152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116E/2014 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzen duena, inerteen hondakindegi bat aldi baterako legeztatzeko proiekturako, Arradan, Murillo el Cuendeko udal mugapean. Sustatzailea udala da.

2014ko otsailaren 12an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Murillo el cuendeko 12. poligonoko 13. lurzatian hondakindegi bat dago, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 18an eman 63E/2012 Ebazpenaren bidez legeztatua. Ebazpen horrek ezarri zuen ezen, hondakindegia legeztatzeko, beharrezkoa zela hura itxi eta lehengoratzea Murillo el Cuendeko udalerrian 2012an sareak berritzeko obretatik eramandako soberako hondeaketa lurrekin. Orduan, obra hondakinez estali zen eta azalerak berdindu ziren. Horrela lortu zen, hein batean, hondakindegiko itxura orokorra hobetzea. Nolanahi ere, botatakoak betelanaren kota bidearen kotaren gainetik jarri zuen, 3 metroko garaieraraino. Gainera, biltegia ez zen atzera eraman erreka-zulotik, 63E/2012 Ebazpenak eskatu bezala. Edonola ere, baimendutako jarduketarekin ez zen bete espazio hori lehengoratzeko gehienez kalkulatutako betelanaren bolumena.

Orain eskatu den jarduerarako, lurrak berriro botako dira, oraingoan Arradako hodi nagusia eta sareak berritzeko obretatik eramanak (guztira, 12.000 m³). 2012ko jarduketarekin, espazio hori lehengoratzeko kalkulatu zen bolumenaren %40 osatu zen; hartara, iritzi da lurzatiak har ditzakeela eskatutako bolumeneko lurrak, kalterik egin gabe eremuko ingurumenaren kalitatean eta lehengoratzea guztiz bukatuz.

Aurkeztutako memoriaren arabera (2014ko otsailaren 25eko errekerimenduaren ondoren osatutako agiria), proposatzen den konponbideak ez du ingurumeneko ukipen adierazgarririk ekarriko ingurumeneko osagaien gainean. 2012ko ebazpenean adierazi bezala, Murillo el Cuendeko 12. poligonoko 13. lurzatian bi eremu bereizten dira: A eremua, ingurumenaren aldetik eragin handia izan duena, hondakinez eta lurrez bete baita; eta B eremua, nolabaiteko balio ekologikoa duena, erreka-zuloko larre gaziz estalita baitago, eta habitat natural hori ez da ugaria nekazaritza eremu horretan.

Hori dela medio, eta 2012ko lanekin ez baitzen lortu espazio hori guztiz lehengoratzea, irizten da ezen, eskatutako lurrak botaz eta ahal den guztia murriztuz landare naturalez estalitako eremuaren gaineko okupazioa, hondakindegia behin betiko itxi eta lehengoratutzat jo daitekeela.

23/2011 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, dekretu hau ez zaie aplikatuko obra berean, beste obra batean edo lehengoratze, egokitze edo betetze lan batean erabilitako eta hondeatutako material naturalei, baldin eta behar bezala frogatzen bada berriro erabiltzeko direla, hau da, kasu honetan, hondakindegia lehengoratzeko lurrak ez direla eraikuntza eta eraispenetako hondakin, lehengoratzeko erabiliko baitira.

Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan xedatua ikusirik, bertan ezartzen baita hondakinak baloratzeko eta deuseztatzeko jarduerek autonomia erkidegoan ingurumenaren arloan eskumena duen organoaren baimena eskuratu beharko dutela eta baimen bat lortu dutenek baldintza orokorrak bete beharko dituztela, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du Murillo el Cuendeko Udalaren baimenaren inguruan, eta proposatu du Ingurumen ukipenetarako aldeko baimena ematea, ebazpen honetako jarraibideak betetzeko baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzea, inerteen hondakindegi bat aldi baterako legeztatzeko proiekturako, Arradan, Murillo el Cuendeko udal mugapean. Sustatzailea udala da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Lurrak botatzen hasi baino lehenago, Tuterako Basozaintzari abisatuko zaio, obren zuinketan egiazta dezan, batetik, okupatzeko azalerak murrizteko helburua, eta, bestetik, hondakindegia lehengoratzeko lanak egiten ahal dituzten makinak bertan daudela. Horretarako, gutxienez bi egun lehenago jarriko dira harremanetan Basozaintzarekin, 609904957 telefonoaren bidez eta oficina.guarderio.forestal.tudela.12@navarra.es posta elektronikoaren bidez.

–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimenduta egon beharko du obren esleipena hartzen duen enpresak, sortu ziren obretan ez beste batzuetan hondeatutako material naturalak balorizatzeko jardueretarako. Lurperatu behar ez diren materialak hondakin kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu.

–Hondeaketa lurrak (170504 HEZ kodekoak) onartuko dira 2003/33/EB 17055 Erabakian hondakin inerteetarako zehaztutako ezaugarriak bete badituzte eta Arradako hodi nagusia eta sareak berritzeko obretatik etortzen badira.

–6 hilabetekoa da isurketarako eta obra-hondakindegia behin betiko ixteko epea, Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen den egunetik aurrera.

–Azalera berrien okupazioa murriztuko da Murillo el Cuendeko 12. poligonoko 13. lurzatian. Soilik beharrezko azalera erabiliko da dagoen materiala eta hondakin berriak zabaltzeko, harik eta lortzen den arte hondakindegiko kota bidearen kotaren gainetik ez egotea eta erreka-zuloaren gainetik bi metro baino gorago ez egotea; tarte hori 3H/1V malda edo apalagoa duten ezpondekin konponduko da.

–Isurketak hegoaldetik mugatzen dituen ibarbidean gutxienez ere 5 metro atzeraemanen dira isurketak.

–Isuri ondoren, lurra hedatuko da eta amaierako gainazalak birprofilatuko dira, atzerakako hondeamakinaren edo bulldozerraren bidez, malda ezberdineko azaleren ertzak agertu gabe eta inguruko erliebearekin fisiografikoki ongi egokitu arte.

–Okupazio berriko eremuetan landare lurra kenduko da eta bukaeran zabaltzeko gordeko da (30 cm-ko geruza).

–Azkenik, azalerak ereinen dira, inguru horretakoak diren belar eta zuhaixka hazien nahasketa batekin.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Murillo el Cuendeko Udalari eta Tutera aldeko Basozaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 9an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1410061