152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

329E/2014 EBAZPENA, uztailaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Artatzako turismoko kanpalekuaren Plan Berezia aldatzeaz. Sustatzailea Camping Artaza, S.L. da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 1/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 3. atalean ezarritakoaren arabera, plan bereziei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2014ko maiatzaren 29an plan bereziaren dokumentazio osoa sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, eta horren barnean Ingurumen ondorioen azterlana. Plan berezia jendaurrean egon zen, iragarkia Ameskoabarrengo Udaletxean jarrita eta 2014ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 26an. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Plan bereziko aldaketak helburu du turismoko kanpalekuaren mugak eta epe luzerako potentzialtasuna berriro zehaztea, eta, bestalde, egindako instalazio batzuk legeztatzea, plan berezian perimetrorako finkatutako 6 metroko esklusio eremuan zenbaitetan sartzen direnak.

Plan bereziaren esparru berrian, aparkaleku eta sarbide gisa erabiltzeko lurrak gehitzen dira, kanpaleku libre eta zatikatutako eremua, bai eta bungalowak hartzeko eremua ere, zabaltzeko (14.815 m²-tik 32.523 m²-ra). Kanpalekuaren eremuaren barnean kanpinaren inguruan 500 metroko radioan dauden lurrak sartzen dira; nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzorua da batik bat, baita oihaneko lurzorua ere.

Plan bereziko dokumentazioaren barnean ingurumen ondorioen azterlana dago, zeinek honako hau baitakar: plan bereziak ukitutako eremuaren balorazio bat, egokia ingurumenaren aldetik; planaren elkarreraginak indarra duten gainerako plan sektorialekin (LAP 4 "Erdialdeko Eremuak", Ebroko azpiarroko planak, Nafarroako Energia Plana eta Turismoko Plan Estrategikoa, besteak beste); eta ingurumeneko ukipenen identifikazioa eta balorazioa.

Plan berezi horrek ez du Natura 2000 sareko espaziorik ukitzen, ezta ingurumeneko babesa duen espaziorik ere. Ukitutako lurrak larreak eta alorrak dira batik bat eta kanpaldiko eremua eta bungalowen eremua zabaltzeko erabiliko dira. Ingurumen ondorioen azterlanaren arabera, ukipen nagusiak moderatuak eta bateragarriak dira. Hauek dira: lurrak moldatzea kanpatzeko eremu desberdinak egokitzeko, lurzoruaren nekazaritzako erabilera tradizionala aldatzea eta esparruko paisaia itxuraldatzea.

Eremua antolatzeko nahiz kanpalekua kudeatzeko aplikatu diren neurrien artean, ondoko hauek nabarmentzen dira: dauden zuhaitzak integratzea; perimetroan gutxienez 6 metroko zerrenda bat diseinatzea lorategi gisa, zuhaitzak dituena eta eraikuntzarik gabea; energia aurreztea sustatzen duten sistemak paratzea eta argi kutsadura gutxitzea kanpoko argiterian; gehieneko azalera eraikigarria murriztea; eta landa ingurunera egokitutako irizpideak erabiltzea eraikuntzan. Neurri horiek laguntzen dute kanpalekuak paisaiarekin bat egitera eta ingurumeneko ukipenak gutxitzera.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean adierazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osaturik dagoela iritzita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea Artatzako turismoko kanpalekuaren Plan Bereziko aldaketa (Ameskoabarrena) onesteko egokitasunari buruz ingurumenaren aldetik. Sustatzailea Camping Artaza, S.L. da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ameskoabarrengo Udalari, Artatzako Kontzejuari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1410060