, baita kontratua sinatzearen ondorioetarako ordezkaturiko pertsona fisiko edo juridikoentzat ere, eta bete beharreko zuzenbide absolutua ez den beste edozein arauren gainetik egonen da haren indarraldia bitartean.

Ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsi eginen dituzte hitzarmen kolektibo honek indarra hartzean zeuden guztiak, edozein dela ere haien izaera eta jatorria, bai eta gero batean xedapen orokor edo hitzarmenezkoen bitartez ezarri eta nahitaez aplikatu beharreko baldintza guztiak ere.

6. artikulua. Hitzarmen kolektiboaren aplikazio subsidiarioa.

Hitzarmen honetan araututa ez dauden arlo eta baldintza guztiei dagokienez, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, horren bidez onetsi baitzen Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina, baita oro har aplikatu beharreko goragoko xedapen guztietan ezarritakoa ere, eta horien artean, errepideko salgaien garraioaren Bigarren Hitzarmen Orokorra.

7. artikulua. Urteko lanaldi benetakoa.

Enpresako urteko lanaldi benetakoa 1.844 ordukoa izanen da enpresako plantillako langile guztientzat, astelehenetik igandera bitarte banatua. Atsedenaldiak, hots, bazkaltzeko denbora, atsedena edo kafea hartzeko etenaldiak eta antzeko beste batzuk, ez dira benetako lanordu gisa hartuko.

Gidarien kasuan, enpresaren eskura edo jardunean ematen duten denbora guztia hartuko da benetako lanordutzat, denbora horretan ibilgailua gidatzen egon, edo ibilgailuen zirkulazio ordutegiaren barreneko beste lan batzuetan, edo ibilgailuarentzako lan osagarriak egiten egon, alde batera utzita, berariaz, atsedena hartzeko finkatuak dauden aldiak.

Horretarako, 1561/1995 Errege Dekretua eta 61/2006 EE-Erregelamendua aplikatu beharko dira, edo horiek ordezten dituen araudia.

Gidariek “kilometrajearen prima” gisa jasotzen duten zenbatekoaren barrenean ibilbidea egiteko gerta litekeen lanaldiaren luzapena dago sarturik.

8. artikulua. Lanaldia, jaiegunak eta asteburuak.

Lanaldia astelehenetik igandera bitartekoa da, salbuespenik gabe. Igandeak eta jaiegunak asteko lanaldiaren partetzat hartzen dira, ohiz kanpoko konpentsaziorik gabeak.

9. artikulua. Oporrak.

Lan egindako urte bakoitzeko 34 egun natural dagozkio langileari, edo lan egindako denboraren arabera dagozkionak. Enpresak zehaztuko du zein egunetan hartu behar diren 15 opor egun, eta, langileak, berriz, beste 15 opor egunak hautatu ditzake. Horiek enpresari jakinarazi beharko zaizkio oporraldia hasi baino 30 egun lehenago, eta enpresaren ohiko jarduerari kalte egin gabe aukeratuko dira. Langileak bere oporretatik gehienez 5 egun natural eskatzen ahalko ditu norberaren aferetarako, baina, aurretik, enpresako zuzendaritzaren baimena beharko du.

Ezin da oporrik hartu eskubide hori sorrarazteko finkatutako denbora lan egin ez bada kontratua hasten denetik aurrera.

10. artikulua. Baldintza ekonomikoak.

Hitzarmen kolektibo honetarako itundutako baldintza ekonomikoak I. eranskineko soldata-tauletan agertzen dira. Bi alderdiek adostu dute hiru aparteko paga ordainduko direla eta uztailean eta abenduan jasoko direla. Hirugarren paga hainbanatua kobratuko da hilero, “Etekinen paga hainbanatua” kontzeptu gisa.

Era berean, berariaz itundu dute ez dela inolako ordainketarik aplikatuko antzinatasunagatik.

11. artikulua. Kilometrajearen prima.

Kilometro bakoitzeko 0,07 euro ordaintzea hitzartu da. Zenbateko horren barrenean honako hauek sartzen dira: janari gastuak, ostatukoak eta destinoagatik behar diren beste gastu batzuk, hala nola balizko lanaldi luzapenagatik dagokiona, zazpigarren artikuluan adierazten den bezala.

12. artikulua. Gaueko lana.

Zerbitzu beharrak hala eskatuz gero, prestazioa gaueko ordutegian eginen da, eta oinarrizko soldataren barrenean sartuta dago hori.

13. artikulua. Prestakuntza.

Etengabeko prestazioa betebehar bat da bai enpresarentzat bai langilearentzat, eta oinarrizko soldataren barrenean sartuta dago hori.

14. artikulua. Zamalanak.

Bezeroak behar izanez gero, langileak eginen ditu zamalanak, eta, horrelakoetan, 15 euroko prima ordainduko zaio horrelako zamalan bakoitzeko.

15. artikulua. Borondatezko konpentsazioak.

Enpresako zuzendaritzak, nahi badu, diru bidezko edo gauzazko konpentsazioak ematen ahal dizkie langileei, enpresak finkatuko dituen helburu berariazko batzuk lortzearren. Zenbateko horiek ez dira finkatuko, eta ez dute erreklamatzeko eskubiderik sortuko.

16. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren osagarria.

Laneko istripu baten ondorioz gertatzen diren lanerako aldi baterako ezintasun kasuetan, Gizarte Segurantzak ematen duen prestazioa osatuko du enpresak, soldataren %100 berdindu arte. Aldi baterako ezintasuna eritasun arruntagatik, lanekoa ez den istripuagatik eta laneko eritasunagatik baldin bada, enpresak ez du osagarri bat ere ordainduko aldi baterako ezintasunaren prestazioa osatzeko.

17. artikulua. Probaldia.

Enpresan sinatzen diren lan kontratu guztietarako, 12 hilabeteko probaldia ezartzen da. Hortaz, horri dagokionez, ez da garraioaren sektorearen akordioa aplikatuko.

18. artikulua. Aurreabisua, lana uzten den kasuetan.

Langileak bere borondatez lana uzten badu, enpresari aurreabisua egin beharko dio 15 egun baliodun lehenago; bestela, aurreabisuaren bete gabeko egunak deskontatzen ahalko dira.

19. artikulua. Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa.

Hitzarmen kolektibo honen aplikazioak sor ditzakeen gatazka guztiak konpontzearren, bi aldeei ongi iruditzen zaie batzorde paritario bat sortzea. Edozein aldek egin dezake batzordea biltzeko deia, eta, halakoetan, deia egin eta hamabost eguneko epean bildu beharko da. Batzorde Paritarioak gutxienez kide bana izanen ditu enpresaren aldetik eta langileen aldetik. Beharrezkoak diren bilerak egin ondotik, Batzordeak erabaki bat hartuko du lehenbiziko bilera egin eta gehienez hamabost eguneko epean. Aldeen arteko akordiorik ez badago, Nafarroako Lan Auzitegiaren arbitrajea eskatuko da.

20. artikulua. Diziplina araubidea.

Hutsegiteak dira langileek lanean, lanarekin lotuta edo lanaren ondorioz egiten dituzten ekintzak eta omisioak, ordenamendu juridikoan, hitzarmen kolektibo honetan eta gainerako arau eta itunetan, banakakoak edo kolektiboak izan, langileari ezartzen zaizkion mota guztietako betebeharrak ez betetzea ekartzen dutenak. Arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, honako honi jarraikiz:

20.1. Hutsegite arinak:

1.–Hilabete bateko epean, lanera hiru aldiz berandu iristea, edo, bezeroak hala eskatuta, zamalanetarako ordutegiak hiru aldiz ez betetzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

2.–Lanera ezin dela joan eta horren arrazoiak ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera izanez gero.

3.–Lanaldiaren barruan lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere.

4.–Arreta falta edo zabarkeria materiala zaintzean.

5.–Errespetu eta adeitasun eza, arina bada, enpresako langileekin eta publikoarekin, tartean norberaren garbiketa falta egonda.

6.–Enpresak emandako jantziak eta ekipamendua ez erabiltzea, erabiltzeko jarraibideak eman badira.

7.–Lanera huts egitea behin hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.

20.2. Hutsegite larriak:

1.–Bidezko arrazoirik gabe hilabeteko epean hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea.

2.–Lanera bi egunez huts egitea hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.

3.–Lanaldiaren barruan edozein jolasetan aritzea, zerbitzuari kalte eginez.

4.–Enpresak lanaren inguruko edozein arlotan ematen dituen agindu eta jarraibideei kasurik ez egitea, asistentziaren kontrola barne, baita langileak bete beharreko jardueraren aurrekari edo ondorio diren tramite administratiboak ez betetzea ere.

5.–Kausa faltsuak alegatzea lizentzietarako.

6.–Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean behin eta berriz, zerbitzuaren kaltetan.

7.–Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean. Zehazki, zerbitzuak egitean zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea.

8.–Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.

9.–Errespetu eta adeitasun eza enpresako langileekin, erabiltzaileekin eta publikoarekin, haiei Konstituzioan aitortzen zaizkien eskubideak urratzea ekartzen duenean.

10.–Lanean agintekeriaz jokatzea, eta horrelakotzat joko da egintza arbitrario bat betetzea, baldin eta legezko agindu bat nahita eta nabarmen urratzen bada eta kalte nabaria ekartzen badio menpeko bati.

11.–Lanera ezin dela joan eta horren arrazoiak ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera dagoenean, baldin eta aldez aurretik ez jakinarazte horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.

12.–Lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, laburrerako bada ere, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.

13.–Lanera huts egitea egun batez hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.

14.–Arreta falta edo zabarkeria materiala zaintzean, enpresari kalterik sortzen ez bazaio. Bestela, kasua hutsegite oso larritzat hartuko da, hurrengo artikuluan xedatuarekin bat. Atal honen barruan sartuko da kamio garbiari mantentze-lanik ez egitea. Halaber, atal honen barruan sartuko da kamioian ezinbesteko segurtasuneko eta ofimatikako elementuak ez eramatea (zingilak, irrista-eragozleak, ertz-babesak eta eska daitekeen beste edozein elementu, zerbitzua emateko tokian aplikatzen den araudiarekin bat). Hori betetzen ez badu, dagokion diziplina-zehapena jartzeaz gainera, enpresak langileari ordainarazten ahalko dio eragindako kaltearen ordaina, oso-osorik.

Era berean, utzikeria, axolagabekeria edo arreta faltagatik enpresaren instalazioei edo beste ondasun bati kalteren bat eragiten baldin bazaie, ezarri beharreko diziplina-zehapenaz gainera, enpresak langileari ordainarazten ahalko dio eragindako kaltearen ordaina, oso-osorik.

Azkenik, lanbideko axolagabekeriaren atal honetan gidariei jarritako trafikoko isunak sartzen dira. Diziplina-zehapena ezartzeaz gainera, isunaren zenbatekoa ordainaraziko zaio langileari, diru hori enpresari itzuli beharko baitio oso-osorik.

15.–Jarraian eta ohitura gisa, norberaren garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideen bidezko kexak sorrarazten dituenean.

16.–Lantokitik edo langilearen edozein destinotatik berandu ateratzea.

17.–Arrazoirik gabeko atsedenaldi gehiegi egitea, edo ibilbide txarrena hautatzea destinora ailegatzeko. Atsedenaldi horiek enpresari kalte ekonomikoa eragiten badiote edo aukeratutako ibilbideak kostu handiagoa baldin badu, dagokion diziplina-ezartzeaz gainera, soberako diru zenbatekoa langileari ordainaraziko zaio, eragindako kaltea nominatik deskontatuz.

18.–Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea edo horretan berrerortzea (puntualtasuna salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu-hartzea ez den zigorra jarri bazaio; baita aurreko hutsegiteen antzekoa den beste edozein ere.

20.3. Oso hutsegite larriak:

1.–Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz edo gehiagotan berandu iristea, edo urtean hogei aldiz.

2.–3 egun jarraituan edo 5 egun ez jarraitutan lanera huts egitea 6 hilabeteko epean, edo 10 egun ez jarraitutan urtebeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.

3.–Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean. Hutsegite oso larritzat joko da diziplina urratzen denean edo horrek enpresari edo lankideei kaltea ekartzen dienean.

4.–Enpresaburua, enpresan lan egiten dutenak nahiz horien senideak ahoz zein egitez iraintzea.

5.–Kontratuaren fede ona haustea eta konfiantza abusua lanean jardutean, eta halakotzat joko dira iruzurra egitea edo leialtasunik gabe jokatzea manatutako kudeaketetan; lapurreta edo ebasketa egitea, bai lankideei, bai enpresari bai edozeini, enpresaren barruan edo enpresaren ibilgailuetan, edo beste nonbait zerbitzuak betetzen ari diren bitartean; gutuneriaren sekretua urratzea edo arrotzei kontatzea lanagatik ezagutzen diren datuak.

6.–Ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

7.–Lanean mozkorturik eta/edo toxikaturik egotea, noizean behin gertatu –gidarien kasuan–, edo ohikoa izan –gainerako langileen kasuan–, betiere lan orduetan gertatzen bada edo lanaren ohiko jardunari kalte egiten baldin bazaio.

8.–Lanetik alde egitea, laburrerako bada ere, istripuren bat eragiten badu.

9.–Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean, istripua edo makineriaren, ibilgailuaren edo instalazioen matxura izateko arriskua ekartzen badu.

10.–Sexu jazarpena edo sexuagatiko jazarpena, lanaren esparruan egiten denean eta hura pairatzen duen langilearen duintasunaren kontra larri jotzen duenean.

11.–Laneko jazarpena (mobbinga), ukitutako langilearen duintasunaren kontra larri eta etengabe jotzen duenean.

12.–Arreta falta edo axolagabekeria materiala zaintzean, horren ondorioz, enpresari kalte egiten bazaio. Enpresak langileari ordainarazten ahal dio egindako kaltearen ondorioz ordaindutako zenbatekoa, egindako kalte hori nominatik kenduz.

13.–Hutsegite larrietan berrerortzea, desberdinak badira ere, hiruhileko berean egiten badira eta aurretik zehatu badira; edo gorago aipatutako hutsegiteen antzeko beste edozein.

14.–Arau-hauste larria izanen da flotaren arduradunari ez jakinaraztea utzi zaion materialean harrapatutako matxura, istripu edo gabeziak, istripu baten ondorioz izan edo ez.

15.–Gidabaimena kentzea.

Gidariari gidabaimena kentzeak ondorio hauek izanen ditu, non baimena ez bazaio kendu mozkortzeagatik, toxikomaniagatik edo zuhurtziagabekeria ausartarengatik:

a) Hilabete batera arte kentzen bazaio, aldi hori urteko opor egunen kontura egotziko zaio, non eta ez den ezinezkoa.

b) Hilabete batetik sei hilabete bitarteko epe baterako kentzen bazaio, kontratua aldi baterako etenen da ezinbesteko arrazoiengatik.

c) Gidabaimena sei hilabetetik gorako epe baterako kentzen bazaio, lan kontratuaren amaiera ekarriko du, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izan gabe.

d) Gidabaimena kentzen baldin bazaio lan ordutegiaren barreneko mozkortzeagatik, toxikatzeagatik edo zuhurtziagabekeria ausartegiagatik, kontratua amaitutzat joko da, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe.

20.4. Zehapenetarako prozedura.

1. Hutsegite oso larriengatik zehapenak ezarri baino lehen, enpresek idatziz jakinaraziko dizkiete gertatutakoak langile interesdunei, horiek, hala nahi badute, idatziz adieraz dezaten, hiru laneguneko epean, horren inguruan egoki iruditzen zaiena. Jakinarazpena, halaber, langileen ordezkariari eginen zaio.

2. Ustezko hutsegite oso larrien kasuan, enpresak, aurreko ataleko jakinarazpena egitearekin batera edo hura egin ondoren, erabaki dezake langileari enplegua etetea, ordainsaria ukitu gabe, kautelazko neurri gisa, zer gertatu zen argitu bitartean soilik, eta hilabete batean gehienez ere, azkenean jar daitekeen zehapena gorabehera. Etenaldi hori langileen ordezkariari jakinaraziko zaio.

20.5. Askatasuna kentzea.

Langileari askatasuna kentzen zaionean, ulertuko da lanera ez joatea ez dela arrazoirik gabekoa izan, betiere gero langilea absolbitzen badute atxiloketa ekarri zuten karguetatik.

20.6. Zehapenak.

1. Ondoren azaltzen dira diziplinako hutsegiteengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea edo kargu-hartze idatzia eta 2 egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriengatik: 3 egunetik 30era arteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriengatik: 31-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia eta/edo bidezko kaleratzea.

2. Trafikoari eta bide segurtasunari buruzko xedapenak urratzeak ekartzen dituen isunak haien erantzuleak ordaindu beharko ditu. Erantzulea langilea denean, enpresak ordaindu behar izan duen zenbatekoa zuzenean kentzen ahal dio nominatik.

20.7. Hutsegiteen preskripzioa.

Langileen hutsegite arinak 10 egunen buruan preskribatzen dira, larriak 20 egunen buruan, eta oso larriak 60ren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun den egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan. Edonola ere, artikulu hau egun baliodunez aritzen da, eta ez dira halakotzat hartuko ez larunbatak, ez igandeak, ez jaiegunak.

20.8. Langilearen ardurapeko materiala.

Kontratazioa egiten denean, edo geroago, enpresak bere materiala utziko dio langileari, erabil dezan. Material hori uzteko unean, eta langile guztiek sinatzen duten lan kontratuaren eranskinean, materiala egoki erabiltzeko jarraibideak emanen dira, eta bakoitza zenbat aldiz erabil daitekeen gehienez finkatuko da.

Gehieneko muga horretatik gora erabiliz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Muga horretatik gorako erabilerengatiko ordainketa langilearen ardura izanen da.

21. artikulua. Behin-behineko kontratuak.

Langileen Estatutuaren 15.1 artikuluaren b) letran jasotako ekoizpen beharretarako behin-behineko kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko erreferentzialdi bakoitzerako.

22. artikulua. Gidari mekanikariaren lanbide kategoria

Hitzarmen honetan gidari mekanikariaren lanbide kategoria errespetatuko zaie 2013ko abenduaren 31 baino lehenagotik aitortua zuten guztiei. Hitzarmen kolektibo hau aplikatzen hasten denetik, lanbide kategoria hori kenduko da, eta hitzarmena sinatzen duten aldeek berariaz aitortzen dute ez dutela aplikatuko salgaien garraio enpresen akordio orokorrean horren gainean xedatutakoa.

I. ERANSKINA

SOLDATA TAULAK. ATELTRANS, S.L.

HILABETEA

URTEA

1. taldea.–Goi mailako langileak eta teknikariak

Zerbitzuburua

1.100,00

16.500

2. taldea.–Administrazioko langileak

Atalburua

950,00

14.250,00

Bulegoburua

850,00

12.750,00

1. mailako ofiziala

800,00

12.000,00

2. mailako ofiziala

750,00

12.250,00

Administrari laguntzailea

700,00

10.500,00

3. taldea.–Mugimenduko langileak

1. mailako trafikoburua

880,00

13.200,00

2. mailako trafikoburua

850,00

12.750,00

3. mailako trafikoburua

800,00

12.000,00

Gidari mekanikaria

850,00

12.750,00

Gidaria

750,00

11.250,00

Jasomakinako gidaria

700,00

10.500,00

4. taldea.–Tailerreko langileak

Tailerburua

950,00

14.250,00

Arduraduna

875,00

13.125,00

1. mailako ofiziala

850,00

12.750,00

2. mailako ofiziala

830,00

12.450,00

3. mailako ofiziala

800,00

12.000,00

Tailerreko morroia

750,00

11.250,00

16-17 urteko ikastuna

663,00

9.945,00

II. ERANSKINA

Ateltrans, S.L.en hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusitako soldaten araubidea ez da aplikatuko, eta aldeen akordioz aldatuko da enpresak jakinarazten dituen inguruabar ekonomikoek haren egonkortasun eta bideragarritasun ekonomikoa okertzen ahal badute, enpresako zuzendaritzak horren arrazoiak egiaztatu ondoren.

Horrelakoetan, hitzarmen kolektiboaren Batzorde Mistoa bilduko da eta erabaki hauetako bat hartuko du:

a) Soldata ez aplikatzeko erabakiari uko egitea.

b) Soldata ez aplikatzeko erabakia baimentzea, gutxienez Batzorde Mistoan horren aldeko akordioa bada.

c) Erabakirik ez hartzea, akordioarekiko adostasuna Batzorde Mistoko ordezkaritzaren %100etik beherakoa bada.

Atal honetako a) edo c) letretan adierazitako erabakiren bat hartzen bada, alderdietako edozeinek aukera izanen du auzia Nafarroako Lan Auzitegira eramateko. Hura auzitegi horretan ebazten ez bada, Hitzarmenen Aholku Batzordeari aurkeztuko zaio, Langileen Estatutuaren 82. artikuluan ezarritako legezko prozedurari jarraituz.

Ateltrans, S.L. Angel Tellechea Lorenzo jaunak sinatua. NANa:
72.692.482-Q.

Langileen aldetik. Langileen ordezkaria. Francisco José Juango Repáraz jauna. NANa: 15.808.400-V.

Iragarkiaren kodea: F1410216