15. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAZUBI

Ataripeen ordenantza. Behin betiko onespena

Urdazubiko Udalak, 2013ko uztailaren 26ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ataripeen ordenantza, eta 2013ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 26an. 157. artikulua gehitu zitzaien eraikuntzari buruzko ordenantzei.

Jendaurreko aldian alegaziorik izan ez denez, eta abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74. artikuluan xedatutakoarekin bat, Urdazubiko Udalak, 2013ko urriaren 25eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi du Ataripeen ordenantza, eta argitara dadila agindu du, behar diren ondorioak izan ditzan.

Urdazubin, 2013ko abenduaren 23an.–Alkatea, Santiago Villares Otheguy.

ERAIKUNTZAREN GAINEKO ORDENANTZA

6. ATALA

Ataripeak ostalaritzako establezimenduetan

157. artikulua. Ataripeak.

1. Deskribapena.

Artikulu hau aplikatzearen ondorioetarako, ataripetzat honako hau jotzen da: edozein eraikuntza estali, hesten ahal dena, pilarez eta eremu osoan argia pasatzen uzten duten itxiturez eratua eta kanpoaldera egina dagoena.

2. Eremua.

Baimena emanen da ataripeak eraikuntza osagarri eta lagungarri gisa eraikitzeko, ostalaritzako establezimendu baten parte direla. Jendearentzako harreraleku gisa soilik erabiliko dira, hau da, jatetxeak, terrazak eta antzekoak egiteko.

Ataripeak eraikin bati atxikirik edo bereizirik egiten ahal dira.

3. Bolumetria.

Ataripea zein jardueraren parte den ikusirik, haren azalera eraikiak ez du gaindituko jarduera horren azaleraren %50a eta, betiere, 100 m² izanen ditu gehienez.

Solairu bakarra izanen dute, eta zoladura, berriz, esku-hartzea egin aurretiko lur mailarekin berdindua egonen da, edo goratua, zerbitzu ematen dioneko establezimenduaren beheko solairuaren zoladura kotarekin bat eginez.

Itxitura bertikalaren eta estalkiaren elkarguneko garaiera 3 m-koa edo txikiagoa izanen da perimetroaren edozein puntutan.

Isurki batekoa edo bikoa izaten ahal da estalkia, eta berariaz debekatuko dira estalki kurbatuak.

Estalkien maldek ez dute %8a gaindituko.

4. Onartutako materialak.

Egitura:

–Ataripeen egitura zurezko eskuairaldez edo metalezko profilez era daiteke.

–Zurezko eskuairaldeen akabera kolore naturalekoa edo ingurunearekin ongi heldu diren koloreez lakatua izaten ahal da.

–Metalezko profilen akabera, berriz, bidearekin ongi heldu diren koloreez lakatua izanen da, altzairu matezko akabera, RAL9006 edo aluminioaren beraren kolorea barne.

–Akabera lakatuetarako, jabeak kolorearen lagin bat aurkeztu beharko du, Udaleko zerbitzu teknikoek balora dezaten.

–Estalkiaren egitura, elementu gardenei eusten baitie, elkarren artean gutxienez ere 70 cm-ko tartea duten profilez edo eskuairaldez eginen da, eta piezaren zabalera 10 cm-tik beherakoa izanen da.

Itxitura bertikalak eta estalkia:

–Itxitura bertikalak eta estalkia elementu garden finko edo mugikorrez soilik osatuko dira, eta material opakuak, berriz, eusteko beharrezkoak diren profiletan eta horma-atalak irekitzeko mekanismoetan soilik erabiliko dira. Edonola ere, zutabe bertikalek ez dute profileriarik izanen 6 m²-tik gorako moduluetan. Hau da, beirazko itxitura irekigarriak beira-beira mekanismoen bidez gauzatuko dira eta fatxadaren beheko eta goiko erremateetan soilik izanen da behar den profileria.

–Horma-atal gardenak beiraz edo plastikozko konposatuez (polikarbonatoak, polipropilenoak etab.) eginen dira, horitze indizea 2tik beherakoa dela, ASTM D-1925-70 estandarraren arabera neurturik.

–Baimena emanen da eguzkitik babesteko ehunezko elementuak paratzeko, bai kanpoaldean bai barnealdean. Zuriak edo artile kolorekoak soilik izan daitezke.

Iragarkiaren kodea: L1318025