1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
114E/2014 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Mendigorria-Larraga” izeneko 13,2 kV-eko linea elektrikoaren bariantearen proiekturako, mintegi baten eraikuntza dela eta, Larragako udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución, S.A. da.
2014ko maiatzaren 22an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Vitis Navarra Selección, S.L. enpresak proiektatzen du gaur egun Larragako 10. poligonoko 1406 lurzatian dituen mintegiak berritu eta eraikitzea. “Mendigorria-Larraga” izeneko 13,2 kV-eko aireko lineak lurzati hori zeharkatzen du, eta horregatik eraikuntza berriak traba egiten du linearen zortasunarekin; hortaz, aldatzea proiektatzen da, lurzatia zortasunik gabe geldi dadin eta eraikuntza obra oztoporik gabe egin ahal dadin. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatuko dira.
Espedientean haren aldeko txostenak ageri dira, Larragako Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emanak. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, “Mendigorria-Larraga” izeneko 13,2 kV-eko linearen bariantearen proiekturako, mintegi baten eraikuntza dela eta, Larragako udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución, S.A. da.
2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:
–11.01 euskarri berrira sartzeko gunea ezinbestekoa den tamaina txikienera murriztu beharko da. Sarbidea deuseztatu beharko da, eta obrak hasi aurreko egoeran utzi; hasierako topografiara itzuliko da eta aldatu diren gune guztiak berriz landareztatuko dira, eskualdeko belar eta zuhaixka espezieekin.
–Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lotzeko kateetan U70AB66 isolagailua erabiliko da.
–Deribazioko euskarrian eta airetik lurpekora pasatzekoan, zubi loka guztiak isolatuko dira, deribaziokoak barne, linea nagusikoak (behar izanez gero) eta ebakigailuak eta autobalbulak lotzen dituztenak. Linea nagusiko zubi lokak isolatzen ez badira, proiektu aldatu beharko da: gurutzeten arteko tartea handituko da, zubi lokaren beheko puntuaren eta beheko gurutzetaren arteko tartea 1,50 metrokoa izan dadin, gutxienez ere. Terminalak eta autobalbulak ere isolatu beharko dira BCAC estalkiekin.
–Zerbitzutik kanpo gelditzen diren azpiegitura guztiak urratu beharko dira, euskarriak barne.
–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo jardueraren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Udalak sustatzaileari baimen eman aurretik, haren aldeko txostena/baimena eskuratu beharko du Nafarroako Gobernuko Herrilurren Atalean.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoak.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Larragako Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko uztailaren 9an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1410028