150. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, laborategiko teknikarien lanpostuetan prestakuntzako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren
beharrei erantzutearren

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2014ko ekainaren 25ean; hona hemen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua garatzen duen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuak ezarritako irizpideei jarraikiz, deialdia iragartzen da, laborategiko teknikariaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko izatea, D maila edo taldekoa.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Laborategiko teknikariaren titulua edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta prestakuntzak diraueino.

3.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Era berean, parte hartzeko eskabideari erantsi beharko diote baldintza gisa eskatutako tituluaren fotokopia.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean, Udaletxearen gibelaldean, baita haren webgunean ere (www.pamplona.es), Enplegu Publikoa atalean.

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita haren webgunean ere, deialdi honetan ezartzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: María Teresa Martínez Remírez, Ingurumeneko zuzendaria.

–Mahaikidea: José María Lainez Gabari, Ingurumeneko botikaria.

–Mahaikidea: María Jesús Nagore Leoz, Ingurumeneko botikaria.

–Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua

–Idazkaria: María del Mar Indave García, Ingurumeneko idazkari teknikaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritza Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa. 8.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

1. Proba teorikoa: idatziz azaldu beharko da deialdiaren II. eranskineko bi zatietako bakoitzeko gai bat. Zati bakoitzetik bi gai aterako dira zozketa bidez, izangai bakoitzak horietako bat aukeratzeko. Probak 30 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak. Proba egiteko bi ordu emanen dira gehienez.

2. Proba praktikoa. Laborategiko tekniken, kimikakoen eta mikrobiologiakoen maneiua, epaimahaiak ezarritako probei jarraituz. Probak 30 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak.

8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.3. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

9.2. Prestakuntzarako izangai berrien puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa Zerbitzu Orokorren Alorrean eginen da (Giza Baliabideak) eta bertara deituko zaie ukitutako izangaiei.

Izangaiendako deia eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa indarra duen legerian ezarritakoaren arabera eginen da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2014ko ekainaren 25ean.–Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena

N.A.N./Nortasun agiria:

Jaioteguna (eguna, hilabetea, urtea)

Nazionalitatea

Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua)

Herria

Posta kodea

Sakelako telefonoa

Telefono finkoa

AZALTZEN DUT:

Deialdian eskatzen den titulua badudala, eta oraingo jarduneko egoerarako dudanetik ezberdina dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea, laborategiko teknikarien lanpostuetan, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian, ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, egun honetan: ..................................................

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatua bete beharrez, aditzera ematen zaizu azaltzen diren datu pertsonalak Iruñeko Udalaren “Udaleko langileak” fitxategian sartuko direla, deialdia kudeatzeko asmoz. Halaber, aditzera ematen zaizu datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zarela, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2. 31001. Iruñea) edo www.pamplona.es egoitza elektronikora joz.

Iruñean, 20...ko ................... aren .......(e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. zatia.–Kimika.

1.1.–Analisi grabimetrikoa: oinarri teorikoak; eragiketa orokorrak. Aplikazioak, elikagaien analisian.

1.2.–Analisi bolumetrikoa: oinarri teorikoak; eragiketa orokorrak. Azido-base bolumetriak; adierazlea hautatzea. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.3.–Analisi bolumetrikoa: prezipitazioko bolumetriak, konplexuen formazioko bolumetriak, redox bolumetriak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.4.–Turbidimetria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan. Errefraktometria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.5.–Absortzioko espektrofotometria UV-ikusgarria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.6.–Absortzio atomikoko espektrofotometria: oinarri teorikoak; tresnak; aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.7.–Konduktimetria: Oinarri teorikoak. Aplikazioak, uraren azterketan. Potentziometria: Oinarri teorikoak. Aplikazioak, uraren azterketan.

1.8.–Kromatografia: Oinarri teorikoak. Kromatografia paperean, kromatografia geruza mehean, kromatografia zutabean. Aplikazioak, elikagaien analisian.

1.9.–Presio handiko isurkinen kromatografia (HPLC): oinarri teorikoak; tresnak; zutabe motak; detektore motak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

1.10.–Gasen kromatografia: oinarri teorikoak; tresnak; zutabe motak; detektore motak. Aplikazioak, uraren eta elikagaien azterketan.

2. zatia.–Mikrobiologia.

2.1.–Materialen eta laginen erabilera Mikrobiologiako laborategian. Esterilizazio bideak (beroa, iragazpena, erradiazioa); aplikazioak.

2.2.–Hazkuntzarako baliabideen prestakuntza. Erabili beharreko sistemak. Baliabide orokorrak, aberasteko baliabideak, baliabide hautakorrak, baliabide bereizgarriak. Oinarriak eta adibideak.

2.3.–Uretako mikroorganismoen zenbaketa. Mintz bidez iragazteko bidea. Hazkuntza anaerobiosian.

2.4.–Elikagaietako mikroorganismoen zenbaketa. Laginaren prestakuntza. Diluzioen prestakuntza. Hazkuntza anaerobiosian.

2.5.–Bakterioen isolamendua eta identifikazioa. Plakan eta hobian ereiteko metodoak. Erreakzio biokimikoen bidezko identifikazioaren oinarri orokorrak.

2.6.–Uren mikrobiologia: aerobioak, koliformeak eta Escherichia Coli-ak zenbatzeko metodoak.

2.7.–Uren mikrobiologia: enterokokoak, Clostridium perfringens-ak eta pseudomonas aeruginosak zenbatzeko metodoak.

2.8.–Elikagaien mikrobiologia: aerobio mesofiloak, enterobakteriazeak, koliformeak eta Escherichia Coli-ak zenbatzeko metodoak.

2.9.–Elikagaien mikrobiologia: Listeria monocytogenes-ak eta Staphylococcus aureus-ak zenbatzeko metodoak.

2.10.–Elikagaien mikrobiologia: Listeria monocytogenes-ak eta Salmonella sp-ak dauden/ez dauden ikertzeko metodoak.

Iragarkiaren kodea: L1409432