151. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan (12. ordenantza). Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2014ko maiatzaren 7an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa (12. ordenantza).

Erabaki hori 2014ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ean.

Argitaratu zenetik 30 eguneko epea iragan baita inork espedientearen kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Udalak behin betiko onetsi du, 2014ko martxoaren 5ean egin osoko bilkuran. Hona hemen testu osoa:

HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA. 12. ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Noain, Otao, Iharnotz eta Zuluetako Kontzejuen mugapeko herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Noain Elortzibarko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Noain Elortzibarko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Noain Elortzibarko Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilarreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatu eta/edo judizialki gaitua.

b) Noain, Otao, Iharnotz edo Zuluetako herritarren erroldan herritar gisa inskribaturik egotea, urtebeteko antzinatasunez.

c) Noain, Otao, Iharnotz edo Zuluetan urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Noain Elortzibarko Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Noain Elortzibarko Udalak ebatziko ditu, banan-banan, Ogasun Batzordearen edo legelariaren txostena ikusi ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

16. artikulua. Noain, Otao, Iharnotz eta Zuluetako laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Noain Elortzibarko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Noain Elortzibarko Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurra: 10 erregu.

–Ureztalurra: erregu 1.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, hau da, lehorreko erregua edo ureztalurreko erregua.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, lehorreko ...... erregu edo ureztalurreko ...... erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, lehorreko ...... erregu edo ureztalurreko ...... erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea, hau da, lehorreko ...... erregu edo ureztalurreko ...... erregu.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Noain Elortzibarko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Noain Elortzibarko Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Hainbat urtetarako laboreak badira, Noain Elortzibarko Udalak baimendu ondotik, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 29,00 euro/erregua/urtea.

–Ureztalurrak: 150,00 euro/erregua/urtea.

Urtero eguneratuko dira, KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Noain Elortzibarko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, laborantza zuzenean eta norberak egiteko ahalmenik ez da galduko, Noain Elortzibarko Udal honen iritzian, laborantza norberak egitea eragozten duen eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Noain Elortzibarko Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik, onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu esleitzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Noain Elortzibarko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Noain Elortzibarko Udalak ezintasun fisikoa edo bestelakoren bat noiz dagoen erabakitzeko ahalmena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Noain Elortzibarko Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Udaltzaingoaren txostenaren arabera, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Noain Elortzibarko Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera izanen da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 33,00 euro/erregua/urtea.

–Ureztalurrak: 200,00 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIren arabera.

30. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

31. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak uzten ahal dizkie hala nahi duten familia unitateen titularrei 250 m²-ko familia baratzeak, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da ureztalurren jabea izanen, ezta herrilurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena zortzi urterako izanen da.

d) Kanona 0,5 euro/metro karratua izanen da. Kanona urterako eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.

Noain Elortzibarko Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Noain Elortzibarko Udalak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Noain Elortzibarko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udaletxeko iragarki oholean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.

36. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Noain, Otao, Iharnotz edo Zuluetako bizilaguna dela, gutxienez urtebeteko antzinatasuna izanik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizi dela.

b) Udal honekiko zerga beharkizunak beteak dituela.

b-bis) Lehentasuna izanen dute laborantza ekologikoa egin nahi duten herritarrek.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju horien mugapeetan bai beste batzuetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Noain, Otao, Iharnotz eta Zuluetako mugapeetan bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espezieak, mugape hauetan eta beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Noain Elortzibarko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Ogasun Batzordeak proposaturik, Noain Elortzibarko Udalak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta esleipen modalitate bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Noain Elortzibarko Udalak loteak esleituko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Noain Elortzibarko Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Noain Elortzibarko Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

42. artikulua. Noain, Otao, Iharnotz eta Zuluetako herrilarreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkaleku bakar bat eratzen dute.

–Bazkalekua .........erregukoa, muga hauekin:

43. artikulua. Noain, Otao, Iharnotz eta Zuluetako herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Noain, Otao, Iharnotz edo Zuluetako Aziendaburuen Erregistroan.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Noain Elortzibarko Udalak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean Noain, Otao, Iharnotz edo Zuluetako Aziendaburuen Erregistrotik.

46. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

47. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak baterako bazkalekuak jasan dezakeen azienda kopurua kalkulatzen du, ardi aziendako ............ bururen bidez.

48. artikulua. Jasan daitekeen azienda kopurua eta larreen kalitatea kontuan harturik, Noain Elortzibarko Udalak herrilarre guztiek osatzen duten bazkaleku bakarrerako kanona finkatu du: 915,51 euro urtean bazkalekurako.

49. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

50. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:

–Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

51. artikulua. Onuradunak, esleipenaren egunetik 10 eguneko epean, esleipenaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %10 utzi beharko du, fidantzatako.

52. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak larre guztien bostetik bat gorde dezake, onuradun berririk balitz urtean esleitzeko. Erreserba hori erabakitzen den unean mugatuko da eremua.

53. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainei kalterik ez egiteko, Noain Elortzibarko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

55. artikulua. Prozedura.–Noain Elortzibarko Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udaletxeko iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

56. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda ere.

57. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak behin-behineko esleipena eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

58. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

59. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira bi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

60. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Noain Elortzibarko Udalak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

61. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitzeko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

62. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

63. artikulua. Egurra banatzerakoan, Noain Elortzibarko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

64. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Noain Elortzibarko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan agertzen den bezala.

65. artikulua. Udalak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

66. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Noain Elortzibarko Udalak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

68. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

69. artikulua. Noain Elortzibarko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

70. artikulua. 1. Noain Elortzibarko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan prozedura honi jarraituko zaio:

a) Noain Elortzibarko Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, baita ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua ere.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Noain Elortzibarko Udalak hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

71. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Noain Elortzibarko Udalak baizik ez ditu onetsi behar, 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

72. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herrilurrak Noain Elortzibarko Udalak esleitu gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak edo lur utziak izan.

f) Labore iraunkorren landaketak egitea (fruta-arbolak, zainzuri-landareak etab.), Noain Elortzibarko Udalaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

73. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

Aipatu g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 12.020,24 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2014ko uztailaren 3an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

Iragarkiaren kodea: L1409917