32. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10E/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zizurko, Galarko eta Zizur Nagusiko udal-mugarteetan Zizurko urbanizazioan euri-uraren kolektoreak handitzeko proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. da.

2013ko abuztuaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2013ko abenduaren 11n, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Proiektuaren xedea da Zizurko urbanizazioko euri-urak husteko sistema handitzea. Proiektuaren barnean sartzen diren kolektore batzuk hirigunetik igarotzen dira, eta hustubide batek Morea sakanean dagoen isurketa gunera eramaten ditu emari horiek. Drainatutako urak jasoko dituen hodia kolektore berria da (Ø1800 eta 1340 m-ko luzera), eta honako ibilbidea du: Done Jakue bidea gurutzatzen du (Zizur Nagusia eta Zizur Txikia bereizten diren marran), baita NA-6000 errepidea, ibilguak eta zerbitzuen sareak ere (telefonoa, gasa, elektrizitatea), eta lurzoru urbanizaezinetik jarraitzen du Morea sakaneko ibilgura iritsi arte.

Ingurumenaren gaineko eragin handiena ibilgu horretan bertan gertatzen da, izan ere proiektuan proposatzen da Morea sakaneko sail naturala 35 metroko tartean aldatzea; horren ondorioz, ibilgu artifizial bihurtuko litzateke, azpiko harri-lubeta eta ezpondekin (harri lubetetatik beherago ez dago aurreikusia ibilguaren profila lehengoratzea edo zabaltzea). Proiektuak badu Ingurumen ukipenen azterlana (7. eranskina), non hidroereintzetarako eta landaketetarako kontu-sail bat zehazten den.

Eskaera Galar Zendeako eta Zizur Zendeako udalei igorri zaie, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Zizur Nagusiko tartea hiri lurzorutik igarotzen da, eta Udalak aldeko txostena emana zuen aurretik). 2014ko urtarrilaren 16an eta 14an, hurrenez hurren, erantzuna jaso zen, eta horien arabera, instalazioa bateragarria da indarreko udal planeamenduarekin. Alabaina, Galar Zendeako udalaren txostenean adierazi da kezka badagoela ez ote den uholde arazorik egonen baratzeen eremuan eta Eskirotzeko hirigunean. Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A.k berretsi du Morea sakanera isuriko diren euri-uren bolumena proiektuaren aurretik zegoen berdina izanen dela, hortaz, ez da arazo berririk sortuko.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak txosten batean adierazi du beharrezkoa dela neurri zuzentzaile gehigarriak sartzea, sakanean, 35 metroko tartea harri-lubetek ez ukitzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zizurko, Galarko eta Zizur Nagusiko udal-mugarteetan Zizurko urbanizazioko euri-uren kolektoreak handitzeko. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. da.

2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Morea sakanera doan hustubidearen bokalean neurri zuzentzaile gehigarriak sartuko dira harri-lubetek ibilguan 35 metroko tartean eraginen duten ukipena murrizteko. Zentzu horretan, egiturak diseinatuko dira (adibidez, blokeak edo eskailera-mailak zolatan) bokaleko hormigoizko obran bertan energia barreiatzeko; halaber, ahal den neurrian lurra gehituko da harri-lubeten artean, eta ezponden gainean Ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitako ereintzak eta landaketak eginen dira. Gero, urtebeteko egutegia prestatuko da ureztaketetarako eta hutsarteak betetzeko. Bokaleko obraren plano aldatua Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari aurkeztuko zaio obrak hasi aurretik berrikus dezan.

Hirigintza arloko edukiak:

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, honako hauek:

  • Herri Lanetako zuzendari nagusiaren urriaren 7ko 774/2013 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteko dira. Ebazpen horren bidez, Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A.ri baimena eman zitzaion NA-6000 errepidearen lurpeko bidegurutzea egiteko (Etxabakoitz-Arrizabalaga).
  • Obren zati bat herrilurretan sustatu denez, obren lizentzia eman aurretik, Zizur Txikiko Kontzejuak, ukitutako herrilurren toki entitate titular den aldetik, herrilurrak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Jabari publiko hidraulikoa eta ibilguen zortasun eremuak ukitzen dituzten obren kasuan, Ebroko Ur Konfederazioaren aldez aurreko baimena beharko da, Urei buruzko Lege indardunean ezarritakoarekin bat.
  • Done Jakue bidearen gaineko ukipenaren balorazioan Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena izan beharko da, legeria indardunean ezarritakoa betetzeko (290/1988 FD).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Galarko, Zizur Zendeako eta Zizur Nagusiko udalei, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1401237