15. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 4koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren berrikuspenaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren berrikuspenaren testua (kode zenbakia: 31100025092013), erregistro honetan 2013ko azaroaren 28an sartu zena eta NEK-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek 2013ko azaroaren 25ean adostu eta izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 83. artikuluaren 3. idatz-zatian eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko abenduaren 4an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LAN GATAZKAK AUZIBIDETIK KANPO KONPONTZEKO PROZEDUREI BURUZKO LANBIDEARTEKO AKORDIOA

(2013ko azaroaren 25eko testu egokitua).

ATARIKOA

1995eko ekainaren 8an Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK), alde batetik, eta UGT eta CCOO sindikatuek, bestetik, Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa sinatu zuten. Akordioa 1995eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ekoan.

Akordio horretan hainbat gai arautu zituzten alderdi sinatzaileek, besteak beste, lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomo bat ezarri beharra. Horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko lanbidearteko akordioa sinatu zuten 1996ko urtarrilaren 11n, Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan ezarritakoaren babesean (Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusiaren apirilaren 3ko 490/1996 Ebazpena, maiatzaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 57. zenbakia). Akordio horren bidez Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo modu autonomoan konpontzeko organo bat sortu zen, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia izenekoa.

Argitaratu zenetik, Jarraipen Batzordeak proposaturik, bitan egokitu da akordioa, lan arloko araudiaren esparruaren aldaketetara egokitzeko, batetik,, 2009ko ekainaren 25ean (Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 1033/2009 Ebazpena, abuztuaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 26. zenbakia, eta dagokion akatsen zuzenketa, urriaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, 123. zenbakian), eta bestetik, 2010eko urriaren 28an (Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 1270/2010 Ebazpena, abenduaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 155. zenbakia).

2013ko irailaren 25ean, eragile berberek erabaki zuten Nafarroako Lan Harremanei buruzko sektorearteko akordioa berrikustea. Haren 2. atalean, alderdi sinatzaileek erabaki zuten Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko 1996ko urtarrilaren 11ko lanbidearteko akordioa aldatu eta egokitzea, eta, horretarako, Jarraipen Batzordeari agindu zioten testua egokitu zezala Lan-merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legeak ekarritako araudi berrira moldatzeko.

2013ko irailaren 26an helburu horrekin eratutako Jarraipen Batzordeak agindu dizkioten azterketa eta egokitzapen lanak egin ditu, eta testu egokituaren proposamen bat prestatu, “Gai zehatz bati buruzko Akordio” gisa onets zezaten lehen aipatutako Nafarroako lan harremanei buruzko sektorearteko akordioa sinatu zuten hiru erakundeek.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK) eta UGT eta CCOO sindikatuek, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluek ematen dieten legitimitateaz baliatuz, arau-esparru berria dela-eta, adostu dute gai zehatz bati buruzko akordio bat prestatzea, Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako lan gatazkak modu autonomoan konpontzeko prozedurak egokitzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Nafarroako lan gatazkak modu autonomoan konpontzeko organoa eratzen da Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan ezarritakoaren babesean, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK) eta UGT eta CCOO sindikatuek 1995eko ekainaren 8an sinatutako Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioarekin bat (akordio hori 1995eko uztailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 91. zenbakian), eta, orobat, akordio horren testu berrikusiarekin bat (2013ko irailaren 25eko testua).

2. Testua egokitzeko akordio hau gai zehatz bati buruzkoa da, hots, lan gatazkak modu autonomoan konpontzea. Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan aurreikusitako akordioetako bat da, eta, hortaz, legeak horrelakoei aitortzen dien izaera juridikoa eta eraginkortasuna du, eta Nafarroako Foru Komunitatean zuzenean eta orokorrean aplikatu behar da, deusetan galarazi gabe sektore, enpresa edo enpresa-taldeetan gatazkak konpontzeko beste sistema propio batzuk ezartzeko aukera, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategin indardunean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Xedea.

1. Akordio honen helburua da enpresaburuen eta langileen artean, edo haiek ordezkatzen dituzten erakundeen artean, sortzen diren lan gatazka indibidual edo kolektiboak konpontzeko sistema autonomo bat mantendu eta garatzea.

2. Honako hauek akordiotik kanpo gelditzen dira:

a) Gizarte Segurantzari buruzko gatazkak.

Aurrekoa gorabehera, Gizarte Segurantza osagarriari buruzko gatazka kolektiboak akordio honen esparruan sartuko dira, pentsio-planak barne.

b) Hauteskundeen arloko gatazkak eta sindikatuen estatutuen edo horien aldaketen aurkaratzeei loturikoak.

c) Lan arloko Jurisdikzioari buruzko Legearen 69. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurretiko erreklamazioa edo administrazio bidea amaitu behar duten gatazkak.

d) Arbitrajeko laudoak deuseztatzeko prozesuak, eta adiskidetze eta bitartekaritza akordioen aurkaratzekoak.

3. artikulua. Izendapena.

Nafarroako lan gatazkak modu autonomoan konpontzeko organoaren izena hau da: Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia, “Nafarroako Lan Auzitegia”.

4. artikulua. Aplikazio eremuak: lurralde eremua, eremu funtzionala eta iraunaldia.

1. Adiskidetze, bitartekaritza eta arbitraje prozedurei buruz akordio honetan jasotzen diren xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatuko dira.

2. Aurreko puntuan aipatutako lurralde eremuan garatzen diren lan harremanak dituzten enpresa eta langileei aplikatuko zaizkie xedapen hauek.

3.1. Indarreko LELTBan ezarritakoaren arabera akordio honek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan daukan eraginkortasun orokor eta zuzenaren ondorioz, akordioan ezarritako prozedurak honako lan gatazka hauetan erabili beharko dira:

a) Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioaren 2. atalean, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluari dagokionez, xedatutakoari jarraikiz, hitzarmen kolektibo baten negoziazioaldia bitartean sortzen diren desadostasunen ondoriozko gatazkak, negoziazioa blokeatzera daramatenak, akordio honetan aurreikusitako borondatezko bitartekaritza eta arbitraje prozeduren menpe jarri beharko dira.

Akordio honetan aurreikusitako prozeduren menpe jartzeko ez da inolako eperik bete beharko kasuko hitzarmena eraginkortasun orokorrez sinatzeko gaitasuna duten alderdiek batera eskatzen dutenean. Blokeoa negoziazio mahaia eratu eta sei hilabetera gertatzen bada, negoziazioan parte hartzen duten enpresaburuen zein langileen ordezkariek eskatzen ahalko dute bitartekaritza, betiere nork bere alderdiaren ordezkaritzaren gehiengoa baldin badu. Nolanahi ere den, negoziazioaren blokeoa ekarri duten funtsezko desadostasunen berri eman beharko da.

b) Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzeagatiko prozeduretako kontsultaldian, eta, kasua bada, baita Hitzarmenaren Batzordearen barrenean ere, gertatzen diren desadostasunen ondoriozko gatazkak akordio honetan aurreikusitako borondatezko bitartekaritza eta arbitraje prozeduren menpe jarri beharko dira.

3.2. Honako lan gatazka hauetan ere erabil daitezke akordio honetan aurreikusitako prozedurak:

a) Lan arloko jurisdikzioa arautzen duen Legearen 153. artikuluan ezarritakoari jarraikiz zehaztutako hitzarmen kolektiboak, itunak edo enpresa-akordioak interpretatu eta aplikatzearen gaineko gatazka kolektiboak, zein den ere bakoitzaren eraginkortasuna, deusetan galarazi gabe Langileen Estatutuaren 91.3 artikuluan aipatzen diren batzorde paritarioek aurretik parte hartzea hitzarmen kolektiboak interpretatu eta aplikatzeko gatazketan.

b) Hitzarmen kolektiboen batzorde paritarioetan sortzen diren gatazkak, batzordeak legez edo hitzarmen baten bidez esleituak dituen eginkizunak ebazteko akordioak hartzeko bidea blokeatzen dutenak. Akordio honetan aurreikusitako prozeduren menpe jartzeko eskaera hitzarmen kolektiboan finkatzen denak egin beharko du, edo, hori ezean, bi ordezkaritzen gehiengoak.

c) Akordio edo itun kolektibo baten negoziazioaldian sortzen diren gatazkak, negoziazio mahaia eratu eta lau hilabetetik gora irauten dutenak, horren ondorioz negoziazioa blokeatzen bada, salbu eta epe hori ez den beste bat finkatua daukan hitzarmen edo itun bat berritzeko negoziazioak badira, izan ere, kasu horretan hartan ezarritakoari men eginen zaio. Kasu horretan, bitartekaritza eskatzen ahalko dute negoziazioan parte hartzen duten enpresaburuen edo langileen ordezkariek, betiere bakoitzari dagokion ordezkaritzaren gehiengoa baldin badute. Bitartekaritza bi ordezkaritzek eskatzen badute, ez da aipatutako epe hori bete beharko. Nolanahi ere den, negoziazioaren blokeoa ekarri duten funtsezko desadostasunen berri eman beharko da.

d) Langileen Estatutuaren 40., 41., 47., 51. eta 82.3 artikuluetan ezarritako kontsultaldien aldaketa, eta fase horietan sortzen diren desadostasunen ondoriozko gatazkak.

e) Enpresa baten ondorengotza dela-eta lan arloko neurriak hartzen diren kasuetan, Langileen Estatutuaren 44.9 artikuluan ezarritako kontsultaldiaren aldaketa, baita kasu horietan sortutako adostasunen ondoriozko gatazkak ere.

f) Hitzarmen kolektiboen aurkaratzea ekarri duten gatazkak, auzibidea hasi baino lehen.

g) Kontsultaldiaren aldaketa, epaile batek erabakita, horren ordez bitartekaritza eta arbitrajea ezartzeko, konkurtso-administrazioak edo langileen legezko ordezkaritzak eskatuta, Konkurtsoei buruzko Legearen 64.5 artikuluaren azkeneko paragrafoan aipatzen diren kasuetan.

h) Enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko desadostasunen ondoriozko gatazkak, hitzarmen kolektiboetan ezarritako aldi baterako ohiz kanpoko malgutasun kasuetan.

i) Greba deialdi bat dakarten gatazkak edo, greba kasuetan, segurtasun eta mantentze-lanetako zerbitzuen gainean sortzen diren gatazkak.

j) Enpresaburuen eta langileen artean sortzen diren lan gatazka indibidualak, salbu eta akordio honen 2. artikuluko 2. atalean ezarritako salbuespenen zerrendakoak.

4. Akordio honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta Nafarroako Lan Harremanei buruzko 1995eko ekainaren 8ko Sektorearteko Akordioaren hirugarren azken xedapenean ezarritako indarraldia izanen du (2013ko irailaren 25eko testu berrikusiaren arabera).

Hori aplikatuko da deusetan galarazi gabe Sektorearteko Akordioaren Jarraipen Batzordeak, akordioak indarra duen bitartean, testua egokitzeko daukan ahalmena, akordio honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia

5. artikulua. Izaera, eskumenak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia (hemendik aurrera “Nafarroako Lan Auzitegia” edo “Auzitegia” ere esanen zaio) erakunde paritario bat da, 1995eko ekainaren 8an Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa (2013ko irailaren 25ean berrikusia) sinatu zuten enpresaburuen erakundeetatik eta sindikatuetatik ordezkaritza handiena dutenek osatua. Bi alderdiek kide kopuru bera izanen dute. Auzitegiak gaitasun juridikoa dauka, baita jarduteko gaitasuna ere.

Hamabi kide titular izanen ditu: hiru Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuak izendatuko ditu, hiru Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuak, eta sei Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK).

Gainera, sinatzaileek ordezko ordezkariak izendatu behar dituzte, gehienez hiru ordezko izendatzen duten kide titular bakoitzeko. Ordezko kideen eginkizuna titularrak ordeztea izanen da, haiek bertaratzea edo agertzea ez duten guztietan.

Horrez gainera, akordioa sinatu zuten hiru alderdiek kide bitartekarien azpitalde bat osatuko duten kideak izendatu beharko dituzte, auzitegiko kide titularren eta ordezkoen artetik lan harremanen eta negoziazio kolektiboaren esparruan ezagutza eta eskarmentu handia daukatenak aukeratuz. Bitartekari horiek, batez ere, gatazka kolektiboetako adostasun eta bitartekaritza prozeduren gaineko ponentzietan arituko dira, eta, bereziki, honako gatazka hauetan: legez aurreikusitako kontsultaldiak aldatzearen ondoriozkoak, negoziazio kolektiboaren blokeoak, desadostasunak hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzeagatiko prozeduretan, eta grebetan eta gutxieneko zerbitzuak finkatzean gertatzen diren gatazkak.

2. Auzitegiko kideen agintaldia, titularrena zein ordezkoena, mugagabea izanen da. Ordezkatutako erakundeek noiznahi aldatzen ahalko dituzte ordezkariak, guztiak edo baten bat, idazkariari idazki bat bidaliz.

3. Nafarroako Lan Auzitegiaren funtsezko eginkizuna honako hau izanen da: lan gatazkak, pertsonalak zein taldekoak, arauen aplikazioaren eta interpretazioaren gainekoak zein interesek eragindakoak, modalitate guztietakoak, alderdien borondatez konpontzeko sistemak, mekanismoak eta praktikak sustatzea, erraztea eta eskaintzea.

6. artikulua. Auzitegiaren jardunbidea.

1. Auzitegiak prozedurak abian jartzeko idazkiak jasoko ditu, zitazioak eta jakinarazpenak prestatu, eta behar diren agiriak erregistratu eta ziurtatuko ditu, eta, orohar, prozedurak egoki bideratzen laguntzeko behar diren lan guztiez arduratuko da, akordio honetan xedatzen denari jarraikiz.

2. Adiskidetze prozeduretan, Nafarroako Lan Auzitegiak ponentzietan jardunen du. Ponentzia paritarioak izanen dira, eta lau kide izanen dituzte, horietako bi enpresaren ordezkariek izendatuak, eta beste bi, sindikatuek (organoan aritzen den sindikatu bakoitzak bat); bestela, akordio hau sinatu duten hiru erakundeak ados egonda, bi kide izanen dituzte, bata enpresaren ordezkaritzak aukeratua, eta bestea sindikatuen ordezkaritzak aukeratua.

7. artikulua. Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko idazkaria.

Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko Fundazioaren Patronatuak izendatuko du idazkaria, hango ordezkaritza guztiek aho batez onarturik; kargu horretan aritzen den pertsonak prestakuntza eta esperientzia egiaztatua eduki behar du lan zuzenbidean.

Idazkariak egiteko hauek edukiko ditu:

a) Nafarroako Lan Auzitegiko zerbitzu administratiboak zuzendu eta koordinatzea.

b) Akordio honetan adierazitako prozeduretan alderdiak zitatzea.

c) Bilkuren eta erabakien aktak egitea, eta haien ziurtagiriak luzatzea alderdiren batek eskatuz gero.

d) Prozedurak ofizioz bultzatzea, edozein fasetan.

e) Kontseiluaren bilkuretan eta eztabaidetan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

f) Alderdiren batek eskaturik, ordezkaritza-ematea egiaztatzea, auzitegiaren aurrean agertuz.

Kanpoan egon behar badu, idazkariak bere eginkizunen eskuordetza egin dezake.

8. artikulua. Arbitroen izendapena.

1. Sektorearteko Akordioaren Jarraipen Batzordeak arbitroen zerrenda adostu bat prestatuko du, bere bitartekaritza eskatzen duten alderdiei lana errazteko.

2. Nahitaezko arbitraje kasuetan alderdiren bat agertzen ez denean izan ezik, akordio honen menpeko gatazketako alderdiei dagokie zerrenda horretako arbitro bat aukeratzea.

Aurrekoa gorabehera, auzitako alderdiek Nafarroako Lan Auzitegiaren zerrendan ez dagoen beste arbitro bat izenda dezakete, adosturik. Horrelakoetan, arbitrajea Auzitegiaren funtzionamendu eta prozedura arauetan ezarritako irizpideen araberakoa izanen da.

Aurreko paragrafoan adierazi bezala, alderdiek, elkarrekin adostuta, auzitegiko zerrendan ez dagoen arbitro bat proposatzen badute, Auzitegiko idazkariari jakinarazi beharko diote idatziz, interesdunarekin harremanetan jarri eta prozeduran parte hartzea onartzen duen esan dezan.

9. artikulua. Konfidentzialtasuna.

Hala administrazio lanetako langileek, nola akordio honetan aipatzen diren prozeduretan parte hartzen duten kide, bitartekari eta arbitroek, adostasuna bilatzeko asmoz egiten dituzten lanetan, konfidentzialtasunez jokatzeko betebeharra dute berariaz, bai alderdien gaineko datu, gertakari edo balorazio juridikoei dagokienez, bai jarrerak hurbiltzeko eta gatazka saihesteko alderdiek egin ditzaketen ahaleginei dagokienez.

III. KAPITULUA

Gatazkak konpontzeko prozeduretarako xedapen komunak

10. artikulua. Prozedurak.

1. Akordio honetan gatazkak konpontzeko ezartzen diren prozedurak honako hauek dira:

a) Adiskidetzea eta bitartekaritza 4. artikuluan ezarritakoaren arabera aurkezten zaizkion lan gatazketan. Akordio honen IV. kapituluan ezarri da horietarako prozedura.

b) Arbitrajea, akordio honen V. kapituluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Arbitrajea egin aurretik, arbitrajerako konpromisoa sinatu behar dute alderdiek. Hortaz, bide hau alderdi guztiek adosturik eskatzen dutenean baizik ez da erabiliko. Hala ere, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan berariaz horrela ezarrita badago, hitzarmenean berean ezarritako kasuetan arbitrajea nahitaezkoa izanen da, deusetan galarazi gabe nahitaezko arbitrajearen aurretik bitartekaritza erabiltzea, hitzarmen kolektiboan hala jasota badago.

11. artikulua. Prozeduren oinarrizko printzipioak.

Akordio honetan araututako prozeduretan indarreko legedia eta konstituzioaren printzipioak errespetatuko dira beti, eta printzipio hauei jarraikiz jokatuko da: doakotasuna, azkartasuna, alderdiei entzutea ematea, inpartzialtasuna, berdintasuna eta kontraesana.

Prozeduretan akordio honetan ezarritako formak eta epeak errespetatuko dira.

12. artikulua. Hitzarmen Kolektiboaren Batzorde Paritarioaren hasierako esku-hartzea.

1. Hitzarmen kolektibo baten interpretazioaren eta aplikazioaren gaineko gatazketan, Indarreko LELTBaren 91.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, nahitaezkoa izanen da aurretik Hitzarmenaren Batzorde Paritarioak jardutea, izan ere, hori gabe ezin baita tramitatu. Arau hori bera erabili beharko da beste akordio edo itun kolektibo batzuk interpretatu eta aplikatzearen gaineko gatazketan, batzorde paritariorik baldin badago.

Aurreko paragrafoan ezarritako Batzorde Paritarioaren menpeko tramitea bukatutzat joko da hitzarmenean edo itunean horretarako ezarritako epea bukatutakoan, eta, berariazko araurik ez badago, batzordeari eskaera aurkeztu eta 15 egunera.

2. Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 40., 41., 44.9, 47., 51. eta 82.3 artikuluetan ezarritako kontsultaldian sortutako desadostasunen ondoriozko gatazketan, beharrezkoa izanen da aurretik Batzorde Paritarioak esku hartzea, hala ezarrita badago berariaz aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan, eta, betiere, lan baldintzak ez aplikatzeagatiko prozeduretan adostasunik ez egotearen ondoriozko gatazketan, lege horren 82.3 artikuluaren babesean, alderdietatik edozeinek batzordearen esku-hartzea eskatzen badu.

3. Gatazka kasuetan, hitzarmenetako edo itunetako batzorde paritarioek nork bere funtzionamendu arauei jarraikiz jokatuko du. Barreneko araurik ez badu, subsidiarioki, honako arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Gatazka kolektiboak ebazteko arduradunak hitzarmen edo itun kolektiboetako batzorde paritarioak izanen dira. Erabakiak batzordeko alderdi bakoitzaren gehiengoaz hartuko dira.

b) Batzorde Paritarioen esku-hartzea idazki baten bidez eskatuko da, hitzarmen edo itun kolektiboan batzordearen helbide gisa agertzen den tokira edo zentroaren egoitzara bidalita, edo, ukiturikoek hala erabakita, Auzitegiaren beraren helbidera, behar bezala tramita dezan.

c) Hitzarmenean edo itunean ezarritako epean Batzordeak erabaki bat onesten ez badu, Batzorde Paritarioaren menpeko tramitea agortutzat joko da. Eperik ezarri ez bada, erabakia 15 egunean hartu beharko da, eskaera Batzordeari aurkezten zaionetik hasita.

4. Alderdi bakoitzaren gehiengoa nahikoa bada lortutako akordioari eraginkortasun orokorra emateko, hitzarmenaren edo itunaren zati bihurtuko da, eta hark dituen ondorio berberak izanen ditu. Hartara, argitaratu eta inskribatuko da.

13. artikulua. Legeztaturiko subjektuak, eta auzitegira eramaten diren gatazka kolektiboak ebazteko lortutako konponbideen eraginkortasuna.

1. Lan-kontratu baten titularrak diren subjektuek, enpresako langileak ordezkatzeko organoek, enpresaburuek, langileen sindikatuek, enpresaburuen elkarteek, ekonomikoki menpeko diren langileen ordezkaritza handiena duten elkarteek eta haien sindikatu adierazgarrienek ahalmena izanen dute akordio honetan ezarritako prozedurak eskatzeko, interes-gatazketan edo gatazka juridikoetan sortutako edo sor daitezkeen liskar kolektibo zein indibidualak konpontzeko, salbu eta akordio honen 2. artikuluko 2. atalean salbuesten direnak. Horrelakoetan, eskatzaileek Langileen Estatutuan eta Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legean gatazka motaren arabera finkatzen den jarduteko legitimazioa izanen dute.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, adiskidetzean, bitartekaritzan edo arbitrajean lortzen diren akordioek eraginkortasun orokorra edo hirugarrenen aurrean eraginkortasuna izateko, beharrezkoa izanen da Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 87., 88., 89.3 eta 91. artikuluetan eta Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 154. eta 156. artikuluetan ezarritako legitimitate-baldintzak betetzea. Bestela, hartzen diren konpromiso edo xedapenek indarra izanen dute, bakar-bakarrik, adiskidetze eta bitartekotza prozedurari bukaera emateko akordioak sinatzen dituzten edo arbitrajerako konpromisoaren menpe jartzea onartzen duten sindikatu, enpresaburuen elkarte edo enpresa auzi-sustatzaileek zuzenean ordezkatzen dituzten langileengan edo enpresetan.

IV. KAPITULUA

Adiskidetzeko eta bitartekaritzako prozedura

14. artikulua. Prozedura.

1. Lan gatazkak, hots, interes-gatazka edo gatazka juridiko kolektibo edo indibidualetan sortzen diren auziak, Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jartzen ahalko dira adiskidetzearen eta bitartekaritzaren bidez konpontzen saiatzeko, salbu eta akordio honen 2. artikuluaren 2. ataleko salbuespenen zerrendan agertzen direnak.

Auzitegiko adiskidetze edo bitartekaritza horrek aurretiko adiskidetze administratiboa ordezten du Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 63. eta 156. artikuluetan ezarritako ondorioetarako.

2. Auzitegiak esku hartzeko ezinbestekoa da prozedura abiarazteko berariazko idazkia aurkeztea erakunde horren erregistroan.

3. Prozedura abiarazteko idazki horretan alderdi hauek aipatu behar dira (gatazka kolektiboetan zein indibidualetan):

a) Gatazka indibiduala bada, enpresaren izena, helbidea, jarduera eta hitzarmen kolektiboa edo enpresaren ituna, horrelakorik egonez gero. Gatazka kolektiboa bada, enpresa sektorearen edo taldearen deskripzioa.

b) Gatazka indibiduala bada, ukitutako langilearen edo langileen izena(k), antzinatasuna, lanbide kategoria eta soldata. Gatazka kolektiboa bada, ukitutako langileen taldea eta kopurua, eta bakoitzaren lanbide kategoria.

d) Gatazka sortu duten gertakarien azalpena, eta abiarazi duen alderdiaren uziak. Auzian parte hartzen duten alderdi guztiek batera sustatutako prozeduretan, abiarazteko idazkian adierazi beharko da zein desadostasun dauden eta zein auziren gainean nahi den bitartekaritza.

e) Hitzarmen edo itun kolektiboetako batzorde paritarioek esku hartzeko ahalegina egin dela egiaztatzea, hitzarmen edo itunen interpretazioaren edo aplikatzearen gaineko gatazkak direnean, baita alderdiren batek eskatu eta bidezkoa denean ere, hitzarmenaren baldintzak ez aplikatzeagatiko prozeduretan adostasunik ez izateagatik sortutako gatazketan; eta, oro har, legez edo hitzarmen baten bidez batzorde horren esku-hartzea nahitaezkoa den gainerako kasuetan.

f) Alderdi interesdunen sinadura, edo haien legezko ordezkariena.

Idazkia ahalik errazen egiteko, Nafarroako Lan Auzitegiak eredu normalizatuak emanen dizkie interesdunei.

Aurreko baldintzetako bat betetzen ez bada ere, horrek ez du eragotziko alderdiei zitazioa egitea, kasu honetan izan ezik: idazkia irakurri ezin bada edo bitartekaritzaren edo adiskidetzearen xedea ongi zehaztu ez bada. Harrapatzen diren akatsak hurrengo agerraldian konponduko dira.

4. Prozedura abiarazteko idazkia jaso eta behar bezala erregistratu ondoren, Auzitegiak bitartekaritza eta adiskidetze izapidea non eta noiz (tokia, eguna eta ordua) eginen den adieraziko du (idazkia aurkeztu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean izanen da), eta alderdiei jakinaraziko die, ager daitezen.

5. Alderdiek nahitaez agertu behar dute; beraiek joan daitezke, edo behar bezala egiaztatutako legezko ordezkariak edo ahaldunak bidal ditzakete. Alderdiek aholkulariak eraman ditzakete bilera horretara. Alderdiren bat edo biak agertu ez eta behar bezala justifikatu ezean, adiskidetze akta eginen da adiskidetzerako eta bitartekaritzarako saiakera ondoriorik gabe egin dela jasotzeko, edo, hala badagokio, prozedura artxibatuko dela jasotzeko. Hala ere, alderdiren batek edo biek eskatuz gero (bidezko arrazoia azalduta), beste deialdi bat egiten ahalko da prozedura berean.

6. Bitartekaritza eta adiskidetze izapidean bi alderdien ordezkariak entzunen dira; bakoitzak behar beste aldiz hitz egiten ahalko du.

Auzitegiko kideen eginkizuna izanen da akordio bat lortzen ahalegintzea modu aktiboan, zein erakundek izendatu dituzten kontuan hartu gabe. Horretarako, ekitaldian, egoki iruditzen zaizkien proposamen eta konponbideak aurkez ditzakete, eta, ahal balitz, baita gatazka konpontzeko bitartekaritzarako proposamen formalak ere, alderdiek onets ditzaten.

7. Auzitegiko idazkariak adiskidetze eta bitartekaritza ekitaldiaren akta eginen du; akta horretan bertaratutakoen izenak eta inguruabar pertsonalak adieraziko dira, baita noren ordez ari diren eta gatazka zerk eragin duen ere, eta hartzen den akordioa jasoko da, edo, bestela, akordiorik ez dela lortu adieraziko.

8. Alderdiak ados jartzen ez badira, Nafarroako Lan Auzitegiak hurrengo artikuluan aipatzen den arbitraje izapidera jo dezaketela azalduko die.

9. Alderdiek gatazka kolektiboetan adiskidetzearen bidez edo, hala badagokio, bitartekaritzaren bidez lortzen duten akordioak hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun bera edukiko du, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 156-2 artikuluan eta Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako baldintza berberetan, hurrenez hurren. Gatazka indibidualetan, akordioak Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen I. liburuko V. tituluko I. kapituluan eta aplikatu beharreko gainerako aginduetan ezarritako ondorioak sortuko ditu.

Legez ezarritako kontsultaldiak aldatzeagatik edo haietan sortutako desadostasunengatik sortutako gatazketan, lortzen den akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 40., 41., 47., 44.9, 51. eta 82.3 artikuluetan eta Konkurtsoari buruzko Legearen 64.6 artikuluan aipatutako kontsultaldian ituntzen denaren eraginkortasun berbera izanen du.

Kasu guztietan, akordioak amaiera emanen dio gatazkari, eta alderdiak beharturik egonen dira akordioan ezarritakoa betetzera, eta indarreko legedian ezarritako betearazpen-bermeak izanen dira, zehazki, Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 68. artikuluan ezarritakoa.

Era berean, bitartekaritza eta adiskidetze fasean lortutako akordioak aurkaratzeari dagokionez, indarreko legedian eta, zehazki, Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 67. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

10. Prozedura eskatzen denetik hamabost egun baliodun igaro ondoren adiskidetze akordiorik ez badago, adiskidetze prozedura amaitutzat joko da.

11. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 40., 41., 44.9, 47., 51. eta 82.3 artikuluetan aipatzen diren kontsultaldiak aldatzeagatik edo horietan sortutako desadostasunak ebazteko abiarazten diren prozeduretan kasu bakoitzean legez ezarritako epeak bete beharko dira.

12. Auzitegiko idazkariak aktaren ziurtagiri bana emanen die alderdiei, behar diren ondorioetarako.

13. Erregistratuak eta argitaratuak dauden hitzarmen kolektiboetako edo beste akordio edo itun kolektiboetako arauak interpretatzearen gainean sortzen diren gatazka kolektiboetako adiskidetze kasuetan, lan arloko agintaritzari adiskidetzearen aktaren kopia bidaliko zaio.

15. artikulua. Adiskidetze eta bitartekaritza prozeduren ondorioak, eta prozedura berezia greba eta ugazaben itxiera kasuetarako eta, greba dela eta, segurtasuneko eta mantentze-lanetako zerbitzuak finkatzearen gainean sortzen diren gatazketarako.

1. Adiskidetze eta bitartekaritza prozedura bat hasiz gero, alderdi eskatzaileak, prozedurak iraun bitartean, ezin izanen du greba deialdi gehiago egin edo ugazaben itxiera erabakitzeko neurria berriz hartu prozedura horien xedeko arazo berberengatik.

Era berean, adiskidetze eta bitartekaritza prozeduretan agertu eta parte hartzen duten alderdiek, eskatzaileak izan ez arren, uko egiten diote, prozedurak iraun bitartean, greba deialdi gehiago egiteari eta ugazaben itxiera erabakitzeko neurria berriz hartzeari prozedura horien xedeko arazo berberengatik.

2. Adiskidetze edo bitartekaritza prozedura hasten denean enpresa greba egoeran edo ugazaben itxieran baldin badago, ez da aplikatuko aurreko artikuluaren 4. eta 10. zenbakietan ezarritakoa, eta bide berezi honi jarraikiko zaio:

a) Epaimahaiak zitazioa eginen die alderdiei, eta adiskidetze eta bitartekaritza izapidea egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu. Ekitaldi hori prozedura hasteko idazkia aurkeztu eta ondoko bi egun balioduneko epean eginen da.

Alderdientzako zitazioa presakoa izanen da, eta, horretarako, zitazioaren eginbidea benetan egin dela modu sinesgarrian egiaztatzeko moduko baliabideren bat erabiliko da.

b) Prozedura hasi eta zortzi egun balioduneko epean adiskidetzeko akordio bat lortu ez bada, edo alderdiek ez badituzte onartu bitartekaritzarako proposatutako neurriak, bukatutzat joko da adiskidetze eta bitartekaritza prozedura, salbu eta alderdi guztiek, ados harturik, erabakitzen badute epea luzatzea. Dena dela, hasierako epea eta luzapena kontatuta, ezin da gainditu prozedura amaitzeko artikuluaren 10. zenbakian ezarritako epea, hots, hamabost egun baliodun.

V. KAPITULUA

Arbitraje prozedura

16. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Arbitrajearen bidez lan-kontratu baten titularrak diren subjektuek, enpresako langileak ordezkatzeko organoek, enpresaburuek, langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek arbitro baten erabakiaren menpe jar ditzakete interes-gatazketan edo gatazka juridikoetan sortutako edo sor daitezkeen liskar kolektibo zein indibidualak, salbu eta akordio honen 2. artikuluko 2. atalean salbuesten direnak, arbitroak zuzenbidearen edo ekitatearen arabera ebatz ditzan. Horrelakoetan, alderdiek Langileen Estatutuan eta Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legean finkatzen den jarduteko legitimazioa izanen dute, eta arbitrajearen menpe jartzeko berariazko baimena eman beharko dute aurretik, berariazko arbitraje-hitzarmena sinatuz.

2. Arbitraje-hitzarmenean alderdiek argi eta garbi adierazi beharko dute gatazka guztiak, gatazkaren bat edo gai zehatz bat elkarrekin adostutako arbitro baten erabakiaren menpe jarri nahi dituztela eta haren erabakia beteko dutela.

3. Arbitraje-hitzarmena idatziz formalizatu beharko da. Horren ondorioetarako, Nafarroako Lan Auzitegiak behar diren eredu normalizatuak izanen ditu alderdien esku.

4. Arbitraje-hitzarmen horren ondorioz, alderdiak behartuak egonen dira erabakitakoa onartu eta betetzera, eta epaile eta epaitegiak ezin izanen dira arduratu arbitrajearen pean jarritako gatazkez, betiere legitimitatea daukan alderdiak behar den salbuespenaren bidez eskatzen badu.

5. Arbitraje prozeduretan printzipio hauei jarraikiz jokatuko da: entzutea ematea, kontraesana eta berdintasuna alderdi guztien artean. Horregatik, arbitroa saiatuko da, arbitrajeko konponbidera daraman prozeduraren aurretik, alderdi bakoitzak unean-unean daukan jarrera ahalik eta hobekien ezagutzen eta desadostasunak adosteko borondatea bultzatzen.

6. Aurrekoa galarazi gabe, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan berariaz horrela erabakita egoteagatik arbitrajearen menpe jartzea nahitaezkoa bada, nahikoa izanen da legitimaturik dauden subjektuetako batek eskatzea. Hala ere, erabakia loteslea izanen da inplikaturik dauden alderdi guztientzat, laudoan erabakitakoa onartu beharko baitute, baita, zitazioa eginda, prozeduran agertu ez badira ere.

17. artikulua. Arbitraje prozedura.

1. Bitartekaritza eta adiskidetze izapidea alderdien arteko adostasuna lortu gabe bukatzen bada, Auzitegiak arbitrajearen menpe jartzea eskainiko die langileei eta enpresaburuei, eta, horretarako, Arbitroen Kidegoa osatzen duten arbitroen zerrenda jakinaraziko die. Aukeran, alderdiak ados badaude eta nahiago baldin badute, Arbitroen Kidegoaren zerrendan ez dagoen profesional bat izendatzen ahalko dute arbitro gisa (idazkariak proposamenaren onarpena eskatuko dio).

Era berean, eta alderdiak adostu eta berariaz hala erabakitzen badute, akordiorik gabe bukatu den adiskidetze eta bitartekaritza fasean auzi horretaz arduratu diren bitartekarien ponentzia berak eman dezake arbitraje laudoa.

2. Nolanahi ere, Auzitegiko idazkariak akta batean jasoko du alderdiek arbitraje prozeduraren menpe jarri nahi dutela berariaz. Horrelako kasuetan, arbitraje-hitzarmena hurrengo bost egun balioduneko epean sinatu beharko da. Batera zein bestera, nolako arbitrajea eskatzen den zehaztu behar da (zuzenbidezkoa edo ekitatezkoa), eta alderdi bakoitza non dagoen eta zehatz-mehatz zer eskatzen duen ere bai.

3. Aurretik bitartekaritza eta adiskidetze izapiderik egin ez duten langileek eta enpresaburuek arbitrajera jo nahi badute, eskaera-idazki bat bidali behar diote Nafarroako Lan Auzitegiari, eta bertan alderdiek adierazi beharko dute beren borondatez jo dutela arbitrajera eta haren ebazpena onartuko dutela. Akordio honen 14. artikuluaren 3. atalean bitartekaritza eta adiskidetze izapidea abiarazteko idazkiaz ezarritako betebehar formal berberak bete beharko dituzte, bai eta aurreko atalaren azken zatian ezarritako betebehar formalak ere.

4. Hitzarmen kolektiboan hala ezarrita dagoelako nahitaezkoak diren arbitraje kasuetan, arbitraje prozedurari hasiera emateko idazkia legitimazioa daukan edozein alderdik formaliza dezake. Idazkian gainerako alderdi interesdunen izen-abizenak, jakinarazpenetarako helbidea eta legitimazio-egoerak azaldu beharko dira. Auzitegiak alderdi guztiei idazkiaren berri eman eta zitazioa eginen die, eskaera-idazkia aurkeztu eta erregistratu ondoko bost egun balioduneko epean, arbitroa izendatu, arbitraje mota aukeratu (zuzenbidezkoa edo ekitatezkoa), arbitrajearen menpe jartzen den auzia zehaztu eta alderdi bakoitzaren jarrera eta eskakizun zehatzak finkatu ahal izateko.

5. Aurreko 1. atalaren bigarren paragrafoan aipatutako kasuan izan ezik, non arbitrajea bitartekarien ponentziaren esku uzten baita, arbitrajearen peko gaiaz edo gatazkaz nola edo hala arduratu diren pertsonek ezin izanen dute arbitraje lanik egin. Kasu horretan, arbitroak egoera horren berri emanen dio Nafarroako Lan Auzitegiari ahalik eta lasterren, eta beste arbitro bat izendatuko da.

6. Oro har, arbitrajea eskatu eta onartzen denetik arbitroaren erabakia eman arte ezin dira hogei egun baliodun baino gehiago igaro.

7. Salbuespen gisa, adiskidetze edo bitartekaritza izapidean parte hartu duen ponentziako bitartekari berberak hautatzen badira arbitrajerako, laudoa aho batez eman beharko dute bost egun balioduneko epean.

8. Arbitroa izendatzea eta prozedura:

a. Arbitrajea onartzeko idazkia aurkeztu edo adiskidetze akta (inguruabar hori jasotzen duena) sinatu eta ondoko bost egun balioduneko epean Nafarroako Lan Auzitegiak arbitroen zerrenda emanen die alderdiei, bidezko arbitro bat izenda dezaten artikulu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Hortik aurrera hogeita lau orduko epea izanen dute izendapena egiteko. Baldin eta alderdiek elkar hartuta, Arbitroen Kidegoaren zerrendan ez dagoen beste arbitro bat proposatzen badute, idatziz jakinarazi behar diote Auzitegiko idazkariari. Gero, idazkariak arbitraje prozeduran parte hartzea onartzen duen galdetuko dio interesdunari.

b. Alderdiek arbitroa izendatzeko akordiorik ez badago, Auzitegiak hiru edo bost arbitroren izen zerrenda bat aurkeztuko du, alderdiek adostua. Zerrenda hartuta, alderdiak izangaiak baztertzen hasiko dira, banan-banan eta txandaka, izen bakarra gelditu arte. Arbitroak baztertzen nor hasiko den erabakitzeko, ausazko prozedura bat erabiliko da.

c. Arbitrajea nahitaezkoa den kasuetan, Auzitegiak alderdi interesdunei zitazioa eginda alderdietako bat agertzen ez bada beste epatze bat egiteko bidezko arrazoirik alegatu gabe, Auzitegiko idazkariak izendatuko du arbitroa Arbitroen Kidegoaren zerrendatik aukeratuz, ekitaldira agertzen d(ir)en alderdia(k) entzunda. Idazkariak arbitraje mota ere zehaztuko du, eta arbitrajearen menpe jartzen den auziaren nondik-norakoak ere bai.

Legitimaturik dauden alderdietatik bakar batek eskatutako nahitaezko arbitraje kasuetan, alderdi hori agertzen ez bada arbitroa izendatzeko izapidera eta alderdiei beste zitazio bat egitea ahalbidetzen duen bidezko arrazoirik alegatzen ez badu, alderdi hori atzera egintzat joko da, eta Auzitegiak prozedura artxibatuko du.

d. Arbitroa izendatu eta onartu ondoko hiru egun baliodunean arbitroak bilerarako deialdia eginen die alderdiei. Bilera horretara zuzenean edo behar bezala egiaztatutako ordezkarien bidez ager daitezke alderdiak, eta, hala badagokio, aholkulariek lagundurik.

e. Alderdien azalpenak entzunik eta espedienteko dokumentazioa eta arbitroen ekimenez egindako txostenak, peritu-lanak eta gainerako eginbideak azterturik, eta alderdien jarrerak hurbiltzeko ahaleginak huts egiten badu, arbitroak laudoa eman, eta auzitegiko idazkariari bidaliko dio, alderdiei jakinaraz diezaien.

9. Prozedura bitartean, arbitroak ebazpena eman arte, arbitroak gatazkaren gaineko inguruabar garrantzitsuak egiaztatzeko behar diren agiriak aurkezteko eskatzen ahal die alderdiei, eta ebazpena eman aurretik aurkeztu beharko dizkiote.

10. Txostenak eta peritu-lanak ere eska ditzake arbitroak, auzian garrantzitsuak diren gaiak argitzeko beharrezkotzat jotzen baditu. Hala gertatzen bada, ebazpena emateko epea etenda geratuko da arbitroek eskatutako txostenak edo peritu-lanak jaso arte. Nolanahi ere, ahaleginak eginen dira eginbideak ahalik azkarren buka daitezen.

Beren kargua edo lanbidea dela kausa lehenagotik arbitrajearen pean jartzen den gaiaz arduratu ez diren profesionalek egin beharko dituzte txosten edo peritu-lan horiek.

11. Kasu guztietan, laudoa loteslea izanen da alderdientzat.

12. Arbitraje laudoak eskumena duten epaitegietan aurkaratzen ahalko dira, Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legean ezarritakoari jarraikiz.

13. Laudoa jakinarazi ondoren, alderdiek zazpi eguneko epea edukiko dute arbitroei laudoaren punturen bat argitzeko eskatzeko.

14. Hitzarmenak interpretatzearen gainean sortutako gatazketan, laudoaren kopia Lan Administrazioari bidaliko zaio, argitara dezan.

18. artikulua. Arbitraje prozeduraren ondorioak.

1. Arbitrajearen menean jartzeko idazkia sinatzeak berekin ekarriko du arbitrajearen xedeko arazoen gainean deituak dauden edo une horretan egiten ari diren grebak edo ugazaben itxierak bertan behera utzi beharra, baita prozedura tramitatu bitartean grebarako eskubideari eta ugazaben itxiera egiteko neurriak hartzeari uko egitea ere.

2. Arbitraje prozedura hasteak berarekin dakar bi alderdiek uko egitea arbitrajearen pean jarritako gatazkak konpontzeko auzibideak edo bide administratiboak erabiltzeari, non ez den arbitraje laudoaren beraren aurkaratzea, 17. artikuluaren 12. atalean ezarri bezala eginen dena.

19. artikulua. Berariazko xedapenak, hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzearen gainean desadostasunak egoteagatik sortutako gatazkak konpontzeko abian jartzen diren bitartekaritza eta arbitraje prozeduretarako.

1. Aurreko artikuluetan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzearen gainean desadostasunak egoteagatik sortutako gatazkak konpontzeko abian jartzen diren bitartekaritza eta arbitraje prozeduretan, prozedura hasteko idazkiarekin batera, honako hauen gaineko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Eskatzailearen nortasun datuak eta komunikazioak eta jakinarazpenak egiteko helbidea.

b) Langileen ordezkarien nortasun datuak, izena eta NANa barne, eta komunikazioak eta jakinarazpenak egiteko helbidea.

c) Langileen ordezkaritza nortzuek osatzen duten jakiteko informazioa, baita kontsultaldian negoziazio batzordean zeuden kideei buruz ere, ordezkaritza bateratua edo Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera hautatua den zehaztuta.

d) Kontsultaldia egin dela egiaztatzea, eta, hala badagokio, egindako bilkuren aktak eta desadostasunaren beste aldean dagoen alderdiaren jarrera.

e) Gatazka hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioan aztertu bada, horren egiaztapena, eta, hala badagokio, batzordearen irizpena.

f) Aplikatu gabe utzi nahi diren lan baldintzak zein hitzarmen kolektibo indardunetakoak diren identifikatzea, haren indarraldia zehaztuta.

g) Aplikatu gabe utzi nahi diren lan baldintzen zerrenda zehatza, eta Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluaren bigarren paragrafoaren a) letratik g) bitarteko gaiekin daukaten lotura. Aplikatu nahi diren lan baldintza berriak zehaztu beharko dira, eta hitzarmeneko baldintzak zein epetan egonen diren aplikatu gabe.

h) Gertaturiko arrazoi ekonomikoen, teknikoen edo antolaketari edo produkzioari loturikoen gaineko dokumentazioa. Horretarako, kaleratze kolektiboen komunikazioan aginduzkoa den dokumentazioa hartuko da erreferentzia gisa, kontuan harturik, alegatzen diren arrazoi ekonomikoak diru-sarreren edo salmenten etengabeko gutxitzean oinarritzen badira, azkeneko bi hiruhilekoetan gutxitzeak izan direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dela.

i) Lan baldintzak ez aplikatzeagatik ukitzen diren langileen kopurua, lantokiz lantoki, hala badagokio.

Inplikaturiko alderdi bakar batek eskatzen badu prozedura, eskaera aurkeztu eta erregistratzen denetik bost egun balioduneko epean, Auzitegiak eskatu ez duen beste alderdiari bidaliko dio idazkia eta erantsi zaion dokumentazioa, eta zitazioa eginen die bi alderdiei bitartekaritza prozedurarako, edo, hala badagokio, arbitroa izenda dezaten.

2. Alegatutako arrazoi ekonomikoak, teknikoak edo antolaketaren edo produkzioaren gainekoak egiaztatzeko, langileen edo enpresaren bitartekariei edo, kasua bada, arbitroari egoki iruditzen bazaie, txosten tekniko edo peritu-lan bat eskatuko da, aurretik arbitrajearen menpeko gai horretaz arduratu ez den kanpoko profesional batek egin beharko duena, ahalik eta lasterren.

Horretarako, Sektorearteko Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak adituen eta perituen zerrenda adostu bat prestatuko du, txosten horiek beharrezkoa den inpartzialtasunarekin eta prestakuntza teknikoarekin eginen direla bermatzeko.

3. Arbitrajea mistoa izanen da: batetik, zuzenbidezkoa, baldintzak ez aplikatzeko eskaeraren oinarria den zergatiaren konkurrentziari dagokionez, eta bestetik, ekitatezkoa, zergatiari proposatutako neurrien egokitasunari eta ukitutako langileen gainean dauzkan ondorioen balorazioari dagokienez.

4. Arbitraje laudoa arrazoitua izanen da, eta lan baldintzak ez aplikatzearen gainean erabakia eman beharko du. Erabakiak, lehenbizi, baldintzak ez aplikatzeko argudiatu diren arrazoi ekonomikoen, teknikoen edo antolaketari zein produkzioari loturikoen konkurrentziaz ebatziko du. Horrelako arrazoirik ez badago, laudoan horixe deklaratuko da, eta, horrenbestez, ez da bidezkoa izanen hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzak aplikatu gabe uztea.

Arrazoi horiek badaudela iritziz gero, laudoan lan baldintzak ez aplikatzeko asmoari buruz ebatzi beharko da. Horretarako, neurrien egokitasuna baloratuko da alegatutako arrazoiekin alderatuta, eta ukitutako langileengan izanen dituzten ondorioak. Baldintzak ez aplikatzeko asmoa oso-osorik onartu daiteke, edo neurri batean. Lan baldintzak ez aplikatzeko epeaz ere ebatziko du.

5. Bitartekaritza akordioaren edo, hala badagokio, laudoaren kopia bat kasuan kasuko lan administrazioari igorriko zaio, gordailutu dadin.

VI. KAPITULUA

Jarraipen Batzordea

20. artikulua. Jarraipen Batzordea.

Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioaren Jarraipen Batzordeak, 1995eko ekainaren 8an eratu zenak, akordio hau interpretatu, aplikatu, egokitu eta haren jarraipena egiteko eskumena izanen du, kideek aho batez hala erabakirik.

Batzorde horrek eginkizun hauek ere izanen ditu:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Arbitroen Kidegoko kideak izendatzea, aho batez. Izendatuek lan zuzenbidearen arloan prestakuntza izan beharko dute, eta egiaztatzeko moduko eskarmentua lan harremanen esparruan.

2. Kidegoko arbitroen hasiera bateko kopurua zehaztea, eta zerrenda zabaltzeko edo murrizteko erabakiak hartzea.

3. Arbitroek eskaturik, akordio honen 19. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren txosten teknikoak egiteaz arduratuko diren peritu eta aditu teknikoen zerrenda prestatzea, hasiera batean zenbat izanen diren erabakitzea eta, beharrezkoa izanez gero, kopuru hori handitu edo murriztea.

Jarraipen Batzordearen egoitza Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak Iruñean dituen lokaletan izanen da: Kale Berria, 30, behea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Akordio honen 4. artikuluaren 5. atalean ezarritakoa gorabehera, berariaz ezartzen da akordio honen xedapenak aplikatuko direla akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera (egun hori barne) Nafarroako Lan Auzitegian gatazken berri emateko eta prozeduraren hasiera eskatzeko sartzen diren idazki guztietan.

AZKEN XEDAPENA

Akordio honi aitortutako eraginkortasuna eta izaera direla-eta, haren kopia bat lan agintaritzari igorriko zaio, gordailutu, erregistratu eta argitara dezan.

Iragarkiaren kodea: F1317197