15. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko zortzi lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2013ko abenduaren 17an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen:

Oinarriak

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko zortzi lanpostu mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta C mailakoak dira, eta honako txanda hauetan banaturik daude:

a) 5 lanpostu barne igoerako txandan, Iruñeko Udaltzaingoko kideentzat.

b) 3 lanpostu igoerako txanda irekian, Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat eta udaltzainentzat.

Barne igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoerako txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Barne igoerako txandan betetzen ez diren lanpostuak betegabe deklaratuko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Iruñeko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko kabo izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean inskribatuko dira eta hartan kidetuko, sistema horren babespean gelditurik. Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen gehigarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sistemara kidetuta baldin badaude, horretan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakora kidetzeko aukera izanen dute.

1.3. Iruñeko Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastaroan sartzen badira, gizarte aurreikuspenerako duten araubidea izaten jarraituko dute eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

3.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne igoerako txanda:

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea Iruñeko Udaltzaingoko udaltzain lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.2. Igoerako txanda irekia.

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako Polizia Kidego bateko polizia lanpostuan.

a) Udaltzainak: lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea udaltzain lanpostuan, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak emandako Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu dutela egiaztatzea, ikastaro hori beharrezkoa baita polizia izateko.

c) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.2. Bi txandetako izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.3. Barne igoerako txandako izangaiek aurkeztu beharreko agiriak, eskabide orriaz gain (Iruñeko Udaltzaingoko kideak).

4.3.1. Iruñeko Udaltzaingoko udaltzain lanpostuaren jabetza hartuz geroztik hiru urteko antzinatasuna, gutxienez ere, baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

Administrazioak ofizioz ziurtatuko du izangaiak baldintza hori betetzen duela, datu horiek kudeatzen dituen Administrazio Unitateak deialdia egin duen organoari dokumentazioa bidali ondoren.

4.3.2. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak.

4.4. Igoerako txanda irekiko izangaiek aurkeztu beharreko agiriak, eskabide orriaz gain (Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak eta udaltzainak):

4.4.1. Organo eskudunak emandako ziurtagiria, interesdunak Nafarroako Polizia Kidego bateko kide bezala lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela frogatzen duena. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

4.4.2. Udaltzainek organo eskudunak emandako ziurtagiria gehituko dute, udaltzain lanpostuaren jabetza hartu zen egunetik gutxienez 3 urteko antzinatasuna dutela frogatzen duena. Ziurtagiri berean interesdunaren egoera administratiboa zein den adierazi beharko da.

4.4.3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak emandako ziurtagiria, interesdunak eskola horrek emandako Polizia izateko beharrezko Oinarrizko Ikastaroa gainditu duela egiaztatzen duena.

Betebehar hau Administrazioak egiaztatuko du ofizioz, Nafarroako Segurtasun Eskolak deialdia egin duen organoaren aurrean egindako ziurtagiriaren bitartez.

4.4.4. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera izangaiak alegatutako merezimenduen frogagiriak.

4.5. Agiri horien kopia soilak aurkeztea aski izanen da, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideen zuzendariak mailaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du.

5.2. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.4. Aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: foruzain edo udaltzain zenbakia, Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

6. oinarria.–Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

6.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru urrats izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba praktikoaren urratsa eta hondarrean trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da mailaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki oholetan, web orrian eta Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

6.2. Lehiaketaldia.

6.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 82,75 puntu emanen dira:

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu arte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu arte.

c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: 20,25 puntu arte.

d) Sariak: 2,5 puntu arte.

Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udaleko iragarki oholean argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alegatu ahal dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondotik, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta Iruñeko Udaleko iragarki oholean argitaratuko ditu.

6.3. Proba praktikoaren urratsa.

6.3.1. Proba praktikoaren aldian honako hauek sartuko dira:

a) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu arte.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu arte.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

6.3.2. Proba praktikoak 25 puntu izanen ditu gehienez, eta epaimahaiak kabo lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz proposatzen dituen kasu praktikoak ebatzi eta/edo txostenak egin beharko dira. Plika sistemaren bidez eginen da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 12,5 puntu lortu beharko dira.

6.3.3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Psikologia Aplikatuaren Atalak, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa egin ondoren, gainditzen duen izangai bakoitzari buruzko txosten psikoteknikoa eginen du. Horretan, izangai bakoitza deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Egin baino lehen, Iruñeko Udaltzaingoko buruak lanpostuaren profil profesiografikoa onets dezala proposatuko dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendariari. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

6.4. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

Lehiaketaren elementuen balorazioa bururatu ondoan, epaimahaiak parte hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Iruñeko Udaletxeko iragarki oholean, eta 5 eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen alde komeni zaiena erreklama dezaten balorazio horri buruz.

Deialdiaren aurkako erreklamazioak egiteko epea iraganda eta haiek ebatzita, epaimahaiak Iruñeko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko du lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa gainditzen duten izangaien zerrenda, lehiaketan guztira lortutako puntuazioa barne.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketa baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

7. oinarria.–Mailaz igotzeko ikastaroa.

7.1. Zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa.

Iruñeko Udaltzaingoko kabo lanposturako ikastaroa egiteko Nafarroako Segurtasun Eskolaren bidez, lehiaketa gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen ahal diren izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote dagokien Nafarroako administrazio publikoari. Hori dena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko Prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik aurrerako ondorioak izanik.

7.2. Izaera baztertzailea.

Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baztertzailea da. Hura bukatzean, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

7.3. Ikastaroa burututakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, trebakuntza ikastaroan onartuak badaude, Iruñeko Udaltzaingoko Trafikoko udaltzainaren lanpostuko hasierako soldata eta berariazko osagarria hartuko dituzte Iruñeko Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere.

Izangaiek beren jatorriko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aitzineko lerroaldean adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da trebakuntza ikastaroa hasteko dataren aitzin-aitzineko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko idatz-zatian aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko atalean aipatutako lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

8. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

8.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Alberto Margallo Lana, Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaria. Ordezkoa: Ignacio Polo Guilabert, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: Simón Santamaría Cebada, Iruñeko Udaltzaingoko burua. Ordezkoa: Javier Arteta Górriz, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko komisario nagusia.

Mahaikidea: José Francisco Ataun Roldán, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa. Ordezkoa: Alfonso Fernández Torres, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa.

Mahaikidea: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat. Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Víctor Sarasa Astráin, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria. Ordezkoa: Javier García Martínez, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.

8.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Epaimahaiak modu baliozkoan eratzeko, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

8.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prestakuntza ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu duten izangaien zerrenda igorriko dio Giza Baliabideen zuzendariari, izenda ditzan eta lanpostu hutsak bana diezazkien.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak mailaz igotzeko lehiaketa gainditzen duten izangaiak Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario eta kabo izendatuko ditu, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

10.2. Izendapenean erabakitzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek igoerarako eskubidea galduko dute.

11. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beste hiru hilabete pasatu eta gero.

Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2013ko abenduaren 23an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

I. ERANSKINA

IZENA

NANa

JAIOTEGUNA

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA (kalea, zenbakia, eskailera, solairua)

HERRIA

POSTA KODEA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO

FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala; horretaz gainera, honako hau adierazten dut:

Iruñeko Udaltzaingoaren Kidegoko kidea naizela.

Nafarroako .................(e)ko Polizia Kidegokoa naizela.

Udaltzaina naizela herri honetan:

Agiri hauek aurkeztu ditudala:

Nafarroako Udaltzainen Kidegoetako polizia izateko izendapena eta jabetze data eta lanpostu horren antzinatasuna eta egoera administratiboa frogatzen dituzten agiriak, organo eskudunak emandakoak.

Udaltzain izateko izendapena eta jabetze data eta lanpostu horren antzinatasuna eta egoera administratiboa frogatzen dituzten agiriak, organo eskudunak emandakoak.

Beste orrialde batean, alegatu eta aipatzen ditudan merezimenduen frogagiriak.

ESKATZEN DUT:

Udaltzaingoko kabo izateko zortzi lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an). Txanda honetan ..........................

DATUEN BABESA. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatua bete beharrez, aditzera ematen zaizu azaltzen diren datu pertsonalak Iruñeko Udalaren “Udalaren langileak” fitxategian sartuko direla, deialdia kudeatzeko asmoz. Halaber, aditzera ematen zaizu datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zarela, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2, 31001 Iruña) edo www.pamplona.es egoitza elektronikora joz.

Iruñean, 200...(e)ko ...........aren ............(e)an
(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia lanpostuan.

Nafarroako Polizia Kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia lanpostuan.

Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1.Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

2.Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3.Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1.Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki hainbanatuko dira.

2.Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu bat da.

5.Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo on iritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6. Beste batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: hizkuntzak, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1.Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Kabo lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

c) Hizkuntzak jakitea.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

2. Euskaraz jakitea. Euskaraz jakitea, plantilla organikoan horrela ezarri bada: 5,25 puntu.

3. Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa eskuratuko da.

Titulurik eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da eta, euskararen kasuan, orobat, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

Iragarkiaren kodea: L1318026