1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
477/2014 FORU AGINDUA, Gizarte Politiketako Kontseilariak uztailaren 18an emana, Gizarte Politiketako Departamentuak eta Laboral Kutxak batera deitutako “Nafarroa” 2014ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIII. edizioko oinarri arautzaileak onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen duena.
Nafarroako Gobernuak, Gizarte Politiketako Departamentuaren bidez, eta Laboral Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak 2001etik aurrera egiten dute “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako deialdia; horren azken helburua gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzea izan da borondatezko elkartasun lanaren garrantziari buruz, herrialde eta herri pobretuetako gizarte sektore andeatuenen alde.
Laboral Kutxak eta Gizarte Politiketako Departamentuak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko 2014ko Sarirako deialdia egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren hitzarmen eta akordioen erregistroa arautzen duen abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluari jarraituz.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIII. edizioaren oinarri arautzaileak, I. eranskin gisa gehituak, onestea.
2. Oinarri horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau Gizarte Politiketako Departamentura eta Laboral Kutxara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko uztailaren 18an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
I. ERANSKINA
“Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XIII. edizioko (2014) oinarriak
1.a Sariaren xedea eta zenbatekoa.
1.1. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren edozein arlotan, bereziki milurtekoaren garapen helburuak lortzeko egindako ekarpenari dagokionez, beren ibilbidean nabarmendu diren instituzioek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsona fisikoek egindako lana goraipatzea eta aitortzea du xede sari honek.
1.2. Saria 15.000 eurokoa da eskudirutan. Jasotzeko, entitatearen arduradunak edo saritutakoak saria emateko ekitaldian egon beharko du, ezinbestekoetan izan ezik, horietan ordezkari bat izendatzen ahalko baitu, baita saria ematearen inguruan antola daitezkeen bestelako jardueretan ere.
1.3. Antolatzaileak bere gain hartuko ditu saria jasotzen duen pertsona saria ematen den tokira joateak sortutako gastuak.
2.a Hautagaiak aurkezteko tokia eta epea:
2.1. Proposamenak Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (González Tablas 7, 31005 Iruña, Espainia) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, faxez (+34 848 423 818) jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, honako helbide honetara bidaliko dira: servcoopdes@cfnavarra.es.
2.2. Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko irailaren 27an bukatuko.
3.a Entitate proposatzaileak.
3.1. Edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, akademiek, ikerketa zentroek, enbaxadek, kontsulatuek eta abarrek) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta abarrek ere, legez eratuta badaude.
Halaber, erakundeak gonbidatutako izen handiko pertsonek edo entitateen ordezkariek ere aurkezten ahalko dituzte hautagaiak, adierazitako epearen barnean.
3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.
3.3. Sarirako hautagaiak aurkeztearen ondorioz, oinarri hauek goitik behera onartuko dira, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
4.a Eskatzen den dokumentazioa.
3. oinarrian aipatu entitate edo pertsonek hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:
a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak edo proposatutako pertsonenak dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.
b) Azalpen memoria (2.000 hitz gehienez). Bertan ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa jasoko dira, eta saria eskuratzeko baloratzen diren merezimenduak frogatuko (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).
c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.
d) Aurreko deialdietan hautagai bat aurkeztu duten entitateek, aurtengoan berriro proposatu nahi badute, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: datuak dituen frogagiri eguneratua (II. eranskina); azalpen memoria eguneratua (III. eranskina); hautagaiaren aldeko gutun eguneratuak (halakorik lehendik bazeuden edo beste batzuk erantsi nahi badituzte); eta agiri sinatu bat, non adieraziko den zein urte eta ediziotan aurkeztu zen eta orduan aurkeztutako gainerako agiriak (informazio osagarria eta bestelako materialak, hala nola DVD-ak, liburuak, eta abar) baliodunak direla.
5.a Tramitazioa:
5.1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak, Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuaren bidez, eta Laboral Kutxak lehen hautaketa egiten ahalko dute, ez lotzailea, epaimahaiari emateko. Horretarako, hari igorriko dizkio finalisten proposamena eta aurkeztu diren gainerako hautagaiena.
5.2. Lehen hautaketan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:
a) Elkartasun lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.
b) Milurtekoaren garapen helburuak lortzen eta giza garapena sustatzen egindako ekarpena, eskubideen ikuspegitik eta generoaren perspektibatik.
c) Edukiaren izaera berritzailea.
d) Iraupena: esku hartzen den komunitatean edo eremuan.
e) Lanaren orientazioa, talde ahulen alde.
f) Lankidetza eta koordinazioa, antzeko erakunde edo sareekin.
g) Sariak herritarrengan, erakundean edo esku hartzen den eremuan dituen onurak eta/edo ondorio positiboak.
h) Entitate hautagaien ahalmen instituzionala edo proposatutako pertsonen ibilbide profesionala.
5.3. Sari honi buruzko edozein informaziotarako, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzen ahalko da (Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua), + 34848426313 telefonoan, + 34848423818 faxean eta servcoopdes@cfnavarra.es helbide elektronikoan.
5.4. Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.
6.a Epaimahaia, erabakia eta saria ematea:
6.1. Zazpi kidek osatuko dute sarirako epaimahaia –burua eta sei mahaikide– elkartasunaren arloan ospe handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artean hautaturik.
6.2. Epaimahaiak aho batez proposatuko du saria nori emanen zaion, eta kideen gehiengo soilaren bidez aho batez ez bada.
6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.
6.4. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, deialdiaren entitateek garaiz jakinaraziko duten egunean.
6.5. Bere egonaldian, sarituak edo saritutako entitatearen ordezkariek erabateko eskua izanen dute sariaren inguruan antolakuntzak proposatzen ahal dituen ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.
II. ERANSKINA
Proposamena egiten duen entitatearen edo pertsonaren datuak
Hautagaia proposatzen duen entitatearen edo pertsonaren izena: ............................................................................................................................
Hautagaia proposatzen duena entitate bat bada: .......................................................................................................................................................
Haren arduradunaren izen-deiturak: ............................................................................................................................................................................
Kargua: ...............................................................................................
Helbidea: ............................................................................................
Posta kodea: ......................................................................................
Herria: .................................................................................................
Probintzia: ..........................................................................................
Herrialdea: ..........................................................................................
Telefonoa: ...........................................................................................
Helbide elektronikoa: ..........................................................................
WED (baldin badu): ............................................................................
IFZ edo IFK: .......................................................................................
Hautagaia den pertsonaren edo entitatearen datuak
Hautagaia den pertsonaren izen-deiturak edo hautagaia den entitatearen izena: ..................................................................................................
Helbidea: ............................................................................................
Posta kodea: ......................................................................................
Herria: .................................................................................................
Probintzia: ..........................................................................................
Herrialdea: ..........................................................................................
Telefonoa: ...........................................................................................
Faxa: ..................................................................................................
Helbide elektronikoa: ..........................................................................
WED (baldin badu): ............................................................................
IFZ edo IFK: .......................................................................................
Zer erregistrotan dagoen inskribatua, haren izena eta zenbakia: ......
Zer urtetan hasi zen jarduera garatzen: .............................................
Zer herrialdetan garatzen den jarduera: .............................................
Zein duen jarduera nagusia: ...............................................................
Arreta jasotzen duten pertsonen kopurua: .........................................
III. ERANSKINA
Azalpen txostena, hurrengo alderdiak jasotzen dituena 2.000 hitzetan gehienez ere:
–Hautagaia den pertsonaren edo entitatearen ibilbide profesionala:
–Elkartasun lana egiten duen eskualdeko testuinguru soziala, ekonomikoa...:
–Zenbateraino dagoen errotua bere laneko komunitatean edo eskualdean:
–Zer talderekin egiten den lan eta zenbat diren onuradunak, gutxi gorabehera:
–Egiten diren jarduera eta jarduketen deskripzioa:
–Koordinazioa edo/eta lankidetza beste entitate edo sare batzuekin:
–Esku hartzen den populazioari edo eskualdeari sariaren zuzkidurak eta aitortzak ekartzen ahal dizkion alboko/zeharkako onurak:
–Aurkeztu gogo diren beste datu interesgarri batzuk:
Iragarkiaren kodea: F1410523