15. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, 2014. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitatearen VIII. Sariaren deialdia egiten duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak 22. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu publikoaren kalitatea eta jardunbide egokiak sarituko ditu. Horrela, aintzatetsi eta sarituko dira herritarrentzako zerbitzuaren kalitatea hobetzen nabarmendutako administrazioen menpeko organo eta entitateak, eta aintzatetsiko dira, halaber, zerbitzuen kalitatea hobetzeko ekimenak eta organo eta entitate horien arduradun eta enplegatu publikoak. Sariak emateko, kontuan hartuko da erakundeak zer nolako kalitatea eskaintzen dien herritarrei, eta haien iritzia, zerbitzuaren erabiltzaile diren aldetik.

Legezko agindu hori betearazteko, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. eta 42. artikuluekin bat, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitatearen VIII. Sarirako deialdia egitea, 2014. urterako, oinarri hauei jarraituz:

OINARRIAK

Lehendabizikoa.–Xedea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitatearen VIII. Sariaren xedea da Nafarroako edozein administrazio publikotako erakunde, unitate eta entitateak saritu eta aintzatestea, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen eta kudeaketarako jardunbide egokien bidez herritarren beharrak betetzen nabarmentzeagatik.

Deialdi honen ondorioetarako, “kudeaketa praktika egokitzat” hartuko dira sendotu eta ezarriak dauden esperientzia edo proiektuetatik datozen praktikak, horien bidez ematen diren zerbitzuen kalitatea hobetu bada eta/edo atzemandako arazo edo behar bat konpondu baldin bada.

Bigarrena.–Deialdiaren xede direnak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako organo, administrazio unitate eta erakunde publikoek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, nortasun juridikoa izan ala ez, zerbitzu publikoak ematen badituzte.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikotzat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, Nafarroako toki entitateak eta haietako baten mendeko erakunde publikoak. Halaber, zuzenbide publikoko beste entitate batzuek, sozietate publikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoa osatzen duten fundazio publikoek hartzen ahalko dute parte.

2. Aurten Bikaintasunerako Nafarroako Sarira aurkezten direnek, EFQM autoebaluazio metodologia erabili baitute, ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu. Sari horrek berariazko oinarriak ditu.

3. Aurreko deialdietan irabazle izan diren organoek, administrazio unitateek eta entitateek berriz parte hartzen ahalko dute, betiere beste hobekuntza jarduera batzuk edo beste jardunbide egoki batzuk aurkezten badituzte.

Hirugarrena.–Sariak.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak, Nafarroako Gobernua ordezkatuz, sari bakar bat emanen du, eta horrekin batera, saria egiaztatzeko diploma.

2. Epaimahaiaren iritziz, merezimendu aski duen beste hautagairik izanez gero, accesitak ematea erabaki dezake. Accesit bakoitzarekin batera, egiaztatzeko diploma emanen da.

Laugarrena.–Hautagaitzak aurkeztea.

1. Sari honen deialdian parte hartu nahi duten organo, administrazio unitate eta entitateek norberaren hautagaitza aurkeztu beharko dute 2014ko ekainaren 30a baino lehen, jardunbide egokia azaltzeko memoriarekin batera.

2. Memoriaren ale bat aurkeztuko da, euskarri informatikoan. Fitxategia Microsoft Office Word 2003 edo Libre Office 3 Writer testu editorean egonen da, A-4 formatuan, tarte sinplea erabiliz, “times new roman” motako letran, 12 tamainan, alde bakar batetik, eta 25 orrialde izanen ditu gehienez. Gomendatzen da memoriaren edukia atal hauen arabera egituratzea:

a) Identifikazioa: parte hartzen duen unitatearen edo entitatearen izena, harremanetarako datuak eta haren jardueraren azalpen laburra.

b) Laburpena: memoriaren edukiaren azalpen laburra (10 lerro gehienez).

c) Hasierako diagnostikoa: atzemandako beharra, hobetu beharreko arloa, ekintzen helburuak, tresnak eta ebaluatzeko metodoak.

d) Proiektuaren testuingurua: inplikatutako zerbitzu edo prozesuen azalpena; inplikatutako pertsona, unitate edo erakundeak: bezeroak/erabiltzaileak, inplikatutako barne-langileak, itunak; erantzukizunak, gatazkak, kanpoko laguntza; erabilitako diru-baliabideak.

e) Ezarpen prozesua: ikuspegiaren eta ekintzen garapenaren deskribapena eta baliabideen kudeaketaren azalpena.

f) Emaitzak: lortutako hobekuntzak, neurtutako emaitzak, erabilitako adierazleak, erabiltzaileen iritzia.

g) Berrikuntza eta moldagarritasuna: izaera berritzailea, beste erakunde batzuetarako gomendioak, ekintzen transferentziari buruzko datuak.

3. Hautagaitzak Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordean aurkeztuko dira telematika bidez, evaluacionycalidad@navarra.es helbidera posta elektroniko bat bidaliz. Ondorio horietarako, parte-hartzaileak administrazio publikoak izanik, administrazio elektronikoaren sustatzaileak izan behar dutenez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikulua aplikatuko da.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

1. Hautagaiak ebaluatzeko epaimahaiak kide hauek izanen ditu: Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatzen duen agintaria, mahaiburu izanen dena, eta Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak izendatzen dituen beste bost kide. Batzordekide-idazkari lanetan Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko Ebaluazio eta Kalitate Ataleko burua arituko da. Hizpidea izanen du, baita botoa ere. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoak biltzen ahalko ditu.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Epaimahaiak bidezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkio parte-hartzaile bakoitzari hautagaiak hobeki ebaluatzeko. Gainera, parte hartzen duten unitate edo entitateak in situ bisitatzen ahalko ditu.

4. Ebaluatzerakoan, epaimahaiak honako hau baloratuko du:

a) Aurkezteko baldintzekin bat etortzea (deskribapena modu uniformean ebaluatzeko bidea ematen du).

b) Atzemandako beharrei edo proposatutako helburuei erantzuna emateko orduan, ikuspegiaren eta diseinuaren koherentzia.

c) Ekintzak zenbateraino gauzatu diren eta garapen operatiboaren maila, erabilitako baliabideak kontuan hartuz.

d) Epe luzera ebaluatzen ahal diren emaitzak lortzea (ekintzen iraunkortasun maila).

e) Kasuaren interesa / Herritarrengan duen eragina (ekintzek balio publikoa sortzeko duten eraginkortasuna).

f) Zerbitzu publikoan sartu diren eta kalitatea handitzen lagunduko duten hobekuntzen berritasuna.

g) Hobekuntza horiek beste unitate edo administrazio publiko batzuetan txertatzeko aukera.

h) Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi, behar bezala arrazoiturik.

5. Epaimahaiak bere proposamen loteslea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari igorriko dio, sariaren gaineko erabakiarekin. Epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du, behar adina merezimendurik ez dagoela uste badu.

Seigarrena.–Sariaren publizitatea.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emanen du ofizialki saria, foru agindu baten bidez. Entitate saridunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan. Foru agindu horretan epaimahaiko kideak nor diren adieraziko da.

2. Saria, kasua bada, Bikaintasunaren Nafarroako Eguneko ekitaldian emanen da, horretarako erabakitzen den tokian eta egunean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa saria eta saridunak hedabideetan agertzen saiatuko da.

4. Aurkeztu diren memoriak Nafarroako Atarian argitaratuko dira.

5. Saritzen diren hautagaitzak Nafarroako politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioaren Erregistroan inskribatuko dira ofizioz, herritarrek kontsulta publikoa egiterik izan dezaten.

Zazpigarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

1. Sariaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasunez jokatuko dute.

2. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak, Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko Ebaluazio eta Kalitate Atalaren bidez, argibideak emanen ditu deialdiari buruz, bai 848425561 telefonoan, bai evaluacionycalidad@navarra.es posta elektronikoaren bidez.

Zortzigarrena.–Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien mende egotea.

Bederatzigarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Zerbitzu publikoen kalitatearen arloan eskumenak dituen Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta sariaren gaineko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Deialdia aplikatzeko gainerako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 10ean.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1400395