151. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2014ko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Osoko Bilkurak, 2014ko uztailaren 1ean, behin betiko onetsi du ordenantza. Haren testu osoa ondotik ematen da.

Irurtzunen, 2014ko uztailaren 3an.–Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/EE Gomendioarekin bat, desgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

2.1.–Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidea izateko, beharrezkoa izanen da hurrengo ataletan egoera bakoitzerako ezarri diren baldintzak betetzea.

2.2.–Desgaitasuna duten gidariak.

1. Udalerri honetan erroldatuta egotea.

2. Ibilgailua alta emanda edukitzea herriko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren erregistroan.

3. Mugikortasuna murrizten duen desgaitasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa duela adierazten duen ziurtagiria.

b) Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren txostena, mugitzeko zailtasunak egiaztatuko dituena, garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunei buruzko baremoaren arabera (abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskina).

Mugitzeko zailtasunak daudela esanen da, baldin eta kasuan kasuko pertsona ondoko baremoko A, B eta C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean badago:

Aurreko egoeretako bakar batean ere ez badago, baremoko D, E, F, G eta H atalak aplikatuko dira, horietako bakoitzean lortutako puntuazioak batuz. Mugitzeko zailtasunak daudela esanen da, atal horietan gutxienez ere 7 puntu lortzen badira.

Baremoa:

A) Gurpil-aulkia erabili beharra duena.

B) Ibiltzeko behar-beharrezko ditu bi makila.

C) Ibiltzeko gauza da, baina urritasun intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzen ditu, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen.

EZ DU ZAILTASUNIK

MUGAPEN ARINA

MUGAPEN LARRIA

MUGAPEN OSO LARRIA (ezin du)

D) Eremu lauetan ibiltzea

0

1

2

3

E) Oztopoak dituzten eremuetan ibiltzea

0

1

2

3

F) Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G) 40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H) Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

Desgaitasuna duen pertsona ibilgailu baten baino gehiagoren titularra bada, gehienez ere 2 ibilgailutarako emanen da txartela.

2.3.–Desgaitasuna dutenen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak.

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena edukitzea.

2. Udalerri honetan erroldatuta egotea.

3. Ibilgailua alta emanda edukitzea herriko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren erregistroan.

4. Eskatzailearen dokumentazioa, desgaitasuna duenarekin zer familia lotura duen frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

5. Zaintzen duten ahaideak edo pertsonak mugikortasuna murrizten dion desgaitasuna izatea; hori dela eta, honako hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa duela adierazten duen ziurtagiria.

b) Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren txostena, mugitzeko zailtasunak egiaztatuko dituena, garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunei buruzko baremoaren arabera (abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskina).

Mugitzeko zailtasunak daudela esanen da, baldin eta kasuan kasuko pertsona aipatu den baremoko A, B eta C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean badago.

Aurreko egoeretako bakar batean ere ez badago, baremoko D, E, F, G eta H atalak aplikatuko dira, horietako bakoitzean lortutako puntuazioak batuz. Mugitzeko zailtasunak daudela esanen da, atal horietan gutxienez ere 7 puntu lortzen badira.

Orokorrean, txartel bakarra emanen da desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko. Udalak aztertu eta baloratu beharreko salbuespenezko egoeretan, beste txartel bat ematen ahalko zaie desgaituaren ahaideei edo zaintzaileari, gehienez ere 2 txartel, guztira.

3. artikulua. Eskaera egiteko prozedura.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Desgaitasuna duen pertsonaren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua, non mugikortasunaren baremoa zehaztuko baita.

–Gidabaimen eguneratuaren fotokopia konpultsatua.

–Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

–NANaren fotokopia konpultsatua.

–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria. Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, eskatzailearen eta desgaitasuna duenaren arteko loturari buruzko datuak sartuko dira, eta biek herrian bizi beharko dute.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

1.–Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik erraz ikusteko moduan, kontrolatu ahal izateko.

2.–Desgaitasuna duen pertsona ibilgailuan dabilenean baizik ez da erabiltzen ahalko aparkatzeko txartela.

3.–Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

4.–Txartelak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horien berri eman beharko dute txartelen onuradunek, txartelak berritzeko edo ezabatzeko, egin behar denaren arabera. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

5.–Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelek beren titularrari aukera ematen diote, Udalaren eskumeneko bideen barnean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko toki erreserbatuetan ordu mugarik gabe aparkatzeko, eta gehienez ere 15 minutuan zamalanetarako erreserbatuetan aparkatzeko.

6.–Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko tokiek izan beharko dituzte behar bezalako seinaleak, zutikakoak nahiz etzanak. Toki horiek erabiltzen dituztenean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelen titularrek ikusteko maneran utzi beharko dituzte txartelak.

7.–Baimen hori izanda ere, ez du inolaz ere aparkatzen ahalko txartelaren titularra barnean ez bada, ezta oinezkoendako pasabideetan ere, edo espaloiaren gainean, geldialdi debekatua duten eremuetan, garraio publikoarentzat erreserbatutako erreietan eta, oro har, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

8.–Txartela zein udalerritan eskuratu den, beste herri batean aparkatuz gero, herri horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

9.–Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, horretarako arrazoiak adierazita.

10.–Txartela galdu edo ebatsiz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Txartelen balioaldia.

Bi txartel mota daude:

Bata iraunkorra izanen da, eta bestea aldi baterako erabiliko da, txartelaren onuradunak zer gaitz duen. Aldi baterako txartela urtero berrituko da, urtarrilean.

Txartel iraunkorren balioaldia 5 urtekoa izanen da, baldin eta desgaitasun txostenek adierazten badute mugikortasun murriztua behin betikoa dela.

Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko desgaitasuna den, ordura arteko balioa izanen du.

Balioaldia amaituta, balioa galduko du, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

6. artikulua. Txartela berritzea:

Txartel iraunkorrak berritzeko, Udalak egiaztatuko du ea erroldaren baldintza betetzen den, eta interesdunak nortasun agirikoaren neurriko 2 argazki aurkeztu beharko ditu.

Aldi baterako txartelak berritzeko, erroldaren baldintzak egiaztatuko ditu, eta interesdunak bere mugikortasunari buruzko beste irizpen bat eta nortasun agirikoaren neurriko 2 argazki aurkeztu beharko ditu.

Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxera eraman beharko du txartel zaharra.

Ebatsi, hondatu edo galduz gero ere berritzen ahalko da txartela. Ebasten badute, salaketaren frogagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

7. artikulua. Tasak.

Ibilgailu bakoitzari ematen zaion aparkatzeko lehen txartelak 20 euroko tasa izanen du.

Txartela berritzeko, 10 euroko tasa izanen du ibilgailu bakoitzak.

Ematea baimendu eta eskuratzen diren unean ordainduko dira.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

8.1.–Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.

Arau-hausteak 600 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena izanen du.

Datuak faltsutu edo ezkutatu dituztenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

Arau-hausteak 1.000 eurotik 2.000 eurora bitarteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnek erabiltzea.

Arau-hausteak 2.000 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

8.2.–Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei, eta administrazio publikoek zehatzeko ahalmena erabiltzearen gaineko legean eta erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun indarra duten txartelek berritu bitarte izanen dute balioa, baina berritzen direnean ordenantza honetan ezarri diren baldintzak bete beharko dituzte.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1409824