152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta bestelako elementuak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2014ko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Osoko Bilkurak, 2014ko uztailaren 1ean, behin betikoz onetsi du ordenantza. Haren testu osoa ondotik ematen da.

Irurtzunen, 2014ko uztailaren 3an.–Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Ostalaritzako establezimendu jakin batzuek eremu publikoan terrazak eta gisako elementuak paratzeko ohitura dute, negozioa zabaltzeko.

Partikularrek jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dituztenean jabari publikoko ondasunak, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta gisakoak eta aprobetxamendu nahiz erabilera orokorreko gainerako obra publikoak, Udalen kontrola behar da, jabari publikoaren aldi baterako erabilera hori administrazioaren ikuspuntutik arautu beharra dagoelako, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren.

Merkataritzarako baliabideak izateaz gain, terrazek hiriari itxura jakin bat ematen laguntzen dute eta, gainera, topaleku bihurtzen dira maiz, baita gizarte bizitzaren dinamizatzaile ere.

Eremu publikoa okupatzen dutenez, terrazek beste erabilera batzuekin bateragarri behar dute izan, ez galarazteko ez oinezkoen joan-etorriak ez beste herritar batzuen jarduerak. Eta, bestalde, inguruarekin bat datozen baldintza estetikoen arabera paratu behar dira eta aldameneko etxebizitzetako herritarrei ez gogaitzeko moduan.

Horrez gain, araubide juridikoa ere arautu beharra dago, eskabideen tramitazioa eta baimenak eskuratzeko baldintza orokorrak finkatzeko bederen.

Bestetik ere, eta batez ere 42/2010 Legea onetsi denetik, gora egin dute upelak eta gisa askotako euskarriak jartzeko eskabideek. Halako elementuak, berez mahaiak ez diren arren, mahaitako baliatzen dira eta ostalaritzako establezimendu batzuen sarreretan paratzen dira, oinezkoendako karriketan batez ere.

Era berean, gero eta ohikoagoa da loreontzi-euskarri handiak eta jendea erakartzeko bestelako apaindurak paratzea saltokietako, ostalaritzako establezimenduetako eta beheko solairuetan kokaturiko negozioetako ate inguruetan, eta halakoak ere arautu beharra dago, apaingarritako eta informazioa emateko baliatzen diren elementu horiek beren helburua bete dezaten eta, aldi berean, eremu publikoaren erabilera behar bezalakoa izan dadin, gainerako erabiltzaileei trabarik ez eragiteko.

Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuz prestatu da ordenantza hau.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal mugapearen barrenean dauden jabari publikoko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak.

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke hiriaren paisaian ikus daitekeenez, hala nola mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, itxitura iraunkorrak dituztenak edo halakorik ez dutenak, edo bakarrik upel eta tabureteez osatuak. Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu bereizgarri mota hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko. Haien arteko desberdintasunak egitekoan ikusi behar dira, eserlekuak pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak) izaten ahal direla, eta zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko diseinatuak (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Babesteko elementuak eta haize-babesak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko diren elementuak, establezimendukoek ekipamendu horiek bere kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Itxiturak: kontzeptu honetan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura eramaile batek eratutako elementuak, terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzeko badira, erraz desmuntatzeko modukoak badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

–Apaingarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz eraman daitezkeen elementuak, eremu publikoan ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes elementua bakarrik terrazaren eremua estaltzeko hedatu ahalko da, eta ez ditu izanen alboetako babes elementuak, eta, halakoak izanen balitu, itxituraren kategorian sartuko litzateke delako elementua.

–Eguzki-oihalak: terraza instalazio guztietan paratzen ahalko dira erantsitako eraikinaren fatxadan lotutako eguzki-oihal hedagarriak, terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko, betiere horizontalki hedatzen badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Saltzeko materiala edo produktuak jartzea.

4. artikulua. Baimenak.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, baimendutako zer elementu dauden eta zenbat eta nolakoak diren, eta erabilera mugatzen duten baldintzak.

3. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

4. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

5. Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.

6. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazen tipologia.

Era zabalean ulertu behar da “terraza” kontzeptua, hor hainbat tipologia sartuta (zenbait mota eta neurritako mahai eta aulkiak dituztenak, upelak eta taberna aulkiak, elementu mugatzaileak, eguzki-oihalak... dituztenak edo ez dituztenak). Edonola ere, ordenantza hau aplikatzean, bakarrik baimendu ahalko dira ordenantza honek aipatzen dituen terraza elementuak dituzten instalazioak, eta elementu horiek Udalean aurkeztutako baimen eskaeran agertu beharko dira.

6. artikulua. Terrazetako elementuak.

1. Oro har, bakar-bakarrik honako elementu hauek eratzen ahal dituzte terrazak: mahaiak eta aulkiak, bankuak, upelak eta tabureteak, babes elementuak eta haize-babesak, itxiturak, apaingarriak, eguzki-babesak edo eguzkitakoak, eguzki-oihalak eta espaloi handitzeak.

2. Terraza eratzen duten elementuen arabera, titularrak eskaeran adieraziko du zer elementuk osatuko duten bere instalazioa, eta ezin izanen du beste elementu bat gehitu, udal baimen osagarria lortu bitarte.

3. Salbuespenezko kasuetan, aurrekoak ez bezalako terraza elementuak paratzen ahalko dira, titularrak dagokion eskaera aurkezten badu, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoarekin, hartan garbi adierazten dela elementu horren ezaugarriak eta helburua.

4. Terrazako elementu bat ere ezin izanen da zoladuran itsatsi, salbuespenezko baimen berariazkoa lortzen ez bada behintzat; beraz, elementu guztiak eramangarriak edo erraz desmuntatzekoak izanen dira, kasuen arabera.

6.1. artikulua. Terrazaren okupazio dentsitatea.

1. Zeinahi ere diren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 1,85 × 1,85 m-ko modulu bakoitzeko (hau da, 4 lagun 3,50 m²-ko, pasabidea barne). Modulu hau ez zaie aplikatuko bezeroak esertzeko bankuak dituzten terrazei.

2. Terrazaren azalera osoak gainditzen duenean 3,50 m²-ko moduluaren multiploa, hortik gorako azalerak moduluaren erdia (1,75 m²) baino txikiagoa denean, beheko multiploa hartuko da terrazaren okupaziorako; aldiz, hortik gorako azalera 1,75 eta 3,50 m² artekoa bada, goiko multiploa hartuko da aintzat.

3. Terrazak eremu publikoan hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistemaren bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pinturak edo antzeko zerbait.

6.2. artikulua. Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

1. Ezaugarri orokorrak:

–Salbuespenik gabe, elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

–Ordenantza honetan berariaz baimentzen diren elementuak bakarrik finkatuko dira zoruan edo eraikinaren fatxadan, besterik ez.

–Oro har, haien ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

2. Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

–Mahai eta aulkiak:

Mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta 80-100 zentimetroko alboa edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Haiek egitean erabilitako materialen arabera, lurreko euskarriek gomak edo neoprenoak izanen dituzte, arrastaka eramatean egiten den zarata txikiagotzeko.

–Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da.

Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

–Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Oro har, babesteko elementuen bidez mugatuko da terraza, eta haien garaiera 0,90 eta 1,20 metroen artekoa izanen da. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,60 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik gora.

–Itxiturak:

Elementu hauek, oro har, oinezkoen eremuetan baizik ezin dira jarri, eta, baimentzeko, ezinbesteko baldintza izanen da teknikari eskudunak sinaturiko proiektu teknikoa aurkeztea.

Itxitura hauek egitura desmuntagarria izan beharko dute, beren ezaugarri eta neurriei egokitua.

Itxituren bi tipologia onartzen dira:

a) Bertikalki biltzen diren eguzki-oihalez osatutako alboko aldeak dituzten itxiturak, eguzki-oihal horiek oihalezko materialaz eginda daudela (olana edo antzekoren bat) eta egituraren goiko aldeko barran zintzilikatuta daudela.

Kasu honetan, elementu mugatzaile horiek gardenak izan beharko dira, gutxienez ere 90 cm-ko garaieratik gora.

b) Lurraren gaineko elementuek (lore askak edo antzeko zerbaitek) eratutako alboko aldeak dituzten itxiturak. Kasu honetan, elementu mugatzaile hauek bete beharko dituzte haize-babesetarako eskatutako baldintza berak (1,60 metroko gehieneko altuera, gardenak izan 90 cm-ko garaieratik gora...).

Oro har, itxituren alboko aldeen garaiera ez da izanen 2,20 metrotik beherakoa, eta egituraren zati batek ere ez du gaindituko 3,50 metroko garaiera edo 1,50 metroko muga erantsitako fatxadako edozein hutsarteren beheko ertzaren azpian.

–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak:

Eguzki-babesak, oro har, oinezkoen eremuetan edo bulebarretan jartzen ahalko dira bakarrik, eta, baimentzeko, ezinbesteko baldintza izanen da teknikari eskudunak sinaturiko proiektu teknikoa aurkeztea.

–Eguzki-oihalak:

Oro har, edozein terraza instalaziok babesgarri hau izan dezake.

Elementu hauek bakarrik eraikinaren fatxadan lotuta egoten ahalko dira, eta tolesgarri eta bilgarriak izanen dira. Eguzki-oihala plano horizontalean edo makurtuan hedatu beharko da, debekatuta daudelarik alboko eguzki-oihal mota guztiak.

6.3. artikulua. Elementuen segurtasuna.

1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

2. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak, eta haize bortitzak kaltetu dezakeen beste edozein elementu, tolesten edo jasotzen ahalko dira, haizearen abiadura denean haien egileak segurtasunerako gehieneko abiaduratzat jotakoa bezalakoa edo handiagoa. Eguzki-babesen eta itxituren kasuan, proiektu teknikoak adierazi beharko du zer kalkulu hipotesien arabera diseinatu diren elementu hauen egiturak.

3. Terraza haizeak tai gabe jotzen duen alde batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu hauek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

6.4. artikulua. Apaingarriak.

1. Apaingarriak jartzeko baimena ematen ahalko da (loreontzi-euskarriak, lore-askak edo antzekoak) merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan, establezimenduak bere jardunari lotutako terraza izan ala ez izan. Elementu hauetako mota bat bakarrik ezartzen ahalko da establezimendu bakoitzeko; publizitate mezuren bat badute, kokatzen diren establezimenduari buruzkoa izaten ahalko da bakarrik.

2. Oro har, ez da argindarra behar duen elementurik baimenduko.

3. Elementu hauen gehieneko altuera 1,60 metrokoa izanen da, eta ez dute hartuko 80 × 80 cm-ko azalera baino handiagoa, proiekzio horizontalean.

4. Establezimenduaren beraren fatxadako mugen barneko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

5. Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro bat baino gehiago aterako, udal agintaritzak ez badu bestelako antolamendua baimentzen, behar bezala justifikaturiko kasuetan, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten badute oinezkoendako ohiko joan-etorria ez eragoztea.

6. Ikusmen-desgaituen segurtasuna bermatzearren, berariaz debekatuta dago tripode tankerako edo antzeko elementuak paratzea.

7. Ezin izanen dira finkatu lurrean edo eraikinaren fatxadan edo eremu publikoko beste edozein elementutan, eta diseinu egokia izanen dute bere kabuz egonkor izateko.

8. Apaingarriek ezin izanen dituzte inola ere trabatu edo mugatu establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

9. Ikusmen-desgaituek haiek hauteman ahal izateko, ez dira baimenduko azpiko ertza zoladuratik 15 zentimetro baino distantzia handiagora duten apaingarriak. Arrazoi beragatik, elementu bakoitzaren gutxieneko altuera 90 zentimetrokoa izanen da, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa, gehienez; muga honetan salbuespen izanen dira lore-askak, uste delako gaineko landareei esker erraz hautematen ahal direla.

7. artikulua. Eguzki-oihalak.

1. Ordenantza honek aurreikusten du eguzki-oihalak paratzeko baimena ematea, ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetarako.

2. Ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan ezartzen diren eguzki-oihalek honako muga hauek izanen dituzte:

–Eguzki-oihala eratzen duten elementuetako bakar bat ere, salbuespenik gabe, ezin izanen da atera terrazarako baimendutako eremutik; hau da, erabat hedatu ondoren, eguzki-oihalak espaloiaren planoan duen proiekzio horizontalak ez ditu gaindituko baimendutako eremuaren mugak.

–Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (itxitura, bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola era lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

–Berariaz debekatzen dira batzuetan terrazaren eremua mugatzeko erabiltzen diren alboko eguzki-oihalak; haien lekuan, titularrak eskatzen ahalko du babesteko elementuak edo haize-babesak paratu ahal izatea.

3. Baimendutako ordutegitik kanpo, bilduta egon beharko dira.

III. TITULUA

Eremu publikoaren baldintzak

8. artikulua. Terrazak instalatzeko baimenaren baldintza orokorrak.

1. Eremu publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen segurtasunari edo ibilgailuen joan-etorriei.

2. Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz esan diezaiokete honelako inguruabarrak tarteko:

–Hartaz arduratzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

–Bide segurtasunari (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) kalte egiten bazaio edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.

–Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

9. artikulua. Eremu publikoan terrazak instalatzeko baldintzak.

1. Oro har, ikusmen-desgaituen joan-etorriak ez oztopatzeko, terrazak kokatuko dira horien establezimenduak daudeneko eraikinen espaloiaren zintarriaren ondoan. Establezimenduaren fatxadaren zabalera bera edo txikiagoa izanen du terrazak, eta establezimenduaren parean kokatuko da, zintarriarekiko era paraleloan, oinezkoak igarotzeko lekua utzita eraikinaren fatxadaren ondoan.

Edonola ere, udal agintariak aldez aurretik baimen arrazoitua emanda, establezimenduaren fatxadaren ondo-ondoan jartzen ahalko dira terrazak; kasu horietan, terrazak bere perimetroan mugatuko dira babes elementuen edo haize-babesen bidez, eraikin fatxadaren luzapena balitz bezala, instalazio horrek ahalik eta gutxien oztopatzen duela ikusmen-desgaituen joan-etorria; betebehar hau ez da aplikatuko fatxadaren ondo-ondoan jarritako upel lerro batez osaturiko terrazetan.

Oro har, ezin izanen da terrazarik jarri oinezkoendako pasabideen, elbarriendako erreserbatutako aparkalekuen, autobus eta taxien geralekuen eta edukiontzien parean; halako tokietan jarri ahalko da, terraza eraikinaren fatxadaren ondoan jartzeko baimena ematen denean eta, gainera, terrazaren eta galtzadaren ertzaren artean gutxienez ere 4 metroko tartea egonen da oinezkoak pasatzeko.

Establezimendua oso estua izateagatik terraza egokirik paratu ezin denean, salbuespenez eta udal agintariak aldez aurretik baimenduta, terraza hori alboko eraikinetako baten fatxadaren parean jarri ahalko da. Kasu horretan, ezinbesteko baldintza izanen da establezimendu horren titularraren berariazko baimena dakarren agiria aurkeztea; udal baimena baliogabetuta geratuko da, establezimenduaren titularrak bere baimena ukatzen duen unean.

10.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

1. Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere 1,50 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da.

2. Horren ondorioz, terrazako elementu bakar batek ere ezin ahalko du baimendutako eremua igaro, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako pasabidea –aipatu berri dena– hartu ere.

Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide librea handitzen ahalko da.

2. Espaloiak estuak direlako mahai eta aulkien modulu nagusia (1,85 × 1,85 m) ezin denean jarri, dagoen espaziora hobeto egokitzearren, upelak eta tabureteak edo modulu nagusiaren aldaerak jartzen ahalko dira; kasu horietan baimena izanen da honelako moduluak paratzeko: mahai 1 eta 3 aulkiko modulua (1,85 m × 1,35 m) edo mahai 1 eta 2 aulkikoa (1,85 m × 0,85 m).

10.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

Oinezkoendako eremuetan terrazak jartzen direnean, ibilgailu ofizialak, hau da, suhiltzaileenak, poliziarenak, anbulantziak, garbiketakoak eta abar pasatzeko moduko oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, oztoporik gabeko 3,50 metroko zabalera duena gutxienez ere; oztoporik gabeko pasabide honen galibo altuera 4,50 metrotik gorakoa izanen da.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

11. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrak izanen dira terrazen erabileraren arduradunak, eta eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

3. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

4. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, edo gisako beste edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo gisako beste edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailkuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak etab.).

e) Haurrendako josteta makinak paratu ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

12. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

Terraza lotuta dagoeneko jarduera nagusiak baimenduta duen ordutegitik aparte, jarraian ezartzen diren denbora mugak beteko dira terraza zerbitzuan:

a) Maiatzaren 1etik irailaren 30a bitarte, 9:00etan hasi eta hurrengo eguneko 1:00ean bukatuko da ordutegia, eta ordubete luzatzen ahalko da larunbat, igande eta jaiegunetan.

b) Urtearen gainerako aldian, 9:00etatik 24:00etara bitartekoa izanen da ordutegia, eta bi ordu luzatzen ahalko da larunbat, igande eta jaiegunetan. Oinezkoendako eremu eta kaleetan, terrazak paratzeko ordutegia ez da hasiko harik eta zamalanetarako ordutegia bukatu arte.

Herriko bestetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

c) Titularrak terraza itxi beharko du erabiltzaileak auzokoei eragozpenak sortzen ari badira, eta hari dagokio, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo atera ditzaten.

d) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

13. artikulua. Udal lizentzia.

1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak paratu baino lehen udal baimena beharko da. Irurtzungo Udalak emanen du baimen hori.

2. Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren arabera taberna, kafetegi, jatetxe, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa sailkaturiko establezimenduei soilik emanen zaie baimena terraza edukitzeko. “Kafea dastatzeko” establezimenduei ere ematen ahalko zaie terrazetarako baimena.

3. Material edo produktuen dendak.

4. Horretarako, interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du Udaletxean, honelakoak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzaileak funtzionamendurako udal lizentziaren titularra beharko du izan.

b) Titularraren datuak: helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokapena.

d) Terraza eratzen duten elementuak, 3. artikuluaren arabera ezarritako sailkapenean.

e) Txosten idatzia eta dokumentazio grafikoa, honako hau jasotzen duena: – Lokala non dagoen adierazten duen planoa.

5. Aurreko eskaerarekin batera, kasuen arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Terraza beste establezimendu baten parean ezartzeko eskaera egiten denean, haren titularraren baimen berariazkoa.

b) Terraza erabilera publikoko espazio pribatuak okupatuz ezartzeko eskaera egiten denean, ukitutako jabe elkartearen baimen berariazkoa.

c) Erantzukizun zibileko asegurua sinatu izanaren egiaztagiria.

14. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala eginik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa aitzinetik prestaturik, legez ezarritako epeetan emanen da ebazpena.

2. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Eskatzaileak Irurtzungo Udalarekin zorren bat edo beste duenean ere, baimenari ezezkoa emanen zaio.

15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2. Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta udal agintaritzak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

5. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

16. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Lizentziak gehienez ere hamabi hilabeterako emanen dira, eta zein urtetan ematen diren, ezin dute inola ere urte natural hori gainditu. Indarraldi hau, betiere, etenik gabekoa izanen da.

2. Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu beste lizentzia bat hurrengo ekitaldirako lortu, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, instalazio guztia kenduz.

3. Lizentziak berez berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoan adierazi bezala egin beharko da, eta terrazarako eskaera berria egin beharko da.

4. Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

II. ATALA

Zehapenen araubidea

17. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko bai jarduerari egiteko moduaz bai gainerako aginduei dagokienez.

18. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Alkatetzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2. Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintariak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

19. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna lehengoratzea dela ulertuko da. Lehengoratze horren erantzuleak ez badu bere borondatez halakorik egiten, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen XI. Tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Baimenean aurreikusitako elementuak paratzea (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baina baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gaindituz.

c) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

d) Baimendutako eremuaren mugak igarotzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalkinarekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalkinarekin.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk baimendutako eremutik kanpora edukitzea tolestuta, pilatuta edo gordeta.

g) Ez betetzea eginbehar hau: terrazako jarduera egiteko udal baimena eta ordenantza honek ezarritako informazio osagarria erabiltzaileek eta udal zerbitzuek ikusteko moduan edukitzea.

h) Ez betetzea eginbehar hau: terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten lurreko markak beti ikusgai edukitzea edo, garbiro ikusten ez direnean, udal agintariaren inguruabar horren berri ematea.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteak ez badira.

2. Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimendutako terraza elementuak (mahai, aulki eta bestelakoak) jartzea, baina baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak nabarmen gaindituz.

c) Terrazak edo/eta ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea aldez aurretik aginduzko udal lizentzia edo baimena lortu gabe.

d) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalkinarekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalkinarekin, oztoporik gabeko pasabidea, oinezkoendako edo ibilgailuendako dena, hartuz.

e) Udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzei ez egokitzeagatik, Udalak instalazioa edo haren elementuetako bat kentzeko eskatu eta agindua ez betetzea.

f) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea kontserbazioari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

g) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen larriak sortzea edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

3. Hona hemen arau-hauste oso larriak:

a) Urtebetean 3 arau-hauste larri egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak edo/eta beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako, saneamenduko eta elektrizitateko harguneak, musikako aparailuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipoak, jolas-makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak etab.).

c) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte.

d) Terraza edo horren edozein elementu erabat edo hein batean kentzeko agindu eta ez betetzea, udal agintariak manatzen duenean trafikoaren, urbanizazioaren, interes orokorreko edo Udalaren intereseko arrazoiak direla medio.

e) Berariaz baimendutakoa ez beste edozein jardueratan aritzea.

f) Eremu publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa jartzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita bai ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako eremu publikoan jarrita dauden elementuak, bai oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasuna.

h) Eremu publikoaren lurzorua okupatzea argitalpenekin edo jendearen joan-etorria oztopatzen duten elementuekin edo hiri-ingurunea hondatzen dutenekin.

i) Kontzesioaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

j) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

21. artikulua. Zehapenak:

1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarrakiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 601etik 3.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako kentzea.

c) Arau-hauste oso larriak: 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia kentzea.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

3. Ordenantza honen aurkako arau-hausteen zehapen prozedurak tramitatuko dira Polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzan xedatuaren arabera.

22. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

23. artikulua. Graduazio irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean eta, aplikatu beharreko zehapena graduatzerakoan, legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpidei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituen horiei jarraituko zaie.

24. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Arau honetan erregulaturiko arau-hausteei dagokienez, hiru urte igarota preskribatuko dira oso larriak, bi urte igarota larriak eta sei hilabete igarota arinak.

Epe horiek ekintza zigorgarria egiten denetik hasita kontatuko dira edo, arau-hauste jarraituak direnean, egiteari uzten zaionetik kontatzen hasita.

25. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenak aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dira, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik kontatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek bi hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1409822