152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318E/2014 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Doneztebeko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Doneztebeko Udalaren Hirigintzako Planaren ingurumeneko tramitazioa Udalak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin hasi zen. 2010eko martxoaren 31n, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen Udal Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumenaren aldetik kontuan hartu beharreko alderdiei buruz.

2012ko apirilaren 13an, Ingurumen ondorioen azterlanaren nahikotasun txostena egin zen, eta, Hirigintza Plana hasiera batean onetsi ondoren, jendaurreko epea hasi zen, iragarkia 2012ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 13an. Planaren dokumentazioaren barnean, Ingurumen ondorioen azterlana eta “Doneztebeko udalerrian uholdearen arriskua izateko ebaluazio, kudeaketa eta lurraldearen antolamendurako azterlana” daude.

2013ko azaroaren 19an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Udal Plan Orokorraren dokumentazioa.

Doneztebeko Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 8,6 km² guztira. Udalerria Ezpelura, Ezkurra eta Bidasoa ibaiek bat egiten duten ordokian kokatuta egonda eta eskualdeko burua izanda, udalerriaren ezaugarri geografikoek eta sozioekonomikoek finkatzen dituzte, hein handi batean, bere antolamendua eta planifikazioa.

Hirigintzako Planak 1998an onetsitako aurreko planeamendua ordezten du eta udalerriari hirigintzako baliabide eguneratu bat ematen dio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legera egokitua.

Planeamenduak oinarri izan dituen jarraibideek eta helburuek bat egiten dute abenduaren 22ko 35/2002 Foru Legearen printzipioekin; izan ere, honako hauek dira estrategiaren helburuak: garapen jasangarria eta herritarren bizi kalitatea hobetzea; Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamenduko Planeko (LAP 2) jarraibideak garatzea; hiri bilbea eta ezaugarri bereziak bermatu eta hobetzea; kultur ondarea babestea, eta, batik bat, hirigune historikoa, interes kulturaleko ondasuntzat hartu dena; eta Bidasoa eta Ezkurra ibaietan uholdeak zer baldintzatan izan daitezkeen aztertzea.

Doneztebeko lurraldea okupatzeko ereduan, hirigune bat dago Ezkurra, Bidasoa eta Ezpelura ibaien artean, Malerrekako eskualdean buru dena, eta ondoko eremu bat, eraikuntzak dituena, N-121-A errepidearen zerbitzukoa, Ibarburu alderdian.

Lurraldearen baldintza nagusia hirigunearen kokapena da, urak har dezakeen eremu batean baita. Horrek eta hiri bilbean, beheko lurretan, dagoen kolmatazio handiak baldintzatzen dituzte Hirigintza Planean hirigunerako proposatutako egitura eta antolamendua.

Bizitegitarako, Lizarborda (Ezpelurako ezkerreko aldean), Aparan (Bidasoako ezkerreko aldean) eta San Miguel (Ezkurrako ezkerreko aldean) proposatzen dira. Urbanizatzeko egokiak diren eremu horiek zedarritzean, kontuan hartu da, aldez aurretik, uholdearen arriskua, Doneztebeko udalerrian uholdearen arriskua izateko ebaluazio, kudeaketa eta lurraldearen antolamendurako 2008ko azterlanaren arabera. Lizarbordaren eta Aparanen kasuetan, plan partzialak gauzatzeko, berdegune bat eskuratu beharko da ibaiaren ondoan, eta urak har ditzakeen eremuetan dauden toki sistemak eremu libre eraikiezintzat hartu beharko dira. Bestalde, Aparanen, Kantauri aldeko Ur Konfederazioaren ubideratze planean aurreikusitako lubeta osatuko da.

Ezkurra ibaiaren bukaeran, ezker aldean, uholdeak izateko arrisku handia dagoenez, Uarte alderdia landa lurzoru gisa mantentzen da, uholdeekin bateragarriak diren erabilerak edukita.

Urbanizatzeko egokiak diren lurzoru gutxi dagoenez, bereziki aipagarriak dira hirigune historikoko etxebizitzak eraberritzea sustatzen dituzten neurriak. Nolanahi ere, higiezinak barnetik banatzeko aukera aipatu baino ez da egiten planean. Etorkizuneko babes plan berezi batean zehatzago arautuko da interes kulturaleko ondasun deklaratutako ondare kultural hori.

Zehatzago, bizitegitarako espazioak proposatzen dira, hirigunearen buru gisa, topografia malkartsuagoa duten tokietan, hala nola Gallineroazpia (UN-4) alderdirako proposatutakoak. Hala, jarraipena emanen zaio paisaian integratuta gelditu ez den magaleko etxebizitza mota bati. Hortaz, eremu horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi bezala, ingurumen ondorioen adierazpen honen baldintzetan zehaztutako neurriak aplikatuko dira.

Gainera, AR-7aren kasuan, Saldiasera doan bidean, lurzoru urbanizagarritik kanpo gelditu beharko lirateke %30etik goragoko malda duten lurrak, edo, bestela, berdeguneak malda handiagoko lurretan kokatu beharko lirateke.

Jarduera ekonomikoetarako diren lurzoruei dagokienez, planak Elgorriagako errepidean kokatutako industrialdea osatzen du nabeen atzeko aldeko lurzoruei erabilera emanez. Azalera txikiko larreei eragiten die, ingurumen ukipen adierazgarririk egin gabe. Gainerako industrialdeak (Aparan eta Ibarburu) finkatzen dira planean.

Dokumentazioan ez dago sartuta aurreikusitako garapenen alternatibak aztertu eta baloratzeko plan bat. Hala ere, Lurraldea Antolatzeko Estrategia eta Ereduaren hasieratik Hirigintzako Planera bitarte, aldaketa aipagarriak egin dira. Batez ere nabarmentzen da Bidasoa ibaiko bazterra, Oteitzako meandroan, landa lurzoru gisa finkatzea. Haren balio edafologikoak, nekazaritzakoak eta paisaiakoak direla-eta jarraitzen du landa lurzorua izaten, nekazaritzako jardueretarako euskarri fisiko gisa eta nekazaritzako paisaia gisa, eta urbanizatzeko prozesutik kanpo gelditzen da. Horrenbestez, eremu horretan, NA-1210 errepidearen eta Bidasoa ibaiaren artetik argi zedarritutako ingurumeneko unitatean alegia, tratamendu homogeneoa lehenetsiko da landa lurzorua sailkatzeari dagokionez. Helburua da nekazaritzan produzitzeko ahalmenari eustea, eraikuntzak eta instalazioak ugaltzeak lurzorua itxi eta iragaitz bihurtzea ez ekartzeko.

Doneztebeko planifikazioan bide azpiegiturak ere aipagarriak dira. Sustapen Departamentuaren jarraibideekin bat, N-121-A errepidea bikoizteko modurik hoberena da egungo errepidea zabaltzea, edukiera handiko biderako atal bat lortu arte. Planean laburki aztertzen da zein diren aukerak herrian bidea bikoizteko, betiere helburua izanik horretarako behar diren lurrak gordetzea eta garraioarekin lotura duten jarduerak handitzeko aukera baloratzea (Sunbillako mugan kokatuta). Azkenik, eremu bat gordetzen da, bidetik 25 metrora bitartekoa bi aldeetan, kontuan izanik bide hori lau erreikoa izanen dela.

Eskualdeko eta tokiko errepide sareari dagokionez, planak bide erreserba bat proposatzen du, Malerrekatik ateratzeko saihesbide bat egiteko, hirigunea zeharkatu gabe. Bide horiek Elgorriagako herriarekin egiten dute bat mendebaldean, eta hegoaldean, berriz, N-121-A errepidearekin, Oteitzako meandroaren bidez. Bideetarako proposamen horiek ez dute jarraipenik Elgorriagako planifikazioan eta ekartzen dute Elgorrian zein Donezteben ibarreko lurzoruak okupatu eta eraldatzea. Puntu horiek, ordea, ez dira baloratu ingurumenaren ikuspuntutik.

Landa lurzoruaren antolamendua lurzoru urbanizaezineko sailkapena eta azpikategoria bakoitzari lotutako araudia oinarri hartuta egiten da. Ingurumeneko balioa duten eremuetatik, lurraldea eta ingurumena egituratzen dituzten elementuen artean, Baztan, Ezkurra eta Ezpelura ibaiek eta urak har ditzakeen eremuek osatutako sarea nabarmentzen da. Urak har ditzakeen eremuak sailkatzen dira, LAP 2ko PN4 eta PN5 eranskineko irizpideen eta araudiaren arabera. Ingurumenaren aldetik duten balioagatik, hariztiak, ameztiak, gaztainadiak eta hostozabalekin eta koniferekin egindako birlandaketak sartzen dira, onura publikoko mendietakoak zein haietatik kanpokoak izan. Basoa antolatzeko proiektuei dagokie jarraibideak ematea baso eremu horien kudeaketaz.

Udalerriko hegoaldean, hirigunearen inguruan, nabariagoa da eskualde atlantikoko paisaia, ibar beheko belardiez eta hariztiez mosaikoan osatua. Ingurumeneko unitate hori, abeltzaintzari lotua, pixkanaka-pixkanaka tokia galtzen joan da, baso ustiapenen mesedetan. Planak ingurumeneko unitate hori identifikatzen du, eta, ezartzen du paisaia hori zaintzea eta abeltzaintzako jarduerak mantentzea helburu dituela; heskaien eta basoen zaintza arautzen du korridore biologikoak diren aldetik. Halaber, paisaiaren balioagatik udalerriko bidexka balizatuak sartzen dira; haien artean, Uraren Bidexka nabarmentzen da, Doneztebe eta Zubieta lotzen dituena.

Bidexka horietaz aparte, Bidasoako antzinako trenbidearen edo tren txikitoaren bide berdeak, lehengoratzeko prozesuan bera, oinezkoentzako ibilbideen sarea egituratzen du, eta Axkingo aztarnategi arkeologikoarekin batera, herriko balio kultural aipagarrienetako bat da.

Bermatuta dago hornidurarako eta saneamenduko sareak nahikoak izanen direla, planak aurreikusten dituen 310 etxebizitzei eta industrialdearen handitzeari dagokienez. Nolanahi ere, gomendagarria da banaketa biltegia handitzea; horretarako, azpiegitura hori garatzeko bitartekoak aurreikusten dira, bizitegitarako garapenak egiten diren heinean. Hondakin uren tratamenduari dagokionez, haiek egiteko modukoak dira baldin eta hirigintzako garapen berrietako sareak bereiziak badira.

Zarataren aldetik, udalerriko zonifikazio akustikoa eransten da. Honako eremu akustikoak identifikatu dira: bizitegitarakoa, industriakoa, hirugarren sektorekoa, garraio azpiegituretakoa eta naturgunetakoa.

Uraren Zerbitzuko Ur Baliabideen Atalak, 2012ko azaroaren 9an egin txostenean, besteak beste, plano bat erantsi zuen, urak har ditzakeen eremuaren gainean hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren sailkapeneko eremuak jarrita; horrela, ezartzen da sotoak eta erdisotoak egiteko baldintza dela urak har ditzakeen eremuetatik kanpo kokatzea hirigintzako zenbait unitatetan, uholdeekin bateragarriak diren erabilerak ezartzen dira AR1ean eta UC-16an aurreikusitako ekipamenduetan eta LAPeko irizpideak aplikatzen dira AR3an (Lizarborda). Uraren Zerbitzuko Ur Baliabideen Atalak 2014ko uztailaren 3an egin txostenean, egiaztatu zen aurreko baldintzak gehitu zitzaizkiola planari eta zehaztu zen garapena egitean urak har ditzakeen eremuez eta arriskuez eskura dauden datuen arabera eginen dela Oteitzako meandroko bide erreserba.

Jendaurreko epean ingurumenari buruzko alegazioak aurkeztu ziren, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari igorri zitzaizkion 2012ko azaroaren 19an. Alegazio horietan, lurzati batzuei dagokienez, eskatu zen lurzorua zehazki sailkatu dadila edo industria jarduera jakin bat paratzea bide ematen duen hirigintzako araubidea ezarri dadila. Hartara, Jesús María Zabala Gonzalezek sinatutako alegazioak eskatu zuen 1. poligonoko 300., 432., 433. eta 488. lurzatiak industria erabilerako hiri lurzoru finkatu gabe bezala sailkatzeko, eta, halaber, 1. poligonoko 480., 490. eta 292. lurzatietan zura eraldatzeko industriako erabilera baimentzeko.

Alegazio horri dagokionez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du, eta adierazi jarduera zehatz baten ezarpenak ez duela ekartzen lurzoruaren azpikategoria esleitzea. Egokia da 490. eta 292. lurzatiak oihaneko lurzoru gisa sailkatzea, eta, halaber, 488. eta 480. lurzatiak ingurumenaren balioko eta ustiapen naturalerako lurzoru urbanizaezin gisa. 480. lurzatian, uholde arrisku handiko eremu batean kokatuta dagoenez gero, proposatutako jarduera ez da bateragarria. 300., 432. eta 433. lurzatiak hiri hondakin solidoen transferentzia plantaren eta azpiestazio elektrikoaren esparruan kokatzen dira.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Doneztebeko Udalaren Plan Orokorrari gehitu zaizkion moduaren berri eman du, eta aldeko txostena egin du zenbait baldintzarekin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Doneztebeko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

–Arriskuak prebenitzeko eta babeserako lurzoru urbanizaezineko erabileren araubidea LAP 2ko PN4 eta PN5 eranskineko araudira egokituko da.

–Gallineroazpia alderdian (UN4), 2V:3H baino malda txikiagoko ezpondak osatuko dira, birlandatzeko egokiak. Lurzati barrenetan dagoen desnibela apalduko dute, topografia ahalik eta hobekien egokitzeko.

–AR7 izeneko eremuan, Doneztebe-Saldias NA-404 errepidetik hegoaldera, integrazio neurri gisa, berdeguneak lurzatiko hegoaldean bilduko dira, malda handiagoko eremuak okupatzeko.

–Landa lurzoruaren sailkapenari dagokionez, tratamendu homogeneoa emanen zaio Oteitzako meandroari, balio handiko lurzoru urbanizaezin gisa eta NA-1210 errepidearen eta Bidasoa ibaiaren artean argi zedarritutako ingurumeneko unitate gisa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, alegatzaileei eta Doneztebeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 9an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1410040