15. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 14/2013 dekretua, abenduaren 20koa.

Behean adierazten den egunean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondoko dekretua eman du:

Udalaren Erregelamendu Organikoak 23 (4, 5 eta 6 puntuak), 34, 35 eta 36. artikuluetan zehazten du zinegotzi delegatuen araubidea; aldiz, 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan, hartutako eskudantziak erabiltzeko araubide orokorra.

Haren 23.4 artikuluak ezartzen du alkateak eskuordetza orokorrak egiten ahal dituela udal egintzaren zenbait arlotan Tokiko Gobernu Batzarreko kideen alde. Kasu horretan, eskuordetze generikoa duen zinegotziarena da ahalmena eskuordetze bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratzeko, haren alorreko eginbeharretan ari direnean.

Eskuordetze generikoak, aipatu Erregelamendu Organikoaren 23.5 artikuluaren arabera, arlo edo gai bati edo gehiagori buruzkoak izanen dira, eta bai zerbitzu orokorrak zuzentzeko bai orokorrean kudeatzeko ahalmena har dezakete, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne. Geroago, 25. artikuluak ezartzen du eskuordetza horiek Udalaren zerbitzu administratiboak antolatzeko alorrei egokituko zaizkiela, Lurraldearen Antolamenduarena barne dela, betiere Tuterako Udalaren Antolamendu Administratiboaren egungo Erreglamenduan aurreikusitakoaren arabera.

Eskuordetzeen araubide horretan ezarrita dago (Erregelamendu Organikoaren 35. artikulua) zinegotzi delegatuek bakoitzaren eskuordetzea dekretuan zehaztutako eskudantziak izanen dituztela, eta hartan aurreikusitakoaren arabera erabiliko dituztela.

Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduak, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bitartez onetsitakoak, 43, 44, 45 120 eta 121. artikuluetan xedapen horiek berresten ditu, eta 114. eta ondoko artikuluetan eskuordetze horiek zein araubide orokorren menpe dauden zehazten du.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita, DEKRETATU DUT:

Lehenbizikoa.–Gobernu Batzordeko kide den Reyes Carmona Blascoren esku uztea, modu orokorrean, Lurraldearen Antolamendu Alorreko eskudantzia hauen erabilera, Alkatetzarenak baitira:

–Atxiki zaion alorrak berezko dituen arloetako obra, zerbitzu eta jarduketak nahiz egiteko edo betetzeko erabakitzen direnak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, behar diren aholku teknikoak bilatuz.

–Salmenta, errentamendu, obra, zerbitzu eta horniduretarako enkante eta lehiaketetan buru izatea, eta haiek behin betiko esleitzea, legeei jarraituz, eskuordeturik dituen eskumenen arabera.

–15.000 eurotik goitikoak ez diren obra, zerbitzu, hornidura eta laguntza teknikoen kontratazioa eta kontzesioa.

–Gastuak baimendu eta xedatzea aurreko atalean ezarritako mugaren barrenean, eta aurrekontua betearazteko oinarrietan aurreikusten direnak.

–Udal Ordenantzak eta Erregelamenduak betearaztea eta horien eta aplikazio araudiaren aurkako arau-hausteak zehatzea, bere eskuordetzearen barnean, zehapen hori 6.010,12 eurotik goitikoa ez bada eta ahalmen hori bertze organo batzuen esku dagoenean salbu.

–Bere eskumeneko udal erabakiak argitaratu, bete eta betearaztea.

Bigarrena.–Eskuordetze hori alorreko zerbitzuak zuzentzeko izanen da, baita haiek orokorrean kudeatzeko ere, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne izanik. Gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostena egiteko ere izanen da.

Hirugarrena.–Arlo osoko eskuordetze generikoa duen zinegotziak ahalmena izanen du eskuordetze bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratu eta koordinatzeko.

Hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena arloetan eskuordetze generikoa duen zinegotziaren esku dagoenez, haren eskumen esparrua ukitzen duten ebazpenak eman ditzan proposatuko diote eskuordetze bereziko zinegotziek.

Halaber, Alkatetzari proposatuko diote ebazpenak eman ditzan inoren esku utzi ez diren eskumenak direnean.

Eskuordetze bereziko zinegotziek tramitatu eta proposatuko dituzte Tokiko Gobernu Batzarrean aurkezten diren txostenak, haren eskumeneko gaietan erabakia hartu behar denean.

Laugarrena.–Eskudantzien eskuordetzeak ondorioak sortuko ditu 2013ko abenduaren 23tik aitzina, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere.

Horretaz gainera, eragina izateko, zinegotzi horren onarpena izan beharko du. Eskuordetzea onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik ez duela, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetzea.

Borzgarrena.–Dekretu honen berri eman bekio Udalaren Osoko Bilkurari; jakinaraz bekio ukitutako udalkideari, dagokion alorrari; eta argitara bedi Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bertan agertzen den datan indarra hartuko badu ere.”

Tuteran, 2013ko abenduaren 20an.–Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L1317942