2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, hautaproben bitartez laborategiko teknikariaren lanpostuan, aldi baterako lan kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean gertatzen ahal diren
beharrak asetzeko
Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2014ko ekainaren 25ean; hona hemen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdia egin da hautaproben bidez laborategiko teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.
Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aitzin, laborategiko teknikarien lanpostuan lan kontratupeko langile finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den lagunik ba ote den; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Laborategiko teknikariaren titulua edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.
Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan eskuratzen ahalko da, Karrika Nagusiko 2an, edo Internet bidez, www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.
3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
4.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.–Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean, Udaletxearen gibelaldean, baita haren webgunean ere (www.pamplona.es), Enplegu Publikoa atalean.
Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
6.–Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita haren webgunean ere, deialdi honetan ezartzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.
7.–Epaimahaia.
7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
–Mahaiburua: María Teresa Martínez Remírez, Ingurumeneko zuzendaria.
–Mahaikidea: José María Lainez Gabari, Ingurumeneko botikaria.
–Mahaikidea: María Jesús Nagore Leoz, Ingurumeneko botikaria.
–Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua
–Idazkaria: María del Mar Indave García, Ingurumeneko idazkari teknikoa.
7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa. 8.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:
1. Proba teorikoa: idatziz azaldu beharko da deialdiaren 2. eranskineko bi zatietako bakoitzeko gai bat. Zati bakoitzetik bi gai aterako dira zozketa bidez, izangai bakoitzak horietako bat aukeratzeko. Probak 30 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak. Proba egiteko bi ordu emanen dira gehienez.
2. Proba praktikoa. Laborategiko tekniken, kimikakoen eta mikrobiologiakoen maneiua, epaimahaiak ezarritako probei jarraituz. Probak 30 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak.
8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
8.3. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
9.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.
Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
9.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
9.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.
9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2014ko ekainaren 25ean.–Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.
I. ERANSKINA
Izena |
N.A.N./Nortasun agiria: | Jaioteguna (eguna, hilabetea, urtea) | Nazionalitatea |
Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua) |
Herria | Posta kodea | Sakelako telefonoa | Telefono finkoa |
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
q Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
q Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DUT:
Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdian (.....eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, .................. egunean argitaratua), laborategiko teknikariaren lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez. .. .. .
Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2, 31001-Iruña).
Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an
(Sinadura)
II. ERANSKINA
1. zatia.–Kimika.
1.1.–Analisi grabimetrikoa: oinarri teorikoak; eragiketa orokorrak. Aplikazioak, elikagaien analisian.
1.2.–Analisi bolumetrikoa: oinarri teorikoak; eragiketa orokorrak. Azido-base bolumetriak; adierazlea hautatzea. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.3.–Analisi bolumetrikoa: prezipitazioko bolumetriak, konplexuen formazioko bolumetriak, redox bolumetriak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.4.–Turbidimetria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan. Errefraktometria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.5.–Absortzioko espektrofotometria UV-ikusgarria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.6.–Absortzio atomikoko espektrofotometria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.7.–Konduktimetria: Oinarri teorikoak. Aplikazioak, uraren azterketan. Potentziometria: Oinarri teorikoak. Aplikazioak, uraren azterketan.
1.8.–Kromatografia: Oinarri teorikoak. Kromatografia paperean, kromatografia geruza mehean, kromatografia zutabean. Aplikazioak, elikagaien azterketan.
1.9.–Presio handiko isurkinen kromatografia (HPLC): oinarri teorikoak; tresnak; zutabe motak; detektore motak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
1.10.–Gasen kromatografia: oinarri teorikoak; tresnak; zutabe motak; detektore motak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.
2. zatia.–Mikrobiologia
2.1.–Materialen eta laginen erabilera Mikrobiologiako laborategian. Esterilizazio bideak (beroa, iragazpena, erradiazioa); aplikazioak.
2.2.–Hazkuntzarako baliabideen prestakuntza. Erabili beharreko sistemak. Baliabide orokorrak, aberasteko baliabideak, baliabide hautakorrak, baliabide bereizgarriak. Oinarriak eta adibideak.
2.3.–Uretako mikroorganismoen zenbaketa. Mintz bidez iragazteko bidea. Hazkuntza anaerobiosian.
2.4.–Elikagaietako mikroorganismoen zenbaketa. Laginaren prestakuntza. Diluzioen prestakuntza. Hazkuntza anaerobiosian.
2.5.–Bakterioen isolamendua eta identifikazioa. Plakan eta hobian ereiteko metodoak. Erreakzio biokimikoen bidezko identifikazioaren oinarri orokorrak.
2.6.–Uren mikrobiologia: aerobioak, koliformeak eta Escherichia Coli-ak zenbatzeko metodoak.
2.7.–Uren mikrobiologia: enterokokoak, Clostridium perfringens-ak eta pseudomonas aeruginosak zenbatzeko metodoak.
2.8.–Elikagaien mikrobiologia: aerobio mesofiloak, enterobakteriazeak, koliformeak eta Escherichia Coli-ak zenbatzeko metodoak.
2.9.–Elikagaien mikrobiologia: Listeria monocytogenes-ak eta Staphylococcus aureus-ak zenbatzeko metodoak.
2.10.–Elikagaien mikrobiologia: Listeria monocytogenes-ak eta Salmonella sp-ak dauden/ez dauden ikertzeko metodoak.
Iragarkiaren kodea: L1409433