152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

327E/2014 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena enduro eta moto-kroseko zirkuitu baten proiekturako, Ablitasko udal mugapean (Nafarroa). Sustatzailea Escalada Lainez José Julián da.

2009ko urtarrilean, José Escalada Lainez jaunak ingurumen baimena eskatu zuen Ablitasko 2. poligonoan dituen zenbait lurzati aisialdirako erabiltzeko. Eskaera azterturik, 2009ko martxoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak sustatzaileari adierazi zion jarduera horrek Ingurumen ukipenetarako baimena behar zuela. Bestalde, jardueraren jarduketa-esparrua murriztu zuen, lurzati haietako batzuk balio altukotzat hartu baitira Ablitasko lurzati berrantolamenduaren ingurumen eraginaren azterlanean.

2013ko urtarrilaren 3an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori 2C eranskineko E) epigrafean sartzen da, alegia: lurzoru urbanizaezinean egiten diren aisialdirako edo kirolerako instalazioak egiteko antolamendu turistikorako proiektuak, konparazio batera, golf zelaiak, kanpaleku ez-iraunkorrak, zaldiketa zentroak, teleferikoak, funikularrak, eskiatzeko estazio eta pistak, motorreko ibilgailuentzako zirkuitu iraunkorrak, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorik behar ez dutenak. Hala ere, proiektu horien barrenean 4. eranskineko epigraferen batean zerrendatutako jardueraren bat egiteko berariazko instalazioak ezarri nahi badira, eta, horrenbestez, jarduera sailkatuen udal lizentzia beharrezkoa bada, lizentzia lortu beharko dute, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz (foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da Ablitasko 2. poligonoko 2.635 lurzatian enduroa eta moto-krosa egiteko pista bat egitea, 1.918 metro luze, ia itzuli osoan 12 metro zabal izanen dena. Zirkuituak 23.016 m² hartuko ditu. Zirkuituaren inguruan plastikozko itxitura erretikulatua jarriko da, 1.410 metro luze, talketatik babesteko.

Pistako zorua lurrezkoa izanen da, eta zenbait lur-mukuru, enborrekin egindako oztopoak eta harriak jarriko dira, jauziak egiteko. Pistaz gainera, ibilgailuak aparkatzeko eremu bat eta motozikletentzako boxen eremu bat izanen dira, 3.700 m²-koak. Jarduera honetarako ez da beste instalazio osagarririk ezarri behar.

Lurzatian sartzeko metalezko ate bat jarriko da (4 metro zabal eta gutxienez 1,80 metro altu), bi orrikoa (biak irekigarriak), eta bihurdura bikoitzeko edo antzeko metalezko sare bat, 8 metrokoa, atearen ezker-eskuin.

Jarduera kokatuko deneko lurzatiak Malongo adarrarekin egiten du muga, zeina abelbide babestua baita Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera.

Espedientean Ablitasko Udalaren 2014ko otsailaren 7ko aldeko txostena jaso da, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Departamentuaren 2014ko uztailaren 2koa ere. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Kudeaketa Bulegoaren eta Habitaten Atalaren aldeko txostenak ere jaso dira, biak ala biak baldintzapekoak. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea enduro eta moto-kroseko zirkuitu baten proiekturako, Ablitasko udal mugapean. Sustatzailea Escalada Lainez José Julián da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Sustatzaileak jarduera horiek egoki garatzeko behar diren baimen guztiak lortu beharko ditu. Zehazki, otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuan sartutako determinazioak bete beharko dira, haren bidez arautu baitziren lurzoru urbanizaezinean barna ibilgailu motordunekin antolatutako jarduerak eta ibilgailu motordunen zirkulazio librea (1994ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 25ekoa), baita martxoaren 44/1990 Foru Dekretua ere, horren bidez arauak eman baitziren eremu publikoetan egiten diren ikuskizunak baimentzeko (1990eko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 19koa).

–Inguruko ingurumen-balioak zaintzeko, sei hilabetean behin jardueraren garapenari buruzko urtekari bat aurkeztuko da, pistaren erabiltzaileen kopurua eta erabilera-orduak zehazten dituena egunez egun.

–Uneoro motoentzako zirkulazio bidearen seinaleztapena ahal den onena izan dadin eta pistatik kanpora ibil ez daitezen, pistaren trazaduraren bi aldeak balizatuko dira material plastiko erretikulatua erabiliz. Gutxienez urtean behin, edo material horren mantentze-egoera dela-eta beharrezkoa denean, mugatze-banda horiek berrituko dira guztiz edo partez.

–Debeku da motoak zirkuituan mugatutako pistetatik kanpora ibiltzea. Jardueraren ondoriozko gorabehera guztien kostu eta kalte-ordainen erantzulea sustatzailea izanen da.

–Ibilgailu motordunek, enduro eta moto-kroseko zirkuitura sartzeko, “Malongo adarra” abelbidea erabil dezakete, bakar-bakarrik, Ablitasko herrigunetik dagoen sarbide logikoak abelbide horrekin bat egiten duen 60 metroetan. Hauek dira sarbide horren koordenatuak: X612539; Y4646453 eta X612504; Y4646402. Nolanahi ere, bide horretan abereek eta gainerako erabiltzaileek izanen dute lehentasuna, debeku izanen da abelbide horren lurretan ibilgailuak aparkatzea, eta sustatzaileak bere gain hartuko ditu jarduerak abelbideei eta/edo haien erabiltzaileei eragiten ahal dizkien gorabehera guztien kostu eta kalte-ordainak.

–Instalazioaren inguruko itxitura eta sartzeko atea atzera eraman beharko dira Ablitasko 2. poligonoko 2.635. lurzatiaren mugatik hiru metro, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak ezartzen duen zortasun-eremua errespetatu beharra baitago.

–Jarduera balio ekologiko handiko eremu batean kokatuko denez, hain zuzen, Peñadil, Montecillo eta Monterrey Ablitas ES2200042 Kontserbazio Bereziko Eremuarekin mugakide diren lurretan, eremuan dauden ingurumen balioak zaintzeko asmoz, Ingurumen Zaintzarako Plan bat egin beharko da, ingurumen ukipenetarako baimena eman eta hurrengo hiru urterako gutxienez. Urtero, plan horren gaineko txosten bat aurkeztu beharko da, arlo horretan eskumena duen teknikari batek sinatua, zirkuituko bideekin muga egiten duten eremuetan landaredi naturalak izandako bilakaera erakusten duena.

–Obrak bukatu ondoren, jarduketa eremua batere hondakinik gabe utzi beharko da. Autoen aparkalekuan eta motozikletentzako boxen eremuan edukiontziak jarriko dira hondakinak uzteko. Instalazioa behar den moduan kontserbatzeko behar diren garbiketa eta mantentze lanak eginen dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ablitasko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 9an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1409996